astekaria 2015/12/04
arrowItzuli

politika

Etenik gabeko oinatzak

Hodei Iruretagoiena

Etenik gabeko oinatzak

«Ez dugu inoiz aitortzarik izan». Argi hitz egin du Eugenio Etxebeste iheslari ohiak iheslarien errealitateaz: «Nahikoa ahaztua izan da, eta ukatua ere bai zenbait eremutan. Eta iheslariak ez aitortzeak gatazka politikoa ez aitortzea dakar». Inoiz eduki gabeko aitortza hori izan nahi du, besteak beste, Euskal Memoria fundazioaren Iheslariak. Euskal erbestea (1936-2015) liburuak. Iñaki Egañak zuzenduta, azken laurogei urteotako datu eta testigantzak bildu dituzte, hainbat artxibotan arakatuta eta protagonistekin hitz eginda. Denera, 170.000 bat lagun zenbatu dituzte, garai ezberdinetan, munduko 60 bat herrialdetan. «Herri migrante» gisa definitu du Egañak Euskal Herria; 1936ko gerra baino lehen ere, etengabea izan da euskal iheslariek historian eta munduan zehar utzitako arrastoa.

Gaur arte iritsi dira oinatz horiek. Joan den larunbateko berri bat izan liteke horren adibide. Gaixotasun luze baten ondoren, Baionan zendu zen Sergio Yegorov Arantzeta, 62 urterekin. Portugaletekoa (Bizkaia) zen, baina haren familiaren historiak erakusten du iraganaren eta orainaren arteko lotura. Haren ama, Araceli Arantzeta Mentxaka, SESB Sobietar Batasunera eraman zuten haurra zela, gerraren ondorioz. Euskal Herrian, baina iheslari zela hil da haren semea. Harena bezala, hamaika izan dira ihesaldien bidea hartu behar izan duten euskal herritarrak.

Horietako asko bildu ziren atzo EHUren Donostiako Carlos Santamaria zentroan, liburu aurkezpenean. Egañarekin eta Etxebesterekin batera, Euskal Memoria fundazioko Karmele Urbistondok, Anai Artea elkarteko lehendakari Mixel Mendiburuk eta Txomin Letamendi 1936ko gerrako iheslariaren alaba Ikerne Letamendik hartu zuten hitza.

«Tragediaren tamaina»

Egañak azaldu zuenez, 1936ko gerraren ondorioz izan zen azken urteetako ihesaldirik handiena: 151.000 lagunek utzi behar izan zuten Hego Euskal Herria, biztanleen %15ek. «Horrek erakusten du tragediaren tamaina», Egañaren hitzetan. Ondoren itzuli egin ziren gehienak, II. Mundu Gerra hastean. Nafarroaren konkistatik 1936 arteko garaia azaldu ondoren, hortik aurrerakoak bildu dituzte liburuaren zati nagusian. Francoren tropak altxatu osteko gerrari buruzkoa da atal bat; bigarrena, frankismo garaiaren ingurukoa —1960 arteko tartea—; hurrengoa, 1960tik 1978ra artekoa; eta ordutik gaur egun artekoa azkena.

Zenbakiak ez ezik, ordea, testigantzak ere badira Euskal Memoriaren lan monografikoan. Zehazki, 80 bat iheslarirenak bildu dituzte; gehienak, azken aldi horretakoak. «Batzuk ez ditugu transkribatu, oso gogorrak direlako», aitortu du Egañak. «Agian, egunen batean, gure seme-alabek edo gure ilobek zabalduko dituzte artxibo horiek».

Datu eta testigantzen atzean dagoenari begiratuta, iheslari eta erbeste kontzeptuez hausnarketa egin du Etxebestek, liburuaren sarreran. Haren hitzetan, iheslari hitzak biltzen du ondoen azken hamarkadetan Euskal Herrian gertatu den fenomenoa. Gaztelaniaz, ordea, ez du horren ordain egokirik aurkitu. Exilioak, esaterako, ez du biltzen errealitate osoa. «Ipar Euskal Herrira alde egitean geure herrian geundelako. Ez inondik kanpo». Asilatu edo errefuxiatu kontzeptuek ere ez dute balio, Etxebesteren hitzetan. «Ez digute paperik eman ia inoiz, araua baieztatzen duen salbuespenen bat kenduta». Gehienean klandestinitatean bizi behar izan dutela gogorarazi du, edo estatuen nolabaiteko «tolerantziapean».

Ihesa «behartua» da

Ahanztura eta aitortzarik eza izan da euskal iheslarien ezaugarrietako bat, Etxebesteren esanetan. Kontatu du, esaterako, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariari eskatu izan diotela iheslari politiko gisa aitortzeko; ezezkoa jaso dute beti. «Esperientziak izan ditut: horretarako kontaktu diskretuak egin ondoren, zegokien autoritateen aurrean salatu gaituzte askotan».

Ahanztura horretan, iheslarien inguruan zabaldutako hainbat ideia ez direla zuzenak izan esan du Etxebestek. Hasteko, erbesterako pausoa «behartua» izaten dela nabarmendu du. «Kartzelarekiko ezberdintasun bakarra du: batean, geure kabuz goaz, eta, bestean, eraman egiten gaituzte, furgonetan». Iheslarien mundua zerbait «pasibo» gisa ikusi izan dela ere salatu du Etxebestek, eta ideia horren aurka egin du: «Erbestea borroka elementu bat izan da, elementu aktibo bat, eta nazio askapen borrokaren protagonista izan da. Martiriak eta garaipen handiak ere eman ditu».

Ipar Euskal Herrira joandako iheslarien artean, garrantzi nabarmena izan du beti Anai Artea elkarteak. Mixel Mendiburu lehendakariak azaldu du, funtsean, iheslariak «aterpetzea» izan dela beren lana, «horrek esan nahi duen guztiarekin». Telesforo Monzonen eta Aita Pierre Larzabalen bultzadaz sortu zen, eta Hego Euskal Herritik joaniko lagunei, etxea bilatzeaz gain, era guztietako laguntza eman izan diete: osasun arlokoa, psikologikoa... Iheslariei laguntzeagatik, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako 761 lagun atxilotu izan dituzte; horietatik, 288 egon dira preso.

Liburua egindako lanaren «zati bat» baino ez dela esan du Egañak, eta aurrerantzean ere gaia lantzen jarraituko dutela: «Zenbaki hotzen atzean dauden izen-abizen guztiei aurpegi bat jarri nahi diegu, zenbaki baten atzean aurpegi bat dagoelako, eta aurpegi bakoitzaren atzean, bizitza oso bat. Eta, erbestearen kasuan, tragedia asko ere bai».

BERRIAn argitaratua (2015/11/30)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA