astekaria 2017/11/10
arrowItzuli

politika

Bidea prestatuta daukate

Edurne Begiristain

Bidea prestatuta daukate

Gertaerak bata bestearen atzetik ari dira gertatzen Katalunian, zein baino zein larria- go: urriaren 1eko erreferendumeko bortizkeria, Jordi Sanchezen eta Jordi Cuixarten espetxeratzeak, Espainiako Gobernuak Kataluniako autogobernuan esku hartzea 155. artikuluaren bitartez, Kataluniako Gobernuko zortzi kontseilariren espetxeratzea... Azken asteotako gertakari larriek sortutako egoera nahasian, gero eta indar handiagoa hartuz doa abenduaren 21eko hauteskundeei begira alderdi independentistak legez kanporatzeko aukera. PPko zenbait kide esanguratsuk plazaratu izan dute asmo hori. PPko komunikazio idazkariorde Pablo Casadok «independentzia aldarrikatzen duten alderdien legez kanporatzea tipifikatzeko» eskatu du. Xavier Garcia Albiol Kataluniako PPren buruak antzeko adierazpenak egin ditu, eta independentzia jasotzen duten hauteskunde programak legez kanpo uztea galdegin du.

Lehen saialdiak ere egin dira. Joan den astean, herritar batek CUP alderdia legez kanporatzeko salaketa bat aurkeztu zuen, nahiz eta handik gutxira artxibatu zuen Fiskaltzak. Vox alderdiak, berriz, iragarri du legezko bideari ekingo diola PDECat, ERC eta CUP abenduaren 21eko hauteskundeetatik kanpo uzteko. Espainiako sektorerik kontserbadoreena independentisten legez kanporatzea bultzatzen ari bada ere, Espainiako Gobernuak, oraingoz, aukera hori baztertu du. Rafael Catala Espainiako Justizia ministroak joan den astean argi esan zuen: «Legez kanporatzeak ez daude mahaiaren gainean».

Alta, ezin uka daiteke eztabaida ireki egin dela: ilegalizazio fase berri bat al dator abenduko hauteskundeei begira? Independentzia aldarrikatzen duten alderdiak estatuaren jomugan egon daitezke? BERRIAk kontsultatu dituen legelariek zail ikusten dute Alderdien Legea erabilita alderdi independentistak ilegalizatzea, baina onartzen dute bidea zabalik dagoela eta, borondatea izanez gero, zirrikituak erabil daitezkeela. Iraganean egin dela, eta orain, nahi izanez gero, egin daitekeela. Hala ere, epe laburrean, pausoa ematen bada, bide penala erabiliko dela uste dute gehienek.

Izan ere, alderdien kontra egiteko bi auzibide dituzte Espainiako auzitegiek. Bide zibila da bat, Espainiako Alderdien Legea eskuan hartuta alderdia bera legezkoa den edo ez aztertzen duena. Auzitegi Goreneko 61. areto bereziaren esku dago hori, eta ezin ditu pertsonak zigortu. Beste bidea, bide penala da; Auzitegi Nazionalak baliatu izan duena. Bide horretatik ezin da alderdi bat legez kanpokotzat jo, pertsonen kontra egiteko baita. Hala ere, alderdiko kideek legea urratzen dutela ondorioztatuta, haren jarduerak eten ditzake. Horixe egin zuen Baltasar Garzon epaileak Batasunarekin, 2002.urtean. Badaezpadako neurri gisa eman zuen agindua.

Alderdien Legearekin, zaila

«Independentzia aldarrikatzen dute alderdien legez kanporatzea aukera errealista bat al da epe laburrean? Bateragarria al da horrelako neurri bat konstituzioak aldarrikatzen duen estatu ereduarekin?», galdetu dio bere buruari Enara Garro EHUko Zigor Zuzenbideko irakasleak. Aitortu du «zaila» dela aurreikustea hemendik aurrera gertatuko dena, baina orain arte eman diren pausoak ikusita, uste du aukera hori mahai gainean egon daitekeela. Nolanahi ere, ez dela samurra izango erantsi du. «Espainiako Konstituzioak dioena aintzat hartzen badugu, legez kanporatzeak ezingo dira erraz bideratu». Konstituzioaren arabera pluraltasun politikoa ordenamendu juridikoaren «baliorik gorena» da, eta horrek esan nahi du konstituzioak berak babesten duen estatu ereduarekin bat ez egiteko edo hura aldatzeko eskubidea bere baitan jasotzen duela, Garrok dioenez. «Adibide bat jartzearren: Konstituzioaren erreforma sakona proposatzea, Konstituzioarekin bat dator».

EHUko irakasleak uste du testuinguru hori aintzat hartzea ezinbestekoa dela Alderdien Legearen aplikazioaren «mugak» ongi ulertzeko. Alderdien Legeak aurreikusten du alderdi bat legez kanporatua izango dela haren jarduerak «printzipio demokratikoak» urratzen baditu, ondorengo hiru kasuetan: «pertsonak beraien ideologia, erlijio edo sinesmen, naziotasun, arraza, sexu edo orientazio sexualagatik baztertzea edo jazartzea bultzatu, justifikatu edo zurituz oinarrizko askatasunak eta eskubideak sistematikoki hausten» baditu; «indarkeria bultzatu, lagundu edo legitimatzen badu helburu politikoak lortzeko»; eta «botere publikoei, pertsona edo gizarteari terrore egoeraren eraginpean jarri nahian ordena konstituzionala asaldatu edo bake publikoa larriki nahasteko helburuak lortzeko erakunde terroristen jarduera politikoki osatu edo laguntzen» baditu.

Aipatutako jokabideak Kataluniako alderdi independentistei leporatzea ia ezinezko ikusten du Garrok. «Sen onaren eta egiaren kontrakoa doa», ohartarazi du. Alderdi denek bide baketsuen aldeko apustua egiten dutenez euren estatutuetan, indarkeriarekin zerikusia duten jarduerak leporatzea «iruzur» egitea litzatekeela uste du. Eta egiten bada, legea bera «bihurrituta» egin beharko dela iritzi dio. «Legearen zentzua bera aldatuta egin beharko litzateke, legeak esaten ez duena fikziozko kontakizun batekin ordezkatuz».

Antzeko hausnarketa egin du Eduardo Virgala EHUko Zuzenbide Konstituzionaleko katedradunak ere.«Alderdien Legearen bidez ezinezkoa da independentziaren aldeko alderdiak legez kanpo uztea». Bi arrazoi eman ditu baieztapen hori argudiatzeko: batetik, Alderdien Legearen 9. artikuluak ez duelako jasotzen aukera hori, eta, bestetik, Auzitegi Konstituzionalak behin baino gehiagotan esan duelako independentzia aldarrikatzen duten alderdiak ezin direla debekatu. «Espainian, Alemanian ez bezala, ez dago demokrazia militanterik, hau da, alderdiek ez dute zertan Konstituzioarekin bat egin, eta ez dute zertan euren programa politikoetan ideia horiek jaso. Lotura hori ezin zaie exijitu alderdiei».

Beste arrazoi bat ere eman du Virgalak legez kanporatzearen bidea baztertzeko. «Europako Giza Eskubideen Auzitegiak duen doktrina. Auzitegi horrek maiz esan du independentziaren aldeko alderdiak, independentistak izateagatik, ezin direla debekatu». Salbuespen batekin, erantsi du: «Estatua suntsitzeko helburua duten alderdien kasuan».

Aukerak egon badaude ilegalizazio ziklo berri bat abiatzeko, eta, «borondatea» izanez gero, egin daiteke, Garbiñe Biurrun EAEko Auzitegi Nagusiko epaileak dioenez. Egingo ote den esatera ez da ausartu, ordea. «Ez dago jakiterik zer gertatuko den Kataluniarekin eta ez naiz ausartzen ezer aurreratzen». Nolanahi ere, legelariak zehaztu du Alderdien Legeak «interpretazio askotarako» aukera ematen duela.

Biurrunek gogora dakar Alderdien Legearen 9. artikuluak zehazten duela alderdi politikoak «balio konstituzionalak» errespetatzera behartuta daudela, eta ilegaltzat joko dela beren jarduerak «printzipio demokratikoak» hausten dituztenean, «bereziki jarduera horrekin askatasunen araubidea hautsi edo hondatu edo sistema demokratikoa ezabatu nahi denean». Artikulu horren edukian «helduleku bat» egon liteke zenbait alderdi legez kanpo uzteko makineria martxan jartzeko, kontuan hartuta hainbat alderditako ordezkari politikoei matxinada, sedizioa eta diruaren erabilera okerra leporatu dietela eta espetxean daudela, Biurrunek gogora ekarri duenez.

Javier Mira Benavent Valentziako Unibertsitateko Zigor Zuzenbideko irakaslearen irudiko, berriz, «borondatea» izatea eta legea «nahieran» interpretatzean dago gakoa. Alderdien Legearen«anbiguotasunak» aukera emango luke Kataluniako alderdi independentista batzuk legez kanpo uzteko, haren iritziz. Legearen 9.2 artikuluan ikusten du hori egiteko zirrikitua —pertsonak beraien sinesmen edo naziotasunagatik baztertzea eta jazartzea bultzatzeagatik legez kanporatzea aurreikusten du—. «Alderdien Legea hain da anbiguoa, ezen, ezker abertzalearekin egin zen bezala, Kataluniako alderdi independentistekin ere erabil daiteke, koma bat bera ere aldatu gabe».

Bide penala, gertuago?

Hala ere, azken asteotako gertakariak ikusita, estatuak bide penala erabiliko ote duen susmoa dute adituek. Epe laburrean, Omnium eta ANC elkarteen jarduera bertan behera uzteko aukera mahai gainean egon litekeela uste du Mirak. Gogoratu du hasiak direla bidea prestatzen, bi elkarteen jarduera behin-behinean debekatzeko neurriak aztertzen hasi delako Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltza, «legez kanpoko helburuak» dituztelakoan.

Virgalak ere bide penalean ikusten du alderdi independentisten aurka jotzeko aukera bakarra. Haren ustez, Zigor Kodearen 515. artikulua erabiliko litzateke. Artikulu horrek zehazten du erakunde bat legez kanpo jo daitekeela, besteak beste, «ideologia, erlijio edo sinismen arrazoiengatik, gizabanakoaren edo erakundeen kontra giza bazterketa, gorrotoa eta biolentzia bultzatzen badu». Jakina da Kataluniako Gobernuko kontseilariei eta Parlamentuko Mahaiko kideei matxinada, sedizioa eta diru publikoaren erabilera okerra leporatu dietela, eta hortik ikusten du Virgalak haien aurka egiteko aukera. Baina zehaztapen bat egin du:« Kasu horretan, lehendabizi frogatu beharko litzateke delituak egin direla eta delitu horiek alderdi jakin batzuek antolatu dituztela».

Bide penala «azkar» erabil daitekeen tresna dela gogoratu du, bestalde, Biurrunek. Hala egin zutela Batasunarekin, Garzonek alderdiaren jarduerak etenda, eta orain ere erabil dezaketela, «borondatea» baldin badute.

«Bermeak dituen estatu serio batean ez Alderdien Legea erabilita, ez bide penala jorratuta, ezingo litzateke alderdi independentistarik legez kanporatu», erantsi du Mirak. Hala ere, «borondate politikoa» izanda, «bide guztiak irekita» daudela zehaztu du. «Aurrekariak badaude, eta bide horiek nola erabili badaki estatuak, Batasunarekin jorratu zuelako». Aukera biak mahai gainean daude, eta estatuaren esku dago horiek erabiltzea, haren ustez. Hori bai, horien interpretazioa «muturrera» eramanda baino ezingo litzateke egin, irakasleak dioenez.

Legez kanporatzeko aukera eskura edukita ere, Mirak ez du ikusten estatua «orain» bide horren alde egiten. «Urriaren 1eko bortizkeriaren ostean eta Carles Puigdemont Bruselan izaten ari den oihartzuna ikusita, Europan ez litzateke ulertuko». Hala ere, Mirak uste du abenduaren 21eko hauteskundeen ostean aukera horrek indarra har dezakeela indar independentistek gehiengoa lortzen badute. «Estatuak bere burua inguratuta ikusten badu, egingo du».

BERRIAn argitaratua (2017/11/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA