astekaria 2017/12/01
arrowItzuli

mundua

Herri bat bi ereduren artean

Asier Arrate Iruskieta

Herri bat bi ereduren artean

Barne zatiketa bihurtu da kurduen historiako leitmotiva. Zatiketaz beteta dago haien historia osoa. Lau estatutan zatitua dute beren lurraldea. Bi hizkuntzatan zatitua dute beren komunitatea. Eta historikoki zatituta egon da beren erresistentzia ere. Gaur egun, zatiketa nagusia mugimendu nazionalean dago, eta martxan dauden bi estatu horren eredu dira: Irakeko Kurdistango Eskualde Autonomokoa bata (KRG), eta Rojava ere deitutako Siria Iparraldeko Federazio Demokratikokoa bestea.

Bi eredu kontrajarri dira; estatugintza eta gizarte eraikuntza ulertzeko bi era ezberdin. Biek dute kurduen burujabetza helburu, baina, lehenek, Barzani familiaren gidaritzapean, estatu tradizionalaren ereduaren bidez lortu nahi dute. Bigarrenek, Abdullah Ocalan PKK-ko liderrak garatutako konfederalismo demokratiko gisa ezagutzen den proiektuaren bidez. Hego Kurdistango erreferendumaren porrotak zalantzan jarri du denbora luzez indartsuen izan den eredua. Independentziarako aukerak ihes egin izanak kurduek ametsa ekarriko duen eredu onenaren eztabaida zabaldu du beste behin. Eztabaida hori alderdien akronimoetatik harago doa, eta mugimendu sezesionisten eztabaidagai nagusietakoa du ardatz. Burujabetza lortu askatzeko gizarte gisa, ala gizartea askatzea burujabe izateko.

Ocalanek kartzelan hasitako berraztertze kritikoak abiatutako estrategia aldaketak sakondu zuen zatiketa: «PKK estatu motako egitura hierarkikoaren inguruan osatu zen, baina, horrek kontraesan dialektikoa sortu ditu demokraziaren, askatasunaren eta berdintasunaren printzipioekin». Klase gatazka izan da bi ereduen arteko zatiketa historikoaren gakoetariko bat. Eta esparru horretan jokatzen da lehia.

Etsaiak lehen egunetik

Kurduen mugimendu nazional garaikideak Iranen menpeko Kurdistanen eratu zen Mahabadeko Errepublikan du jatorria. 1946ko urritik 1947ko martxora arte soilik iraun zuen errepublikak, baina kurduak estatu independente bat izateko gertuen egon diren unea izan zen. Porrotaren ostean, kurduen ekintzak beren eremuetara mugatu ziren, eta, mendean zeuden estatu bakoitzaren egoera soziopolitikoaren arabera, alderdi politikoak beren ideologia eta helburu politikoak zehazten hasi ziren.

Gareth Stansfield Ekialde Hurbileko Nazioarteko Harremanetako irakasle eta Erresuma Batuko Atzerri Ministerioko aholkulariaren esanetan, Hego Kurdistango politika Barzani familiaren eta KDP alderdiaren inguruan eratu zen: «Alderdi politiko modernoak dira, baina lidergoa sistema tribalean oinarrituta dago. Haien babesa behar dute, eta, ondorioz, agintari tribalen berdintsu jokatzen dute». Masoud Barzani presidente ohiak lidergoa aitarengandik jaso zuen, eta, nahiz eta berretsi duen ez bera, ez bere familiako inor ez dela aurkeztuko hurrengo hauteskundeetara, ziurra da barzanitarrek Hego Kurdistanen lidergoari eutsiko diotela.

Aginteari eusteko, barne lehia ugariri egin behar izan diote aurre Hego Kurdistango mugimendu nazionaleko liderrek, eta, horretarako, ezinbesteko izan dute tribu eta jauntxoen babesa. Hori da Stanfielden azalpena ere: «Sobietar Batasunaren babesa izan zuen alderdia bada ere, tribuen babesa behar dutenez, ez dira gai izan programa sozial eta ekonomiko aurrerakoiak indarrean jartzeko». Horrek dakar, Hego Kurdistango gizartea oso kontserbadorea izatea eta egitura hierarkiko tradizionalei eustea. Emakumeen egoera da horren adibide; ohikoa da emakumeen aurkako indarkeria eta bereizkeria, ohorezko hilketak izaki horren guztiaren muturreko adibidea. Hego Kurdistango agintariek eta haien babesle diren tribuek ezer gutxi dute irabazteko iraultza batetik, eta nazio-estatu eredua da beren botereari eusteko bide bakarra.

Horren aurrean, PKK-k lehenik, eta KCK-k ostean, iraultza izan dute helburu, eta hasiera batean sezesionismoa bazuten burujabetza lortzeko bide, mugimenduaren oinarri ideologiko sendoek estrategia berrikustera bultzatu zituen. Abbas Manafy irakasleak PKKren estrategia bikoitza laburbildu zuen Iran, Irak eta Turkia menpeko mugimendu politiko kurduen analisian: «Lehen fasean, Kurdistanen independentzia lortzea zen helburua, ostean gizartea askatzeko sektarismotik, tribalismotik eta emakumeen zapalkuntzatik».

Estrategia aldaketa

Estrategia horri buelta eman zion Ocalanek, Turkiak atxilotu ostean. Kartzelan idatzitako liburu eta agirietan kurduen historia, PKKren borroka eta burujabetzaren ideia kritikoki berraztertu zituen. «Kurduen eskubideak ez dira beteko egungo egitura politikoetan, eta ez du zentzurik burujabe izatea estatua antidemokratikoa bada», ebatzi zuen.

Bi gai dira giltzarri estrategia aldaketa ulertzeko: klase iraultza eta emakumearen rola. PKK, alderdi eta mugimendu kurduak ez bezala, Turkiako ezkerreko mugimendutik sortu zen, eta haren lider eta kide gehienak baztertutako eta zapaldutako komunitateetakoak dira. Bada, klase gatazka PKKren ardatza izan da. Ocalanek The Path of the Kurdish Revolution (Iraultza Kurduaren Bidea) liburuan argi utzi zuen kurduak menpe zituzten estatuez gain, nor zuten etsai: «Jauntxo kurduek eta burgesek esplotatua dute gizarte kurdua, eta herrialde kolonizatzaileen agintarien kolaboratzaile dira». Horien aurka egiteak Hego Kurdistango alderdi nagusien aurka jarri zituen, eta ezinbestean egungo estatu egiturak eraistera behartu zituen.

Bestalde, emakumeen rolak PKKn eta KCKn eragin zuzena izan du nazio-estatuaren eta eredu hierarkikoen aurkako jarreran. KCKren barnean dagoen REPAK emakumeen erakundeko Meral Zin Çiçekek nabarmendu duenez, emakume gisa eredu hierarkikoen aurka behar dute egon, eta horregatik dio emakume kurduek iraultzaren izaera aldatu dutela: «Egungo sistema kopresidentzialista eta emakumeen egitura paraleloak Kurdistango askapen mugimenduaren barruan hasitako berdintasunaren aldeko borroka luze horren ondorio dira. Are gehiago, emakumeek ezarritako aginte egitura paraleloak, giltzarri izan dira konfederalismo demokratikoaren garapenean».

Behetik gorako sistema

Ocalanek garatutako konfederalismo demokratikoa Murray Bookchin pentsalariaren lana du oinarri. Autore estatubatuarrarentzat, hierarkia gaitz guztien oinarria da, eta menpekotasun kasu guztietan aurki daiteke, izan klase artekoa, izan nazio artekoa, izan sexu artekoa. Ildo horretatik, konfederalismo demokratikoak nazio-estatu eredua arbuiatzen du, eta Hego Kurdistango alderdiek hartutako bidetik aldentzen da. Ocalanek Manifesto for a Democratic Civilization (Zibilizazio Demokratikorako Manifestua) liburuan azaltzen ditu gerora Rojavan ezarritako ereduaren zertzeladak: «Aginte eredu burujabea da, baina, ez du talkarik egiten nazio-estatuekin. Harreman baketsua posible da, betiere nazio-estatuak ez badu esku hartzen lekuko gobernuaren erabakietan».

Emakumeen eta gutxiengoen eskubide berdintasuna, ingurumenaren babesa eta aberastasunaren banaketa dira ardatz, eta agintea legegilea eta betearazlea erakunde lokalen esku dago. Rojavako eredua, beraz, berdintasunean oinarritutako aginte paradigma da, behetik gora eraikitako demokrazia herrikoia, eta, Ocalanen aburuz, kurduen aferaren irtenbideaz harago, Ekialde Hurbileko ezegonkortasuna bukatzeko tresna ere izan daiteke.

Lagun bakarrak mendiak

Çiçekek argi du alde bakoitzak bere eredua aurkeztuko duela Kurdistango aferaren irtenbide gisa, baina, gogoratu duenez, egun posible da bi ereduak aurrez aurre jartzea. Pausoz pauso, haien eredua zabaltzen eta sendotzen aritu dira, gerran irabazitako eremuak bereganatuz, eta EI Estatu Islamikoaren aurkako gerrarako jasotako nazioarteko sostengu ekonomiko eta militarraren bitartez.

KRGko pexmergak Bagdadekin lehian zuten eremu guztien kontrola berreskuratu zuten, eta Rojavako miliziek ia Mendebaldeko Kurdistan osoa kontrolpean zuten. Hainbatek aipatu zuten historian lehen aldiz kurduen estatu bat posible zela. Hego Kurdistanek zirudien hautagai aparta: ekonomia indartsua itxuraz, armada propioa, parlamentua, Mendebaldeko herrialdeen aliatua EIren aurkako gerran, Turkia eta Iranen aliatua PKK eta beste talde kurduen aurka, eta botere egiturak kolokan jarriko ez zituen estatu eredua.

Iraileko erreferendumean baietza erraz gailendu zen, baina, bizilagunek kurduen estatu baten eraginaren beldur, blokeo ekonomikoa ezarri zuten, eta Bagdadek erasora jo zuen. Kurduen historian hamaikagarrenez, aliatu zituzten herrialdeek ez zuten arriskatu eskualdeko statu quo-a kurduen alde. Porrotak, baina, eztabaida ireki zuen; estatu boteretsuen begiko den KRG ez bada gai erreferendum bidez bere etorkizuna erabakitzeko, burujabetza ulertzeko era aldatzea izan liteke erantzuna?

Rojavaren egoera ez da hobea. Turkiaren erasoak etengabeak dira, eta Siriako Gobernuak federazioaren aukera mahai gainean jarri badu ere, ikusteko dago indarrak berreskuratzen dituenean eta Turkiarekin dituen harremanei berriz heltzean, eskaintza bera mantenduko duen. Hala ere, Mendebaldeko Kurdistanen garatzen ari diren ereduak aukera du Sykes Picoteko mugak gainditzeko, horiek kolokan jarri gabe. Eredu horrek aurkituko duen lehen aurkaria, baina, etxe barruan izango dute. Hego Kurdistango alderdiek eta tribuetako buruek ez dute onartuko beren boterea kolokan jar lezakeen eredu bat. Are gutxiago PKKren zigiluak, Turkia eta Iranekin dituzten negozioak kolokan jarriko baditu.

Kurduen mugimendu nazionaleko bi ereduen arteko zatiketa sakona da. Beren burua arriskuan ikusiz gero, aliantza estrategikoa edo kooperazio militarra posible liteke, baina, zatiketa gainditzea beste kontu bat litzateke. Azken finean, KCKren helburua «erregimen zaharra» eraistea da, eta Kurdistango Eskualde Autonomoko agintariak «erregimen zaharra» dira. Arazo nazionala konponduko balitz ere, gatazka sozialak hor segituko zuen.

BERRIAn argitaratua (2017/11/24)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA