astekaria 2017/12/01
arrowItzuli

bizigiro

Ezkutukoa azaleratzen

Nagore Etxeberria

Ezkutukoa azaleratzen

Ez da erraza izaten sentitzen dena azaleratzea, emozioak aitortzea. Itxaro Mendizabali ere (Ordizia, Gipuzkoa, 1977) denbora asko kostatu zitzaion barruan zuen erruaren mamua askatzea eta barruak hustea. Beasaingo (Gipuzkoa) Ttiklik elkarguneko arduraduna da Mendizabal, eta, 21 urte zituela, gurasorik gabe geratu zen. Auto istripuz hil ziren biak. Mendizabalek elikadura arazoak izan zituen gaztetan, eta Donostiako zentro batean egon zen, sendatu arte. Senda-agiria eman zioten egunean, gurasorik gabe geratu zen, etxera bueltan zihoazela.

Hamabost urte behar izan zituen gurasoen heriotza ez zela bere errua izan onartzeko eta gurasoei lehen hitzak idazteko. Aitzakia horrekin antolatu zuen Gurasoei Gutuna lehiaketa, orain bost urte. «Gurasoei idatzi nahi nien, baina ezin nuen; beraz, lehiaketa bat martxan jartzea erabaki nuen, neure burua idaztera behartzeko». Lehen urtean, lerro gutxi batzuk baino ez zituen idatzi. Hirugarren urtean lortu zuen gutunari azken puntua jartzea.

Onartu duenez, lehiaketa martxan jarri zuenean ohartu zen jendeak «behar handia» duela idazteko: «Gutuna norbaitek irakur dezan idazten dute askok; ez dute lehiaketarako idazten». Haren ustez, horrek adierazten du jendeak askatzeko duen beharra.

Aintzane Irizar psikologoaren eta psikoterapeutaren hitzetan, «sentimenduak azaleratzea eta gure alde emozionalari kasu egitea osasuna eta ongizatea zaintzea da. Emozioaren hizkuntza gorputza da; beraz, gorputza fisikoki zaintzen dugun bezala, zaindu behar da emozionalki ere».

Ezin aitortu

Beharrezkoa da sentitzen dena adieraztea, baina maiz kosta egiten da. Mendizabalek onartu du «oso-oso zaila» dela; hein handi batean, «ez digutelako horretan irakatsi eta ez dugulako ikasi». Eta jarraitu du: «Tabu bat izan da. Nola sentitzen zaren adieraztea edo triste zaudela esatea ahultasun zantzu bat izan da, gainera».

Aitor Aritzeta EHUko Psikologiako Fakultateko irakasleak ere onartu du: «Gazteei ez diete erakutsi euren emozioekin konektatzen. Jende askok ez dakizki emozioak identifikatzen».

Irizarren ustez, jendeak «zailtasun handiak» ditu arlo horretan: «Norberaren alde emozional-psikologikoa oso gutxi ezagutzen dugun sentsazioa dut, eta hori gure gizartearen eta, batez ere, hezkuntza sistemaren planteamenduaren eragin zuzena dela uste dut».

Aritzetaren iritziz, ez dago zabaldua joera hori: «Autoezagutza edo nork bere burua ezagutzea edo nork bere emozioei begiratzea ez dago oso garatua. Egungo gizartean emozioei ez zaie garrantzi handirik ematen».

Eta garrantzia eman beharko litzaieke. Izan ere, Irizarren esanetan, «emozioak ez onartzeko eta ez adierazteko joera kroniko bihurtzeak eragin negatibo argia du osasun fisiko eta emozionalean». Eta gaineratu du: «Maiz, emozioek identifikatuak eta onartuak sentitu nahi dute, eta seinaleak bidaltzen dituzte pertsonak kasu egin diezaien. Hala ez bada, garrasika has daitezke. Emozioaren azken garrasia modu askotara azalera daiteke: gorabeherak osasun fisikoan, jarrera desegoki edo arriskutsuak, autoestimu apala eta beste».

Aritzetak ere onartu ditu sentimenduak ez adieraztearen ondorioak: «Emozioak gordetzearen ondorioak oso larriak dira. Adierazten ez badira, deprimitu egiten da sistema immunologikoa, eta, deprimitzen bada, gaixotasunak garatzeko aukerak zabaltzen dira: depresioa, minbizia edo bestelako portaera alterazioren bat».

Gaztetatik hezi beharra

Aitortzea zaila izanagatik, beraz, ezinbestekoa da barrua askatzea. Bere garaian barnean gordetako sentimenduen ondorioak urte askotara azalera daitezke. Aritzetak dio egun dauden arazo askoren iturburua garai batean konpondu gabeko arazoak izan daitezkeela: «Fobia bat edo gaixotasun bat lotuta egoten da askotan iraganean gainditu gabeko traumaren batekin. Adierazpen emozionala, beraz, ezinbesteko gaitasuna izan behar luke pertsona batek bere indibiduazio prozesuan aurrerapausoak emateko».

Mendizabal ere ados dago Aritzetak esandakoarekin: «Txikitatik konpondu gabeko arazoetan dute jatorria gaixotasun askok: anorexiak, droga arazoak, buruko gaixotasunak eta bestek».

Honenbestez, etorkizuneko arazoak saihesteko modu bat izan daiteke haurrei txikitatik emozioei buruz naturalki eta askatasunez hitz egiten erakustea. Aritzetaren aburuz: «Txikitatik hezkuntza emozionala lantzea formakuntza integralaren ezinbesteko ardatza da». Irizarren ustez, «autoezagutza, autoestimua, autonomia eta, batez ere, adimen-eremu emozionala landu beharko lirateke eskoletan. Hori izango baita bizitzarako baliagarrien izango zaien ikasketa».

Aritzetak gaineratu du: «Haurrari laguntzen badiogu bere autoezagutza emozionalean sakontzen, bere buruarekin konektatzen, bere indibiduazioa landuko dugu. Eta zer da indibiduazioa? Pertsona bakoitzak jakitea nor den, zein den bere iritzia, zeintzuk diren bere balioak, eta horren arabera jokatzea bizitzan».

Edozein arazo konpontzeko lehen pausoa onartzen jakitea dela dio Aritzetak: «Ezin da arazo bat konpondu ez bada onartzen. Aitortzeko modu bat da adieraztea. Adierazteak ulertzea dakar. Eta, ulertu ostean, eraldaketa dator».

Askatzeko eta emozioak adierazteko hamaika modu dago, «pertsona bakoitzak bere adierazpen mota topatu behar du», zehaztu du Aritzetak. Mendizabalentzat, esaterako, idaztea «terapia» da. Bidea dena delakoa izanda ere, ezkutukoa azaleratzea da garrantzitsuena.

BERRIAn argitaratua (2017/11/24)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA