astekaria 2017/11/10
arrowItzuli

bizigiro

'Beitu!' sortu dute, nerabeentzako hedabide digitala

Urtzi Urkizu

'Beitu!' sortu dute, nerabeentzako hedabide digitala

Euskarazko komunikabide berri batek argia ikusi du aste honetan. Beitu! du izena, eta propio 14-18 urte arteko gaztetxoengan pentsatuta dago. Gaztezulo-k sortu du hedabide digital hori, eta bertako zuzendari Zuriñe Maguregik nabarmendu du aldizkaritik harago pauso bat ematea erabaki dutela. «Hamazazpi urte dira Gaztezulo sortu zenetik, eta garai batean harpidetu ziren gazte gehienek 30 urte baino gehiago dituzte. Ez da gauza bera 15 urteko gazte bat edo gaztea izaten jarraitzen duen 35 urteko pertsona bat». Maguregik adierazi du 14-18 urte arteko gaztetxoengana iristeko erronka dutela Beitu!-ren bitartez. «Nerabeak kateatu nahi ditugu. Horretarako, haien benetako errealitatea ikertu dugu. Konturatu gara papereko edukiak gero eta gutxiago kontsumitzen dituztela, bat-bateko eduki laburrei erreparatzen dietela, eta une oro itsatsia dutela sakelako telefonoa».

Errealitate hori aintzat hartuta garatu dute Beitu!-ren proiektua. Teknologia berrietara egokitzen den plataforma digitala da; hilero, izena ematen duten gazteek Whatsapp bidez jasoko dute hedabidea sakelako telefonoan. Aisialdi gaiekin lotutako edukiak, elkarrizketa labur eta dibertigarriak, bideoak, umorea eta lehiaketak izango dituzte ikusgai erabiltzaileek. Sexuaren eta drogen inguruko kontsultak egin ahalko dituzte izena ematen dutenek —modu pribatuan galderak egiteko aukera izango dute, eta adituek eskainiko dute zerbitzua—.

Interneteko sare sozialen bidez, erabiltzaileek Beitu! osatzeko aukera izango dute, gustuko edukiak proposatuz. Instagrami esker —@beitu_insta da jarraitu beharreko profila— egunero jarraitzaileekin zuzeneko harremana edukitzeko aukera izango dute hedabidearen arduradunek, iritziak eta zalantzak entzunez, eta norabide bikoitzeko etengabeko komunikazioa mantenduz.

Kolaboratzaile sarea

Beitu! ez da hutsetik hasiko. Euskal Herriko hogei udal eta mankomunitateren babesa jaso du dagoeneko proiektuak. 50 ikastetxe baino gehiagorekin ari dira elkarlanean, eta azkeneko hilabetean 500 gaztek eman dute izena. Maguregik nabarmendu du Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzua izan zela proiektuari babesa ematen lehen erakundea.

«Gazteen sormena garatzeko plataforma izan nahi du Beitu-k», gaineratu du Maguregik. Talentu bereziren bat duten gazteen bila ari dira, eta parte hartu nahi dutenek beitu@gaztezulo.eus helbidera idatzi behar dute. «Kolaboratzaile sare bat ere osatu dugu, edukietan gatza eta piperra jartzeko». Telmo Trenado youtuberra izango da kolaboratzaileetako bat —Youtubeko haren kanalak 90.000 jarraitzaile baino gehiago ditu—. Orain arte batik bat gaztelaniaz aritu da, baina esan du «pozik» hartu duela euskaraz aritzeko proposamena.

Ane Atxutegi youtuberra ere Beitu!-rentzat ariko da hilero. «Etxe txiki, bihotz handi kanaleko partaidea naiz. Nire helburua da Youtuben hain ospetsuak diren bideoak euskaratzea. Erronka zoroak eta bitxikeriak eramango ditut bideoetara, gaur egungo gazteen komunikazio esparrura zabaltzeko. Gazteek ondo pasatzea nahiko genuke».

David Agirrezabalaga ilustratzaileak, berriz, Mr. Euskaldun pertsonaiaren animazioko piezak egingo ditu Beitu!-rako. «Orain arte ilustrazioetan zentratu naiz, baina animazio laburrak egitea proposatu zidaten. 30 segundo inguruko piezak egingo ditut. Ilusioz hartu dut erronka». Mr.Euskaldun pertsonaia euskara sustatzeko sortu zuen, eta Gaztezulo-ren proiektuak bere ideiekin bat egiten duela esan du Agirrezabalagak.

Komunikabide berria ezagutzera emateko eta parte hartzen duten gazteen komunikazioa sortzeko asmoz, Beitu festa antolatu dute hilaren 24rako. Iruñeko Gaztediaren Etxean egingo dute, 17:30ean.

BERRIAn argitaratua (2017/11/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA