astekaria 2017/11/24
arrowItzuli

ekonomia

ATSEDEN BAKO ERRETIROA

Jon Fernandez

ATSEDEN BAKO ERRETIROA

Ailegatu zaio, azkenean, urteetan amestutako garaia. Lanari emandako bizitza oso baten ordaina: deskantsua, erretiroa. Bere beharrei, nahiei eta asmoei denbora eskaintzeko aukera, printzipioz, etxera dirua ekarri beharraren zamaz arduratu behar izan barik. Erretiroa hartzeko garaia iritsi zaio, ogibidea alde batera uztekoa, bere bizibidean zentratzeko okasioa. Eta hala ere, nahiz eta pentsioa jasotzen hasi, lanean jarraitzea erabaki du. Zimurrak tolesten hasi zaizkio eskuetan eta bekokian, eta izurtuta dauka, era berean, ia lau hamarkadatako lan bizitzaren fitxa. Haatik, lan bizitza lisatzea eta luzatzea erabaki du, erretiro aktibo edo malgu delakoaren bidez.

Ez dira gehiengoa erretiroa hartzeko adina izan arren lanean jarraitzen dutenak. Aitzitik, gutxiengoa dira. Baina ez dira ez bat, ez bi, ez hiru. Beltzean egiten dituzte lantxoak batzuek, eta legearen barruan gutxi batzuek. Hego Euskal Herrian, erretiro aktibo deitzen zaio modalitate horri, eta 2013az geroztik dago indarrean. Egin beltzean, egin legean, galdera gakoa honako hau da: zerk bultzatzen du jende adindua lanean jarraitzera? Kasu gehienetan, diru beharrak, pentsio txikiak dituztelako; baina badira, halaber, ofizioarekiko pasioagatik segitzen dutenak ere.

ERRETIRO AKTIBOA

Borondatezkoa da. Erretiro adina iritsitakoan, norberak erabaki dezake erretiroa hartu eta dagokion pentsio osoa jasotzea, edo erretiroa hartu baina lanean jarraitzea, betiere, sektore pribatuan.

Kasu horretan, behin erretiroa hartuta, pentsioa lanaldi partzialeko kontratu batekin uztartu daiteke. Lanaldiak, gehienez, %75ekoa izan behar du, eta, gutxienez, %50ekoa. Horri dagokion soldata zatia enpresak ordaintzen dio; ostera, murriztutako ehunekoa kalkulatzen zaio pentsioari, eta gehigarri hori ere jasotzen du erretiratu langileak.

Lagungarria da adibide praktiko bat aipatzea, hobeto ulertzeko. Demagun 800 euroko pentsioa daukan erretiratu batek lanean jarraitzen duela, %50eko lanaldiarekin: 400 euro kobratzen ditu pentsiotik (%50), eta enpresatik 750 euro, 1.500 euroko soldataren erdia. Guztira, hortaz, hilean 1.150 euro kobratzen ditu, egunean lau ordu lan eginda; bestela, pentsiotik hilean 800 euro kobratuko lituzke, beharrik egin barik. Beste era batera esanda, hilean 350 euroren truke lan egiten ditu egunean lau ordu.

ERRETIRO MALGU GUTXI

Espainiako Gizarte Segurantzak ez dauka datu ofizialik erretiratu aktiboen inguruan. Fatima Bañez Enplegu ministroak joan den urrian egindako adierazpen batzuk dira erreferentzia bakarra: Espainian, 31.000 erretiratu aktibo daude. Oso gutxi dira, 9,4 milioi pentsiodunekin konparatuta: %0,3 baino ez. Antzekoa edo txikiagoa izan daiteke ehunekoa Hego Euskal Herrian.

PREKARIZAZIO BIKOITZA

Sindikatuak ez daude ados erretiro malguarekin. «Batetik, enpleguaren kontrako neurria da; bestetik, pentsio sistema bidegabearen ondorioetako bat da. Berez, borondatezkoa izan arren, jendea behartuta senti daitekeelako lanean jarraitzera, pentsioa apur bat hobetzeko», argudiatu du Ainhize Muniozgurenek, LABeko aholkularitza arduradunak.

«Prekarizazio bikoitzaz» ohartarazi du: «Lan merkatuan urteak egin dituzte eremu prekarioenean: soldata txikia izan dute, eta kotizazioa ere bai. Eta pentsiodun bihurtzeko orduan bi aldiz prekario egiten dira, pentsioa kotizazioaren araberakoa delako».

AUTONOMOEN KOSKA

Zenbaki ofizialen faltan, Bañezen adierazpenetara jo behar da berriro, jakiteko zein den erretiratu aktiboen soslaia. Ministroaren esanetan, autonomoak dira erretiratu aktiboen %85. Zergatik? Nagusiki, soldatapekoena baino pentsio txikiagoa geratzen zaielako. Eta, gainera, soldatapekoek ez bezala, aukera dutelako pentsio osoa kobratzeko, lanean jarraitu bitartean.

Pentsioaren zenbatekoari erreparatuz, Araba adibidetzat hartuz gero, diferentzia 775 eurokoa da (goiko infografian ikusgai). Lurralde horretan, joan den urriaren 1eko datuen arabera, hilean 1.572 euro da batez besteko pentsioa erregimen orokorreko pentsiodunentzat; aldiz, 792 euro da autonomoen batez besteko pentsioa.

KOTIZAZIO TXIKIAK

Azalpena da autonomo askok minimoa kotizatzen dutela. «Lehen, pentsioa kalkulatzeko aintzat hartzen ziren azken hamabost urteetara arte, denek kotizatzen zuten minimoa», aitortu du Emi Sanchezek EAE Euskal Autonomoen Elkarteko kudeatzaileak.

Baina 2013ko erreformak hamabost urtetik 25era luzatuko ditu kalkulu urteak: pausoz pauso ari da igotzen, eta 2022an iritsiko da 25 urteko tartera. Gainera, autonomoek 47 urte baino lehen igo behar dute kotizazio maila, gerora ezin baitute goratu. Baina, egoera ekonomikoak behartuta, askok jarraitzen dute minimoa kotizatzen. «Lanean jarraitzea erabakitzen duten autonomo gehienek beharrizanagatik jarraitzen dute; ez, horrenbeste, bokazioz», berretsi du Sanchezek.

PENTSIO PRIBATUAK

Edozelan ere, Sanchezek dio autonomo gehienek pentsio plan pribatu bat ere egin izan dutela, Gizarte Segurantzan minimoa kotizatu arren. «Zenbaki kalkuluak eginda, autonomo askok ondorioztatu dute komenigarriagoa zaiela bi bideak egitea». LABeko Muniozgurenek, justuki, administrazioak norabide hori sustatu izana kritikatu du: «Bide publikotik pentsio duinerako atea zailtzen bada, aldi berean, pentsio sistema pribatua indartzen da».

Baina, hain zuzen, bide pribatu hori behar adina ez saritzeagatik kexatzen da Txema Odriozola, Euskofederpen pentsiodunen elkarteko presidentea. «Garai batzuetan fiskalki laguntzen ziren pentsio planak. Baina, gero, kendu egin zituzten laguntza fiskalak. Laguntza horiek lagunduko lukete kontua arintzen».

AUTONOMOEN «MITOAK»

Mikel de la Fuente EHUko zuzenbide doktoreak nabarmendu du «mito asko» desegin behar direla. «Autonomoa izan daiteke bost edo hogei soldatapeko dituena, edo bera bakarrik ari dena lanean, sarri esklusiboki enpresa batentzat. Gero eta gehiago dira azken horietakoak: autonomo faltsuak. Eta gehienek ez daukate pentsio pribaturik. Alegia, kotizazio minimoaren atzean, gehienetan, ez dago estrategia bat, baizik eta autonomoen lan baldintzen okertzea».

DIRU BEHARRA, DIRU GOSEA

Badira erretiroa borondatez atzeratzeko prest dauden kolektiboak: mediku edo unibertsitateko irakasle batzuk. Asteon azaldu du Jaurlaritzak aztertzen ari dela medikuen borondatezko erretiro adina 67 urtetik 68ra atzeratzea. Unibertsitateko irakasleek, adibidez, nahi izanez gero, 70 urterekin har dezakete erretiroa. Trukean, erretiro adin ofizialetik gorako lan urte bakoitzeko osagarriak irabazten dituzte, hilean 2.567 euroko pentsio maximoa gainditzeko aukerarekin.

«Lanean jarraitzeko estimulu bat da, batez ere ogibidea atsegin duenarentzat», dio De la Fuentek. «Soldata handia daukatenentzat, pentsioarekiko tartea handiagoa da langile arrunten kasuan baino: hilean 1.800 euro gordin irabazten badituzu, 1.600 euroko pentsioa izan dezakezu; baina, hilean 4.500-5.000 euroko soldata baduzu, geratuko zaizun pentsio maximoa 2.600 eurokoa izango da. Asko jaisten da».

ESPERIENTZIA TRANSMISIOA

Erretiro malguaren defendatzaileen argudioetako bat da belaunaldi arteko jakintza transmisioa. Tranpa bat, LABeko Muinozgurenen iritziz. «Funtsezkoa da esperientzia partekatzea, baina, horretarako, errelebo kontratua dago. Baina kontraesana da ia galtzera kondenatu dutela 2019tik aurrera. Enpresariei oso garesti aterako baitzaie, hobari eta laguntzak kendu dituztelako».

ZIURGABETASUNA

Sentsazio nagusia ziurgabetasuna da pentsiodunen artean, Euskofederpeneko buru Txema Odriozolaren hitzetan: «Jendea oso kezkatuta dago. Zurrumurruak entzuten dira: aurtengo aparteko saria kenduko ote duten...». Elkartea atea jotzen ari da udal eta diputazioetan, Madrilera eskariak bidaltzeko babes eske: pentsioen igoera KPIari lotzea, aurrekontuetan pentsioak gehiago ez txikitzea... «Pentsioen kudeaketa Euskal Herrian egingo bagenu, sistema gertukoagoa eta segurua izango litzateke».

Hegoaldeko lau lurraldeetan gutxieneko errentaren funtsetik osatzen dira pentsiorik txikienak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren onuradunen %25 pentsiodunak dira. «Horiek dira benetan txarto pasatzen ari diren pentsiodunak», dio Odriozolak. Halere, ez da babes sendoa, Muniozgurenentzat: «Gaur badago DSBE, baina azken hiletako diskurtsoak entzunda, zalantza daukat bihar egongo ote den».

OSASUNAREN FAKTURA

Lana osasuna dela dio esaera zaharrak; baina, horrela al da zahartzaroan ere? «Azterketa interesgarri batzuk daude AEBetan, diotenak gero eta jende gehiago dabilela lanean 65 urtetik gora borondatez kontra [mundu mailako datuak ondoko orriko infografian], eta horrek osasunari eta bizi itxaropenari kalte egiten diela», esplikatu du De la Fuentek.

Bestalde, Euskal Herriko biztanleria zahartzen ari da, eta horrek ere baditu ondorioak. Gaindegiaren arabera, 2000n %17,8 ziren 65 urtetik gorako biztanleak; iaz, ostera, %21,1. «Gero eta alzheimer kasu gehiago daude», azpimarratu du Odriozolak. «Horrelako pertsona bat 24 orduz zaintzeko, hilean 3.000 euro behar dira. Zer pentsiok manten dezake hori? Zer erakundek?».

LANA ETA NORTASUNA

Diru beharrik izan ez arren, badira zahartzaroan ere lanean jarraitzeko grina daukatenak. «Lanarekin atxikimendu emozional handia dute batzuek, satisfazio handia ematen dielako. Ikerketek diote zenbat eta ikasketa maila handiagoa izan, orduan eta gehiago kostatzen dela lanarekiko atxikimendua uztea», esplikatu du Igone Etxeberriak, EHUko psikologia irakasleak.

Zahartzaroan eta nortasunean aditua da, eta dio lanak, oro har, rol sozial bat ematen duela, eta baita jendearekin erlazionatzeko aukera ere. «Horrek guztiak erabilgarritasun sentsazioa ematen digu, eta eragina du autoestimuan». Bizitzako edozein etapak bezala, erretiroak ere aurretiko prestaketa eskatzen du. «Lanaz aparteko bizi asmo bat topatu behar dute. Baina batzuek erretiroa heriotzarekin lotzen dute, euren burua prestatu ez dutelako».

Zahartzaroa aktiboa eduki daiteke lanean jarraitu barik, baina begi onez ikusten du borondatez jarraitzea ere. «Frogatuta dago, gainera, gezurra direla zenbait mito: nagusiek ja ez dituztela gauzak ikasten, aldaketak oso gaizki hartzen dituztela... Badituzte gaitasunak, eta bizitza oso bateko esperientzia. Arazoa da lanean jarraitu behar izatea gogoz kontra».

BERRIAn argitaratua (2017/11/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA