astekaria 2017/11/24
arrowItzuli

gizartea

Herri euskaldunen kaleko hatsa

Garikoitz Goikoetxea

Herri euskaldunen kaleko hatsa

Galera agertu dute ikerketa ugarik: atzeraka ari dela euskara herri euskaldunetan. Euskaldun gutxiago daude herri horietan, eta etxeko erabilera ere jaitsi egin da. Bat datoz mapa eta inkesta soziolinguistikoak. Kaleko erabileraren neurketa orokorrak ere agertu du jaitsiera gune soziolinguistiko horretan. Kaleko egoerari buruzko azterketa zehatzagoa egin dute Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Soziolinguistika Klusterrak. Berretsi egin dituzte neurketa orokorraren ondorioak. Ñabardura batzuk badaude herri euskaldunen artean: euskaldunen indizea %80koa edo handiagoa duten herrietan, euskararen erabilera %80tik gorakoa da; hortik behera, euskaldunak %65-80 diren herrietan, %54koa.

Euskal Soziolinguistika Jardunaldia egin zuten atzo Donostian, Uemak eta klusterrak antolatuta, goiburu honekin: Arnasguneak eta udalerri euskaldunak: gaurko eta biharko erronkak. Egun osoko jarduna izan zuten, eta erabileraren datuak azaldu zituzten.

Denera 76 herritan neurtu dute kaleko erabilera. Uemako herri gehienak daude tartean, eta Tolosaldeko 28 udalerriak; haietatik hamabost daude Ueman, baina, Galtzaundi euskara elkartearekin sinatutako hitzarmen baten harira, Ueman ez dauden Tolosaldeko herrietan ere neurtu dute kaleko erabilera. Herri tipologiari dagokionez ez dakar aldaketarik horrek, Tolosaldeko herri guztiek betetzen baitituzte Uemako kide izateko baldintzak —euskaldunen indizea %70etik gorakoa izatea—.

Tipologia desberdinak

Erabilera tasa orokorrari begiratuta, datuek diote euskara entzuten dela gehien herri horietako kaleetan: %61,5. Gaztelaniaz %36,5 sumatu dituzte, eta beste hizkuntza batzuetan, %2. Ez dago eboluzioa aztertzeko modurik, neurketa egin dute lehen aldia izan baita.

Erabilera datu orokorraren azpian ezberdintasun handia dago, eta, herriz herriko datuak edukitzeko adinako lagina osatu dutenez, alderaketak egiteko modua izan dute. Adibidez, datuak aztertzen badira herriz herriko euskara gaitasunaren arabera, bi talde bereizi daitezke nabarmen. Batetik, euskara gaitasuna %80tik gorakoa duten herriak. Euskararen erabilera sendo dago herri horietako kaleetan: bostetik lau baino gehiago entzun dituzte euskaraz. Bestetik, %65-80ko euskara ezagutza dutenak: erabilera apalagoa da, nahiz eta erdiak baino gehixeago euskaraz aritu kalean (%54).

Herriak sailkatzen badira biztanle kopuruaren arabera, aldeak ageri dira berriro ere: zenbat eta herri handiagoa, kaleko erabilera txikiagoa. 500 biztanle baino gutxiagoko herrietan, euskaraz sumatu dituzte kalean %84; 10.000 biztanletik gorako herrietan, %51.

Bi aldagai horiek gurutzatuta, deigarri da herri batzuetako egoera: etxeko erabilera baino handiagoa da kalekoa —etxeko erabilerarena datu aitortua da, gainera: norberak esaten du zenbat egiten duen—. Are, aztertutako 76 herrietatik hamazazpitan ezagutza baino handiagoa da kaleko erabilera, eta beste hamabostetan paretsuan daude —ezagutzarena ere datu aitortua da—. %80tik gorako erabilera dute horrelako udalerri gehienek, eta ezagutza, %74tik gorakoa. Arnasgune kontzeptura gerturatzen da tipologia hori, beraz. Izatez, egoera onenean dauden udalerri euskaldunen erabilera datuak zehatzago begiratzen badira, bistan dago euskararen kaleko erabilera oso sendoa dela.

Adinaren araberako datuetan nabari da hori. Aztertutako udalerrietako norabide orokorra hau da: zenbat eta gazteago, erabilera handiagoa —haurretan, %76 euskaraz; zaharretan, %53—. Kaleko erabileraren neurketa orokorretan ere hala da. Baina euskararen ezagutza oso handia duten herrietan ez dago diferentzia hori. Adibidez, %90 baino gehiago euskaldunak diren herrietan, ez dago alde handirik adin taldeetan. %80-90 euskaldunak diren herrietan, belaunaldi gazteen eta helduen artean dago aldea, baina ez umeen eta gazteen artean. Arnasgune kontzeptura zein herri tipologia hurbiltzen den iradokitzen du datu horiek, beraz. Euskaldunak %65-80 direnean, aldiz, koska nabarmena da: umeetan, %71 euskaraz; adinekoetan, %43.

Haurren garrantzia

Neurketa orokorretan bezala, herri euskaldunetakoan ere bistan geratu da umeen presentzia giltzarri dela. Batetik, haien adin taldeak egiten du euskaraz gehien, baita erabilerarik handieneko herrietan ere. Bestetik, umeak tarteko daudenean, euskaraz gehiago aritzen dira beste adin taldeak ere; joera hori herri euskaldunenetan ere sumatu dute. Hara: umeak elkarrekin hizketan ari direnean, lautik hiru sumatu dituzte euskaraz; gainerako adin taldeetan, erdiak. Umeak eta nagusiak batera daudenean, %73 aritzen dira euskaraz —haurrak gehiago hor ere—.

Erabilera sexuaren arabera aztertuta, neurketa gehienetan ageri den joera: emakumeen erabilera handiagoa da herri euskaldunetan ere, adinekoetan izan ezik. Gazteetan dago alderik handiena: 15-24 urterekin, emakumeen %72 ari dira euskaraz, eta gizonen %66.

Kaleko erabilera neurtuta, ikerketa sakonagoak egiteko asmoa azaldu du arduradunak, Olatz Altunak. Beste datu batzuekin gurutzatu nahi dituzte erabilerarenak, eta galdera gehiagori erantzun: adibidez, erabilera handiko herriek zer duten komunean, edo erabileran nolako eragina duten beste arlo batzuetako faktoreek.

BERRIAn argitaratua (2017/11/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA