astekaria 2017/11/10
arrowItzuli

ekonomia

Burdinak oinez egin zuenekoa

Lander Muñagorri Garmendia

Burdinak oinez egin zuenekoa

Hamaseigarren eguna zuten oinez. San Sebastian de los Reyes (Espainia) herrira iritsi ziren, eta hara non agertu zitzaien gizon bat haurra esku batean eta bestean itsulapikoa zuela. Euren aurrean apurtu zuen, eta barruan zeukan diru guztia eman zien Bizkaiko Labe Garaietako langileei. Bertan zegoen Nestor Alvarez, eta ibilbidean zehar ikusitako halako elkartasun keinuek zirrara bereziak sortu zizkiola gogoratzen du. «Labe Garaietako langileek ziurrenik gizon haren baldintza ekonomikoak baino hobeak izango genituen, baina enpresa ez ixteko generaman borrokari babesa erakutsi zuen; elkartasun handia jaso genuen».

25 urte igaro dira eszena hark Alvarezen bihotzari atximurka egin zionetik. Beste horrenbeste urte igaro baitira Bizkaiko Labe Garaietako 500 langilek Bilbotik, eta Ensidesako beste 200 beharginek Avilesetik (Espainia) Madrilera arteko bidea oinez egin zutenetik. «Enpresako zuzendaritza eta Espainiako Gobernuarekin batera izan genituen bileretan ikusi genuen enpresa ixteko erabakia hartuta zegoela kasik», dio Alvarezek. Horregatik erabaki zuten ordura arte egindako lanuzte, manifestazio eta bestelako mobilizazioek baino oihartzun mediatiko handiagoa emango zien mobilizazio bat egitea.

Bien bitartean, Europako Batasunetik presio egiten ari ziren Espainiako Gobernuari altzairu ekoizpena jaisteko eskatuz, Europan sobera ekoizpen zegoela argudiatuta. «Gerora ikusi da argudio horrek ez zuela zentzurik, esportatu beharrean altzairua inportatu egiten baitzen orduan, eta baita gaur egun ere», azaldu du Xabier Barrutia EHUko ekonomia aplikatuko irakasleak. Bere doktore tesia Bizkaiko Labe Garaien inguruan egin zuen, eta enpresa itxi zen momentuan bideragarria zela defendatzen du. Baina duela 25 urte Espainiako Gobernuaren jarrera ez zen hura, eta Europatik zetozen mezuak bere egiten zituenez, jarrera hori aldatzeko egin zuten martxa langileek, Alvarezen arabera.

Horretarako, Bierzoko (Espainia) meatzariek 1992. urteko martxoan egin zuten mobilizazio moldeari eutsi zioten. 1992ko urriaren 9an Bizkaiko Labe Garaietako langileak Bilbotik abiatu ziren Madril aldera, eta Ensidesako beste 200 beharginek beste horrenbeste egin zuten Avilesetik. Eta hedabideen oihartzun hori bermatzea lortu zuten.

Mikel Martinez Labe Garaietako langile ohia zen, eta martxa osoa egin ez bazuen ere, lehen kilometro zein azken kilometroetan han egon zen. «Jendea ilusio handiarekin joan zen, eta martxan zegoen jendeak egoera bideratuko zenaren itxaropena zuen», gogoratzen du. Urriaren 26an iritsi zen martxa Madrilera, eta garaiko kroniken arabera 50.000 pertsonek egin zuten bat ibilaldiaren amaierarekin. «Jendeak bidetik animoak ematen zizkigun, enpresa ixtearen aurkako borrokan jarraitzeko esaten zigun, eta horrek asko lagundu gintuen», Alvarezen arabera. Bereziki Miranda de Ebrora (Espainia) iritsi zireneko unea ekarri du gogora: «Jendea etxeetako balkoietara atera zen guri harrera egitera, pasabide bat egin ziguten, eta txalo artean hartu gintuzten. Langileen borrokaren mugimenduan ekarpen garrantzitsua egin genuela iruditzen zait».

Ilusiotik desilusiora

Indar handiarekin eta herritarren babesa atzean sumatzen zutela abiatu ziren Bilbotik Sestaoko (Bizkaia) eta Lesakako (Nafarroa) lantokietako beharginak. Ilusioa arnastu zitekeen lehen urrats horietan, eta baita azkenengoetan ere. Bi aste eta erdiko ibilaldiaren ostean Madrilera iritsi eta Espainiako Gobernuko arduradunekin bilera egin zuten Bizkaiko Labe Garaietako eta Ensidesako langileek.

Ordura arte jasotako babes eta animoetatik urrun, Bizkaiko enpresa ixteko hartu zuten erabakia berretsi besterik ez zieten egin langileei. Europan altzairu gehiegi zegoen argudioaz gain, labe garaien teknologia zaharkitua geratu zela zioten gobernuko iturrietatik, eta orduko teknologia altzairutegi konpaktoena zela. «Hori ere ez da egia», azaldu du Barrutiak, «gaur egun Alemania bezalako herrialde garatuan labe garaien teknologia erabiltzen da hainbat altzairutegitan». Argudioarekin bat egin ala ez, ordurako erabakia hartua zegoen.

Alvarezen ustez, gutxien eragin ziezaiokeen lurraldea kaltetzea erabaki zuen Espainiako Gobernuak: «Azken finean, Bizkaiko ekonomia Asturiaskoa baino dibertsifikatuagoa zegoen orduan, altzairuaz gain sektore gehiago zituen; baina Asturiasen, altzairugintzaz aparte, meategien sektorea besterik ez zeukaten». Horregatik, Ensidesa ixteak Asturiasi kalte gehiago egingo ziolakoan, Bizkaiko Labe Garaiak ixtea erabaki zuen Espainiako Gobernuak. «Bide batez, Euskal Herriari subiranotasun ekonomikoa kendu nahi zioten horrela», Barrutiaren arabera. Baina hori interpretazio bat besterik ez dela argitu du EHUko irakasleak.

Langileen babesa eta bidean jasotako animo eta ilusioak gutxirako balio izan zuen, beraz, Bizkaiko Labe Garaien etorkizuna bermatzeko. Itxi zen momentuan lehiakorra zen arren, hura ixtea erabaki zuen Espainiako Gobernuak Asturiasi onura egitearren. Eta hala ere langile borroken mugimenduan ekarpen garrantzitsua egin zuela dio Alvarezek. Hori esan ondoren dator bere azalpena: «Labe Garaiak itxi ziren arren, ez zen kaleratzerik egon, eta hori mobilizazioaren eraginez izan zen». Erretiro aurreratua hartu zuten 6.000 langiletik gehienek, eta gainerakoak beste lantegi batzuetan birkokatu zituzten. «Erretiroen baldintzak hobetzea lortu genuen martxari esker».

Baldintza horiek onartu ala ez, langileekin egindako batzar batean onartu ziren. «Gogoan dut batzar hori, tentsio handikoa izan baitzen». Eskuz gora egindako bozketa batean boto gutxi batzuen aldearengatik labe garaiak ixtearen truke baldintza horiek onartzeari baietza eman zioten langileek. Alvarez CCOOko ordezkaria zen altzairu enpresan, eta erabakia onartzea kosta egin zitzaiela onartu du. «Azkenean sinadurara joan ginen». Baina baldintza horiek lortzeko martxa egin izana ezinbestekoa izan zela uste du.

Etorkizun ezberdin bat

Erretiro hobeak ala ez, labe garaiak itzali zirenean eskualdea bera gainbeheran sartu zela dio Martinezek. «Babcock [Wilcox] itxi zuten, Navalen egoera ikusten da nolakoa den, berdin ACBrena, eta enpresa txiki ugari itxi dira». Desindustrializazio prozesua deitu izan zaiona, hain zuzen. «Eta Ezkerraldeak oraindik bizirik jarraitzen badu, labe garaien itxieraren ondorioz onartutako erretiroen baldintza onengatik da; baina zer gertatuko da Bizkaiko Labe Garaietatik erretiratutako langile horiek hiltzen direnean?». Galderari isiltasun batekin erantzun dio.

Burdinaren martxa amaitu zenetik 25 urte bete ziren pasa den astean, eta urtemuga hori dela eta Lesakan hainbat jardunaldi egin zituzten. Bertan izan zen Barrutia, eta ikur bezala izan zuen garrantzia nabarmendu zuen bertan. «Baina martxa bera ez zen hain garrantzitsua izan, itxieraren ikur bezala geratu baita orduz geroztik». Alegia, labe garaien itxiera saihestea lortu ez izanagatik ez zuen arrakastarik izan martxa hark Barrutiaren ustez. Errentagarria zen enpresa bat itxi zela gaitzetsi du, eta «erabaki politikoa» izan zela errepikatu.

Modu batera ala beste batera izan, Euskal Herriko ekonomiaren ikono zen enpresaren itxierak eredu ekonomiko berri bati ateak ireki zizkion Alvarezen ustez. Zerbitzuen gizarteari bide eman zion itxiera hark, nahiz eta «industriak oraindik pisu handia izan». Eta horrek berarekin prekaritatea ekarri du: «Mende bateko borroken eraginez lan baldintza oso duinak lortu genituen, eta bagenekien hilero soldata finko bat jasoko genuela, bere opor eta denekin; gaur egun, ordea, lan baldintzak gero eta kaskarragoak dira, eta hori da labe garaien itxierarekin galdu zen gauzarik preziatuenetakoa». Ordutik gizartea aldatu egin dela dio, «norberak bere buruari gehiago begiratzen dio», eta horregatik uste du duela 25 urteko martxa hori egun ezingo zela errepikatu, «elkartasun gutxiago dagoelako». Itsulapikoa hautsi zuen gizon hura etorri zaio burura berriz ere.

BERRIAn argitaratua (2017/11/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA