astekaria 2017/11/24
arrowItzuli

iritzia

Loa, loa

Miren Amuriza

Loa, loa Miren Amuriza

Loa, loa, ttunttulun berde, loa, loa, masusta; San Petesburgon diru eskean dihardute mutiko bik. Hiru-lau txanpon bildu dituzte, deus ez balio handikorik, hiru-lau txanpon bildu eta ez daukate itsulapikorik. Loa, loa, ttunttulun berde, loa, loa, masusta; Filadelfian ume bat bere gelan dago adi-adi. Ohean sartu, eskuarekin klik egin gau-argiari eta aitak jo egin duela esan dio panpinari. Loa, loa, ttunttulun berde, loa, loa, masusta; Sierra Leonan ume guztiek ez dute eskolan ikasten. Beti izango dira langabe, beti pobre, beti azken, ez baitakite orri zurian beren izena idazten. Loa, loa, ttunttulun berde, loa, loa, masusta; Mediterraneoan marinel batek nini bat darama. Hamabost lagun atera ditu uretatik banan-banan, baina inork ez daki non dauden haurraren aita eta ama. Loa, loa, ttunttulun berde, loa, loa masusta; Tegucigalpan neskatxo batek min du sabel barrenean. Ahizpak eskutik oratu dio oihuka hasi denean, eta ume bat beste ume batez erditu da azkenean. Loa, loa, ttunttulun berde, loa loa masusta; mutikotxo bat fusil batekin ikusi dute Bagdaden. Beharbada Raqa izango zen? Beharbada Jerusalem? Inork ez daki nondik etorri den eta nora joan den. Loa, loa, ttunttulun berde, loa, loa, masusta; rohingyen haurrak bizirik erre ei dituzte Myanmarren. Rohingyen haurrak bizirik erre ei dituzte Myanmarren. Erre, haurrak erre Myanmarren. Baina zuk egin lo, arren.

BERRIAn argitaratua (2017/11/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA