astekaria 2017/11/10
arrowItzuli

ekonomia

'Paradisuko paperek' atzera agerian ipini dute zerga iruzurraren neurria

Irune Lasa

'Paradisuko paperek' atzera agerian ipini dute zerga iruzurraren neurria

Paradisuan deseroso dabiltza egunotan. ICIJ nazioarteko ikerketa kazetaritzako sareak publiko egin ditu diruak paradisu fiskaletan dituzten edo izan dituzten hainbat lagun eta enpresen izenak. Panamako paperak gehiago ziren orain plazaratu direnak baino: 2,6 terabyte informazio zuten haiek, eta paradisuko paperek, berriz, 1,4 terabyte hartzen dituzte. Baina agiriotan ageri diren izenak maila gorenekoak direla esan daiteke. Izan ere, Appleby abokatu kabineteak -harenak dira agiri gehienak- askoz ere ospe handiagoa du sektorean, Mossack Fonsecak baino.

ZER DIRA PARADISUKO PAPER DIRELAKOAK?



2016. urtean Alemaniako Suddeustsche Zeitung egunkariak lortutako dokumentu sorta bati eman zaie Paradise Papers izena (paradisuko paperak). Panamako paperekin gertatu zenaren antzera, egunkariak ez du inolako argibiderik eman agiriak pasatu dituen pertsona edo taldeari buruz. Behin informazioa emanda, iturriak ez du beste zereginik izan paperen azterketan. Guztira 13,4 milioi agiri dira.

ZER DA ICIJ, ETA ZER EGIN DU KONTU HONETAN?



Suddeustsche Zeitung-ek elkarlanean aritzea proposatu zion ICIJ nazioarteko ikerketa kazetaritzako sareari (International Consortium of Investigative Journalist), milioika agiriak behar bezala aztertu ahal izateko; Panamako paperekin ere partzuergoan egin zuten lan komunikabideek eta kazetariek. Paradisuko paper hauekin, 67 herrialdetako ehun bat komunikabide aritu dira elkarlanean.

ZER DAGO PAPERETAN?



Hiru zati handitan bana daitezke 13,4 milioi agiriak: 6,8 milioi paper Appleby abokatu kabinetearen eta haren parte izandako Estera konpainiaren barne agiriak dira; beste 566.000 paper Asiaciti Trust kabineteko barne agiriak dira; gainerako 6,2 milioi agiriak 19 jurisdikziotako merkataritza erregistro konfidentzialetako agiriak dira. Agiri zaharrenak 1950eko hamarkadakoak dira, eta berrienak, 2016. urtekoak.

ZER DA APPLEBY?



Egoitza nagusia Bermudan duen nazioarteko abokatu bulegoa da Appleby. 1890eko hamarkadan sortu, eta, gaur egun, sektoreko hamar konpainia handienen artean dago. Hamar egoitza ditu munduan zehar, guztiak paradisu fiskaletan. Aholkularitza eta laguntza ematen die enpresei, finantza erakundeei eta jende aberatsei offshore jurisdikzioetan konpainiak ilunak erregistratu eta, horrela, besteak beste, zerga gutxiago pagatu ahal izateko. Paperetan ikusten denez, Applebyren bezero gehienak estatubatuarrak dira, eta asko dira britainiarrak ere.

ZER DA ASIACITI TRUST?



Konpainia eta egitura ilunak sortzen dituen beste kabinete bat da. Singapurren du egoitza nagusia, eta bulegoak ditu zenbait paradisu fiskaletan.

ZEIN DIRA PARADISU FISKALAK?



Paradisu fiskalak dira zenbait herrialderentzat, edota jurisdikzio opakutzat jotzen dira behintzat. Hemeretzi ageri dira paper hauetan: Antigua eta Barbuda, Aruba, Bahamak, Barbados, Bermuda, Kaiman uharteak, Dominika, Grenada, Saint Kitts eta Nevis, Santa Luzia, Trinidad eta Tobago, Saint Vincent eta Grenadinak, Cook uharteak, Marshall uharteak, Samoa, Vanuatu, Malta, Libano eta Labuan.

ZER DIRA OFFSHORE KONPAINIAK?



Jatorrizko herrialdean zerga gutxiago pagatzeko, edota zerga bat ere ez pagatzeko beste jurisdikzio abegikorrago batzuetan sortzen diren entitate ilunak, opakuak. Sozietateak izan daitezke, funts fiduziarioak, interes pribatuko funtsak... Dirua pilatzeko balio dezakete, erosketak egiteko, mozkinak desbideratzeko...

ETA ZEIN AGERI DIRA PAPERETAN?



Aste honetan joango dira ICIJeko hedabideak informazio gehiago plazaratuz. Oraingoz, beste askoren artean, Elizabeth II.a Ingalaterrako erregina agertu da paradisuko paperetan. Hamar milioi libera bide ditu offshore konpainietan (11,3 milioi euro). Madonna kantaria, U2 taldeko kantari Bono, Jordaniako Noor erregina...

Politikari eta agintarien izenak ere agertu dira paperetan, hala nola Gerhardt Schroeder Alemaniako kantzilerra izandakoa, Juan Manuel Santos Kolonbiako egungo presidentea, Argentinako Finantza ministroa, Brasilgo bi ministro, Bartzelonako alkate ohi Xavier Trias...

Donald Trumpen administrazioko buru bat eta Vladimir Putinen suhia offshore konpainia bateko partaide gisa ere agertu dira. Era berean, Glencore, Apple eta Nike multinazionalei buruz agiriak ere badaude paperetan.

BERRIAn argitaratua (2017/11/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA