astekaria 2017/11/17
arrowItzuli

bizigiro

HAMZA YALCIN

«Inongo herrialdek ez du inoiz onartzen preso politikoak dituenik»

Lander Muñagorri Garmendia

«Inongo herrialdek ez du inoiz onartzen preso politikoak dituenik»

Uda honetan, 56 egunez espetxean egon zen Hamza Yalcin kazetari kurdua (Goloren, Turkia, 1959). Bartzelonako aireportuan atxilotu zuten, abuztuan, Turkiako Gobernuak Interpolen jarritako salaketari jarraikiz, eta irail amaieran utzi zuten aske. Odak aldizkarian idazteagatik «propaganda terrorista» egitea egozten dio Turkiak, eta hara estraditatzeko eskaera egin zion Espainiari, baina ez zen halakorik gertatu, eta egun lanean jarraitzen du aldizkarian. 1985. urteaz geroztik Suedian bizi da, han babes politikoa eskatu zuenetik. Joan den astean Bilbon izan zen, Zentsura At jaialdian.

Adierazpen askatasunaren eta hedabideetako zentsuraren inguruan hitz egin duzu jaialdian. Horri buruz zerbait badakizu, ala?

Bai, eta are gehiago gaur egun. Turkian egoera zaila da oso, baina Europako beste hainbat herrialdetan ere zentsura handia dago. Halmstadeko Unibertsitatean egiten dut lan, eta Suediako gizarte mugimenduen inguruko ikerketa bat egin nuen. Ondorioen artean ikusi nuen Suedian gizarte mugimenduak apalduta daudela, baina unibertsitateak ez zuen ikerketa hori argitaratu. Gaia aztertuko zela esan zidaten, baina gaur arte. Hori ere bada zentsura mota bat.

Aldizkari batean idazteagatik atxilotu zintuen Espainiako Poliziak abuztuan. Zer irizten diozu egoera horri?

Inongo herrialdek ez du onartzen inoiz preso politikoak dituenik. Begiratu orain Espainiara: preso politikoak egon badaude, baina gobernuak esaten du terroristak direla, definizio horrek denentzat balio baitu. Eta Turkian, askorentzat, ni ere horrelakoa naiz, Europako herrialde batean atxilotu banaute zerbaitegatik izango delako. Baina guk askatasunagatik eta diktaduraren aurka egiten dugu lan.

Zure kasuan, Espainiak eta Turkiak eskuz esku egin dute lan. Nola ikusten duzu?

Ikusten dut badagoela adostasun bat bien artean. Ikuspegi partekatua dute Ekialde Hurbilean, eta biek dauzkate barne arazoak estaturik gabeko herriekin. Turkiak kurduekin, eta Espainiak kataluniar, euskaldun eta galiziarrekin. Kontu horiengatik bat egiten dute, eta bide baketsuen aurkariak dira; horregatik, zapaltzaileak dira.

Kexa egin zenuen Espainiako Poliziak atxilotu ondoren espetxean tratatu zintuzten moduagatik...

Bai. Turkiako kartzelan birritan egon naiz preso, eta han, Poliziak, behin torturatu ostean, duintasunez tratatzen zintuen, behintzat. Espainian ez dut halakorik ikusi; Poliziak arbuioz tratatu ninduen hasierako egunetatik. Nire kasua mediatikoa bihurtu zenean aldatu zen egoera: orduan bai, tratu hobea eman zidaten.

Espainiak azkenean ez zintuen estraditatu. Beldur zinen hala gertatuko zela?

Bai, beldur nintzen Turkiara estraditatuko ote ninduten. Espainiak hori egin zezakeen, bi estatuek antzeko ideiak dituztelako. Begiratu besterik ez daukazu zer egin duten agintari kataluniarrekin. Hala ere, ezin dira Turkia eta Espainia alderatu, Erdoganen gobernua okerragoa baita. Nire kasuan, herri mugimenduei esker lortu zen ni ez estraditatzea; lan handia egin zuten.

Turkian zein da egoera? 2013an Gezi parkeko protestak izan ziren, baina gero estatu kolpea eta ondorengo errepresioa iritsi zen...

Gezi parkea okupatu zuten, eta milioika pertsona kalera atera ziren herrialde osoan polizia indarkeriaren aurka. Potentzialitate handia dago sekularrak, komunistak eta kurduak bat egingo balute. Aukera handia legoke diktadura botatzeko. Erdoganek botere guztiak eskuratu ditu, erlijiosoa, ekonomikoa, militarra eta poliziala, baina batasun hori lortuko balitz zerbait lortuko litzatekeela uste dut.

BERRIAn argitaratua (2017/11/13)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA