astekaria 2017/12/01
arrowItzuli

kultura

'Horma'

Berria

'Horma'

Ondoan zaitudala aritzen naiz lanean. Begira-begira edukitzen zaitut, ez duzu zirkinik egiten. Halaxe zaude orain ere: niri begira zure butaka gris txikitik. Baina laster, beti aldean izaten duzun poltsa miatu, besapean hartu, butakatik jaiki eta, txirriki-txarraka, egongelaren beste aldera joango zara, geldituko zara lipar batez leihoaren aurrean auskalo zeri begira, egongo zara minutu pare bat bertantxe ezer egin gabe harik eta, jiraturik, butakara itzuliko zaren arte zapatilak arrastaka dituzula txirriki-txarraka. Poltsa miatuko duzu berriro eta aldean utziko.

Gauza bera egiten duzu ia ordu laurdenero, kronometratuta bazeneuka bezala noiz jaiki, noiz itzuli.

Desesperatzeraino urduritzen ninduzun. Ohitzen ari naiz.

Aurreko eszena bereko gelan, baina urte gutxi batzuk lehenago.

Montaleren lehen poesia-liburua, Txibien hezurrak izenekoa, zabaldu berri, Marta orri batetik bestera zebilen. «Emakume bat irakurtzen» generoko koadro baten aurrean nengoela iradokitzen zidan eszenak. Zerbait atsegina esatekotan nengoela, apartamentuko txirrina. Atea zabaldu nuen. Zu zinen, krabelin gorrien sorta batekin:

Egunon, txiki, esan zenidan, aspaldiko partez txiki erabiliz. Marta ikusi eta lore-sorta jaso zenuen pixka bat:

Gaur Santa Marta, periodikoari leitu diot. Tori, eta lore-sorta luzatu zenion.

Martak loreak hartu zituen. Bi musu eman eta detailea eskertu zizun.

Sekulako usaina dute!, esan zuen.

Uda zen, leihoak zabalik zeuden. Krabelinen usaina zen nagusi beste usain guztien gainetik.

Zertan ginen ikustera etorri zinen, Marta nire apartamentuan bizitzen jarri zen egunetik nekien horixe gertatuko zela goiz edo berandu. Martak, oso adeitsu, loreak eta bere egunarekin gogoratu izana eskertu zizkizun berriro. Zu ere nahiko diskretu portatu zinen. Laster alde egin zenuen. Desenkusazko irribarrea egin nion Martari, hitzik gabe barkamena eskatuz zu gure tartean sartu zinelako. Martak, ordea, kristalezko ontzi batean jarri zituen loreak, eta horrekin itxi zen zure bisitaren pasadizoa.

Egin zituen beste bizpahiru gauzatxo ere, eta Montaleren liburura itzuli zen. Izenburua seinalatu zuen:

Ez nekien txibiek hezurra daukatenik.

Komentarioak deskolokatu egin ninduen.

Zuri-zuriak dira daukaten kareagatik, esan nion asmatu nahian hori ote zen Martak bilatzen zuen erantzuna, baina, Martaren arreta ikusita, lasaiago segitu nuen argibideak ematen: Eta hezurrok nahiko bigunak direnez, idazlumaren punta garbitzeko erabiltzen genituen eskolan. Eta kontatu nion zuri oraintxe kontatuko dizudana: nola ibiltzen nintzen itsasoak ekarritako hondakinen artean, gehienetan bakarrik, kaioek utzitako hanka-arrastoei segika, txibia-hezurren bila. Ez nituen haragi-arrastorik gabe zeudenak baino jasotzen, kaioek ondo garbitutakoak. Zuri-zuri distiratzen zutenak bilatzen nituen. Aski nuen hezur bakar batekin urte guztirako, ederrena gordetzen nuen niretzat; kromo baten truke saltzen nuen gainerako bakoitza. Batel itxura garbia zuten hezurrak, ordea, bost kromotan. Zu ez zara gogoratuko kromo haiekin, baina Zahor txokolatearen bilgarrietan etortzen ziren, beti eskatzen nizun erosteko Zahor eta erosteko Zahor.

Musika jarri nuen. Martak irakurtzen eta nik itzulpen bat zuzentzen pasatu genuen eguerdi arteko denbora. Giroak epelera egin zuela baliatuz, trago bana hartzera irten ginen Bordari tabernaraino Santa Martaren eguna txantxazko aitzakiatzat hartuta.

Bermut bana eskatu genuen, nik angostura-tanta batzuekin.

Ez zen denbora asko Marta barru aldetik kostaldera etorri zela bizitzera. Arrotza zitzaion itsasaldeko hainbat ohitura, eta ezagutzen ez zuen zerbait entzun edo topatu orduko, galderak egiten hasten zitzaidan. Ezagutu berritan pertsona serioa iruditzen bazitzaidan ere, haren ahots freskoak laster hartu zion gaina hasierako inpresioari. Zuri ere halaxe gertatu zitzaizun goiz hartan, lore sortarekin agertu zinenean: laster arindu zitzaizun zenekarren urduritasuna.

Ez da ohikoa amak erakutsi dizun txera, komentatu nion Martari, asko kostatzen zaio jende ezagutu berriarekin lehen langa gainditzea.

Lasaitu ederra eman didazu, hoztasuna transmititzen omen dut-eta, esan zidan Martak. Irribarre egin zuen. Gero, erantsi zuen: Lapur bat sentitu naiz ama bati seme bakarra kentzen.

Ez zeneukan esateko besterik?, esan nion zurrun.

Galdera egin orduko damutu nintzen, baina ez soilik tonu zakarra atera zitzaidalako: ezin dut eraman seme bakarra naizela gogoratzea.

Merezi zaitudan ikusi nahi zuen zure amak. Eta, lehen itxura batean, ez nau atzera bota, esan zuen Martak nire deserosotasunaz jabetu gabe.

Bermut kopa hartu eta topa egin nuen Martarenarekin, eta ez genuen besterik esan amaren bisitaz.

Urte erdi zen Marta ezagutu nuela, ez ziren bi hilabete elkarrekin geundela, ez neukan berarekin egotea beste desiorik. Borborka ateratzen zitzaizkidan hitzak, Bordariko barran segitu nahi nuen handik mugitze hutsak lilura eten zezakeen beldurrez.

Herrian bazen hainbat eskabetxetegi, hiru?, lau?, ez dut gogoan, eta bazen izotza egiteko fabrika bat ere. Ez dago Macondoraino joan beharrik magiaren bila, esan nion Martari irribarre eginez.

Ba, magiak lagun gaitzala, Fidel, eta musu eman zidan.

Ez zen lehendabiziko aldia deitzen zidala Fidel. Elkar ezagutu genuenean, itzultzailea nintzela esan eta berak ni hala bataiatzea, dena bat izan zen.

Lasai, esan zidan Martak konfidentziazko tonuan, gu bion artean geldituko da goitizena. Ad usum privatum. Zutitu eta beso bat sartu zuen kaki koloreko bere motxila txikiaren sokatxoetako baten barrutik, bizkarrera hurbildu zuen motxila eta beste besoa sartu zuen bigarren sokatxotik.

BERRIAn argitaratua (2017/11/24)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA