gizartea
Topoa lur azpira doa
Samara Velte
Gaiak, ordea, kezka ere eragin die herritarrei, askok zalantzan jarri baitute Donostiaren neurriko hiri batek metro zerbitzua behar ote duen. Autobus gidariek ezinegona adierazi izan dute, eta protesta mugimendu aktibo bat ere osatu da kalean, Satorralaia taldearen bueltan antolatuta. Metroaren aurkako mobilizazio astea egiten ari da hura, eta larunbaterako manifestaziora deitu du; 17:00etan irtengo da Antiguatik.
Trenaren saihesbidearen lanak, hain zuzen ere, auzo horretan hasi dira. Donostia azpiko ibilbide osoa 4,2 kilometro luze izango da, eta bi zatitan eraikiko dute. Lehenbizikoa egungo Lugaritz geltokian hasiko da, eta Mirakontxaraino helduko da. Zati hori egiteko ardura Moyua, Viuda de Sainz eta Comsa enpresek osatutako aldi baterako taldeari eman zion Eusko Trenbide Sareak (ETS) irailean, 38,1 milioi euroren truke. Bigarren tartea, berriz, Mirakontxatik Amarara joango da, eta urte amaiera baino lehen adjudikatu asmo dute. Proiektuak, denera, 180 milioi euroko aurrekontua du, eta Eusko Jaurlaritzak finantzatuko du osoki. Denera, hiru geltoki berri eraikiko dituzte: Benta Berrin, Antiguan, unibertsitateetatik gertu; Kontxa, erdialdean, hondartzaren eta Artzain Onaren plazaren artean; eta Easo, egungo Amarako geltokia dagoen tokitik kilometro erdi bat hegoalderago. Altzako eta Intxaurrondoko geltokien eredura diseinatu dituzte geraleku berriak, Bilboko metroaren estiloa kopiatuz: 25 metroko sakoneran egongo dira, eta bidaiariak goragoko maila batetik jaitsiko dira nasetara.
Amarako «tapoia»
Saihesbide berria Euskotrenek Gipuzkoan dauzkan «gabezietako» batzuk estaltzeko ahalegina dela azaldu du Imanol Goenaga Eusko Jaurlaritzako azpiegitura eta garraio aholkulariak. Kostaldeko eskualdeetan, arazo nagusia da tarte luzeetan bide bakarra erabil dezakeela trenak: «Ondorioz, ezin ditugu bi tren gurutzatu». Hiriburuan, berriz, arazo nagusia Amaran dagoela uste du: «Trena Donostia erditik pasatzen da, baina tapoi bat dauka Eason». Adibidez: Lasarte-Oriatik (Gipuzkoa) Hendaiara (Lapurdi) tren bakarrean joan daiteke, baina geldialdi bat egin behar da derrigor Donostia erdialdean, trena sartu den bide beretik irteten delako. Goenagaren ustez, eragozpena da hori: «Trenean sartzen zara, Amaran gidaria kabinatik ateratzen da, eta beste muturrera joaten da. Hor minutu batzuk galtzen dira, eta berriz ateratzen da trena».
Urola Kostatik edo mendebaldetik datozen bidaiariek, aldiz, trenetik irten eta beste batera igo behar dute Amaratik ekialderago dagoen geltokiren batera badoaz. Goenagaren arabera, Donostiako «zentro metropolitanoan» —Lasarte-Oriatik hasita—, zazpi minutu eta erditik behingo frekuentzia ahalbidetuko luke zerbitzu berriak, trenetik jaitsi gabe. «Hori metro frekuentzia bat da mundu guztiko hiri modernoetan».
Izendapenak ere nahasmen apur bat eragin du proiektuaren historian. PSE-EEk Jaurlaritzan agindu zuenean (2009-2012) abiatu zuten Donostialdeko metroa deituriko egitasmoa, artean Ernesto Gasco —egungo Donostiako alkateordea— Garraio eta Obra Publikoetarako sailburuorde zela; Irungo Kolon pasealekuko Euskotrenen geltokiak, hain zuzen ere, izen hori darama oraindik. EAJ agintera itzuli zenean, Topoa hobetsi zuen. «Metroa, Topoa... guk ez dugu polemizatu nahi», azaldu du Goenagak: «Dokumentatuta daukagu Irundik Donostiarako trenari XIX. mendetik Topoa eta le topo deitzen ziola jendeak, bide gehiena tuneletan egiten zuelako».
Hainbat proiektu aztertu zituzten; besteak beste, egungo ibilbidea gutxi gorabehera mantentzeko aukera, geltokiak soilik Loiolan eta Lugaritzen jarrita. «Baina hiriburu bat ezin duzu utzi jendeari zerbitzua eman gabe», azaldu du Goenagak: «Horregatik erabaki genuen Donostira sartzea eta bi guneri —Antiguari eta erdialdeari— zerbitzua ematea». Unibertsitaterako eta merkataritza guneetarako sarbidea arintzea da helburua, arduradunen arabera, hala nola geroz eta biztanle gehiago dauzkaten periferiako auzoetako herritarrak erdigunera azkarrago iristea.
Tunelak harkaitzean egingo dituzte, eta, horretarako, 30 eta 80 metro arteko sakonerara jaitsiko dira makinak. Desjabetutako lur «gehienak» udalarenak izango dira: «Epe batez okupatuko ditugun partzela pribatuak, berriz, berregingo ditugu gerora».
Obren eraginaz, kezka
ETSko arduradunek nabarmendu dute herritarrek ez dutela eraikuntza lanek eragindako eragozpenik sumatuko, baina Antiguako eta erdialdeko bizilagunek kezka agertu dute. Erruz hurbildu dira Jaurlaritzak antolatutako saio informatiboetara, eta hainbat auziz galdetu dute: zarataz, dardaraz, hormetako pitzadurez. Batzuek zalantzan jarri dute Donostia barruan mugitzeko beharrezkoa ote den metroa. Beste batzuek segurtasuna nahi dute batez ere. «Nola edo hala egingo dute», uste du emakume batek: «Lugaritzeko geltokiaren aurka ere egin genuen protesta, baina egin zuten. Informazio hau lehenago behar genuen, garaiz mobilizatzeko; orain, berdin egingo dute. Lortu behar duguna da bermeekin egitea».
Kurpilek, Donostiako autobus publikoetako gidarien elkarteak, kezka adierazi du, zerbitzu berriak Dbusi erabiltzaileak ken diezazkiokeelako. Donostiako Udalak autobus lineak «egokitu» beharko dituela azaldu du Goenagak: «Ziur nago ez dutela linearik kenduko; gehienez ere geltokiren bat mugituko dute. Eta kentzen bada, ordezkatuko dituzte». Nola edo hala, trenak garraio publikoaren «bizkarrezurra» izan behar duela uste du, eta gainerako garraio motek, haren osagarri.
Beste kezka bat gastuarena da. Carlos Garcia Cañibano Euskotreneko presidente ohiak publikoki kritikatu du metroaren egitasmoa: «Askoz hobe litzateke diru hori Errenteria edo Zarautz arterako trenbideak bikoizteko erabiltzea». Herritar ugariren ahotan baitabil galdera: nork erabiliko ote duen batik bat metroa. «Erdigunera iristeko hamar minutu aski ditugu gehienok autobusez», azaldu du saio informatibora gerturatutako emakume batek. «Iparraldeko turistak erdigunera azkarrago iristeko da», kexu da, haren alboan, gizonezko bat. Goenagaren ustez, lurraldeko herritarrek erabiliko dute, batik bat, zerbitzu berria: «Ongi dago 'Donostiarrok erabaki nahi dugu' esatea, baina proiektu metropolitano gisa ulertu behar da hau».