iritzia
Onartutakorik ez
Mikel Elorza
Alde horretatik, aspaldian harrituta nauka finantza erakundeekin gertatzen ari dena. Erreskatearen diruekin ondo gizenduta daude, baiki, baina epaitegietan galtzen ari dira zoru-klausulen eta beste zenbait gasturen inguruko gatazkak. Galtzen, asko. Eta hauek galtzaile ikustera ohitu ezinik, gero eta lotsagabeagoak diren komisioez aparte, horiek denak bueltan jasotzeko zer asmatuko duten zain nago. Botere politikoak judiziala noiz ekarriko duen bere onera, «nahikoa da» espresuki esan gabe, baina eginez.
Haiekin akordatu naiz epaitegietako borroka horretan letra txikia deitu izan zaiona dagoelako. Finantza erakundeek bezala aseguru-etxeek, telefono-konpainiek, argindarrekoek eta espezie horretako beste pajaroek erabiltzen dutena. Letra txikia, eta hizkera ulergaitzean emana. Hizkera juridikoa, paperkerietan erabiltzen dena, asmakizun aparta da: herritarrek ulertuko ez duten hizkera, haiek gobernatu edo epaitzeko erabiliko bada ere. Epaiketa batek honen gailurra islatzen du: epaileak tranpaldoan, mozorrotuta, epaituak ulertzen ez duen kalakan, abokatu, fiskal eta bestelako sazerdoteen artean. Herritarrari emaitza emango diote; hori bai, hori entenditzeko moduan.
Hizkerak beldurra ematen du, handia, eta ez txikiagoa horiekin batera zabaldu eta hedatzen diren beste esapide edo hitz batzuek, ustez ulergarriak, baina edukia mozorrotzeko pozoiz kargatuta. Onartutako sexua (sexo consentido) da azken egunetan asko entzun behar izan duguna. San Ferminetako bortxaketakoa horixe omen, haiek diotenez: onartutako sexua. Baina zer da hori? Esan nahi du onartu gabeko sexua ere badagoela? Onartu gabeko sexua ez dago: hori ez da sexua, indarkeria da, bortxa.
Ez dakit zenbait transakzio komertzial izendatzeko erabil litekeen onartutako sexu (transakzio horiek ere, prostituzioa alegia, askorentzat bortxa dira), baina gainerakoan uste dut ezetz. Ez dela hala, edo behintzat ez lukeela izan beharko. Erdibidea eskaintzen duelako: ez zen biek nahi zuten harremana, baina bortxa ere ez, tarteko gauza bat zen, onartutako sexua.
Errugabetasun printzipioaren defendatzaile sutsua naiz, eta handiak bota arren aho handi askori gertatzen zaigu, bizitzaren jardun askotan baliatzen ditut erdibideak, hirugarren bideak. Epelen errepublikakoa naiz. Eta hirugarren bidearena sexuaz ari bagina sujerentea izan zitekeen, baina afera honetan ez dagokio. Iazko sanferminetan Iruñeko ezkaratz hartan gertatutakoetan gauza bakarra daukat nik segurua ez zela egon: sexua.