astekaria 2017/11/10
arrowItzuli

bizigiro

SALVADOR SAMITIER

«Pirinioetako paisaiak Mediterraneokoa bihurtzeko joera du»

Eihartze Aramendia Iparragirre

«Pirinioetako paisaiak Mediterraneokoa bihurtzeko joera du»

Zalantza zuen Salvador Samitierrek (Bartzelona, 1964) Miarritzen (Lapurdi) egiten ari diren klima aldaketari buruzko kongresura joan edo ez, atzo Katalunian mobilizazio eguna zuten eta. Duela 25 urte hasi zen Kataluniako Generalitatean lanean, eta ez zuen uste urteurren hori «egoera triste honetan» ospatuko zuenik. Aspalditik hartutako konpromisoari eutsi, eta klima aldaketaren inguruko hitzaldia eman zuen Miarritzen, atzo, xingola horia paparrean zuela.

Nola aldatu da Pirinioetako klima?

Gu bereziki ikusten ari garena tenperatura igoera da; egiaztatu dugun fenomeno bat da: 0,3 gradu igo da hamarkada batetik bestera Katalunian, eta hau ez da Pirinioetako ezaugarrietako bat, beste mendietan ere gertatzen baita. Horrez gain, prezipitazioei dagokienez, klima oso aldakorra denez, ez dugu hainbeste nabaritzen, baina Pirinioetan oro har murriztu direla ikusi dugu, %3 eta %4 artean. Udan, gainera, gehiago. Pirinio gunean euri gehien egiten duen garaia uda da, hain justu, eta hori oso garrantzitsua da; izan ere, erreken iturburuak Pirinioetan daude. Elurrari erreparatzen badiogu, orain arte elur eskasia kanoiekin konpondu da, baina, tenperatura igoerarekin, elurra egitea zailagoa da.

Hitzaldian, tenperatura igoera hori osasunarekin ere lotu duzu.

Bai. Tenperatura igotzen denean, kolektibo batzuk, adineko jendea eta haur txikiak batik bat, eta oro har arnasketa arazoak dituztenak kaltetuak dira. Gainera, tenperatura igoera hori bektore batzuk garatzeko baldintza egokia da. Katalunian tigre moskitoa dugu; orain dela urte batzuk zerbait arraroa zen, baina gaur egun kontrolatua dago. Eta tigre moskitoa bektore bat da: hainbat gaixotasun sortzen dira hortik, malaria eta dengea, esate baterako. Orain arte ez da bertan kasurik egon; egon direnak kanpotik etorritakoak izan dira, baina adituek diote denbora kontua dela; alegia, baldintza egokiak baldin badaude bektoreak garatzeko, lehenago edo geroago azalduko dira gaitz horiek. Osasun sistema sendoa dela espero dugu, baina arriskua hor dago.

Kontua ez da klima aldaketari aurre egitea, egokitzea baizik?

Argi dago klima aldaketaren aurka borrokan jarraitu behar dugula, eta politika egiten berotegi efektua eragiten duten gasak murrizteko. Zenbat eta gas gutxiago isuri, eragina ere txikiagoa izango da. Hala eta guztiz ere, 2050. urtera arte egongo diren hainbat eragin egon badaude, optimista izan edo ez, joera hori da. Klima aldaketak inertzia bat badu, pixkanaka ateraz doa, eta horri egokitzea besterik ezin dugu egin. Orain dela 60 bat urte baino gradu bat gehiago antzeman daiteke Pirinioetan, eta eragin batzuk izango ditu. Gai sozialak ere kontuan hartu behar ditugu; orain arte, klima aldaketa aztertzeko ikerketa oso fisikoak egin ditugu: tenperatura, prezipitazioak… baina osagai sozial oso bat dago hor. Ohiturak, ahozko jakinduria, esatera baterako, lagungarriak izan daitezke.

Klima aldaketa mahai gainean jartzean adostasun bat erdietsi beharko dela noizbait ere aipatu duzu.

Diskurtso gisa, klima aldaketa oso katastrofikoa da, eta hori murrizteko diskurtsoak ere modu horretakoak dira, inor ez dela kaltetua aterako eta abar. Baina ez da errealista. Kolektibo batzuk edo jarduera jakin batzuk kaltetuagoak aterako dira besteak baino. Hori kontuan hartu behar dugu, eta ez ditugu bakarrik utzi behar; sare sozial bat sortuz eta ados jartzen saiatuz lagun ditzakegu. Adibidez, eski monitoreek lan gutxiago baldin badute, agian mendiaz dakitenaz baliatu behar dugu bestelako jarduera bat eskaintzeko. Arlo soziala nahiko ahantzia dago: gehiago begiratzen zaio fisikoari, baina ez dugu ahaztu behar.

Nola irudikatzen dituzu Pirinioak hemendik urte batzuetara?

Paisaia aldatuko da. Pirinioetako paisaiak Mediterraneokoa bihurtzeko joera du; mendi alpino gutxiago egongo da, eta zuhaixka moduko landaredia izango da nagusi. Halako landaredia gehitu egingo da; izan ere, landaredi mota hori estres hidrikora eta tenperaturara egokitua dago; beraz, Pirinio aldera mugituko da. Espero dut oker egotea. Ekosistema batzuek bizitoki moduko gaitasun bat badute, dena ez da hain agerikoa.

Zer da buruhauste gehien ematen dizuna?

Elementu kritikoena lehen, orain eta gero ere, ura da, Katalunian bederen. Lehorteak guretzat ez dira ezezagunak, eta denborarekin uraren gisako baliabide bat kudeatzen ikasi dugu. Urak kezkatzen gaitu, batez ere bestelako ondorioak ekartzen baititu, mendian, nekazaritzan, turismoan…

BERRIAn argitaratua (2017/11/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA