astekaria 2017/11/17
arrowItzuli

bizigiro

Berriz ere aterperako bidean

Iker Tubia

Berriz ere aterperako bidean

Sekulako giroa». Horixe da Belaguako (Nafarroa) Angel Oloron aterpea ezagutu zutenek gogoan dutena. Garai hartaz galdeturik, erantzun bera entzuten da guzien ahotan. 1971tik 2004ra mendizaleei zerbitzua eskaini zien mendian dagoen aterpe horrek, eta erreferente izan da mendizale belaunaldi askorentzat. Berriki, hura berritzeko eta martxan jartzeko plana onartu du Pirinioetako Lan Batzordeak.

Euskal Herriko aterperik garaiena da Belaguakoa: 1.428 metrora eraiki zuten 1971. urtean. Haren beharraz jabetuak ziren aurretik ere. 1941ean, Club Deportivo Navarra mendizale elkarteak aterpe bat egiteko beharra azaldu zuen bazkideei bidalitako buletinean. Hasierako urteetan tokia ez zen sobera atsegina, Koldo Aldaz mendizalearen aburuz. Aterpeko zaindari lanetan aritu zen Aldaz 1981. eta 1993. urteen artean. «Ez zen behar bezala zaindu, gainean arazoak zeuden... egia esan, nahiko egoera txarrean zegoen gu ailegatu ginenean». Hobekuntzak egin zituzten, bizitzeko egokitu, eta, modu horretan, jendea erakarri zuten. «Giro ona zegoen. Aste Santuan jendez lepo izaten genuen, batik bat gazteak etortzen ziren. Egia esan, urte oso onak izan ziren, oso politak, batez ere lehenbiziko hamar urteak».

Elena Conget ere hango zaintzaile izan zen bederatzi urtez, 1994. urtera arte. Hark ere oroitzapen onak gorde ditu: «Oso giro ona zen, mendizaleak etortzen ziren batez ere, eta nire azken urteetan, neguan errepidea ireki zenez, nahaste-borraste bat zen: pistako eskiatzaileak, turistak, mendizaleak...». Batzuk lotan geratzen ziren, eta gosariak eta afariak egiten zituzten han, batik bat. «Edo bere kabuz prestatzen zuten, edo guri eskatzen ziguten». Mendian bazkaldu ohi zutenez, eguerdian turistak biltzen ziren batez ere.

Horrekin batera, mugako giroa ere bazela gogorarazi du Aldazek. «Ibardineko bentatan bezala, frantsesak eta Iparraldekoak etortzen ziren saiheskia jatera eta Ricard botila erostera. Garai horretan ohikoa zen. Mugan dagoen aterpe bateko giroa zen, batik bat mendizaleek erabiltzen zutena».

Izabatik hamahiru kilometrora dago aterpea, eta Euskal Herriko gailur garaienetara igotzeko basea da. HRParen erdian dago, eta GR 11ren aldaera bat da, Pirinioak alderik alde zeharkatuz. «Zerbitzua ematen die Linzatik, Sorogainetik, Pikatuatik edo edozein tokitik heldu, eta Belaguan non gelditu ez dutenei». Zerbitzu hori aterpeko zaindariei esker eman zitekeen. Denetariko lanak egiten zituzten: margotu, zaborra atera, zerbitzatu, sukaldean aritu, komunak garbitu...

Baina, denborak aurrera egin ahala, egoera erabat aldatu zen. «Ingurukoek diotenez, mendi turismoak utzi zion lehenago zena izateari», azaldu du Aldazek. Denborak eta klimak eragin zioten, eta etxea hondatuz joan zen. Mendizale anitzek, gainera, nahiago zuten Izaban gelditu, seguruenik etxearen egoerarengatik. Erronkaribarreko Batzarrak ez zuen dirurik aterpea behar bezala mantentzeko, eta, gainera, legeari egokitzeko aldaketak egin behar ziren. «Batik bat, arrazoi ekonomikoengatik itxi zen», onartu du Aldazek.

Congetek penaz hartu zuen albistea: «Denbora asko eman genuen han. Garai bateko giroa eta jendea ezagututa, hori horrela ikustea ez da batere atsegina». Inguruan ohartu ziren aterpea itxita zerbait falta zutela. Aitor Garmendia Erronkariko alkatea ere uste horretakoa da: «Aterpeak izan zuen dinamika kontuan hartuta, hutsunea nabaria zen. Larraren atean horrelako toki bat izatea garrantzitsua dela uste dugu».

2004. urtean itxi zuten aterpea, eta, orduz geroztik, zerbitzu horiek ez dira eskaintzen. «Aterpea ez da herriaren kanpoaldean dagoen aterpetxe bat. Inguru ezinago bakartu batean dago, neguan infernu bilakatu litekeen errepide baten erdian. Zerbitzu oso garrantzitsua eskaintzen zuen: mendian izandako istripuentzat, baina baita errepideko ezbeharrentzat ere», azaldu du Aldazek. «Palarekin joan behar izan dugu jendea autoetatik ateratzera». Horregatik, harrera toki bat ezinbestekotzat jo du mendizaleak. Portu horretan arazo larriak izaten baitira: elur jausiak, bisutsa, mendi istripuak... «Beti bete du funtzio hori aterpeak, eta beteko du etorkizunean ere».

Aterpearen berpiztea

Aurki aterpea funtzio horiek guziak betetzeko egokiturik egonen da, berriz ere. Erronkariko alkatea kontent azaldu da Pirinioetako Lan Komunitateak aterpea berritzeko proiektua aukeratu duelako. «Aterpea toki aproposa zen, eta giroa sekulakoa izaten zen. Hori berreskura daitekeen ez dakit, garaiak aldatu dira, baina behintzat haren espiritua bai», esan du. «Mendian base bat izateak jendea erakartzen du, giroa sortzen du, eta inguruarentzat ona dela uste dugu, eta beharrezkoa». Udalari bideak egokitzea dagokio onartutako proiektuaren barruan. «Proiektu orokor bat egiteko aukera dugu, eta, denon artean lan eginda, aukera gehiago izango ditugu».

Congetek ere pozarren hartu du proiektua, hutsunea beteko duelako. Izan ere, hark uste du mendizaleak erakarriko dituela, eta, hain zuzen ere, Erronkaribarreko turismoa mendiari loturik dago. «Harrobia sortzen da egitasmo horiekin. Jende gaztea aterpera etortzen zen, eta, aurrerago, pertsona horien egoera aldatzen zen, baina ibarrera itzultzen ziren. Zona batekin lotura bat izanda, gero bueltatu egiten zara, eta behar hori, hein handi batean, aterpeak betetzen zuen».

Garaiak aldatu dira, baina mendizaletasuna bizi-bizirik dago oraindik Euskal Herrian. Aldazek uste du aise sortuko dela berriz ere eskaria: «Zerbitzurik ez bada, jendea ez dator. Baina zerbitzu eta arreta onak eskaintzen direnean, eskaria sortzen da».

BERRIAn argitaratua (2017/11/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA