astekaria 2017/11/10
arrowItzuli

bizigiro

Baserria, lantegi

Nagore Etxeberria

Baserria, lantegi

Jon Zabala.

«Hirian topatzen ez dudan askatasuna ematen dit lan honek»





Bere bizitzan ez zuen sekula ardirik ukitu Jon Zabalak (Bilbo, 1977), baina, Basauriko Basatxu auzoko (Bizkaia) Angel Galan artzaina ezagutu zuenean, gauzak zeharo aldatu ziren. Orain hamar urte izan zen hori. Galanek artalde bat du, eta paseoan ibiltzeko zaldiak. Arratsaldero bisita egiten zion Zabalak, eta hari laguntzen hasi zen: animaliak zaintzen, ardiak jezten, gazta egiten... Konturatu zenerako, mundu horrek «erabat harrapatu» zuela ohartu zen.

Artzaintzari buruz gehiago ikasteko asmoz, Arantzazuko Artzain Eskolara joatea erabaki zuen (OƱati, Gipuzkoa), sei hilabetez. Han ikasitakoak sakontzeko, Ubideko eta Muskizko (Bizkaia) bi artzainekin aritu zen lanean, bakoitzarekin urtebetez. Eta, handik, Pirinioetara joan zen, haragitarako ardiekin lan egitera. Bi negu pasatu zituen han erretiratzear zen artzain batekin, «sekretu guztiak ikasten». Han geratzeko proposamena izan zuen, baina uko egin zion eskaintzari: «Jaio eta hilabeterekin joan ginen Madrilera bizitzera. Hogei urtez egon nintzen Madrilen, baina oso argi nuen Euskal Herrian bizi nahi nuela, eta horregatik etorri nintzen hona. Pirinioetan geratzeko eskatu zidatenean, ezetz esan nuen».

Euskal Herriratu ordez, baina, Errioxara (Espainia) joan zen lehenik, eta, gero, Galiziara. Lau hilabete egin zituen Galiziako mendietan. Han konturatu zen lanbidearen lasaitasunaz eta bakardadeaz. «Lehen bi astetan oso gaizki pasatu nuen; erotuko nintzela uste nuen. Bakarrik nengoen; mendi osoa niretzat zen. Behin, pentsatu nuen norbera bere buruarekin egotea ez dela bakarrik egotea, eta horrek eman zidan aurrera jarraitzeko indarra. Orduan, gozatzen hasi nintzen artzain lanarekin».

Galiziako lanak amaituta, Nafarroa aldera joan zen. Iaztik, Baraibarreko baserri batean (Larraun, Nafarroa) dabil artzain lanetan. «Niretzat, lan zoragarria da. Egia da, oso lan lotua da. Ez dago oporrik, eta astelehenetik igandera lan egiten da. Asko gustatu behar zaizu lana, horretan aritzeko. Baina gustatzen bazaizu, gustura egiten den zeregina da». Eta Zabalari gustatu egiten zaio. Orain, laneko garairik oparoenak dira: «Arkumeak jaiotzen ari dira, eta 11 ordu baino gutxiago ez ditugu lan egiten». Ardiak jezteari uzten diotenean, baina, askoz ere garai lasaiagoak direla aitortu du: «Denbora libre gehiago daukagu».

Aire zabalean lan egitea gogoko du, eta, bereziki, gustatzen zaio lanak ematen dion askatasuna: «Askatasun izugarria ematen dit lan honek. Hirian topatzen ez dudana».

Gustura jardungo luke luzaroan lan honetan, baina bakarrik dago, eta, «oraintxe, artalde bat bakarrik jartzea erokeria bat da». Horregatik, motibazioa falta zaio aurrera egiteko. Gainera, ez dio etorkizunik ikusten lanari: «Jendeak lan egin nahi du, baina administrazio aldetik ez dago babesik. Laguntza eman behar digutenek bizkarra ematen digute. Gainera, ez dago batasunik lan egin nahi duen jendearen artean, eta, batasunik ezean, ez dago indarrik, eta, beraz, ez dago aurrera egiterik».

Elena Agerre.

«Deusendako ez nuke nahi berriz antzinako bizirat itzuli»





Nekatuta, «akituta» etxeratzen da maiz Elena Agerre (Bidarrai, Nafarroa Beherea, 1985), eguneko lanak amaituta. Egiten duen lana fisikoa da, kanpokoa, baina berak aitortu duenez, «horretan atzematen dut nire bozkarioa». 2014tik Garroko etxaldean dihardu lanean, Lekornen (Lapurdi). Garroko gazteluaren bueltan, 30 hektareako lursailak daude, eta eremuko zati bat baratzezaintzarako ustiatzea deliberatu zuen herriko etxeak. Berez, herriko etxearenak dira lurrak, baina laborantza sustatzeko proiektu bat muntatzea erabaki zuen, eta kooperatiba bat sortu. 2014an hasi zen Agerre kooperatiban lanean, eta duela bi urtetik kooperatibako kide da. Geroztik, egunero-egunero, Bidarrai eta Lekorne arteko kilometroak autoz egiten ditu Agerrek; hogei bat minutu, bidaia bakoitza. Hala ere, gogoz egiten ditu joan-etorriak, «oso gustukoa» baitu duen lana.

Biologiako master bat egin zuen Bidarraikoak, baxoa amaitu eta berehala. Denera, bost urteko ikasketak; azken biak, laborantza eta ingurumenaren arteko harremanari buruz. «Beraz, banuen laborantzari buruzko grina hori». Eta ikasketak amaitu, eta Laborantza Ganberan hasi zen lanean, kasik hiru urtez. «Bulegoko lana zen, lan intelektuala. Laborariekin ari nintzen, baina ni gehiago nintzen bilkura animatzailea eta kontseilaria. Biziki interesgarriak iruditzen zitzaizkidan proiektuak, baina ohartzen nintzen nahi nuela egin laborariek egiten zuten lana». Hala, bulegoa utzi, eta aire zabalera lanera ­irtetea erabaki zuen. Auzokoen etxaldeetan hasi zen lanean, langile gisa, ardiekin, behiekin, Kanadara joan eta baratzezaintza «deskubritu» zuen arte. Bueltan, Garroko etxaldean hasi zen jardunean.

Lan gogorra da, fisikoa, nekagarria, baina guztiz gogobetetzen duena Agerre: «Kooperatibako kide guztien helburua da tokiko jendeak ukaitea baratzekariak biologikoan eguneroko janari gisa. Helburua lortzen dugu, eta, zinez, pozik gaude». Poz horrek aurrera jarraitzeko indarra ematen dio Bidarraikoari. «Gogorra da, baina gustuko dut. Aitzinetik beste lan bat ezagutu dut, eta, beraz, badut konparatzeko manera, eta ez nuke nahi deusendako berriz antzinako bizirat itzuli, nahiz eta batzuetan akitua sartzen naizen etxerat. Ez dut batere-batere damurik».

Urte batzuen buruan iritzia aldatuko du beharbada, ez daki: «Gure lana fisikoa da, eta ikusi behar da ea posible ote den horrela bizirik irautea erretretara arte. Badut lankide bat 40 urtetara heltzen ari dena, eta gogoeta horretan ari dena: zein urtetaraino gai den lan fisiko honetan irauteko. Oraintxe, ni ez naiz hausnarketa horietan, baina buruan dut beharbada beste noizbait beste gogo bat ukanen dudala».

Oraingoz, horrek ez dio lorik kentzen, etorkizuna ikusten baitio lanari: «Transmisioan ez da arazorik izanen. Hemen, abereekin lan egiten da gehienbat, eta baratzekariekin gutxi. Galdea gero eta handiago da baratzekari biologiko eta kalitatezkoak ukaiteko. Guk ezin diegu denei erantzun, beraz, zinez bada tokia bai guretako, bai beste anitzendako ere». Inoiz lana uzten badu, ondorengoak izanen direla argi du Agerrek.

Juankar Agirre.

«Gogorra da lana, baina burua lasaiago dago»





Gaztetan gogo onez egiten ez zuen lana, bere ametsetako lan bilakatu du Juankar Agirrek (Legazpi, Gipuzkoa, 1958): baso mutilarena. 15 urte zituenean joan zen lehen aldiz basoa garbitzera bere aitarekin. Patricio Etxeberriaren lantegian lan egiten zuen aitak, eta oporrak hartuta, etxeko pinudiari entresaka egitera joan ziren hainbat langile; aitak berekin eraman zuen. Hori gutxi izango balitz bezala, larunbatero, etxeko lursailak zaintzera joan behar izaten zuen; «beti gogoz kontra», aitortu du.

Derrigorrezko ikasketak amaitu, eta tornuan lan egiteko ikasketak egin zituen Zumarragan (Gipuzkoa). Eta 18 urterekin, lanean hasi zen ikasitakoan: tornulari gisa. Aste barruan lana eginagatik, larunbatetan etxeko lurretara joan behar izaten zuen. Ordurako, hasia zen lehen sosak irabazten, eta ez zuen maite aitak derrigorrean ezarri zion lana.

1986an, lanik gabe geratu zen, eta Nikaraguara joatea erabaki zuen, tornuan lan egitera. Hiru urte eta erdiz han egon ostean, herrira itzuli zen, eta Zarauzko (Gipuzkoa) Bombas Itur enpresan hasi zen lanean. Lan baldintzak, baina, oso kaskarrak ziren, eta «langile gisa tratu txarra eman zidaten». Hala, hamalau urtez tornulari lanetan aritu ostean, ez zela «gehiago» fabrikara itzuliko erabaki zuen: «Nekatua nengoen lantegiaz, ez nuen jasaten hango presioa, azkar egin beharra, tolerantziak... Itogarria egiten zitzaidan, eta uztea erabaki nuen».

Basoak inausteagatik diru laguntzak ematen zituzten, eta baso lanetan hastea erabaki zuen. 1990. urtea zen. Tentsio handiko linea garbitzea izan zen bere lehen lana, eta orduan konturatu zen horixe zela bilatzen zuen lana. «Nire artean nioen: kale zuloan egon ordez, aire zabalean nago lanean, eta ez dut burua nekatzen. Eta, gainera, basoa zaintzen ari naiz». Orduan ohartu zen egiten zuenaren garrantziaz.

Onartu du: «Nekea handia da, baina egindako lanak ikustean, poz izugarria sentitzen dut. Soldata txikiagoa da, lan gehiago egin behar da, baina askoz gehiago betetzen nau lan honek».

Gustura zegoen basoan, eta «giro ona» zuen lankideen artean, baina aldatzea erabaki zuen. 2001ean, Antzuolako (Gipuzkoa) Lapatza baserrian hasi zen. Udaberrian eta udan, baratze lanetan aritzen da, «burua altxa ezinik»; eta, neguan, baserrian lan gutxiago dagoela baliatuz, Lapatzako basoak zaintzen. Agirreren hitzetan, hori ere egin beharreko lana da: «Jendea ez da jabetzen, baina lurra zaindu egin behar da. Basoa garbitzen ez bada, sasiak hartzen du, eta, gero, errazago su hartzen du». Horregatik da hain garrantzitsua baserritarren lana, eta, beraz, aintzat hartu beharrekoa: «Baserritarra ingurua zaintzen ari da etengabe. Ekologistarik handienak haiek dira, eta onuraduna gizartea da». Ahal duen heinean, basoko lanari eutsiko dio, baina kezkatua dago, atzetik ez dagoelako basoari kasu egingo dion inor.

BERRIAn argitaratua (2017/11/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA