astekaria 2017/11/10
arrowItzuli

kirola

AIMAR OLAIZOLA

«Oraindik ez zait iritsi banakako txapelketei uko egiteko garaia»

Imanol Magro Eizmendi

«Oraindik ez zait iritsi banakako txapelketei uko egiteko garaia»

Oinazpiko mina sendatzeko gelditu beharra daukala esan dio medikuak, eta Aimar Olaizolak (Goizueta, Nafarroa, 1979) kasu egingo dio orain, lau eta erdikoa bukatu delako. Eguneko tratamendua bukatu ondoren egin dio kasu BERRIAri.

Oinazpiko minarengatik ezin duzu jokatu lau eta erdikoaren 3. eta 4. postua erabakitzeko partida. Nola zaude?

Minarekin. Gaur ere medikuarenean egon naiz, eta gelditu beharra daukat. Azken hilabetean berdin egon naiz, aste osoan pixka bat hobetu eta partidaren ondoren okerrera eginez.

Hilabete batzuk daramatzazu dagoeneko minarekin.

Bai, faszitisarekin zazpi edo zortzi hilabete, baina Bengoetxearen aurkako partida baino bost egun lehenago, entrenamendu batean, okerrera egin nuen. Azken entrenamendu fisikoan, Beasainen, azken ariketako azken korrikaldian, hamar metro falta zirenean, faszitisa dudan puntuarekin zapaldu nuen, eta sekulako mina eman zidan. Hor okerrera egin nuen, eta, gero, Victorren aurkako partidan, berriz ere puntu horrekin zapaldu nuen, eta orduan ere min handia hartu nuen.

Txapelketa guztia mindu xamar egin duzu orduan.

Oso. Minarekin. Partida guztietan minarekin, eta aste tartean... Sei aste izango dira ezin izan naizela entrenatu, ez pilotalekuan ez fisikoan.

Joko mailan eragin al dizu?

Bai. Horregatik finalerdietan sartzean oso gustura gelditu nintzen. Izan ere, eta ezer esan ez arren, minez nengoen. Partida bukatu eta bi egunean oina ia lurrean jarri ezinik... Min handiarekin. Gero, partidan, behin berotuta, sufritzen eusten nion, baina beti deseroso. Okerrena Victorren aurkakoa izan zen, han bai mina.

Binakakoa dator orain, txapelketa luzeena da hori. Arduratzen al zaitu lesioaK?

Txapelketa hasten denean oina orain dudan bezala baldin badut, ez naiz hasiko. Orain nagoen bezala ezin naiz lasterka ibili. Erresonantzia egin nuen, eta Mikel Sanchez medikuak esan zidan gelditu beharra zegoela. Baina lau eta erdikoa zegoen hor, urteak aurrera doaz... Ez nuen utzi nahi. Helburu garrantzitsua lortu dut, hurrengo urtean zerrendaburu izatea, eta ez da gutxi finalerdietan sartzea. Orain, hiru aste ditut, eta, normalean, hobera egin beharko luke, eta, ez badu hobera egiten, lehen asteetan ez dut jokatuko.

Zuk ez duzu gustuko lesioei buruz hitz egitea.

Askotan jokatu izan dut minarekin, eta jokatu badut nik erabaki dudalako da, eta ez dut inolako aitzakiarik jarri nahi. Altuna ni baino askoz hobea izan zen, eta kito.

Txapelketatik kanporatu berritan nola zaude?

Penatuta, normala denez; finalerdi bat zen, baina, beste alde batetik, zein baldintzatan nengoen ikusita, oso pozik. Normalena lehen partidaren ondoren gehiago ez jokatu izana zatekeen.

Figura bat zara, horrekin konformatzen al zara?

Ez. Txapelketa batean izena ematen badut, txapela irabazteko da, eta aurten ere bai. Baina mina ikusita, kontentu nago emaitzarekin.

Minik izan ez bazenu gehiago lehiatuko zinateke?

Ez diot bueltarik ematen horri. Altunaren aurka, behin berotuta, sufrituz jokatzea lortu nuen, eta nik ez dut mina aitzakia gisa jarriko. Merezita irabazi zidan, eta ez dut oinaren aitzakia jarriko.

Garbi duzu Altuna zu baino gehiago izan zela finalerdian.

Bai, zalantzarik gabe. Ondo hasi nintzen, baina zortzigarren tantotik aurrera bera nagusitu zen arlo guztietan. Une garrantzitsuetan hutsak egin nituen; nola jokatu ez nuen asmatu. Altunak, berriz, une bakoitzean egin beharrekoa egin zuen.

Orain, urteekin, hobeto hartzen al duzu kanporatua izatea?

Min ematen du. Baina ni beti izan naiz galtzaile ona, askotan gertatu zait galtzea. Badaude pilotariak buruari buelta pila bat ematen dizkiotenak, eta ni, alde horretatik, ona izan naiz neure buruarekin. Unean pena hartzen dut, baina handik bi egunera positibo pentsatzen dut. Txapelketak segidan datoz, eta hori ona da.

Hirugarren urtez jarraian lau eta erdikoaren finalerdietan galdu duzu. Berriz ere finalean sartzeko moduan ikusten al duzu zeure burua?

Hurrengo urtean ilusio berarekin ekingo diot. Txapela irabaz dezakedala garbi ikusiko ez banu, ez nuke parte hartuko. Zeure burua ikusten baduzu txapelarengatik lehiatzeko moduan ez dagoela, hobe duzu ez parte hartzea. Baina, nire ustez, nire kasuan, ezin dut halakorik pentsatu. Hiru urte dira finalik jokatu gabe, baina hiruretan finalerdietan egon naiz, lau hoberen artean, eta bai, pena da, finala jokatzera ohituta nagoelako, baina ez nabil gaizki. Finalera iristea oso zaila da.

Zu entzunda, ez zaizu burutik ere pasatzen txapelketaren bati uko egitea.

Ez, oraindik ez. Emaitzek ez dute halakorik esaten. Duela bi urte, buruz buru, Irribarriak irabazi zidan, gero txapeldun izan zenak; eta iaz, Bengoetxeak, berriz ere txapeldunak. Entrenamenduetan ikustean txapelketa batean ezin dudala ezer egin, nik egingo diot uko, hori garbi dut, baina oraingoz ez dut neure burua hor ikusten. Egun hori ez da iritsi oraindik. Ezta binaka ere, oraingoz, binakako hamar partidatik zortzitan edo bederatzitan abantailak ematen ari naiz, horregatik uste dut ez dudala halakoetan pentsatu behar.

Urrutikoetxea, Irribarria, Bengoetxea... Zure maila berean ikusten dituzu banaka?

Esan dizut nahikoa. Partida gehienetan nik abantailak ematen ditut. Hori aldatuko da noizbait, iritsiko da garai hori, eta orduan ni izango naiz binaka abantailak beharko dituena. Eta, garai hori iristean, beste urte pare bat jokatu.

Binakakoa hiru aste barru hasiko da. Ilusioz zaude?

Binaka txapel gutxien dudan modalitatea da, eta beti ilusio berezia egiten dit. Ikusi behar zein bikote jartzen dituzten.

Urrutikoetxearen esperimentuaren urtea kenduta, binakakoan atzelari apalagoarekin jokatu duzu. Seinale ona da hori.

Horregatik diot ez dudala horrelako erabakirik hartu behar. Udako nire konbinazioak hor daude. Nik emandako abantailak jasotzeko garaia ez zait iritsi oraindik.

Aipatu al diozu gaia enpresari? Abantailena binakakoan.

Ez. Hori enpresaren kontua da. Pilotariak jartzen diotenarekin jokatu behar du.

Oso denbora gutxian Barriola, Irujo eta Zubieta joan dira, zure belaunaldiko hiru pilotari. Nola sentitzen zara aldagelan?

Zaharrena naizela. Gustura nago gazteekin, baina ia konturatu gabe pasatu da: batzuk erretiroa, beste batzuk etxera... eta kolpetik zaharrena naiz. Nire atzetik hurrengoa Bengoetxea da, eta bost urte gazteagoa da.

Kantxan urteei antzematen al diezu? 38 dituzu...

Oro har, asko ez. Buruz buru eta lau eta erdian pilotari ematen diodan abiaduran agian pixka bat, kolpean... Baina binaka ez nuke esango. Fisikoki, ahaleginen osteko susperraldian beti bezala, edo batzuetan hobeto.

Pilotari buruz zeinekin hitz egiten duzu orain aldagelan?

Gazteekin. Ni gazteei erakusten saiatzen naiz. Tira, «hau astun hutsa da» pentsatuko dute noizbait, baina saiatzen naiz.

Bost urte barru oraingo pilotari horiek egongo al dira puntan?

Berriak ere sartuko dira goian. Arteaga, Peña, Laso, Victor... Badaude gora pausoa emateko aurrelariak, baita atzelariak ere.

Eta zu? Egongo al zara?

Bost urte barru? Ez dut uste, iritsi ahala ikusi beharko. Ni gustura nago egungo mailarekin, eta enpresa ere gustura dagoela uste dut.

Noiz arte duzu kontratua?

2018ko abenduaren 31ra arte.

40 urterekin bai?

Bai, 40rekin bai. Lehen ere hitz egin dut enpresarekin, eta kontratua bukatzen denean pixka bat luzatuko dugula uste dut.

Zein da kalkulua?

Gelditzen zaidan hau, eta beste urte pare bat, 40 edo 41 urtera arte jarraitzea. Ondo baldin banago.

Bukatzeko, zein traza hartzen diozu lau eta erdiko finalari?

Irekia. Biak oso bolada onean daude. Elkarren aurka jokatu dutenean ikusi da Urrutik gaizki hartzen duela Altuna. Izaten dira pilotari batzuk okerrago hartzen zaituztenak, eta orain arte hori pasatu zaio Altunari. Urruti, gainera, sasoi oso onean dago, eta Bilbon jokatzeak konfiantza emango dio. Baina, erne, Altunak ere asko jokatzen du lau eta erdian.

BERRIAn argitaratua (2017/11/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA