astekaria 2017/12/01
arrowItzuli

gizartea

GORPUTZETIK IRTETEN EZ DIREN HITZAK

Samara Velte

GORPUTZETIK IRTETEN EZ DIREN HITZAK

Adinik ezagutzen ez zaion emakume bat taberna batean dago. 20 urte izan ditzake, edo 50. Galtza estuak eraman ditzake, edo gona luzea. Lagunekin egon daiteke, edo ez. Gizon batengana hurbil daiteke; ezaguna, akaso, agian ezezaguna; gustura senti daiteke harekin; eta, akaso, sexu harremanen bat ere has dezakete. Uneren batean, aski dela erabakitzen du, ez duela jarraitu nahi. Gizonak, ordea, haren hankartera iritsi nahian segitzen du, harik eta emakumea —indarrez— aldentzen den arte. Ez zaio berriz harengana hurbiltzeko gogorik geratzen.

Adinik gabeko emakumeak sufritu duena sexu eraso bat izan da, baina ez du salatuko. Badaki ibilbide antzua izango lukeela, eta ez dauka gogorik auzitegiko eta herriko kronikako hizketagai bihurtzeko, are gutxiago gizona berriz topatzeko. Berea, ofizialki eta bizi den lekuan bederen, ez da genero indarkeria; laneko jazarpena, Internetekoa edo edonon gerta daitezkeen «intentsitate baxuko erasoak» ere —hala daude sailkatuta, esate baterako, ukituak— ez dira. «Nazio Batuek eta Europako Kontseiluak ere —Istanbulgo Hitzarmenaren bidez— aitortzen dituzte sexu askatasunaren aurkako delituak genero indarkeria gisa, baina Espainiako zigor kodeak soilik bikotean gertatzen dena jotzen du halakotzat», azaldu du Gema Varona Kriminologiaren Euskal Institutuko ikerlari eta Zuzenbidean doktoreak: «Ezezagunek egindako delituak edota emakumeen sexu esplotazioa helburu dutenak ez dira genero indarkeriatzat jotzen».

Sortzen aholkularitza enpresak sexu indarkeriaren definizio zabalagoa ematen du: «Emakumeari deserosotasuna eragiten dion sexu izaerako edozein jokabide, begirada lizunetik hasi eta bortxaketaraino», betiere emakumearen onarpenik gabe egiten direnean. Kategoria horretan sartuko lirateke, beraz, hitzezko erasoak edo bestelako intimidazio ahaleginak. «Legeak egiten duen bereizketak nabarmen eragiten die biktimek eskura dauzkaten tresnei», azaldu du Andrea Planchadellek, Castelloko (Herrialde Katalanak) Jaume I unibertsitateko Zuzenbide irakasleak: «Neurri ekonomikoak, sozialak eta osasunekoak desberdinak dira, lehen mailako eta bigarren mailako biktimak ote dauden pentsarazteraino».

Legearen gabeziak

Egoera askok sentiaraz diezaiokete bati arriskuan dagoela, kalte fisikorik gertatu gabe ere. Zuzenbidea, ordea, kasu larrienez soilik arduratzen da. «Indarkeria edo intimidazioa egon dela frogatu behar da», Varonaren hitzetan. «Eta hor dago koska: nola frogatu indarkeria edo intimidazioa egon zela? Errugabetasun presuntzioa errespetatu behar da, eta horrek lana zailtzen dio biktimari». Askok badakite, eta horregatik ez dute salatzen. Iaz, Ertzaintzak erregistratutako indarkeria kasuetatik, %5 ziren sexu askatasunaren aurkakoak. Varonaren arabera, paperean ikusten dena «icebergaren punta» baino ez da: hamarretik bederatzik ez dute salaketarik ere jartzen. «Frogatzeko zailak diren kasuak dira, batez ere lekukorik ez dagoenean eta ez denean geratu esplorazio ginekologiko batean atzemateko moduko ondorio fisikorik».

«Kasu horien arazoa izaten da soilik biktimaren eta erasotzailearen deklarazioak egoten direla eskura», azaldu du Planchadellek: «Eta hori, erasotzailea identifikatzea posible denean». Epaiketan, hura erruduna dela frogatu behar du akusazioak. «Defentsa beti saiatuko da biktimaren sinesgarritasuna zalantzan jartzen, eta hori oso gogorra izan ohi da harentzat», azaldu du Varonak: «Kontakizunaren koherentzia neurtzen da, baina baita biktimaren heldutasuna ere. Eta hori guztia peritatze psikologikoan esperientzia handirik ez daukaten profesional juridikoek balioetsi behar dute». Prozesua ez da leuna izaten, biktimak erasoa berriz gogoratzea dakarrelako: «Ezin zaio emakume bati salatzeko eskatu eta gero bere kabuz molda dadila utzi. Garrantzitsua da salatzea, baina biktimen denborak errespetatu behar dira, espero dezaketenaz ongi informatu, eta beraiek nahi duten moduan lagundu».

Epaiketan, deklarazioa izaten da une zailenetako bat; emakumeari gertakariaren kontakizun koherente bat egiteko eskatzen zaio, eta horrek presio psikologiko handia dakar. «Kontraesanetan ez erortzeko eskatzen zaie», azaldu du Juana Mari Azkarate psikologoak; sexu-indarkeria kasu larrien biktimak artatu ohi ditu. «Epaileek jakin badakite memoria lausotuta egongo dela; denboraren eta gertatua behin eta berriz kontatzearen ondorioz gauza batzuk zehaztasun gehiagorekin oroituko dituzula beste batzuk baino. Zalantzan jartzen dutena da ea harremana baimendua izan ote zen edo ez». Iazko sanferminetan gertatutako taldeko bortxaketaren epaiketa egiten ari dira egunotan Iruñean, eta bost akusatuek ere argudio hori erabili dute defentsan: neskaren oniritziz jardun zutela. «Askoz zailagoa da frogatzea ez zenuela baimendu», uste du Azkaratek.

Sarritan, ezinezkoa da frogak biltzea, eta epaileak aske uzten du akusatua. Halakoetan, garrantzi berezia dauka biktimari babesa emateak, Varonaren arabera: «Gure sistemak honela funtzionatzen du: hobe errudun bat gizartean, errugabe bat kartzelan baino. Birpentsatu behar genuke, honela izan dadin: hobe biktima bat beti artatua, babestua, ez umiliatua, nolabait erreparatua. Delitua frogatu ezin denetan ere, ezin zaio emakumeari esan berak dena asmatu egin duela, sarri badakigulako eraso hori gertatu dela, frogatzeko modurik ez eduki arren».

Kriminologoak berak onartu du, batzuetan, zigor zuzenbideak «irtenbide ona» eman ezin dezakeenean, «bestelako erantzunak» behar direla. «Hainbat erakundek egin dezakete behaketa prozesuan. Laneko jazarpen kasuetan, esate baterako, bitartekaritza egin dezakete, biktimari erreparazioa nola eman ahal zaion ikusteko: ekonomikoa, tratamendu psikologikoa hartu badu; barkamena eskatuz; edo pertsona lanpostuz aldatuz».

Botere egoerak

Bortxaketak, oro har, bestelako sexu erasoak baino maizago salatzen dira —«Mendebaldeko herrialdeetan», nabarmendu du Varonak—. Laneko jazarpena da gutxien ikusarazten den indarkeria motatako bat. «Ez da soilik erasoa: lana galtzeko arriskua ere badakar, eta akaso pertsona horrek familia bat dauka mantentzeko», argitu du kriminologoak. Erasoa luzea eta isila izan ohi da: «Biktimak salatzen duenerako, gehiago ezin duelako da. Bada zerbait perbertsoa nagusitasun harremanetan; pertsona batzuei besteez abusatzeko balio die».

Errudun, ordea, biktima sentitzen da maiz. «Sexu eraso guztietan daude erru eta lotsa sentsazioak», uste du Azkaratek: «Hasteko, sozialki auzitan jarria delako: 'Zergatik gertatu zaizu? Zer egin duzu gertatzeko?' Ustez gaindituta dauden topiko asko ere entzuten ditugu oraindik: nola ote zihoan jantzita, nola ari ote zen dantzan...». Terapian, hori gainditzea izan ohi da lan nagusietako bat: «Ikusarazten diegu erasotzailea dela errudun bakarra, eta eskubidea dugula kalera irteteko, norbaitekin egoteko eta hitz egiteko, eta baita ezetz esateko ere, eta horrek ez duela inplikatzen beste pertsonak gurekiko eskubiderik duenik. Gizonek une batetik aurrera euren burua kontrola ezin dezaketen kontu hori gezurra da».

Varonarentzat, abusu izaeran ipini behar da arreta, erasoen izaera sexualean baino gehiago: «Finean, botere egoera bati probetxu ateratzea da». Gizarte patriarkal batean, egiturazkoa eta sozialki errotua da botere harreman hori; horregatik gerta daitezke sexu erasoak edozein testuingurutan. Azken urteotan nabarmen hazi dira, esaterako, Internet bidezko intimidazioa eta jazarpena, bereziki gazteen artean. Pew Research Centrek duela gutxi argitaratutako ikerketa bat ekarri du gogora Varonak: «Sexu jazarpena omen da emakumeek sareko bideo jokoak uzteko arrazoi nagusia. Ez nuen sekula horretan pentsatu; pertsona batzuek bideo jokoetan ere eraso egiten zutenik. Baina, finean, gauza beraren beste aurpegi bat da».

Mugimendu feministak hamarkadak daramatza indarkeriaren alderdi sistemiko hori salatzen. «[Erasotzaileak] Ez dira ero batzuk: patriarkatuaren seme osasuntsuak dira», ohartarazi du Irantzu Varela Faktoria Lilako koordinatzaileak. «Patriarkatuak erakutsi die gizonei euren desio eta behar guztiak asetzeko daudela munduan, eta emakumeoi horiek asetzea dagokigula. Jaso duten heziketaren, testuinguruaren edota euren izaeraren arabera, agresibitate handiagoarekin edo txikiagoarekin profitatuko dituzte sistema heteropatriarkalean gizon izateak ematen dituen pribilegioak. Batzuek neska bat bortxatuko dute bosten artean; beste batzuek astakeriaren bat esango dizute kalean, edo barre egingo dute haien lagunak astakeriaren bat jartzen badu Whatsappeko taldean». Emakumeek horretaz jabetu behar luketela uste du: «Sekula indarkeria matxistarik bizi izan ez dutela dioten emakumeek ez dute irakurketa sakona egin euren lan bizitzaz, familiakoaz, kalekoaz edo bizitza sexualaz. Egiten duten egunean, ohartuko dira baietz, eurek ere sufritu dutela».

Nahi gabeko galderak

Erasoen inguruko kontzientzia handitzeko «isiltasuna haustea» ezinbesteko ikusten du Varonak: «Gizon zein emakume, interpelatuta sentitzea da modu bakarra. Umiliagarria dela komunikatzeko modua eduki behar dute biktimek, eta horretaz gizartean hitz egin behar da. Ezin da onartu opakutasuna».

Iruñeko epaiketaren kasuan, mugimendu bat hedatu da espontaneoki sare sozialetan, Sinesten dizut lelopean. Izan ere, gizartetik ere nahi baino maizago sentitzen dute kuestionamendua erasoa jasandakoek. «Sarri, emakumeek erasoen berri ematen dutenean, erantzuna oso pobrea izaten da, galdera kuestionatzaileak egiten zaizkielako: 'Eta zer egiten zenuen zuk han?', 'Nolatan ez didazu lehenago esan?'. Inkontzienteki, zergati bat bilatzen ahalegintzen gara, baina biktimari sentiarazten diogu bere hitza zalantzan jartzen ari garela». Horrek emakumearen erruduntasun sentipena areagotzen du. «Bortxaketetan, bada elementu intimoago bat», uste du psikologoak: «Ukitu egin zaituzte, eta horrek sentimendu ugari eragiten ditu. Zeure buruari galdetzen diozu zer egin ote duzun hori gertatzeko». Varonaren arabera, sentimendu horiek lotsarekin nahasten dira: «Eta horixe nahi du erasotzaileak: lotsagatik ezkutatzea, isiltasunaren zirkulua sendoagoa izan dadin. Jazarpen kasuetan oso nabarmena izaten da: erasotzaileak biktimaren isiltasuna bilatzen du, eta, hark sala dezakeela uste duenean, bestelako gaiekin mehatxatzen hasten da».

Psikologoak zalantzak dauzka, halaber, kanpaina publikoen inguruan, haiek biktima babesteko izanik ere. «Printzipioz lagundu behar lukete», esan du, sanferminetako epaiketaren harira zabaldutako Sinesten dizut leloaz: «Baina uste dut halako mezuek erasoa gertatzen denean laguntzen dutela. Epaiketak irauten duen bitartean hainbeste hitz egiten denean, zailagoa da biktimarentzat prozesuak ixtea; berari buruz hizketan jarraitzen du jendeak, eta ez dakit hori positiboa den. Pelikularen erdigunea dela senti dezake».

Fokuen pean egoteko beldur hori izan ohi da, hain zuzen ere, eraso larriagoak ez salatzeko arrazoi nagusietako bat. Epaiketan, erasoa jasandakoak aukera du bere nortasuna babesteko, baina propio eskatu behar du abokatuaren bidez; Iruñekoaren moduko kasu oso mediatikoetan, fiskalak ere eskatzen du batzuetan ofizioz. Gero, epaileek erabakitzen dute ateak itxita egin edo ez, eta biktimari urrunetik edo pantaila baten atzetik deklaratzen utzi edo ez. Ia ezinezkoa da, ordea, epaiketaren xehetasun guztiak barruan geratzea; egunotan egunkarietako orri ugari bete ditu Iruñeko auziak. Azkarateren arabera, «atzerapauso terapeutikoa» ekar dezake arreta mediatiko horrek: «Bi epaiketa egongo balira bezala da: auzitegian gertatzen ari dena, eta kalekoa. Sare sozialak kalte handia egiten ari dira, bestelako egoeretan garrantzirik izango ez lukeen informazioa atera eta esajeratzen dutelako». Halako edozein korronte gelditu egin behar litzatekeela uste du: «Biktimak epaiketa egitea nahi du; posible bada, ahalik eta zigor handienarekin, baina nahi baino txikiagoa izan daitekeela jakinda. Nahi ez duena da bere kasuari buruz hizketan jarraitzea; bere burua albisteetan ezagutzea, eta etengabe gogoraraztea eraso hori sufritu duela».

Erronka feministak

Urte luzez, mugimendu feminista izan da gizarteari bere kontraesana seinalatu diona, ohartaraziz sexu indarkeriazko kasu larrienek zein arinenek jatorri berbera daukatela: gizon eta emakumeen arteko oinarrizko desberdintasuna. Lehenak boterean heziak dira; bigarrenak, beldurrean. «Geroz eta zabalduagoa den gidoi bat sortzen lagundu du feminismoak», ondorioztatu dute Sortzen aholkularitzaren txostenaren egileek: «Bortxaketa eta emakumeen sexu askatasunaren aurkako gainerako adierazpenak gizonen boterea erabiltzeko moduak dira. Banaka eta taldean erabiltzen den boterea da: ahal delako egiten da, indarkeria sexista beharrezkoa delako gizon eta emakumeak rol desberdinetan sozializatzen dituzten genero ereduei eusteko».

Erakunde publikoek ere bere egin dituzte aldarrikapen feminista batzuk, neurri batean bederen. Iruditeria kolektiboan, bortxaketa bat jada ez da soilik kale ilun eta bakartietan gerta daitekeen salbuespenezko gertakari bat; eta, oro har, kontzientzia handiagoa dago bikote harremanetan gertatzen diren abusuez. Garai batean feministek egiten zituzten prebentziozko kanpainak eremu instituzionaletik ere sustatzen dira gaur egun, nahiz eta, Varelaren hitzetan, haien jarduna «oso pobrea» den oraindik. «Egiturazko analisia» falta dela uste du: «Gizarteak ezin dezake gaitzetsi hil eta bortxatu egiten gaituztela, horren arrazoia onartu gabe: indarkeria hori —eta indarkeria mota askoz sotilagoak, ustez kaltegabeak— legitimatzen duen sistema batean bizi garela».

Kanpainen helburua «indarkerian arazo direnak» izan behar luketela uste du; gizonezkoek, alegia. «Emakumeen aurkako indarkeriaren arazoa gizonen arazoa da: haiek erabiltzen dute sistematikoki, horretarako legitimatuta sentitzen direlako». Neskentzat, berriz, autodefentsa feminista aholkatzen du: «Beldurra ere indarkeria mota bat da, eta autodefentsak hura kentzen laguntzen dizu, neurri handi batean».

BERRIAn argitaratua (2017/11/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA