astekaria 2017/11/17
arrowItzuli

gizartea

HELMUGARI BIZKARRA EMANDA

Ion Orzaiz

HELMUGARI BIZKARRA EMANDA

Herriko karrika guztietan adi zitekeen hil ezkilen erritmo goibela. Dilin-dalan astunari erreparatze hutsarekin, heriotza baten inguruko xehetasun guztiak ezagutu ohi zituzten bizilagunek: hildakoa gizonezkoa ala emakumezkoa zen, heldua ala adingabea, pobrea ala aberatsa... Garai batean bizitzaren akaberarekin lotutako erritu eta ohitura guztiek funtzio soziala zutelako, beste ororen gainetik. Zendutakoaren familia ez ezik, gainontzeko herritar guztiak ere atsekabean biltzeko balio zuen hiletak. Eta, heriotzak eragiten zuen ezinegonaren aurrean, komunitateari eusten dioten loturak are gehiago estutzeko.

Gaur egun, baina, garapen zientifikoak argitara atera ditu heriotzaren kausetako asko, eta bizi espektatibak handitu. Heriotzaren inguruan mendez mende pilatutako misterioak desegiten ari dira, pixkanaka. Hasia da errezela altxatzen. Eta, hala ere, gizarteak zokoratu egiten du heriotza, lehen baino gehiago: ospitale, klinika nahiz zahar etxeetara mugitu dira hilzorian direnak; eta aldirietan eraiki dituzte beilatoki berriak, etxeetatik hurbil egon ez daitezen. Dolua bera ere intimitatearen pareta hertsien esparrura kondenatu du egungo gizarte indibidualistak, patologia bihurtzeraino. Garai batean ez bezala, alfonbra azpian gordeta dago heriotza.

«Lehen, etxean egiten zen dena», laburbildu du Izarra beilatoki kateko kudeatzaile Mikel Idoate iruindarrak. «Familiak antolatzen zuen beilatze zerbitzua, bere kasa. Herri askotan horrela egiten dute oraindik. Gure aitaren aita hil zenean, adibidez, etxean beilatu zuten». Gizarteak heriotzarekiko duen jarrera «azken hamarkadetan» aldatu dela uste du: «Ehorzketa etxe profesionalak agertu ziren, eta hildakoak beilatokira eramateko ohitura zabaldu zen. Nire ustez, aurrerapausoa izan zen hura, baina zenbait albo kalte eragin zituen; besteak beste, heriotzaren desnaturalizazioa. Lehen, gauza hurbila zen; eguneroko bizitzaren parte. Hildakoak etxetik aterata, ordea, heriotza elementu arrotz baten gisara ikusten hasi ginen».

Urruntasun hori sumatu du Grazi Etxebehere erizainak ere. Ortzaizen bizi da (Nafarroa Beherea), eta bertatik bertara ezagutzen ditu etxean eginiko beilatzeak nahiz heriotza errituak, behin baino gehiagotan egokitu baitzaio horietan laguntzea: «Herioa da bizitzaren errealitate bat, guk nahi ala ez. Baztertu dezakegu, ukatu... baina hor dago». Hiltzeak, berez, «politik deus ez» duen arren, bizitzari «bere balio guztia» ematen diola uste du Etxebeherek: «Herioak erakusten du zergatik eta zertarako balio duen bizitzeak». Horregatik, penaz begiratzen dio egungo bizimoduan errotutako paradigma aldaketari: «Gure eguneroko bizitzatik erabat baztertu dugu heriotza: ez dugu ikusi nahi, ez dugu aipatu ere egin nahi... Espezialisten esku uzten dugu, gurea ez balitz bezala, etxetik kanpo nahi dugulako».

Ander Gondra antropologo eta editore gasteiztarraren ustez, ordea, tabu bihurtu dena ez da heriotza bera, «hiltzeko prozesua» baizik: «Heriotza zokoratzeko ahalegina egin du gizarteak, baina, ene ustez, hiltzea da izua ematen diguna, ez heriotzaren figura. Finean, hildakoak presente ditugu egunero hedabideetan, albisteetan, eskeletan, sare sozialetan... Facebook bera beilatoki erraldoi bat da, eta, norbait hiltzen denean, milaka mezu eta argazki partekatzen dituzte erabiltzaileek. Hortaz, hiltzeko prozesua da ikusi nahi ez duguna, ezezagun zaigulako, eta sufrimenduaren beldur garelako».

Artearen Historian eta Antropologian lizentziaduna da Gondra, eta heriotzak Euskal Herriko eta atzerriko historian eta kulturan izan duen eragina aztertu du. Haren aburuz, garai bateko paradigmak «zaharkituta» gelditu dira, eta jada ez dute kontsolamendu gisa balio: «Duela gutxira arte, adibidez, heriotzaren aurrean komunitatea batzeko balio zuen erlijioak; gaur egun, ordea, funtzio hori galdu du hein handi batean».

Heriotza 'on' bat zer den

Galerari eta nahigabeari aurre egiteko mekanismoak ez dira aldatu diren bakarrak. Gizartearen eraldaketak zeharo inarrosi du heriotzaren kontzeptua bera, bi menderen buruan. Industrializazioaren aurreko garaietan, esate baterako, Herio ez zen pertsonaia baztertua, edo ezin saihestukoa zen unera arte ikusezintasunera bultzatua. Kontrara: ongi txertatua zegoen eguneroko bizitzan. Espazio publikoa eta tenpluetako esparru sakratua partekatzen zuten bizidunek eta hildakoek. Garai hartako bizi itxaropen txikiaren eta baldintza kaskarren ondorioz, herritarrek oso gertuko zuten heriotzaren mamua.

Hurbil sentitzen zuten presentzia horri esanahi arrazionala eman zioten, atsekabea apaldu eta beldurrak komunitatean uxatzeko. Gehienetan, erlijioak betetzen zuen rol hori. Eta, arrazionalizatze prozesu horren barruan, heriotza onaren kontzeptua hedatu zen.

Gaur egun, bat-batean eta minik gabe etortzen den heriotzari esaten zaio goxoa edo ona. Lotan gertatzen dena, adibidez. Iragan mendeetan, ordea, pertzepzioa kontrakoa zen: aurrez ezagutu eta prestatutako heriotza hobesten zen, lagun eta senideei agur esateko eta bekatuen aitortza egiteko aukera ematen ziolako hilurren zen pertsonari. Zorrak kitatu eta kontzientzia garbitu aurretik hiltzea amesgaizto bat zen Erdi Aroko iruditeria kolektiboan. «Libra gaitzazu, Jauna, bat-bateko herioaz», errezatzen zuten X. mendean.

Hortaz, errespetua eta hurbiltasuna adierazteko ekintza sinbolikoaz harago, heriotzari aurre egiteko defentsa mekanismoak ziren garai bateko hileta errituak. Euskal Herrian, gizartearen mekanismo horiek indarrean izan dira duela gutxira arte, eta hainbat tokitan -Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko mendialdeko zenbait herritan, kasurako- eutsi egiten diete gaur egun ere, ohitura berriagoen olatuari aurre eginez. Eremu horietan, izaera publikoa du heriotzak. Hil ezkilak jotzea edota hilkutxa segizioan eramatea dira gaur egun oraindik mantentzen diren usadioetako batzuk. Beste asko, baina, aspaldi desagertu ziren.

Etxebehere erizainaren esanetan, une goibelak izanagatik, «biziki aberatsak» dira tradizio horiek: «Hil diren pertsona anitzen ondoan geratu naiz momentu horietan, eta, egia erran, irakaspen handikoak dira. Une horietan, dena da egia. Dirua, itxurak, ospea... horrek guztiak ez du pipatra bat tabako balio! Momentu horren inguruan sentitzen dena, hori bai oparia».

Bizitzaren azken uneak nork bere etxean ematea «luxu bat» dela eta heriotzaren osteko ohiturak ezagutzeko parada ematen duela uste du ortzaiztarrak. «Gorpua etxean atxikitzean, garai bateko errituak mantentzen dira: etxeko leihoak hesten dira; lehen auzoari abisua ematen zaio, eta horrek ditu ehorzte lanak antolatzen, beste auzokideekin batera; herritarrak bisitan etortzen dira...».

Erritu zaharrak berritzen

Hego Euskal Herrian, 1950eko hamarkadara arte iraun zuen heriotza erritu nagusietako bat biatikoarena izan zen. Herriko bizilagunen bat hilurren zenean egiten zuten biatikoa: agonia ezkilak jotzen zituen sakristauak, herritar guztiak jakinaren gainean jartzeko, eta, horren ostean, apaizak, elizmutilak eta gainontzeko eliztarrek osatutako segizioa egiten zuten, hilzorian zen pertsonaren etxeraino. Han, gaixoaren aitortza entzuten zuen apaizak, eta azken jaunartzea eta oliadura ematen zizkion, «beste mundura bakean joan zedin».

Agonia bezala, heriotza ere kanpai hotsen bidez adierazi ohi zuten. Hil ezkilek, gainera, esanahi ezberdinak izaten zituzten, zendutakoaren generoaren, adinaren edota maila sozialaren arabera. Hala, hildakoak dirurik ez bazuen, gutxieneko ezkila hotsak jotzen zituzten: 33 gizonezkoentzat, eta 32 andreentzat. Zendutako bizilaguna aberatsa bazen, ordea, askoz gehiago ziren ezkila jotzeak. Iruñeko Udalak, adibidez, araua argitaratu zuen 1787. urtean, kanpaiek eragindako eragozpenak leuntze aldera: ordutik, dirudunentzako danbadak 50 izan daitezke, gehienez.

Bestalde, herri askotan, mandatari izendatzen zituzten zenbait gazte, heriotzaren berri eman zezaten, hildakoaren herrian nahiz ingurukoetan. Beste zenbait tokitan, berriz, zendutako pertsonaren senideak ziren eguneko lana utzi eta bizilagunei albistea ematen zietenak. Halakoetan, elizaren bideko lehen etxean bizi zirenen ardura zen hilotza janztea, apaizari abisua ematea eta hileta prestatzea.

Gainontzeko lanak ere auzolanean egiten ziren, eta hildakoaren familia ez zen bakarrik gelditzen, une bakar batez ere. Gauez, txandakatu egiten ziren herritarrak, hilotza beilatzeko. Gaubeilaren tradizioa oso ohikoa izan da Gipuzkoako eta Nafarroako hainbat herritan, duela urte gutxira arte.

«Oso ongi moldatuak ziren errituak Euskal Herrian, heriotzaren ziklo biologikoa errespetatzen zutelako», azaldu du Etxebeherek. «Bisitak bi edo hiru egunez egiten ziren, gertatutakoa kontatzeak barrenak askatzen dituelako, eta hori errepikatzea lagungarria delako dolua igarotzeko tenorean. Gainera, herri osoaren parte hartzeak eta lagunek emandako berotasun eta maitasunak zauria sendatzen laguntzen dute».

Beltzez janzteko ohiturak ere doluaren prozesu naturalarekin lotura izan dezakeela uste du ortzaiztarrak: «Galeraren nahigabeak utzitako zauriak urtebete irauten duela diote; eta gero hasten da min hori eztitzen. Lehen urtebete horretan beltzez janzteko ohitura bazegoen, baina gure belaunaldiak baztertu egin du, ez baitugu jakin erritu horri zentzua ematen».

Hormak birrindu dira

1974. urtean argitaratutako Essais sur l'histoire de la mort en Occident du Moyen Age à nos jours saiakeran (Heriotzarekiko jarrerak Mendebaldean, Erdi Arotik gaurdaino), errituen gainbehera aipagai izan zuen Philippe Aries historialari frantziarrak. Zehazki, elementu «basati» gisa definitu zuen XX. mendeko heriotza, hura «goxatzeko edo apaltzeko» argudiorik gabe geratu baita gizakia. Haren irudiko, beldurrari eta atsekabeari eusteko xedez mendeetan eraikitako «hormak» -erlijioa, komunitatea...- birrinduak dira jada: «Medikuntzaren, zientziaren eta arrazoiaren pisuak apurtu ditu herritarrek orain arte zituzten heldulekuak; hortaz, aske agertzen zaigu heriotza, basati, bere gordinean».

Fenomeno horren atzean «beldurra» eta «indibidualismoa» daudela uste du Ander Gondra antropologoak: «Egungo gizarteak ez ditu komunitate lotura zuzenak sustatzen; aitzitik, oso indibidualista bilakatu gara, eta, ezezagun zaizkigun faktoreen aurrean, babesgabe gaude. Medikuen esku utzi dugu heriotza, eta nahiago dugu beste alde batera begiratu. Horrek, ordea, arazoak sortzen dizkigu egoera zail horiek kudeatzeko garaian».

Iritzi horrekin bat dator Izarra beilatokiko kudeatzailea ere. Idoateren irudiko, auziaz gehiago eta askeago hitz egiteko beharra du gizarteak. Natural. «Heriotzaren gaia ez dugu aipatu ere egiten, eta formakuntzarik ere ez dago. Gizarteak, oro har, ez daki nola heldu auziari, nola egin aurre pertsona baten galerari. Hilotzak etxetik kanpo edukitzea nahikoa ez, eta, orain, herrietatik gero eta urrunago nahi ditugu beilatokiak. Industrialdeetara aldendu dituzte horietako asko».

Gaia naturalizatu ahala heriotza errazago onartzen dela dio Idoatek, eta umeak jarri ditu horren adibide gisa: «Haurrekin bereziki kontserbadoreak gara. Atzera egin dugu. Ez diegu gaiaz hitz egin nahi, eta heriotzaren ideia bera ebatsi egiten diegu. Tabua da. Bada, urte hauetan ikasi dudan gauzetako bat da haurrek ez dutela inongo arazorik heriotza ulertzeko. Guk baino naturaltasun handiagoz onartzen dute». Finean, heriotzari «begietara so» egin behar zaiola uste du: «Barneratu behar dugu bizitza eta heriotza txanpon beraren bi aldeak direla, eta bata ezin dela ulertu bestea gabe». Helburu horrekin, hainbat hitzaldi, mahai inguru eta jardunaldi antolatu dituzte Izarra beilatokiko arduradunek azken urtebetean, heriotzaren errealitatea jendearengana hurbiltzeko.

Gisa horretako egitasmoak aztertu ditu Gondrak ere, eta, haren ustez, «proposamen interesgarriak» ari dira azaleratzen, «hileten inguruan garai batean sortzen zen izaera komunitarioa» berreskuratzeko.

Elkartasuna, aro digitalean

Pertsona baten galerari aurre egin eta dolua igarotzeko sortu diren planteamendu berrien artean, interesgarrienak «komunikabide digitalen esparruan» antzeman daitezkeela uste du antropologo gasteiztarrak. «Duela zenbait urte hilerrietan edota beilatokietan soilik egiten ziren errituek Internetera egin dute jauzi. Gero eta maizago aurki ditzakegu hildako pertsonen oroitzapenak gordetzeko webguneak, hilerri birtualak... Horien guztien helburua da zendutako pertsonaren irudiekin eta testuekin horma edo oroitarri birtual bat osatzea». Aitortu du Internet bidezko komunikazioak ez duela behar bezalako gertutasuna eskaintzen, «batez ere, heriotza baten gisako gertaera latzen inguruan». Hala ere, egungo gizarte indibidualistan «joera interesgarri bat» ezar dezaketela uste du: «Halako proiektuak lagungarriak izan daitezke doluan eta, batez ere, oroitzapenak bildu eta gordetzeko tenorean».

Esparru digitaletik kanpo ere, badira heriotzaren izaera soziala berreskuratzeko xedearekin sortutako egitasmoak. Horien artean, Hospice izeneko komunitateak nabarmendu ditu Gondrak: «1950eko hamarkadan sortu ziren, AEBetan, baina duela gutxi hasi dira Euskal Herrian hedatzen. Garai bateko hileten izaera komunitarioa berreskuratzea proposatzen dute, baina kutsu erlijiosorik gabe». Hilurren direnak familian edota auzolanean zaintzeko aukera aldarrikatzen dute Hospice taldeek. Zaintza aringarriak ospitale edo zahar etxeetatik atera, eta etxera eramatea. Gasteiztarrak begi onez ikusten du aukera berri hori: «Garaiak aldatu dira, baina gu ez; behar bertsuak ditugu, eta, heriotzaren aurrean, jendearen hurbiltasuna bilatzen dugu».

BERRIAn argitaratua (2017/11/11)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA