astekaria 2017/11/10
arrowItzuli

kultura

Kontsentsuaren saririk gabe

Iñigo Astiz

Kontsentsuaren saririk gabe

Hauek dira gure sari nazionalak». 2012. urtean Eusko Jaurlaritzan postua hartu zuenez geroztik, behin baino gehiagotan erabili izan ditu hitz horiek Euskadi literatura sariak aurkezteko Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura, Kirol eta Gazteria sailburuordeak. Luze iraun du, ordea, sari horien gainean zalantzaren itzalak. 2007. urtean 36 idazle eta itzultzaile inguruk Utikan Euskadi Sariak manifestua sinatu zuten, eta, geroztik, hainbatean behin izan da gorabeheraren bat sariketetan. Mikel Peruarena Ansa idazleak, esaterako, uko egin zion orain bi urte Su zelaiak nobelagatik euskal literaturari zegokion sari nagusia jasotzeari. Halako ukorik ez da izan aurten, baina berriz piztu da eztabaida, sariak ebatzi baino hilabete lehenago, zeren Josu Landa itzultzaileak eta Koldo Izagirre eta Oier Guillan idazleek hedabideetan aipatu baitzuten finalista izateari uko egiten ziotela. Hirurek batera jakinarazi dute ezezkoa, baina bakoitzak bere arrazoiak eman ditu. Eta edozein kasutan ere, ondorioa da egonkortasunaren saririk gabe jarraitzen dutela Euskadi sariek, eta egonkortasunaren sari hori gabe egingo dutela astelehenean Bilboko Azkuna zentroan aurtengo sari banaketa.

Baina zergatik ukoak? Zein izan dira sarien aurkako kritika nagusiak?

DEFINIZIOA

Hizkuntza bikoiztasunarena da zalantzan jarri den alorretariko bat. Izan ere, bi modalitate ditu sariak, berez: euskarazkoa eta gaztelerazkoa. Euskarazko sarien kasuan, esaterako, urte bakoitzean euskaraz argitaratzen den literatura, ilustrazio eta itzulpen lan guztiak hartzen ditu kontuan epaimahaiak. Gaztelaniazko modalitatean, berriz, hainbat baldintza bete beharko ditu egileak. Edo Araban, Gipuzkoan edo Bizkaian jaioa izatea edo bertan egoitza izatea, edo herrialdeotako idazle edo ilustratzaile elkarteren batean egotea, edo bere lana herrialdeotako argitaletxe batean argitaratu izana. Baina hain justu ere elebitasun hori da Koldo Izagirre idazleak bere ukoaz aurten zalantzan jarri nahi izan duena. «Euskadi Sariak, funtsean, euskararen subordinazioaren zeremoniak dira: parean jartzen ditu literatura nazional bat eta literatura regional bat».

Franco hil zuten egunak ipuin bilduma sariketarako hautagai izendatu zuten, eta ezetz esan zuen Izagirrek. Eskutitza bidali zion horregatik epaimahaiko idazkariari bere ukoarekin. Bere ukoa azaltzeko testu bat ere helarazi dio BERRIAri. Bertan dioenez, hizkuntza gatazkarik ez dagoela da Euskadi sarien mezu sinbolikoa. «Euskadi Sariek euskararen eta gaztelaniaren ezteiak izatea dute helburu».

Sarien definizioa berrikusi beharra nabarmentzen du berak. «Euskal Literatura unibertsala da, ez du arazorik definitzeko, hizkuntzaz baita definitzen, munduko literatura guztiak bezala. Euskaraz idatzitako guztia da euskal. Eta kantitatez eta kalitatez, Euskal Herriak daukan (EAE barne) kultur erreferentzia gorena da. Ez da modalitate bat, literatura oso bat baino, autonomoa eta eragin guztietara irekia eta eragin guztiekin aberastua». Eta, beraz, ukoarekin batera doa salaketa ere. «Euskarak, oro har, buru gainetik metro batzuetara halako kristalezko sabai bat dauka, gorago egin ez dezan».

PERUARENAREN HAUTUA

Handira egin zuen paso Mikel Peruarena Ansak orain bi urte. Euskarazko literatura lanik onenaren Euskadi saria jaso zuen Su zelaiak nobelagatik, baina ezetz esan zuen, ez zuela jasoko saria. Zergatik? Hauxe da bere azalpena Hegats aldizkarian: «Ez nago sari, beka, lehiaketa eta abarren kontra, baina horiek literatura sustatzeko bitarteko bakarrak izatearen kontra bai. Idazle edo sortzaile bati urtean behin diru bat emateak ez ditu gure arazoak konpontzen. Iruditzen zait ez dagoela kultur sortzaileak laguntzeko politika bat, eta ezin dela sari batzuekin hori egintzat eman».

Literatura bultzatzeko bestelako bideak eskatzeko esan zuen ezetz Peruarenak ordukoan. Eztabaida hori pizteko, behintzat. Eta aurten ere, Peruarenaren argudioei egin die erreferentzia Oier Guillan idazleak bere ezetza azaltzeko. Euskadi sarietako finalista izendatu zuen epaimahaiak Guillan Mr. Señora antzezlan bildumagatik, baina ezetz berak ere. Peruarenaren motibo berengatik. «Bizi dugun egoera oso larria da lan baldintzei eta euskarazko antzerkigintza bultzatzeko politikei dagokienez. Dirua erabiltzean, planteatu behar da zein beste premia dauden kulturaren arloan. Merezi du horri buruz gogoeta egitea».

«UTIKAN», ESAN ZUTENAK

«Baieztatu ahal izan dugu, urtez urte, gero eta ageriago, sarion helburua ez dela literatur kalitatearen gaineko ebazpen zintzoa ematea». 2007an sortu zen Utikan Euskadi Sariak manifestua. Eta, ziur aski, hori izan da gaur egunera arte sarien aurka egon den kritikarik antolatu eta sendoena. 29 idazle eta itzultzailek egin zuten bat deialdi harekin hasieran, eta 37ren bueltara hazi zen kopurua denborarekin. Sinatzaileek uko egiten zioten Euskadi literatura sarietan parte hartzeari, bai lehiakide modura eta bai epaimahaikide modura. Zantzu politikoa ikusten zioten sinatzaileek sariketari, eta manifestuan argi salatu zuten hori: «Sarion helburua, funtsean, egungo aginteari otzana zaion jardun intelektual eta literario bat sortzea ez ote den hasiak gara susmatzen».

Denbora da manifestuaren sinatzaile izandakoek ekintza bateraturik egiten ez dutela. Halere, manifestu hari egin zion erreferentzia Josu Landa itzultzaileak orain hilabete finalista izateari ezezkoa ematen ziola azaltzeko orduan. «Orduko hartatik eratorria da nire deliberoa».

Asier Serranok ere sinatu zuen manifestua bere garaian, baina aurtengo Euskadi literatura saria jasoko du astelehenean Bilbon Linbotarrak poema liburuagatik.

FORMATU GORABEHERAK

Hainbat aldiz mudatu dute janzkera Euskadi sariek beren historian zehar, eta aldaketa horiek ere izan dira inoiz eztabaida iturri. Hasieran, esaterako, eskuizkribuen arteko lehiaketa bat ziren, harik eta 1997an agintariek formatua aldatzea erabaki zuten arte. Orduan hasi ziren aurreko urtean kaleratutako alerik onenak nabarmentzen. Baina Utikan manifestua agertzean hasi ziren zirrikituak. Sariketan parte hartzeari uko egiten zioten sinatzaileek, eta hor hasi ziren aurreko urteko publikazio guztiak kontuan hartzeari buruzko zalantzak. Eta, azkenean, 2010ean heldu zen sarien bigarren jantzi aldaketa. Orduko Eusko Jaurlaritzak hartu zuen erabakia: idazleek eurek edo beste edozein pertsonak sariketara aurkeztutako liburuak soilik hartuko ziren kontuan hortik aurrera.

Ordukoa da formatuari buruzko eztabaida nagusia. Ez zegoen kontsentsurik. Liburugintzaren sektorearekin eta eragileekin adostu gabe hartu zuten erabakia Eusko Jaurlaritzako ordezkariek, eta sarien formatuari buruzko kritikak piztu zituen horrek berriz ere. Eta, azkenean, 2014an erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak berriz ere atzera egin, eta aurreko urteko literatura publikazio guztia kontuan hartzea. Horregatik Muñozen esaldia: «Hauek dira gure sari nazionalak».

SARRIONANDIA KASUA

Sonatua izan zen Joseba Sarrionandiaren 2011ko Euskadi saria. Hark idatzitako Moroak gara behelaino artean? saiakera liburua nabarmendu zuen epaimahaiak, eta, beraz, 18.000 euroko saria jasotzekoa zen idazlea. Eusko Jaurlaritzako ordezkariek, ordea, izoztu egin zuten prozesua. Kasu hartan, erakundeek esan zioten ezetz idazleari. Sortzaileak ordurako kitatuak zituen Espainiako Justiziarekiko zorrak, eta, azkenean, eman egin zioten saria. Aste batzuez, Patxi Lopez lehendakariaren Jaurlaritzak bahituta eduki zuen saria, halere.

Polemikak eta eztabaidak ez dira euskarazko atalean soilik izaten, ordea, eta Joseba Zulaikaren Vieja luna de Bilbao liburuaren harira piztutakoa da horren adibide. 2015ean jaso zuen liburu horri esker Zulaikak gaztelerazko saiakera libururik onenaren saria. Eta, hain zuzen ere, hizkuntzak piztu zuen polemika ordukoan. Izan ere, saritutako lanak gazteleraz sortuak izan behar zuela zehazten da sariaren oinarrietan. Zulaikaren lanak, ordea, itzultzaileari eskerrak ematen zizkion ohar bat ere bazekarren lehen orrian, eta horrek piztu zituen kritikak. Zulaikak jatorrizko lana gazteleraz idatzi zuela azaldu zuen, eta itzultzaileak zorrozte lanak egin zituela. Epaimahaiak ontzat jo zituen azalpen haiek, eta Kultura Sailak ere ontzat jo zituen.

BERRIAn argitaratua (2017/11/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA