astekaria 2017/11/17
arrowItzuli

ekonomia

BIZKAIAREN BAZTERREAN

Lander Muñagorri Garmendia

BIZKAIAREN BAZTERREAN

Ekainaz geroztik CEL taldearen iraupena bermatzeko borrokan ari dira hango langileak. Hartzekodunen konkurtsoan dago enpresa, eta udan hainbat inbertitzailek interesa azaldu bazuten ere, bakar batek baino ez du egin proposamena taldearen gidaritza hartzeko. Lucarti enpresak egin zuen proposamena azaroaren 2an, baina eskaintza hark langileen baldintzak kaskartzea ekarriko duela salatu dute sindikatuek, eta horregatik mobilizatzen jarraituko dutela adierazi berri dute aste honetan bertan.

Baina CELen aldeko borroka enpresa baten aldeko borroka baino gehiago da. Eskualdearen aldekoa ere bada. Horren lekuko izan daiteke, esaterako, CELen balizko itxieraren aurka irailaren 15ean Zalla eta Gueñes artean egin zen manifestazioa. Enpresa ez ixteko eskaera egiten zuen pankartak, baina beste mezu bat ere bazuen, eta honela zioen: «Enkarterrin industriarik gabe, etorkizunik ez».

Eskualdean geratzen den azken enpresa handia baita CEL. Zuzeneko 254 langile ditu, eta, zeharkakoak kontuan hartuz gero, 300 familiari baino gehiagori ematen die beharra. Papergintza enpresak ateak itxiko balitu, horrek eskualdean «haustura sozial bat» eragingo lukeela ziurtatu du Javier Portillo Zallako alkateak. Kolpe handia eragingo lioke horrek Enkarterriri. Dagoeneko kolpatua dagoen eskualde horrek beste zauri bat izango luke, eta egoerak okerrera egingo lukeela uste du. Baina auziak ezertarako balio izan badu, Enkarterriren egoera azaleratzeko balio izan duela dio. Hedabideetan eta iritzi publikoan ugaritu egin baitira eskualdearen inguruko albiste eta analisiak. Horrekin batera, auziarekin kezkatuta mintzatu dira erakunde eta eragile sozial eta sindikal ugari. «CEL taldeko kasuak balio izan du atentzioa emateko, eta jendeak Enkarterriri buruz hitz egiteko; baina CELen egoera azaleratu baino lehen ere, gure egoera larria zen, eta arazoak egiturazkoak dira».

Kezkatuta hitz egin du Portillok eskualdearen egoerari buruz, eta ez da gutxiagorako, Bizkaiko langabezia tasarik handiena duen eskualdea baita. Eustaten datuen arabera, 2016. urtea amaitu zenean, lan egiteko adinean zeuden pertsonen %19,6 beharrik gabe zeuden Enkarterrin; Bizkai osoan, berriz, %16 zen tasa. Gainera, Enkarterri izan zen iaz langabezia tasak gora egin zuen eskualde bakarra, 0,5 puntu hain zuzen ere. Datu horiek bildu ziren epean CEL taldearen krisia lehertu gabe zegoen oraindik.

Aberastasunari dagokionez ere, beste horrenbeste. Ez da harritzekoa langabezia tasarik handiena duen eskualdean aberastasuna txikiagoa izatea. Bizkaiko batez besteko datuei begiratuz gero, aldea nabarmena da, gainera. Pertsonako BPGean 9.000 euroren aldea dago Enkarterriko eta Bizkaiko batez besteko datuen artean. Bizkaiko pertsonako BPGa 29.432 euro zen 2012an, eta Enkarterrikoa, 20.174 euro. Krisia hasi zenetik, gainera, Enkarterriren aberastasuna Bizkaiko batez bestekoa baino gehiago jaitsi zen: 2008. eta 2012. urteen artean %15,8 apaldu zen eskualdeko BPGa, eta %3,9, aldiz, Bizkaian. Krisiak eskualdea gogor jo zuela esan daiteke, beraz.

Altzarien sektorea, behera

«Duela zenbait urte, industria indartsua zuen eskualdeak, eta egun krisi betean dago», azaldu du Sara de la Rica EHUko Ekonomia katedradunak. «Krisi ekonomikoak egiturazko eraldaketak ekarri ditu enpresetara, eta, horietara egokitu ezean, arazo handiak sortzen zaizkie lantegi horiei; aldaketa garaiak apurtzaileak dira, eta beti geratzen dira galtzaileak bidean. Altzarien sektorea da horietako bat». Hain justu, urte luzez Enkarterriko industriaren oinarrietako bat izan den sektorea. Bertako ekonomia altzari eta papergintzan oinarritu baita urte luzez, eskualdeko baso ugariek horretara bideratu ostean.

Bi sektore horiek krisi betean sartuta daude, eta horrek eragina izan du Enkarterriren ekonomian. «Egoera zail horretan, enpresek euren langileak kaleratu behar izan dituzte; horietako asko betiko langileak ziren», De la Ricaren arabera. Eta hori langabeen tipologian ikus daiteke. Izan ere, enkarterriko hiru langabetik bik oinarrizko ikasketak bakarrik dauzkate, eta langabeen erdiek 44 urte baino gehiago dauzkate. Langabearen profila, beraz, bazterrean geratutako langilearena da. «Pertsona horiek lan merkatura itzultzea oso zaila da, eta are gutxiago euren eskualdean, lanpostu berriak sortzeko zailtasun handia baitago». Eta horrek Enkarterriren egoera okertu besterik ez du egiten.

Langabeziari aurre egiteko, gainera, enpresa handien falta dago eskualdean. Orkestra lehiakortasun institutuak egindako ikerketa baten arabera, gaur egun eskualde osoan hogei langile baino gehiagoko 23 enpresa bakarrik daude martxan —CEL ez da hor azaltzen, hartzekodunen konkurtsoan dagoelako—. Eta hori 34.000 biztanleko eskualde batean. «Lanerako aurreikuspen eskasak daudela ikusita, gazte asko eskualdetik alde egiten ari da, eta horrek egoera kronifikatu besterik ez du egiten». Krisia lehertu zenetik, biztanleriaren zahartze tasak puntu bat egin du gora.

Babes politikoa falta

Egoeraren gordinari begiratuta, Portillok argi dauka Enkarterrira ez dela inongo enpresarik joango 700 lanpostu sortzeko. Ekimen politikoa eta eskualderako inbertsioak behar direla azaldu du. Ildo horretan, urriaren hasieran Enkarterrirako pizgarri plan bat adosteko bilerak egiten hasi zen Bizkaiko Foru Aldundia, eskualdeko udalekin batera. Azaro amaieran amaituko lituzkete bilera horiek, eta 2018ko urtarrilaren 1ean bertan adostutako neurriak martxan jartzea da asmoa. Portillok dio ahalegin guztiak ongi etorriak direla, baina uste du ezer baino lehen argitu behar dela zenbat diru inbertitzeko prest dauden.

Negoziazio mahaia martxan jarri izana ere begi onez hartu du Iratxe Mier Enkarterriko ELAko arduradunak, baina gaitzetsi egin du aldundia eragile sozial eta sindikalekin batzartu ez izana gaiari buruz hitz egiteko. «Gobernuari dagokio planaren lidergoa hartzea, baina gizartearen zati bat kontuan hartzearen falta sumatu dugu». Egungo egoerara iristeko arrazoi bila hasita, eskualdean egin den desinbertsioari egotzi dio errua: «Ez dago industriaren aldeko inongo apusturik, eta sektorea murriztuta geratu da; gure ustez, euskal erakundeak interes pribatuen lekuko izaten ari dira, eta ez dira arduratu ere egin eskualdeko lanpostuez». Are gehiago, hainbat enpresatan —tartean CEL taldea— erakunde publikoek zuten parte hartzea saldu eta interes pribatuen alde egin izana aurpegiratu die sindikatuko arduradunak. «Enpresak talde handien esku geratu dira, eta, ondoren, xantaia egin die langileei».

Horregatik, Portillok esku hartzeko eskaria berretsi du. «Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak iraganean eskualdean inbertsioak egin izan dituztenean porrot hutsak izan dira ahalegin horiek; diru asko inbertitu da, eta ez dute lanposturik sortu». Gogora ekarri du Zallan zabaldu asmo izan zuten Ibilgailuen Azterketa Teknikorako gunea: «Ekonomia pizteko motor izango zela esan ziguten, baina ez zen egin, lurren esleipena auzitegietan dagoelako». Bata bestearen atzetik gogoratu ditu Karrantzako minden zentroa eta Zallako Pastguren enpresan egindako esku hartzea —hilabete gutxiren bueltan itxi zen—. Adibide horiekin, agerian utzi nahi izan du egindako inbertsioak okerrak izan direla.

Argudio hori sakontzeko, azpiegituren falta ere salatu du Portillok: «Trenean aspaldi ez da inbertsiorik egin, eta duela mende bat baino denbora gehiago behar du Bilbora iristeko; horretaz gain, duela hamar urte esan zuten Bizkaian hiru ospitale egingo zirela. Urduliz eta Gernika-Lumoko ospitaleak zabalik daude dagoeneko, baina asmatu nongoa ez diren eraikitzen ere hasi».

Geografikoki bazterrean baitago eskualdea, Bizkaiaren eta Kantabriaren arteko mugan, eta horrela sentitzen dira bertako biztanleak. Egoera sozioekonomiko bazterrean, eta irtenbideak eskaintzerakoan ere berdin.

BERRIAn argitaratua (2017/11/11)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA