astekaria 2017/11/10
arrowItzuli

kirola

JOSE MIGUEL IRAZU ETA BEGOñA ZUñIGA

«Edozer emango genuke berriro Behobia-Donostia korritzeagatik»

Julen Etxeberria

«Edozer emango genuke berriro Behobia-Donostia korritzeagatik»

Elkar agurtu bezain laster, barkamena eskatu dio Begoña Zuñigak (Irun, Gipuzkoa, 1951) Jose Miguel Irazuri (Asteasu, Gipuzkoa, 1943). «Sentitzen dut, baina ez naiz zutaz gogoratzen. Gaur jakin dut Behobia-Donostiaren 1979ko lehen ekitaldi hartan zuk irabazi zenuela gizonezkoetan». «Ni bai akordatzen naiz zurekin. Izugarri ibiltzen zinen korrika», bota dio Irazuk. Grabagailua piztu aurretik hasi da elkarren arteko solasaldia. Berehala geratu da oso agerian haien bizitzan zenbateko garrantzia izan duen kronometroak. «Zein marka duzu Behobian?», hasi da Zuñiga. «1.03.55», Irazuk. «Hori asko korritzea da». «Oso fin nengoen. 61,5 kilo eskas». Irazuk azkar hartu dio erreleboa. «Eta korrika egiten duzu oraindik?». «Nahiko nuke, baina ezin dut. Ez dut kartilagorik eskuin belaunean, eta ez dut protesirik jarri nahi. Hori bai, ibili ibiltzen naiz, eta asko». «Ni ere bai, baina aldakak zigortu egiten nau gero». Makina bat urte egin dituzte atletismoaren jirabiran. Kirol horrenganako pasioa darie haien hitzei.

Zer esanahi dauka zuentzat Behobia-Donostia lasterketak?

BEGOÑA ZUÑIGA: Behobia-Donostia entzutean, ilea laztu egiten zait. Nire lasterketa da: nire lasterketa kutunena, maitatuena. Azaroa iritsi eta probaren burrunba handitu ahala, nabaritzen dut nahi gabe urduri jartzen naizela. Zerbait mugitzen da nire barruan. Saihetsezina da.

JOSE MIGUEL IRAZU: Bitan bakarrik parte hartu dut: behin taldeka eta beste behin banaka, irabazi nuena. Hala ere, lasterketa berezia da niretzat ere. Oroitzapen bikainak ditut.

Denak bat datoz: 1979ko ekitaldia mugarri izan zen. Hortik aurrera urtero jokatu da, eta sekulako gorakada izan du. Jabetuta zaudete urte horretan irabazi izanagatik toki berezia duzuela probaren historian?

J.M.I.: Bai, bestela ez zinateke gurekin egongo [barrez]. Orain, serio hitz eginda, nik behintzat barneratua dut lehen aldi hori irabazi izanagatik beti izango dugula tokitxo bat probaren historian.

B.Z.: Nik ere oso argi dut hori. Gainera, sekulako ilusioa egiten dit kazetariak nitaz gogoratzeak. Urtero egiten didate elkarrizketaren bat ordukoa gogoratzeko. Aurten, adibidez, harrituta negoen oraindik inork ez ninduelako deitu. Baina begira, aurten ere gogoratu zarete nirekin.

Zuk, Begoña, toki handiagoa duzu gordea. Lasterketa irabazi zuen lehen emakumezkoa izan zinen.

B.Z.: Hala da, eta niretzat sekulako ohorea da hori. Bai ni eta bai urte hartan lehiatu ziren beste dozena erdi eskas emakumeak aitzindariak izan ginen.

Zazpi mila baino gehiagok parte hartzen dute orain.

B.Z.: Sekulakoa da hori. Gure garaian pentsaezina zen hori. Ni, adibidez, makina bat urtean izan nintzen emakumezko bakarra gizonezkoekin entrenatzen. Orain, ordea, asko eta asko daude. Albiste bikaina da hori.

Egin atzera 38 urte. Zergatik erabaki zenuten Behobia-Donostian parte hartzea?

J.M.I.: Gurasoei entzunda nien askotan Manuel Azpiroz izeneko aiar bat Behobia-Donostia izeneko lasterketatzarra irabazitakoa zela —1924an nagusitu zen—. Gainera, Behobia-Donostian parte hartu aurreko urtean aiar bati, Landarbideri, apustua irabazi nion Aia-Getaria joan-etorria zeinek azkarrago egin, 33 kilometro inguru. Bost minuturen aldea eman nion, eta zazpi kendu nizkion. 1.46.06ko marka egin nuen. Sasoi benetan nengoen. Horregatik, 1979an Donostiako maratoian eta Behobian lehiatzea erabaki nuen. Behobia irabazi egin nuen, eta maratoian laugarren izan nintzen, lehen euskal herritarra, hain zuzen. Hori bai sasoia nuena orduan!

B.Z.: Nik denbora asko neraman atletismoan buru-belarri; batez ere krosean aritzen nintzen. Baina errepidean entrenatzen nintzen ia beti, eta ondo moldatzen nintzen asfalto gainean ere. Behobian bizita, gainera, oso gertukoa nuen lasterketa. Azkenean, konbentzitu egin ninduten.

Nola gogoratzen dituzue lehen ekitaldi horretan parte hartu aurreko orduak?

J.M.I.: Oso goiz altxatu nintzen. Ez ziren goizeko bostak izango. Orduan, 08:30ean zen irteerako ordua —10:15ean da aurten—. Gosaltzeko, gurina pixka bat jan nuen, ogiarekin, eta hori amaitutakoan, hiru legatz xerra. Behin gosalduta, etxe ingurutik korrikaldi bat egin nuen, berotzeko. Etxera iritsitakoan berriro dutxa bat hartu nuen. Ordurako anaia bat zegoen altxatuta. Berak eraman ninduen autoz Behobiara.

B.Z.: Nire gosaria askoz samurragoa izan zen: laranja zuku bat eta kafesne bat; legatzik ez [barrez]. Gosaldutakoan, atseden hartu nuen. Ez nuen inora joan beharrik. Behobian bizi nintzen, eta etxeko atarian bertan neukan irteera marra. Beraz, sobera nuen denbora, onerako eta txarrerako; oso urduri jartzen nintzen beti korrika egiten hasi aurretik.

J.M.I.: Egun horretaz gogoratzen dut sekulako hotza egin zuela, eta izotz mordoa zegoela.

B.Z.: Ni ere horrekin gogoratzen naiz: hotz handia egin zuela.

Eta lasterketaz zer gogoratzen duzue?

J.M.I.: Bada, irteeran, lehen lerroko izkin batean jarri nintzela. Ordurako banekien zein izango zen nire aurkari nagusia, Luis Yerga irundarra. Berak ere bazekien ni ere oso kontrario arriskutsua nintzela, eta, horregatik, berak ere gauza bera egin zuen, kontrako izkinean adi-adi jarrita. Irteera eman eta berehala jarri ginen elkarren ondoan. Ziztu bizian joan ginen lehen hamar kilometroetan. 30.28ko marka egin genuen.

B.Z.: 30.28? Hori egurra emateko modua.

J.M.I: Beharko, irabazi nahi bagenuen. Yergak berak esan zidan: «oso azkar goaz». Eta nik erantzun nion «bada orain arte azkar joan baldin bagara, ikusiko duzu orain, orain hasiko da lasterketa». Nor baino nor aritu ginen ia amaiera arte. Zorionez, indarrez Yerga baino hobeto iritsi nintzen azken txanpara, eta horri esker irabazi nuen. 1.03.55ko marka egin nuen. Bost segundora helmugaratu zen Yerga.

B.Z.: Nik errazago irabazi nuen. Banekien ez nintzela emakumezko bakarra lehian, baina inongo momentutan ez nuen ikusi beste emakumezkorik lasterketan, ezta irteeran ere.

Eta nola zenekien ez zenuela baten bat aurretik?

B.Z.: Bada, irteeran, gizonezkoen lehen lerroaren atzean jarri nintzelako, eta hortik ez zelako emakumezkorik ageri. Gero, behin korrika hasitakoan esan zidaten ni nintzela aurrena. Oso lasai egin nuen korrika; konfiantza handia nuen neure buruarengan. Garai hartako iraupeneko korrikalaririk onenetakoa nintzen.

J.M.I.: Hori egia da. Izugarri ibiltzen zen.

Orduko hartan ere bazegoen giroa?

J.M.I.: Itzela. Ibilbide guztian jende mordoa egon zen errepide bazterrean animatzen.

B.Z.: Lasterketaren egunean beti izan da sekulako giroa, bai lehen eta bai orain.

Begoña, zu erabat harrapatu zaitu lasterketak. Dozena bat aldiz parte hartu duzu.

B.Z.: Lehen esan dut: nire probarik kutunena da. Urtero saiatzen nintzen egun horretarako sasoi betean egoten. Kosta ahala kosta irabazi nahi nuen. Hirutan irabazi dut, eta beste hainbat alditan izan naiz podiumean.

Zu, Jose Miguel, behin bakarrik aritu zinen banaka. Zergatik?

J.M.I.: Anaiek konbentzitu ninduten gehiago ez joateko. Behin parte hartuta eta irabazita, galtzeko asko nuela esaten zidaten. Gainera, 35 urte nituen jadanik. Azkenean, kasu egin nien. Pena dut gehiagotan parte hartu ez izanaz. 1980an, adibidez, aurreko urtean baino hobeto nengoen. Ziur irabaziko nuela, baita marka hobea egin ere.

Lasterketaren egunean joaten zarete ikustera?

B.Z.: Ez.

J.M.I.: Ez.

Zergatik?

B.Z.: Nik telebistaz ikusten dut. Ezin dut bertatik bertara ikusi, sekulako pena ematen baitit hor ez egoteak.

J.M.I.: Niri berdina pasatzen zait. Joango nintzateke ikustera, gustatzen zaidalako, baina ezin. Oso gaizki pasatzen dut. Neure burua irudikatzen dut hor, baina badakit ezinezkoa dela. Edozer emango nuke berriro korritzeagatik.

B.Z.: Nik ere bai.

Seme-alabak dituzue biek. Baten batek jarraitu dio zuen bideari?

J.M.I.: Nik hiru alaba ditut, eta bakar bat ere ez dabil serio atletismoan. Korrika egiten dute, baina izerditzeko, besterik ez. Nik inoiz ez diet esan korri egiteko.

B.Z.: Nik bi seme ditut, bikiak, eta oso kirolzaleak. Futbolean jokatu izan dute; ez die erakarri atletismoak. Bat orain hasi da pixka bat korrika, baina kasualitatea: lesionatu egin berri da.

1979ko ekitaldi hartan mila lagunek hartu zuten parte, eta igande honetan 32.000tik gora. Zer iritzi duzue probak izan duen bilakaeraz?

J.M.I.: Jende gehiegi dela.

B.Z.: Eskuetatik joan zaiela kontua.

J.M.I.: Dirua irabaziko dute.

B.Z.: Noski, baina hori alde batean utzita, nik uste dut ikusleari ere luze egiten zaiola horrenbeste jende aurretik pasatzen ikustea.

Ibilbidea ere aldatu da.

J.M.I.: Hori ere ez zait gustatzen. Nik nahiago nuen aurrekoa.

B.Z.: Nik ere gustukoagoa nuen aurrekoa.

Gogorragoa ere bada lehengoa.

J.M.I.: Bai, eta? Bada, sufritzera.

B.Z.: Horixe, hortzak estutzera.

Zati kutunen bat duzue?

J.M.I.: Mirakruzko aldapa. Hortzak estutu beharra zegoen hor.

B.Z.: Irungoa nuen gustukoen. Familia eta lagunak bertan izaten ziren.

Nola entrenatzen zineten?

J.M.I.: Nik 30 kilometro egiten nituen egunero, Asteasutik Lasartera eta buelta. Errepidean entrenatzen nintzen beti, N-1eko bazterretik. Pentsaezina da hori orain.

B.Z.: Nik ere egurra ematen nion gorputzari, hogei kilometro pasatxo egun askotan. Serieak egiten nituen ere, eta pistako lana.

Nola egiten zenuten lana eta entrenamendua uztartzeko?

B.Z.: Ni zortekoa nintzen. Gimnastika eskolak ematen nituen eskoletan eta elkarteetan, eta, beraz, egun osoa ematen nuen kirola egiten.

J.M.I.: Ardo-saltzaile nintzen ni, eta nola edo hala lortzen nuen tartea entrenatzeko.

Elikadura zaintzen zenuten?

B.Z.: Nik ez. Hori bai, gehiegikeriarik ez nuen egiten.

J.M.I.: Hasi nintzenean ez nion garrantzi handirik ematen elikadurari. Haragi asko jaten nuen. Baina gero kalte egiten zidan, korrika hasi aurretik botaka egiteko gogoa izaten nuelako. Miguel Mari Etxabarren Realeko mediku izandakoarengana joan nintzen, eta berak kolpe batetik kendu zidan haragia. Mesede galanta egin zidan.

Jendea harritu egiten zen zuek kalean entrenatzen ikustean?

J.M.I.: Ez.

B.Z.: Nire kasuan bai. Ni hasi nintzenean, Arrasaten, apenas aritzen zen emakumezkorik atletismoan. Entzun behar izan nituen gauza batzuk horregatik.

J.M.I.: Bai zera! Zergatik?

B.Z.: Etxean geratu behar nuela esaten zidaten. Zorionez, asko aldatu da egoera. Orain, 7.000 emakumezko baino gehiago irteten dira, eta egunerokoan ere makina bat emakumezko aritzen dira korrika. Itzela da hori.

BERRIAn argitaratua (2017/11/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA