astekaria 2017/11/10
arrowItzuli

gizartea

Jazarrien hitza ozentzen ari da

Arantxa Iraola

Jazarrien hitza ozentzen ari da

Sexu jazarpenarekin lotutako lekukotasunak entzun, eta ataka horrexetan irudikatu -oroitu- dute asteotan milaka andrazkok beren burua. AEB Ameriketako Estatu Batuetan piztu zen metxa, Harvey Weinstein zine produktoreari egotzitako hainbat kasurekin; ondoren, egungo plaza publikoaren anabasa erraldoian, usu zabaldu da asteotan #MeToo (baita ni ere) traola. Mundu osoan, alor eta esparru askotan. «Lanaren arloko jazarpen kasuak dira gehienak, eta sexu biolentziarekin lotuta daude», azaldu du Lorena Garridok. Zuzenbide irakaslea da UAB Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, eta genero gaiak lantzen dituen Antigona ikerketa taldean dihardu. Ulergarria egiten zaio kasu bakan batzuei lotuta etorri den erauntsia: «Intimitatearekin lotuta dago sexualitatea, eta ohikoa izaten da isiltzea. Gizartean, gainera, bada sentimendua ez dizutela sinetsiko: ez dela erreakziorik izango». Alde horretatik, logiko deritzo ahotsa altxatzen lehenak orain «ahaldunduta» sentitzen diren eragileak izateari. Izan ere, jazarpena jazo zenean, horretarako «boterea» erabili zuen jazarleak.

«Horrek mendekotasuna dakar. Horregatik pasatzen da, sarri askotan, hainbeste denbora kasu askoren berri izateko; boterea lortzen dutenean erabakitzen dute andre askok ahotsa altxatzea. Gainera, sentitzen dute orain akaso duela hogei urte baino hobeto ulertuko dituztela; kontzientzia bat bada egun hainbat gauza ez normalizatzeko», esan du Garridok. «Halaber, beste bortxa batzuk agerian geratzen ari dira. Onargarria denaren muga eraldatu egin da. Esaterako, orain esaten da: 'Laneko eremuan gaudenean, ez dut nahi zure losintxarik, edo ez dut nire jantziari buruzko iritzirik aditu nahi'... Matxismorik gabe espazio publikoez gozatzea dakar horrek». Horren guztiaren ondorioz, sinetsiko dituzten ustea ere barneratzen ari dira biktimak. «Horregatik, garrantzitsua da orain zabaltzen ari den mezua: 'Nik sinesten dizut'» Bat dator horretan Marisol Ramoneda. Auzitegi psikologoa da, espezialista sexu erasoak jasan dituzten pertsonen artan. «Jendea halakoak kontatzen hasteko, gizarteak aurrera egin duela erakusten duen substratu bat behar da: gizartean, Justizian, kontzientzian... Kontzientzia sozial bat antzeman behar da».

Izan ere, Ramonedak adierazi du halako gertaerak ez direla inoiz ahazten. «Askotan, bizitzako zoko batean uzten dituzu, baina, halako batean, esnatu egin daitezke, hainbat motibo egon daitezke horretarako... Erlazio berri bat hasi duzula, gaur egun beste lan bat duzula, beste posizio bat... Izan daiteke egoera hobean zaudelako, edo egun legeetan babes handiagoa antzematen duzulako...». Onartzen du berak ere «botere harremanak» daudela gertaera horien atzean, eta horrek zailtzen duela azaleratzea. Sexu abusuen biktimak artatzen ditu usu, eta horien atzean sarritan ikusi ditu botere mekanismo horiek: gordin-gordin. «Zuk, esaterako, esaten baduzu: 'Hitz egiten baduzu, zure amari halako gertatuko zaio...', mehatxu bat dago: argi eta garbi. Baina, krisi egoera batean, atera egin daiteke».

Liberatzeko modu bat

Egunotako harrabotsak mesedea ekarriko duela uste du psikologoak. «Mediatikoki oihartzuna duen norbaitek halakoak salatzeak eta argitara ateratzeak lasaitasun bat ematen die egoera hori pasatu duten pertsona askori... zeren eta askotan errudun sentitzen baitira». Sarritan, gainera, ingurukoen isiltasunak zama areagotu egin die. Lan munduan, bereziki, maiz mutu egoten dira lekukoak. «Hor dago jendeak lanpostua galtzeko duen beldurra, ondorioak izatekoa... Eta askotan, gainera, zure hitza bestearen hitzaren kontra dago». Horregatik, defendatzen du hainbat pertsona ezagunen lekukotasunak aditzea lagungarria izan daitekeela jende askorentzat. «Liberazio bat da ikustea beste batzuei ere gertatu zaiela». Goiburu horiek guztiak gizartearen plazaren lehen lerroan ikusita, gainera, erasotzaileek orain arte hainbat portaeraren aurrean sentitu duten zigorgabetasun ia osoa ahultzen antzemango dutela pentsatzen du. «Ondorioak izan behar dituzte halakoek», ohartarazi du. Oso garrantzitsua iruditzen zaio ondorio horietan indarra ipintzea. «Gainerakoan, jazarlea indartu egiten da: ahaltsua egiten da».

Sexualitateak dominazio tresna gisara duen eragina biluztera egin da, beraz, igaro hamarkadetan; tokian tokiko legerietan txertatuz ere joan da hori. Hortik orain ekaitza, Garridoren ustez: «Woody Allen zinema zuzendariak iragarri zuen behin sorgin ehiza bat egongo zela; izan ere, gertatu da usu zigorgabetasunez jazo direla halakoak zinemaren arloan». Eta beste askotan.

Urriaren 25ean, esate baterako, Europako Parlamentuan hizpide izan zuten gaia. Ikusi ahal izan ziren hainbat irudi indartsu; hainbat diputatuk #MeToo ikurra hantxe erakutsi zuten. Bilkura hartan izan zen EAJko parlamentari Izaskun Bilbao. Garrantzitsuak iruditzen zaizkio tankera horretako irudiak; izan ere, sexu jazarpen kasuen berri badute Europako Parlamentuan ere, eta argi utzi behar da horiek gertatzearen arriskutik kanpo ez dela geratzen espazio bakar bat ere. «Joan den urtean hasi ginen informazioa biltzen... Eta nik ez nuen sinesten. Ezin duzu pentsatu hemen botoa eman duen pertsona bat, ardura politikoa duen pertsona bat, nola aritu daitekeen horrelako gauzak egiten, baina gertatzen ari da», onartu du.

Ezin aurrera egin

«Parlamentu honetan ere gizartean gertatzen dena gertatzen da: zoritxarrez». Horren atzean berdintasun falta dagoela argi adierazi behar dela nabarmendu du Bilbaok: andreen eta gizonen arteko berdintasun oraindik desorekatua. Eta hori ikusten da eremurik ahulenetan, eta ustez gorenen daudenetan. Oro irensten du. «Ez da nahiko ardura maila bat lortzea. Ez zaituzte berdin ikusten; zu, posizio batera iritsita ere, ez zaituzte berdintasunez ikusten». Europako Parlamentuan, esaterako, dozena bat kasutik gora atzeman dituzte dagoeneko.

Deigarria -eta kezkagarria- izan zen gaia jorratu zuten egunean Europako Parlamentuko argazkia; diputatuen artean, bost gizon besterik ez. Bilbaoren arabera, berdintasun faltarekin lotutako gaiak lantzean, usu jazotzen dira horrelakoak: andreen esku uzten dira. «Askotan gertatu da hori. Beharbada, hasi behar dugu beste mezu batzuk botatzen: 'Guregatik egiten ez baduzue, egin ezazue zuen alabengatik', esan behar zaie», iradoki du. Izan ere, egoera zinetan larria dela onartu du Bilbaok. «Zifrak ikusita bakarrik; zenbat emakume hilda: egunero, astero, urtero». Horregatik, denok batera jardutea defendatu behar dela uste du. «Hau gizartearen arazo bat da, eta gizon gehiago eduki behar ditugu inplikatuta; azken finean, biolentzia desberdintasunaren ondorio bat da, argiena. Eta ez emakumeen aurkako indarkeria bakarrik; kontuan hartu da behar da, era berean, umeen aurkako indarkeria», ohartarazi du ordezkari jeltzaleak. «Zer gehiago gertatu behar da? Ez dago aski erreakziorik. Baina gizartearen arazo bat da. Beste edozein arlotan horrenbeste hildako ikusita, zein izaten da erreakzioa? Emakumeekin zergatik ez dago erreakzio hori bera? Eta txarragoa dena, zenbait estatutan oraindik biolentziarena gai pribatu bat da. Oraindik ere Europan badaude pausoak emateko», onartu du. Esate baterako, orain gutxi Europako Kontseiluak parekidetasuna aztertzeko egin duen ikerketa du hizpide. 46 estatu aztertu dira. «Bakarrik Finlandiak eta Suediak lortu dituzte finkatutako helburuak». Eta hortxe ikusten du, hain justu, arazoaren muina: paperetatik harago egiteko orduan zailtasunak dituen berdintasunean.

Zigor kodetik harago

Garridok nabarmendu nahi du tankera horretako gertaera asko daudela oraindik ezkutuan, nahiz eta sexu-jazarpen kasu askok hedabideetako izenburu asko bete dituzten egunotan. Argi du «izozmendiaren muturraren» irudia zinetan erabilgarria dela kasu honetan ere. «Botere judizialera kasu asko ez dira iristen», aitortu du. Zigor kodeak ez du, gainera, kasu guztietarako giltzarik. «Halakoei aurre egiteko, aurrena zer neurri hartu erabaki behar da; zigor kodera jo behar den, isun bat jarri behar den, ordenantza baten bidez egin behar zaion aurre... Eta garrantzitsua da erreparazioa ere; esaterako, isun klaseren bat jarrita, edo onartuta horrelakorik ez lukeela bizi behar inork». Nolanahi ere, oraindik ere zigor kodetik aparteko eremuan era horretako neurriak aski «urriak» direla onartu du. Jai eta aisialdi eremuetan, adibidez, protokoloak ugaritu dira azken urteotan sexu erasoen eta jazarpenaren inguruan: ahalegina egin da gizartea alorrean sentsibilizatzeko, eta bideak ipini dira biktimak artatzeko. «Baina usu zigor kodearen ohiko bideetan geratzen dira erantzunak», azaldu du. Eta harago egin beharko litzatekeela pentsatzen du: «Erantzunek egokiak izan behar dute, eta erantzun guztiek ez dute zigor bidetik joan behar». Esploratzeko unibertso oso bat dago hor.

Justiziak haren ebazpenen bitartez ematen dituen erantzunez aparte -eman ditzakeenean, usu preskribatutako kasuak baitira-, biktimek arta «emozionalagoa» ere behar dutela esan du Ramonedak. Osoagoa. «Esaterako, biktimentzat sarri garrantzitsua da ulertzea zergatik hautatu dituzten haiek jazarriak izateko, edo barkamenak hartzen du garrantzia...». Antzeko esperientziak izan dituztenek taldean elkarri laguntza handia ematen diotela ere esan du, eta sustatu behar direla horretarako espazioak. Uste du, hala ere, garrantzitsuena «prebentzioa» dela. «Hainbat enpresa eta unibertsitate ari dira horretan». Sentsibilizazioa giltzarri da. «Eta kanalak irekitzea; jendeak salatu ahal izateko».

BERRIAn argitaratua (2017/11/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA