astekaria 2017/11/10
arrowItzuli

politika

Behin-behinean, 74 legebiltzarkide

Jon O. Urain

Behin-behinean, 74 legebiltzarkide

Irailean ekin zion urte politikoari Eusko Legebiltzarrak, eta 2016ko hauteskundeetan aukeratutako mapa politikoak behin-behineko moldaketa bat izan du azken bi hilabeteetan. Arrazoi pertsonalak tarteko, irailaz geroztik bajan da Pili Zabala Elkarrekin Podemoseko zerrendaburua, eta horrek berrorekatu egin ditu legebiltzarreko indar harremanak.

Izan ere, 75 legebiltzarkide izan ohi ditu parlamentuak, baina 74 ari dira jardunean; EAJko 28ak, EH Bilduko hemezortziak, orain hamar diren Elkarrekin Podemosekoak, PSE-EEko bederatziak eta PPko bederatziak. Hori horrela, Eusko Jaurlaritza osatzen duten EAJ eta PSEk 37 ordezkari dituzte legebiltzarrean, eta beste hainbeste dituzte gainerako indar politikoek. Bi blokeek parlamentari bakarra falta dute gehiengo absolutura iristeko; bitartean, gerta daiteke berdinketa izatea lege, mozio eta abarren bozketan.

Ikuskizun dago noiz arte jarraituko duen egoerak horrela. Zabalak ez du itzultzeko datarik, eta Elkarrekin Podemosek ere ez du hura ordezkatzeko asmorik, behin-behineko egoera horretan koalizioak ordezkari bat gutxiago badu ere. Koalizioko iturriek azaldu dutenez, Zabalaren itzuleraren zain egongo dira, haren esku utzita epea. Legebiltzarkide gisa ez dute ordezkatuko, baina batzorde ugaritan Elkarrekin Podemosen ordezkaria ere bada Zabala, eta horietako batzuetan aldaketak egin behar izan ditu koalizioak; batetik, legebiltzarreko erregelamenduak hala egitea baimentzen duelako, eta, bestetik, batzordea bera blokeatuta gera ez dadin. Zabala Hezkuntza Batzordeko presidentea zen, eta, hura bajan egonda, batzordeak ezin zuen batzarrik egin. Edurne Garcia koalizioko kideak ordezkatu zuen karguan, urrian. Hala ere, osasun eta giza eskubideen batzordeetako kide ere bada Zabala, eta horietan ez du ordezkatu koalizioak.

Osoko bilkuretan, ordea, legebiltzarkideren baten absentziak berekin dakar haren botoaren galera, salbuespenak salbuespen, Eusko Legebiltzarrak ez baitu onartzen bilkuran falta den parlamentari batek beste baten esku uztea haren botoa. Horren adibide da 2003ko azaroaren 20an gertatutakoa: orduan, hautsak harrotu zituen PPko legebiltzarkide Carlos Iturgaitzek, bozketaren unean Jaime Mayor Oreja taldekidea falta zela, haren eserlekuko botoia sakatu izana. Arau hauste «larria» izan zelakoan, legebiltzarrak hilabeterako egotzi zuen Iturgaitz.

Eskuordetzak, salbuespen

Botoaren izaera pertsonala argi uzten du Eusko Legebiltzarraren funtzionamendua zuzentzen duen araudiak. 89. artikuluaren arabera, «amatasun nahiz aitatasun arrazoiengatik osoko bilkuretako eztabaidetan eta bozketetan egoterik ez duten legebiltzarkideek bozeramailearen edo beste legebiltzarkide baten esku utzi ahal izango dute beren botoa». Legebiltzarreko Mahaiari eman behar zaio horren berri, boto eskuordetza egiten duenaren eta jasotzen duenaren izen-abizenak adieraztearekin eta eskuordetzaren iraupena azaltzearekin batera. Boto eskualdaketa onar zedin, erregelamendua moldatzeko proposamen bat aurkeztu zuen PPk, baina aukera hori baztertu zuen Eusko Legebiltzarrak.

Antzera gertatzen da Nafarroako Parlamentuan ere; 2011n eguneratutako araudian ageri denez, «amatasunagatik» bozketetan parte hartu ezin duten parlamentariek beste baten esku utz dezakete beren botoa «erditu osteko sei asteetan zehar» —ez du aitatasun baimenik aurreikusten—. Horrez gain, 94. artikuluaren arabera, «behar bezala egiaztatutako ospitaleratze baten edo gaixotasun larri baten ondorioz Osoko Bilkuraren saioetara joaterik ez duten parlamentariek» ere aukera dute beren botoa beste parlamentari baten esku uzteko.

BERRIAn argitaratua (2017/11/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA