kultura
Tradizioa galdekatu nahian
Nora Arbelbide Lete
Anaia musikariak kontserbatorioko azken urtea borobiltzeko proiektu bat osatu behar zuela eta, argi zuen zerbait egitekotan Zuberoako herri kantuiekin izanen zela. Orain egiten duena eta haur denborakoa nahastea izan zuen ideia. Behin hasi eta, laster ohartu zen urte bukaerako proiektua gainditzen zuela bere ideiak. Eta horra, azkenean, Oihaneko zühainetan diskoa, zuzenean igande honetan aurkeztuko dutena Maulen. Point du Jour eta Aldudarrak Bideorekin ekoiztua du. Basahaideak dokumentala bezala. Dokumentala igande honetan estreinatuko da. Eta, berantago, France 3 eta EITBn ere hedatzekoa dute.
Arrebaren dokumentala ere haziz joan da. Hasieran, diskoaren making of-a egitea proposatu zion anaiak. Baina arrebak argi zuen zerbait egitekotan dokumental oso bat eginen zuela, diskoa gainditzen zuen problematikarekin. Eta laster harrapatu zion, gainera, hari nagusia. «Nola egiten ahal dugun tradizioa zaintzeko eta momentu berean zerbaiten egiteko horrekin?».
Dozena bat kantari baitira diskoko grabaketaren sorkuntza prozesu erdian. Emazte, gizon, zahar, gazte, guztiak zuberotarrak, ahots bat daukatenak, baina estilo orotakoak. Bakoitzak kantu bat hautatu du diskorako. Hautatu du kantuaren grabatzeko lekua ere. Eta jadanik hautaketa horrek berak anitz adierazten du. Tradizioa ulertzeko giltza zenbait ematen ditu hautaketen azalpenak: «Hautu horiek erakusten dute nola ikusten duten tradizioa, nora eraman nahi duten, zer den tradizioa haientzat, beren bizian; nola bizi diren kantuekin, nola parte hartzen duten kantuek beren bizian», Elsa Oliarj-Inesek. Eta hortik tiraka, azkenean: senti daiteke «zerk osatzen dituen tradizio baten oinarriak». Sentimenduek, justuki, badute beren lekua dokumentalean. Kantuek leku handia duten bezala. Azalpen gehiagokorik gabe ere, bertako indarra sentiarazteko asmoz.
Konkretutik
Gogoeta teoriko bat baino haratago, konkretua izateko xedez pentsatua du lana film egileak. Anaia lanean erakusten du. Galdera konkretuei erantzun konkretuak atera nahian. Izan ere, anaiari garrantzitsua zitzaion ulertzea kantariek nondik zuten kantatzen. Nola. Erritmo aldetik, melodia aldetik. Errespetu horretatik. Hitzek ere zer kontatzen duten, horiek ere garrantzitsuak izan zaizkio musika sortzerakoan. «Kantore zahar hauek jadanik izugarri aberatsak dira. Badute zerbait adinik gabe», argudiatu du anaiak. Gehiago dena agian: herri kantu horiek a cappella ditu gustukoen. Argi du bere proposamena ez duela kantu horien «gero» bezala ikusten. Baina bitartean, «jostatzea», hori du ideia nagusi. «Kantari hauek eta musika hauen artean trukaketa bat sortzea. Kantu hauek amiñi bat galtzen dute beren araztasuna, bainabeste zerbait irabazten dute. Egiazki ikusi dut hori grabaketa denboran».
AURKEZPEN GAUALDIA
Zer. Elsa Oliarj-Inesen Basahaideak dokumentala eta Oihan Oliarj-Inesen Oihaneko Zühainetan zuzenekoa.
Kantari eta musikariak. Niko Etxart, Maddi Oihenart, Laura eta Leah Etxegoihen; Maider, Maialen eta Beñat Larrori, Maika eta Mixel Etxekopar kantariak, eta Lucien Favreau, Jerome Martineau-Ricotti eta Oihan Oliarj-Ines musikariak.
Non eta noiz. Mauleko zinema gela, igandean, 18:00etan.