astekaria 2015/12/04
arrowItzuli

kirola

FLOREN NAZABAL

«Txapel asko utzi ditut bidean»

Unai Zubeldia

«Txapel asko utzi ditut bidean»

Buruak, besoek eta inguruak baietz, baina gerriak ezetz. Hortxe Floren Nazabalen erretiroaren arrazoia (Etxarri Aranatz, Nafarroa, 1969). Nafarroako Gobernuaren Ohorezko Aipamena jasoko du bihar, 12:00etan, «kirol ibilbide oparoan pilatutako lorpenengatik». Euskadiko sei txapel jantzita utzi ditu egurrak, ezpalak eta gainerakoak.

Floren Nazabal: aizkolaria edo aizkolari ohia?

Aizkolari ohia. Kirol mundua utzi dut jada, eta hala beharko du.

Gerritik gehiegi sufritu ez duenari, nola azalduko zenioke zure sufrikarioa?

Norberak jasan beharrekoa da hori. Esatea gauza bat da, eta sentitzea beste bat. Ezinean ibili naiz.

Disko hernia. Pasatuko zenituen dauden eta ez dauden mediku guztiak, baina...

Ez, ez, disko hernia ez; desgastea daukat nik. Hezurretik ornora babesa izaten da, eta hori falta zait niri. Ibili izan naiz batera eta bestera bueltaka, eta horrelakoetan beti izaten da batek petrikilo bat ezagutzen duela, besteak ez dakit nongo sendagilea bisitatu duela... Baina erresonantzia eginda daukat, eta gaitza hor dago. Beti baretu daiteke mina pixka bat, baina soluziorik ez dauka.

Bere txarrean, herrian eman zenituen azken aizkorakadak.

Bai. Baina aizkora ez nuen horrela utzi nahi. Garbi esateko, esku artean neukan Nafarroako txapela, baina egur kaskarra egokitu zitzaidan, eta ezin izan nuen ezer egin. Gerriko minez hasi nintzen, izugarri sufritu nuen, eta hantxe joan zitzaidan txapela.

2 eta 4 urteko neska-mutikoak ez dira, bada, egokienak gerria tente mantentzeko...

Egia esateko, ez [barrez]! Koskortzen ari dira jada, baina besoetan eta besoetan, beste eskerik ez dute izaten. Baina, tira, penak ahazten laguntzen dute bi txikiek [lau urte ditu Aranek eta bi Oihanek].

«Aizkolari perfektua», «umila», «pertsona onegia»... Zure aizkora kideek eta adituek zuri buruz esandakoak dira horiek.

Tira... Eskertzekoa da. Saiatu naiz aizkora lanak ondo egiten, eta jendea errespetatzen; beste gauzarik ez dut egin nik. Eta, hala bada, eskertzekoak dira hitz horiek.

Aitzol Atutxa eta Iker Vicente; horien esku dago etorkizuna?

Oraintxe, bai. Auskalo zer gertatuko den urte batzuk barru, baina, gaur-gaurkoz, bai. Dena dauka Aitzolek: adin ona du, aizkoran badaki, indar handia dauka, eta iraupena ere bai. Ofizioa behar da aizkolari izateko, eta Aitzolek badauka. Ezin da gehiago eskatu. Ikerrek, berriz, urte asko daramatza aizkoran, eta ondo ikasita dauka ofizioa. Finduz joan beharko du pixkanaka, baina dagoeneko ez dauka asko hobetzeko.

Lekutan daude, hala ere, Mindegia, Arrospide eta beste hainbaten garai bateko denborak.

Bai... Baina aizkora munduan zeresan handia daukate egurrek. Azken batean, bost minutuko aldea dago hamar egur samur jartzetik hamar egur gogorrago jartzera. Markak hor daude, bai, eta oso zaila izango da horiek haustea. Ni oso gaztea nintzen aizkolari horien garairik onenean, eta oso urduri aritzen nintzen, gainera, txapelketetan. Baina gaur egungo egurrak baino hobeak zirela uste dut.

12 urterekin zer, eta lehenengo plaza, Iruñeko Sanduzelai auzoan. Bururatzea ere...

Ondo gogoan daukat, bai. Erakustaldi batean izan zen, eta hiru minutu behar izan nituen 45 ontzako enborra mozteko. Afizioa neukala ikusita, aukera eman zidan aitak, eta hala hasi nintzen. Ordutik, Maria Anjeles Goitia Zumarragako 22 urteko emakume baten aurka aritu nintzen lehian. 13 urte neuzkan nik. Gogoan daukat Etxarriko plazan egin genuela saioa, apirilean. Hiru enbor moztu genituen, eta justu-justu irabazi nion. Erabat urduri jarri nintzen, ezin nuen asmatu kolpea askatzen... Penagarri aritu nintzen.

Aita, osaba, anaia... Etxean ez zen falta aizkora soinurik.

Ez zen falta, ez. Ni baino hiru urte zaharragoa da anaia, baina Zaragozara joan zen ikastera, eta han utzi zuen dena.

14 urterekin Euskadiko txapeldun geratu zineten anaia eta biok, gazte mailan.

Bai, bai. Erandion izan zela uste dut, Bizkaian.

Mutiko zinela, noren aholkuei kasu egiten zenien gehien?

Normala den bezala, aitarenei. Etxean aizkoran ibili izan da betidanik, eta aitari entzuten nion.

Zer zen eskola 12-13 urterekin plazara atera zen mutiko harentzat?

Ikasketa handirik ez daukat nik, baina gustatzen zitzaidan, ez pentsa. Lanbide Heziketako ikasketak egin nituen, bost urtez, eta zurgina naiz lanbidez. Arazo handirik gabe egin nien aurre ikasketei. Ez nuen joan nahi kanpora, eta Altsasuko institutuan ikasi nuen, etxe ondoan, egunero joan-etorria eginez.

Sei aldiz Euskal Herriko txapeldun, bederatzi aldiz Urrezko Aizkorako, Nafarroako eta Urrezko Kopako txapeldun... Zer datorkizu burura datuak entzutean?

Beste txapel asko utzi ditudala bidean. Gauza bategatik edo besteagatik, bat baino gehiago joan da beste aizkolari baten burura. Hala egokitu da, baina ez dut izan zorte handirik. Horrek ez dauka atzera bueltarik, hala ere.

Berezia 2005eko Munduko Txapelketakoa izango zen, ezta? Australia, Zeelanda Berria eta AEBetako bikoteei gaina hartu zenioten Olasagastik eta biok.

Desberdina izan zen. Beti izaten genuen atzerritarren aurka lehian aritzeko ilusioa. Enbor bakarrean gu baino gehiago zirela erakutsi zuten, baina bi, hiru, lau segidan jarriz gero, ezinean geratzen ziren. Polita izan zen esperientzia.

Arantzarik geratu al zaizu barruraino sartuta?

Bai. Txapela jantzita utzi nahi nuen aizkora, baina ezin izan dut. Pena horixe daukat. Besterik ez. Joan den urtean utzi nahi nuen, txapel guztiak irabazita. Irabazi nituen Urrezko Aizkora, Urrezko Kopa eta Nafarroakoa, baina, lesioa tarteko, ezin izan nuen parte hartu Euskal Herrikoan. Arantza hori ateratzeko asmotan saiatu naiz aurten plazara irteten, baina ezinezkoa izan da.

Txapel asko irabazi arren, ez zara izan apustuzalea. Bakarra egin zenuen, eta erabat okerra atera zen Javier Aranbarri Elorriaga-ren aurkakoa.

Asko sufritzen nuen. Gaizki dago nik esatea, baina garai hartan abilidadea neukan irabazteko... Bueno, bueno, bueno! Baina galdu egin nuen. Ez nekien burua non neukan ere. Kito. Erabaki nuen ez nuela egingo apustu gehiago.

Gogoan daukazu zenbat diru jokatu zenuten?

Milioi erdia. Orduko 500.000 pezeta; egungo 3.000 euro. Apustuen bideari eutsiz gero, diru pixka bat aterako nuela uste dut, baina oso gaizki pasatzen nuen. Sei hilabete barrurako eguna jarri, eta gau bakarra ez nuen ona pasako! Txapelketa garaian, astebete faltan, ez nuen batere jaten; gogorik ere ez neukan. Psikologoekin-eta saiatu nintzen lantzen, eta, bai, laguntzen dute. Baina, alferrik; norberak igo behar izaten du gero enbor gainera.

Apustua, mundiala, hilabete gutxi barru iritsiko da. Olasagasti eta Atutxa aurrez aurre. Zein traza hartzen diozu?

Ez dakit, ez dakit. Baina, egun ona izanez gero, Atutxak erraz irabaziko duela iruditzen zait. Hori bai, txapelketetan-eta ikusi dugu baten batek huts eginez gero Olasagasti zain egoten dela. Egurretan-eta egon daiteke gorabeheraren bat, baina, jokatzen hasita, Atutxaren alde jokatuko nuke dirua. Egia da oraindik ez dugula ikusi ordubeteko lanetan, baina Olasagastik berak ere, daukan adinarekin, sufritu egingo du ordu erditik gorako lanean.

Aizkolaria zer egiten da, jaio edo egin?

Jaio. Ikusi izan ditut gazte indartsuak eta itxura harrigarrikoak. Baina alferrik da haiei aizkoran erakustea.

Aizkora eskola sortu zenuten, hala ere, Sakanan. Aizkolari artifizialak aterako ziren handik...

Ez dakit... Aizkolari asko sortu gara Sakana inguruan, baina, berriz diot, berezkoa ez badauka, ez da sortuko aizkolari on-onik. Berezkoa izanez gero hobetzen lagundu daitekeela? Zalantzarik gabe. Baina berezkoa behar du.

Gustatuko al litzaizuke seme-alabak aizkorari helduta ikustea?

Kirtena kendu eta kaxa batean gorde ditut hogei bat aizkora. Semeak noizbait erabili nahi baditu, hor izango ditu erremintak. 2 urte besterik ez dauka oraindik, baina aizkorarako afizio ikaragarria dauka. Izaten dira telefonoan irudiak eta jolasak eta... Ba, aizkora besterik ez du nahi Oihanek. Hemendik hamar urtera harrika botako ditu, agian, denak, baina, nahi izatera, gordeak izango ditu aizkora zaharrak eta nik erabili izan ditudan onentsuenak.

«Semea» aipatu duzu berehala. Ez zenuke nahi alabak aizkorari heltzerik?

Bai, bai; hala nahi badu, bai. Baina ez dut uste aizkorarako grina handirik daukanik.

Saioa egin herriko plazan, lanak amaitu, afari giroan hasi, eta Floren Nazabal etxera.

Tira... Erakustaldietara joan eta afaltzen geratzen ziren batzuk, eta, tarteka, gustura geratzen nintzen ni ere. Baina luzatzeko beldurra izaten nuen beti; «baniak hemendik» pentsatzen nuen. Kopak eta bat eta beste izaten ziren gero, baina sekula ez zait gustatu edana. Inoiz ez naiz izan oso parrandazalea.

Barrualdetik ibili zalea izan zara orduan, eta, enbor gainean ere, barru lanetan, dotorea.

Bai... Gazte garaian txanda librean hasi nintzen aizkoran, aitarekin eta herriko lagun taldearekin, eta orduan, noski, ez neukan indarrik. Indar gehien daukana aritzen da, normalean, azaleko lanetan, eta, indar faltan, barru lanetan aritzen nintzen ni, ezpal txikian. Hor ikasi nuen barru lana txukun egiten.

46 urterekin, onenean zaudela esango dute batzuek. Berandu baino lehen itzuliko zaren susmoa ere badaukate horiek.

Bai, zera! Ezin dut eta, ezin dut! Bestela ez nuen utziko. Pertsonak osasuna zaindu behar du beti, eta ezinean ibili naiz ni azkenaldian.

Orain zer, orduan?

Arotza naiz, eta 28-29 urte daramatzat Gartziandia enpresan lanean. Arotz lanean jarraitu eta haurrak zaindu, hori izango da nire egunerokoa.

BERRIAn argitaratua (2015/11/30)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA