astekaria 2017/11/17
arrowItzuli

gizartea

Eskolaren ahalak eta mugak

Garikoitz Goikoetxea

Eskolaren ahalak eta mugak

Erabilera handieneko eremua da. Gainerako lekuetan erdarara jotzen duten gaztetxoak euskaraz aritzen diren tokia. Euskaraz egiteko duten lekua, askotan. Arrue ikerketaren hirugarren azterketa aurkeztu dute: ikasleek zenbat erabiltzen duten euskara. Ikerketak berretsi du erabilera leku indartsua dela eskola. Ikasle gazteetan %80ra iritsi da erabilera, gelan irakasleekin daudenean. Erabilera jaitsi egiten da bi aldagairekin. Batetik, eskolako eremuarekin: gelan baino gutxiago egiten dute euskaraz jolastokian. Bestetik, adinarekin: hamazazpi punturen aldea dago 10 eta 14 urteko ikasleen erabileran; gazteagoek %59, eta helduagoek, %42. Ohartarazi dute euskararen egoera soziala dagoela ezberdintasun horren oinarrian: ikasleak hazi ahala, gero eta eragin handiagoa dutela hizkuntzari buruzko gizarte arauek.

Eusko Jaurlaritzak eta Soziolinguistika Klusterrak egiten dute Arrue ikerketa. 2011n egin zuten lehen azterketa zabala, bi ikasmailatako ikasle guztiekin; 2013an bigarrena, eta 2015ekoaren emaitzak aurkeztu zituzten atzo. Ebaluazio diagnostikoak baliatzen dituzte euskararen erabilera ikertzeko: Lehen Hezkuntzako laugarren mailako eta DBHko bigarren mailako ikasleei egiten diete ebaluazioa, eta euskararen erabilerari buruzko galderak sartzen dizkiete. 38.900 ikaslek baino gehiagok emandako datuak erabili dituzte azken ikerketa egiteko. Erabilera datu aitortuak dira, hortaz.

Eskolako erabilera aztertu dute zehazki, baina handik kanpokoaz ere galdetu diete ikasleei, aldeak ikusteko. Argigarriak dira, adibidez, etxeko erabileraren datuak: 10 urteko ikasleek %29ko erabilera dute, eta 14 urtekoek, %22koa. Lehen hizkuntza ere erdara dute ikasle gehienek: hamarretik seik.

Testuinguru hori ikusita, eskolako erabilera datuak lorpena direla nabarmendu dute. Adibidez, etxeko erabilera datuak bikoiztu egiten dira ikastetxean. «Eskola da ikasle gehienentzat eremurik euskaldunena, eta haietako hainbatentzat euskaraz aritzeko aukera eskaintzen dien bakarra».

Ikasgela eta irakasleak

Ez eskolako eremu guztietan berdin, hala ere. Bi azterketa eremu bereizi dituzte: ikasgela eta jolastokia. Eta bi erlazio mota: ikasleen artekoa, eta ikasleen eta irakasleen artekoa. Koska handia dago. Eskola eremuari dagokionez, gelan gehiago egiten dute euskaraz jolastokian baino; erlazio motari begiratuta, irakasleekin gehiago.

Bi aldagaiak bilduta, beraz, hau da erabilera tasa handienak ematen duen erabilera moldea: gela barruan, ikasleen eta irakasleen arteko solasaldiak. Gailurra hor dago: 10 urterekin, %80ko erabilera dute ikasleek irakasleekin. 14 urtekoen artean txikiagoa da erabilera, baina euskarazkoa da nagusi: %70. Gelatik irtetean, jaitsi egiten da erabilera ikasleen eta irakasleen artean, baina euskarari eutsi egiten diote gehienek: Lehen Hezkuntzan, %67; DBHn, %62.

Ikasleen arteko erlazioetan ere nabari da eskolako tokiaren eragina: gelan gehiago jarduten dira euskaraz jolastokian baino. 10 urteko ikasleei begiratuta, gelatik jolastokira 27 puntuko galera dago: %68tik %41era. 14 urterekin, hamabost puntukoa: %38tik %24ra.

Nola esplikatu diferentzia horiek? Batetik, eremua: jolastokian harreman informalagoak dituzte, eta euskarak leku gutxiago du hor. Bestetik, irakaslearen rola eta irudia dago: «autoritatea» dira maisu-maistrak, eta haien portaerak eragina du ikasleen erabileran. Hain justu ere, ikasleen erabileran eragina duen faktore bat da hori, ikerketak dioenez: irakasleek zenbat egiten duten euskaraz elkarrekin. Lehen Hezkuntzan soilik ez, DBHn ere badu eragina horrek.

Adina eta gizartea

Adinarena da beste gakoa: 10 urteko ikasleek gehiago egiten dute euskaraz 14 urtekoek baino. Bai gelan, bai jolastokian; bai irakasleekin, bai ikaskideekin. Irakasleekin, bai, eusten diote gehiengoari: DBHko bigarren mailako ikasle gehienak euskaraz aritzen dira irakasleekin —gelan, %70; handik kanpo, %62—. Ikaskideen arteko harremanetan dago galera handiagoa: %38 aritzen dira euskaraz gelan, eta jolastokian, %23. Lau urteren bueltan dabiltza aztertutako bi mailetako ikasleak, baina alde handia ageri dute erabileran.

Izatez, azken ikerketarekin zehazki alderatu ahal izan dute nolako aldaketa gertatzen den lau urteko tarte horretan: kinta bereko ikasleak aztertu dituzte bi aldiz, 10 urterekin eta 14 urterekin. 2011n Lehen Hezkuntzako laugarren mailan zeuden ikasleak, izan ere, DBHko bigarren mailan zeuden 2015ean. Jaitsiera baieztatu dute: 2011n, 10 urte zituztela, eskolan %56 egiten zuten euskaraz; 2015ean, 14 urterekin, %42. Hamalau punturen aldea, beraz.

Eskolaz kanpoko egoerak eragiten du jaitsiera hori, ikertzaileen esanetan: «Koska hori ez da eskolako fenomeno bat, soziala edo orokorra baizik». Haien ustez, ikasle umeenekin ikastetxeak lortzen du «autonomia» eremu bat izatea, gizarte arauez bestelako esparru bat izatea, baina hori trabatuta geratzen da ikasleak hazi ahala. «Ikasleak helduagotzen diren neurrian, gizarteko hizkuntza erabilerarako arauak gero eta indar handiagoz sartzen dira eskolako errealitatean, autonomia hori urratuz eta mugatuz». Ikasleek, hazi ahala, gizarte arauekiko «konbergentziara» jotzen dute.

Gizartearen eragina

Eskolaren ahalak eta mugak erakutsi ditu ikerketak. «Eskolak potentzial handia du euskara ikasteko eta erabiltzeko, baina baditu mugak ere», ohartarazi du Iñaki Martinez de Luna soziolinguistak, Arrueren zuzendariak. Bide beretik jo du Maite Alonso Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak: «Eskola euskalduntze eremua da, baina, zalantzarik gabe, eskolatik kanpo ere bultzatu behar da. Ezinbestekoak dira beste jardun horiek ere erabilera bultzatzeko».

Egoera sozialak eskolako erabileran duen eragina bistan jartzen dute eremu soziolinguistikoaren araberako datuek. Herri euskaldunenetan, izan ere, ez da halako jaitsierarik agertzen: ez irakasleetatik ikaskideetara, ez gelatik jolaslekura, ez 10 urtetik 14 urtera. Euskaldunen portzentajea txikiagoa den lekuetan, jaitsiera. Eta ikasle gehienak horietan bizi dira.

Erabilera orokorra igo egin da: 10 urterekin, %56tik %59ra hazi ta 2011tik; 14rekin, %40tik %42ra. Euskarazko hezkuntza zabaldu izanarekin lotu dute: D ereduko matrikulazioa urtez urte igotzen ari da, eta, ikerketak dioenez, erabilera handitzea ekarri du horrek.

Erabilera tasetatik harago, bada ikasleek emandako informazioetatik nabarmentzeko datu bat: lehen hizkuntza euskara dutenen portzentajea handitu egin da Lehen Hezkuntzan: 2011n, %33,5ek zuten; 2015ean, %37,1ek. Erraztasunean eragina dauka horrek, eta erabilerarako abantaila da, beraz.

BERRIAn argitaratua (2017/11/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA