astekaria 2015/12/04
arrowItzuli

bizigiro

Borondateak zenbat ahal duen

Nora Arbelbide Lete, Ihintza Elustondo, Maialen Belarra

Borondateak zenbat ahal duen

Bea Salaberri. «Batek, bederen, ez du galdegin errepikatzea»

Badu 15 urte Baionan bizi dela, eta beste hainbeste AEKn ari dela Bea Salaberri (Donamartiri, 1979). Baionak ez daki narrazio liburua atera berri du, eta aldi honetan Baionak euskaraz ba ote dakien neurtzeko desafioa onartu du: «Erronka bat bada munduan euskalduntzeko, Baiona, Angelu eta Miarritze da». Hark bizi pertsonalean estrategiak antolatuak ditu euskaraz dakien mundu batean murgildu ahal izateko. Halere, euskara erabiltzeagatik egin ohar mespretxagarriak trumilka ditu kontatzeko. Baina horiei begira, ez da gehiago justifikazioetan erortzen: «Lehenago hasten nintzen esplikatzen, baina memento batean aski da. Pisua da. Gainera, jendeak uste du eztabaidagarri dela. Pedagogia egiten ibiltzea hemen berean bizi den jendearekin gehiegizkoa iruditzen zait». Mediku batek, adibidez, haurrak 3 urterekin ez zekiela frantsesik oharturik, zera bota zion: «Uste duzu luze iraunen duela?». Hark, berriz: «Begira, behar baditut aholkuak ene haurren hezteko maneraz, jinen naiz beste behin; baina, gaur, jin naiz bronkitisarengatik».

Aldi honetan, hiru saiakera ditu egin. Bata, Herriko Etxeko zerbitzuetan; bestea, tabako saltzailearekin; eta hirugarrena, liburutegian.

Liburutegian ez dute jarrera hetsia izan, nahiz eta euskaraz ez jakin. Baina eskaintza bera, bereziki literatura aldetik, ez da hain asegarri. Herriko Etxeko zerbitzuetan etsigarriago izan da. «Pasaportea?», galdegin du, eta harrerakoak: «Euskara da?», frantsesez. «Bai». Berriz pasaportea lortzeko txostena galdeginda: «Mapa bat nahi duzu?», beti frantsesez. Beste baten bila joan da. Azkenean, ulertu dute pasaportea dela, baina frantsesez segitu dute. Zigarreta saltzaileak, berriz, ezustean, euskaraz erantzun du: «Marlboro pakete bat?» galdegin, eta «bai» erantzun du. Ororen buru, borondate kontu bat da, Salaberriren ustez: «Ez erran ez duela ulertu pasaporte hitza? Ez da Marlboro paketea baino zailago, ez? Batek, bederen, ez du galdegin errepikatzea».

Ramon Agirre. «Ozen esaten dut 'egun on' eta 'arratsalde on'»

Haserre agertu da Donostiako bulebarrera Ramon Agirre aktorea (Donostia, 1954). Mikel Urrutikoetxeak irabazi berri du lau t'erdiko pilota txapelketa, eta, horren harira, elkarrizketa egin diote ETBn. «Gaztelaniaz, Euskal Telebistan. Kazetaria eta hizlaria, biak, euskaldunak dira».

Donostian bizi da aktorea, baina ez da ausartzen hango euskararen egoeraz gehiegi hitz egitera. Inguruan ezaguna denez, eta jendeak baduenez hark euskararekiko duen atxikimenduaren berri, Agirrek uste du ez dela ikuspegi objektibo bat emateko gai. «Ni ikusten nautenean, erdaraz hitz egiten ari zen jendea euskaraz hitz egiten hasten da». Haren arabera, «ona» da batetik efektu hori sortzea, baina, bestetik, gauza bat argi uzten du: euskaraz jakin eta hitz egiteko ohiturarik ez duen jendea badago Donostian.

Parte Zaharra du bizileku Agirrek, eta nahiko gune euskalduna dela uste du, Donostia oso-osorik hartuta. Haren esanetan, badira leku erdaldunagoak: Amara edo Gros ingurua, esaterako. Ondo ezagutzen ditu antzezleak bere inguruko txokoak, eta badaki zein lekutan senti daitekeen eroso euskaraz mintzatuz, eta zeinetan ez hain eroso. Horregatik, sarri joaten da leku batzuetara, «erreferente» gisa dituelako.

Miresten duen gune horietako bat da Galparsoro okindegia. Langile guztiak euskaldunak dira, eta ogi guztien izenak euskaraz dituzte idatziak karteltxoetan. Agirreren arabera, estilo bat du dendak: «Euskarak saltzen du; gure marka hau da». Aktoreak azaldu duenez, euskaldun asko joaten dira hara ogia erostera, euskal giroa bilatzen dutelako. Ogia erdaraz eskatzea «arraroa» da denda horretan, eta euskaraz ez dakitenak ez dira kexatzera ausartzen.

Saltoki edo taberna batera joandakoan, Agirre beti saiatzen da lehen hitza euskaraz esaten. «Gainera, ozen esaten dut 'egun on' edo 'arratsalde on'». Horrek langileei ez ezik, han dauden bezeroei ere sortzen die efektu bat. Eskulanen Etxeko hari dendako langilea da Ines Matxiarena, eta efektu hori zertan datzan azaldu du: «Batekin euskaraz hasten bazara, besteak kutsatu egiten dira». Kutsadura horren ondorioz, gertatu izan zaio goiz osoan gaztelaniarik erabili beharrik ez izatea.

Euskara nagusi Rekalden

Hari dendan, euskararen alde egiten dutela nabaria da barnean: euskarazko oharrak, langile euskaldunak... Agirrek proba bat egin du: jende ugari dago dendan, eta denek entzuteko moduan galdetu du azkena nor den. Guztiek ulertu diote; euskaraz erantzuteko gai direnek euskaraz erantzun dute, eta gainontzeko gutxi batzuek gaztelaniaz. «Baina ez dakitenak ez dira harritu euskaraz ari garelako», ondorioztatu du.

Bada taberna bat Agirrek oso kutuna duena: Rekalde. Hango nagusi Agus Rodriguezek adierazi du langile bat kontratatzerakoan ezinbesteko baldintza dela euskara jakitea edo euskalduntze bidean egotea. «Sevillako bat [Espainia] eta Kaliforniako bat [AEB] euskaldundu ditugu». Haren arabera, sortzaile askoren bilgunea da taberna: Anari Alberdi, Eneko Olasagasti, Maialen Lujanbio, Danele Sarriugarte, Kattalin Miner edota Agirre bera joan ohi dira hara. «Jendeak halako lekuak bilatzen ditu, badakielako euskaraz hartuko dutela», erantsi du aktoreak. Handik irtendakoan, atentzioa eman dio beste taberna baten izenak: Zumbeltz. «Euskarazko izena, baina gaztelaniaz idatzita».

Agirrek ez daki zein aholku eman Donostian euskara bultzatu nahi duenari. Baina haren bizimoduak erakusten du hautu batzuk hartuak dituela jomuga horretarako bidean. Dena den, badaki euskara soinu banda duten guneak ez direla hainbeste Donostian. Gehiago ba ote diren galdetuta, Kristina belar denda eta botika bat baino ez zaizkio etorri burura.

Nestor Esteban. «Lehen hitza euskaraz egitea funtsezkoa da»

Goizean goiz kafe bat hartzera irten da Nestor Esteban (Iruñea, 1977), Euskal Herrian Euskaraz-eko kidea. «Kaixo, egun on. Kafe huts bat eta...», esaldia bukatu aurretik moztu dio tabernariak; ez dio ulertu. Gazteleraz eskatu behar izan du. Estebanek esan du Iruñean ezagutzak gora egin arren erabileran ez dela aldaketarik nabari. Nafarroako Gobernuak orain arte euskararen aldeko zertzelada batzuk egin dituela dio, baina aurrekontuetako plangintzarik eza salatu du: «Ez dago ezer planifikatua euskararen alde egiteko. Tabua dela dirudi, ez dute ezer esaten, eta gutxiago egiten. Abenduaren 15ean Euskararen Legearen urteurrena da. Ea hor zer dioten».

Tabernatik ospitalera joan da lagun bat bisitatzera. Administrazioko langileari mintzatu zaio, baina berehala eskatu dio gazteleraz egiteko. Tabernariak ez bezala, euskaraz esan dio. Lagunaren izen-abizenak esan ostean, langileak berriz egin du ahalegina: «Hiru solairu, zuzen... Perdona, voy a hablar en castellano, que me pongo muy nerviosa» (barkatu, gazteleraz egingo dut, urduri jartzen naiz eta). Igogailua non zegoen azaldu ostean, berriro euskarara buelta: «Gela hiru bederatzi da». Bukaeran emakumeak barkamena eskatu dio, baina Estebanek irribarre batekin alde egin du: «Berak ere ez daki zer esan nahi duen horrela saiatu izanak». Halere, deitoratu du langile horren gisako bat topatu arte euskara «mespretxatzen» duten askorekin egin behar dela topo, eta hori nekagarria dela. Dena den, lehen hitza euskaraz egitea defendatu du. «Euskaldunak garela ikusten badute, agian ahaleginduko dira; bestela, ez».

Ospitaletik errolda aldatzera joan da EHEko kidea, eta udaletxean bi udaltzainekin egin du topo. Horiek ere gazteleraz egiteko eskatu diote. Estebanek galdetu die ea norbaitek euskaraz badakien, eta udaltzain batek oldarkor erantzun dio: «Si lo hubiera, no te diríamos que nos hablases en castellano» (egongo balitz, ez genizuke gazteleraz egiteko esango). Bukaeran, halere, barkamena eskatu diote.

Errolda aldatzeko txanda hartu ondoren, liburu denda batera joan da. Sartu bezain azkar, emakume batek atea ixteko eskatu dio, gazteleraz. Horren ostean, inolako arazorik gabe euskaraz erantzun dio dendariak, lehen aldiz. Ondoko tabernariak gazteleraz egin dio, ordea, baina eskatutakoa arazorik gabe atera dio: «Ikusarazi behar dugu euskaraz ez jakin arren komunikatzeko borondatea izatean dagoela gakoa».

Berriz buelta erroldara. Ordu eta erdi igaro ondoren, azkenean 186. zenbakia; Estebanen txanda. Langilearen aurrean jarri, eta errolda aldatzeko zer egin behar den galdetu dio. Beste ezer esan aurretik, langileak: «¿Quieres que te atiendan en euskara?» (euskaraz artatzea nahi duzu?). Aukera eman dio. Bere lankidea libre geratzean harengana jotzeko esan dio. «Ongi dago euskaraz artatzeko aukera izatea, baina horrexegatik bakarrik gehiago itxaron behar dugu».

BERRIAn argitaratua (2015/12/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA