astekaria 2017/11/24
arrowItzuli

bizigiro

JOSEBA ZABALZA

«Hilketa baten atzean aurpegiak daude»

Iker Tubia

«Hilketa baten atzean aurpegiak daude»

Autoan, irratia aditzen. Halaxe bururatu zitzaion proiektua Joseba Zabalzari (Iruñea, 1966). Izan ere, biktima bakarrak ETAk eragindakoak zirela aditu, eta hainbat izen etorri zitzaizkion gogora: Josu Zabalza Basajaun bere AEK-ko irakaslea, Mikel Castillo Alde Zaharreko ezaguna, Mikel Iribarren ke pote batek larri zauritua... Bihar Iruñeko Kondestablearen jauregian mintzatuko da, 19:00etan, Trantsizioko beste biktimak jardunaldietan.

Biktimen inguruko solasak sobera hotzak izaten dira? Zenbaki hutsak dira? Horregatik behar dira aurpegiak erakutsi?

Beti biktima berberak aipatzen direnez, beste biktimekin lan bat egin nahi nuen. Horretarako, lekuetara joan nintzen. Lekuak oso inportanteak dira biktimentzat, eta magikoak. Eta gero familiak, mina gertukoa baita. Baina ez haien izenak, aurpegiak baizik. Batzuetan estatistika huts bihurtzen dira, baina nik jakin nahi nuen nor ziren, nolakoak ziren. Hilketa baten atzean aurpegiak eta izenak daude.

Biktimen irudiak ere jarri dituzu, bizirik, koloretan. Zer asmorekin?

Askotan, argazki bateko aurpegi bat da biktima. Bizitzaren irudia nahi nuen, eta, beraz, familiakoekin batera murgildu naiz haien albumetan. Guretzat, German alde batera begiratzen duen bizardun bat da, edo kopetan tiroa duela ageri den argazki ankerra. Nik lortu dut haren argazkia Etxaurin eskalatzen.

Oinarrian heriotza dago, baina bizitzaren aldarria da?

Bai, bai. Nahi nuen erakutsi nola bizi izan diren, gero zer gertatu den familiarekin, zer ondorio izan duen heriotzak. Beraz, hilketak agertzen dira, baina baita ondorioak ere, sufrimendua. Batzuek dolua pasatzen ematen dute bizi osoa; beste batzuk, ateratzen dira. Uste dut liburu gogorra dela, baina hunkigarria eta adierazgarria ere bai.

Heriotzaren tokian bizirik daudenak jarrita, erakutsi nahi zenuen biktimak ez direla erabat hil?

Argazkietan itxoiten agertzen dira: eserita, harri kozkor bati ostikoa ematen... Justizia itxaroten ari dira, eta kasu batzuetan, egia. Jakin nahi dute zer pasatu zen. Kasu hauetan guzietan isiltasuna izan da nagusi.

Argazkigintza bera memoria ariketa bat da?

Baietz uste dut. Gainera, denborarekin balio handiagoa izaten du. Argazkigintza dokumentu bat da, etorkizunerako geratzen dena. Familiakoen argazkiak daude, eta hor geratuko dira biktimak, eta nire argazkietan, senideak.

Errealitateak agertzeko modurik eraginkorrena da argazkigintza?

Batzuek nahiago dute bideoa, baina nire lengoaia argazkigintza da. Argazki finkoak badu bideoak ez duen indarra. Pentsatzen dugunean zerbaiten inguruan, argazki finko bat dugu buruan. Bestalde, herrena da beste alor batzuetan. Adibidez, argazkiari ez badiozu oina idazten, informazioa falta dakioke.

Hilak, bahituak, torturatuak, zaurituak... Historia idazten ari zara argazkiekin?

Garaileek beren historia kontatzen dute, eta guk gure historia kontatu behar dugu. Nik badakit nire historia partziala dela, baina haiena ere bai. Gogoratzen dut txikitan cowboyen alde egiten nuela beti. Indioak zikinak eta ankerrak ziren. Hollywoodek historia bat kontatu zuen. Gero, Dee Brownek Ehortzi ezazue ene bihotza Wounded Kneen liburuan azaldu zuen konkista indioen ikuspegitik. Guk gauza bera egin behar dugu. Liburua ez da inoren aurkakoa; ahanzturaren aurkakoa baino ez.

Konpromiso soziala eta argazkigintza beti bat dira zure lanean?

Bai. Palestinatik etorri berri naiz, eta han bigarren mailako talde batekin aritu naiz argazkiak egiten. Okupazioaren aurka egiteko beste modu bat da futbola. Aurretik egon naiz zabortegietan argazkiak egiten ere, Saharan elbarriekin, El Salvadorren iraupen arrantzaleekin... Lanak nire haurtzaroari loturik daude, beti. Txikitan txatarra bila joaten nintzen, saldu eta sanferminetako dirua lortzeko. Futbola ere txikitatik gustatzen zait. Txikitatik ikusi ditut auzoan, Sanduzelain, grisak jendea jotzen, pilotakadak. Falta zitzaidan hau; herriari zor nion.

Gaur egun, nonahi daude argazkiak. Zuen lanak balioa galdu dezakeen beldur zara?

Kanaberak ez du arrantzalea egiten, eta argazki kamerak ez du argazkilaria egiten. Lehen, argazki bat egitea gertakari garrantzitsu bat zen. Biktimen argazkiak bilatzean zailtasunak nituen, oso argazki gutxi egiten zirelako. Orain, kutsadura da nagusi. Argazkigintza izanen da arte bakarra txiripaz argazki on bat egiteko aukera ematen duena. Baina hori behin edo bitan gertatuko da. Argazkigintzaren demokratizazioak berekin ekarri du gure lanaren mespretxua, bai. Egunkarietan ere, argazkilaririk ez bada, kazetariak egiten du. Ez dago editore grafikorik, erabakiak kazetariek hartzen dituzte, eta ez dute ideiarik ere.

BERRIAn argitaratua (2017/11/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA