astekaria 2017/11/10
arrowItzuli

mundua

NEGUKO JAUREGIA HARTZERA

Mikel Rodriguez

NEGUKO JAUREGIA HARTZERA

Asteartean beteko da mende bat Errusiako iraultzaile sozialistek gobernuaren egoitza zen Neguko Jauregia hartu zutenetik, eta gizateriaren historiak ordura arte inoiz ikusi gabeko antolaketa politiko, sozial eta ekonomiko bati hasiera eman ziotenetik: estatu sozialista, langileen estatua. XX. mendea baldintzatu zuen gertakari historikoa izan zen. SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna izan zen iraultza horren emaitza zuzena. Badira ia 26 urte SESB desagertu zenetik, baina 1917ko gertakarien ondorioak bizirik daude mende baten ondotik. Errusiako Iraultza itxaropen izpi bat da oraindik ere Neguko Jauregi garaikideak hartu nahi dituztenentzat.

LANGILE MUGIMENDUA

Iraultza bat sozialismoan

Sozialismotik eta langile mugimendutik sortu zen iraultza bat izan zen Errusiakoa, Karl Marx pentsalari alemaniarraren Manifestu komunista (1848) eta Kapitala (1867) lanen teorietatik abiatuta garatu zen mugimendu oso baten ondorioa. Boltxebikeen iraultzak, ordea, sozialismoari eta langileen mugimenduari ere aldaketa nabarmenak eragin zizkion. «XIX. mendearen azken herenean antolatu ziren alderdi sozialistek aurrerapenaren ideian iltzatu zuten beren fedea: industrializazioak langile klasea hedatuko zuen etengabe, eta langile klasea antolatuta, kapitalismoaren kolapsorako prest egotea zen egiteko nagusia», azaldu du Gorka Etxebarria EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlariak. Etxebarriak dioenez, Errusiako Iraultzak «zartatu» egin zuen alderdi sozialista horien ikuspegia.

Sozialismoaren historia labur bat liburuaren egilea da Etxebarria (Gite-Ipes, 2013). «Iraultzak inperio bat ordezkatu zuen langile kontseiluen legitimitatean oinarritutako gobernu sozialista batengatik», azaldu dio BERRIAri. «Beraz, aldaketa politiko handiak azkar batean gertatzeko aukera zabaldu zuen, Frantziako Iraultzaren garaian [1789] gertatu bezala». Etxebarriaren arabera, boltxebikeen iraultzak erakutsi zuen «langile mugimenduaren ahalmen politiko izugarria», eta alderdi sozialisten erreferentzialtasuna indartu zuen.

Hala ere, iraultzak lehenbiziko zalantza handia sortu zien alderdi horiei: Errusiako eredua babestea, ala ez. «1918an hasita, herrialde guztietan alderdi komunistak sortu ziren. Horiek ordura arteko alderdi sozialistekin apurtu zuten, eta Moskun erdigunea zuen III. Internazionalean izena eman zuten». Bertze alderdi sozialistetatik ezaugarri jakin batzuek bereizi zituzten: «Gainontzeko alderdiekin aliantzak apurtu zituzten, legezko eta legez kanpoko bideak onartu zituzten, antolakuntza eredu boltxebikea hartu zuten, eta, nazioartean, kolonien independentziaren aldeko jarrera sustatu zuten».

Mendebaldeko Europan langile mugimenduak ez zuen iraultzarik egin, baina Errusiakoaren eragina handia izan zen. «1930eko hamarkada hasieran, Eskandinaviako alderdi sozialistek beren aldarrikapenak onartzera behartu zituzten patronalak. Bigarren Mundu Gerra bukatzean (1945etik), berriz, gauza bera gertatu zen Ingalaterran eta Europako ipar-mendebaldean». Horren ondorioz eratu zen Europako herrialde kapitalistetan zerbitzu publikoen ongizate estatua. EHUko ikerlariaren ustez, «langileen borrokak eta antolakuntzak behartuta, kontrairaultzak egin zituen kontzesio derrigorrezkoen ondorio izan zen».

SESB eta haren arrimura sortutako bloke sozialista 1989-1991 artean desegin ziren. Etxebarriaren ustez, SESBen desegiteak «garrantzi ideologiko, praktiko eta sinboliko handia» izan du, «sistema kapitalistatik kanpo jendartea beste era batera» antolatu daitekeela erakutsi zuelako, eta «kontrairaultzaren aurkako borrokan subjektu aktibo» izan zelako, baina langile klasearen kontzientzia galeran bertze ezaugarri bat iruditzen zaio erabakigarriagoa: «Nire ustez, lotuago dago 1970eko hamarkadatik bizi dugun desindustrializazioarekin. Izan ere, langile kontzientzia sozialista 1890eko hamarkadako industria berriekin batera finkatu bazen, industria horiek gure paisaiatik eta egunerokotik desagertzean sartu zen krisi sakonean».

EKONOMIA

Langileen estatua

Boltxebikeek gizartea eraldatzeko hartu zuten boterea, eta, eraldaketa, egitura ekonomikoa iraultzeak eraginen zuen. «Iraultzaren ondotik estatu bat aldarrikatu zen. Hori egun batetik bestera egin daiteke, nolabait esateko. Gizarte eta ekonomia sozialista baten eraketa, ordea, ez», azaldu du Xabier Arrizabalo Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Zientzia Ekonomikoetako irakasleak.

Errusiako ekonomia nekazaritzan oinarritzen zen, eta, Mendebaldeko inperioekin konparatuta, hagitz gibelatua zegoen. Arrizabaloren arabera, boltxebikeek ongi aztertua zuten egoera. «Leninek testu batean aztertu zuen, Kapitalismoaren garapena Errusian. Ekonomia feudal bat zela ziotenei Leninek esan zien ekonomia kapitalista berezi bat zela: garapen kapitalistako eremuak zeuden ozeano feudal atzeratu batean, eta elkartzen zituen haria zen atzerriko potentziekin zuten menpekotasuna». Gaur egun hainbat herrialdetan dauden kontraerran ekonomikoak izendatzeko garapen orekagabea terminoa erabiltzen dela azaldu du Arrizabalok. «Kontzeptu teoriko hori Trotskik formulatu zuen. Zergatik? Errusiako ekonomia sailkatu behar zutelako, zer egin jakiteko».

Boltxebikeak boterea hartu eta berehala hasi ziren aldaketen oinarria paratzeko dekretuak jaulkitzen. «Gaur egungo estatu eta potentzia aurreratuenek ere konpondu ez dituzten auziei heldu zieten». Ekonomiari dagokionez, hainbat zerrendatu ditu Arrizabalok: lurren nazionalizazioa, zortzi orduko lanaldia, bankaren nazionalizazioa... «Jabetza pribatuaren eta errentagarritasunaren logikatik libratu ziren, eta, horren bidez, horren inguruan eraikitako sistema instituzional, juridiko eta kulturaletik».

Errusiak iraultzaren ondoren eduki zuen garapen ekonomikoa modu informalean irudikatu ohi da erranez Erdi Aroko herrialde bat zela, eta lau hamarkadaren buruan pertsona bat espaziora bidali zuen lehenbiziko potentzia bihurtu zela. «Datuak izugarriak dira. 1913tik 1920ra, I. Mundu Gerra hasi aurreko urtetik gerra zibileko azken urtera, produkzio industriala hiru laurdenean murriztu zen. 1925ean, %75 batean zeuden, gerra aurreko maila berreskuratu gabe. 1929an, berriz, 1913koa bikoiztu egin zuen».

Arrizabaloren arabera, planifikazioan egon zen garapen horren gakoa. «Gizarte kapitalista batean, produkzioa, inbertsioa eta metatzea desordenatua da, norbanako kapitalistek erabakitzen dute zenbat inbertituko duten irabazien perspektiben arabera. Gainera, baliabideen zati handi bat xahutu egiten da ongizateari erantzuten ez dioten jardueretan: armagintza, publizitatea, langabezia... izan litezke planifikazio gabezia horren adierazleak».

Dena den, prozesu sozialak ez direla «automatikoak» oroitarazi du Arrizabalok, eta iraultzak zailtasun eta sufrimendu nabarmenei egin behar izan zien aurre. «Odoluste batetatik» abiatu zen I. Mundu Gerran, eta gerra zibilak egoera ekonomikoa larriagotu zuen. Horrekin batera, historiako bertze prozesuetan bezala, «indar eraldatzaileen eta eraldatu nahi ez zuen sistemaren» arteko talkak ondorio latzak utzi zituen. «Gaur egun, aldea gero eta handiagoa da gizarteak lortu dituen garapenaren eta aurrerapenen, eta herritar gehienen artean. Ez dakit inori esango niokeen sobietar iraultza eredua denik, baina sozialismoak ortzimuga ezberdin bat erakusten du».

EMAKUMEEN EGOERA

Emantzipazioan aitzindari

Emakumeek gizartean zuten egoeran erabateko aldaketa eragin zuen boltxebikeen iraultzak, eta Errusian ez ezik, mundu osoan ere izan zuen eragina. Baina ez ziren iraultzak emakumeei egindako kontzesioak izan, emakumeak eraldaketaren protagonista izan baitziren, hasieratik. «Iraultza 1917ko martxoaren 8an hasi zen [egutegi gregorianoarekin], Emakumeen Nazioarteko Egunean, Petrogradeko ehungintza lantegietako emakumeen manifestazioekin eta grebarekin», oroitarazi du Josefina L. Martinez historialari eta kazetariak. Iraultza piztu zuen «txinparta» izan zirela erran du, eta martxotik azarora arteko tartean ere mobilizazio masiboak egin zituzten. Gerra bukatzea, lan baldintza duinak eta botorako eskubidea zituzten aldarrikapen nagusiak. «Milaka emakume boltxebikek aitzineko urteetan militantzia lan sakon bat egin zuten, bertzeak bertze emakumeen egunkariak sortuta».

Bertze prozesu historikoekin gertatu bezala, historiografia nagusiak gizonen itzalpean utzi ditu emakumeak, baina 1917ko iraultzan liderrak izan ziren hainbat andre. «Sozialismoaren tradizioa sorreratik zegoen lotuta emakumeen emantzipazioari. Flora Tristanen lanetik Marxen eta Engelsen lanetaraino ikus daiteke hori, eta, ondoren, buruzagi emakume sozialisten zerrenda luzearekin: Clara Zetkin, edo boltxebike errusiarren kasuan Aleksandra Kolontai, Jevgenia Bosch, Inessa Armand eta bertze anitzekin».

Martinezen arabera, iraultzak «mundu berri bat» ireki zuen emakumeentzat. «Mendebaldeko ia herrialde bakar batean ere lortu ez zituzten eskubideak konkistatu zituzten. Gobernu iraultzaileak berehala dekretatu zuen dibortzio librea eta baldintzarik gabea, eta ezkontza zibila ezarri zuen Eliza harreman pertsonalen eremutik kanporatzeko. 1918an familia kode bat onartu zuen, ordura arte nazioartean onartutako aurrerakoiena —emakumea eta gizona legearen aitzinean berdintzat hartzen ziren, eta seme-alaba guztiei estatus bera onartu zitzaien, gurasoak ezkonduta edo ezkondu gabe zeuden kontuan hartu gabe—. Abortu librea eta doakoa ere dekretatu zuen. Duela 100 urteko kontuez ari gara, eta gaur egun herrialde anitzetan oraindik ez da lortu». Horrez gain, gobernu iraultzaileak haurtzaindegi, jantoki sozial eta antzeko zerbitzu publikoak antolatu zituen, «emakumeei etxeko lanaren karga kentzeko».

Iraultzaren lorpen batzuek, dena den, hurrengo urteetan trabak jasan zituzten, Martinezen arabera. «Errate baterako, 1936an legez kanporatu zen abortua, eta kanpaina bat hasi zen emakumeari 'etxeko zaindariaren' rola emateko. Estatua modu autoritarioan indartu zen heinean, familia patriarkalaren modu zaharrak berriz indartu ziren».

Martinezek uste du iraultzak irakaspen nagusi bat eman ziola emakumearen emantzipazioaren aldeko borrokari: «Erakutsi zuen ez zela lortu behar bakarrik legearen aitzinean berdina izatea, bizitzaren aitzinean berdina izatea baizik, Leninek erraten zuen bezala. Eta horrek erran nahi du ez dela eskubide politikoetan bakarrik gelditu behar, gizartea erabat eraldatu behar dela».

GEOPOLITIKA

Bakartzetik lidergora

Errusiak beti posizio berezia eduki du nazioartean. «Beti izan da hain europarra ez den europar bat. Hau da, lurraldearen zati gehiena Asian eduki du, baina biztanle gehienak Europan izan ditu beti. Hizkuntza, kultura, tradizio eta abezedario ezberdina eduki ditu, baita bertze herrialde eslaviarrekin konparatuta ere. Hortaz, historikoki partikularismo nabarmen bat izan du», azaldu du Josep Puigsech Bartzelonako Unibertsitateko Historia irakasleak. 1917ko iraultzak osagai sozialista gehitu zion partikularismo horri, eta Mendebaldearekin aurrez aurre paratu zuen.

Nazioarteko mugimendu komunistan espezialista da Puigsech. Azaldu duenez, iraultzaren aitzinetik, Errusiako Inperioa «Europako sistema geopolitikoko anai-arreba pobrea» zen. «Aldeko faktoretzat zituen zabalkunde geografikoa eta kopuru demografikoa, baina kopuru horien kalitatea Erresuma Batuak, Frantziak edo Alemaniak zutena baino anitzez txikiagoa zen». I. Mundu Gerrak agerian utzi zuen alde hori.

Puigsechen arabera, Errusiako Inperioarentzat iraultza sozialista bat gertatzeko aukera «hirugarren mailako arrisku bat» zen. «Tsarraren estatuak zuen errepresio gaitasuna eraginkorra zen, eta ez zuen beldurrik. 1904-1905eko gertakariek ezustean hartu zuten, eta kontzesio murritz batzuk eginda moldatu zuen. Horrek, ordea, dinamika batzuk sortu zituen, eta 1917an lehertu zen egoera».

Puigsechen ustez, iraultzaren garaipena eta SESBen sorrera «egiazko mirari bat» izan zen ikuspegi geopolitikotik aztertuta. «Urriko Iraultzaren drama handiena da ez zitzaiola utzi garatzeko bide natural bat; horren ordez, lehenbiziko unetik bizirik irautera kondenatu zuten, boltxebikeen aurkako sektoreak protagonista izan zituen gerra zibil batekin, baina nagusiki Mendebaldeko gobernuen esku hartze batekin. Japoniak, Frantziak, Erresuma Batuak, Alemaniak eta Estatu Batuek koalizio bat osatu zuten, eta, azkenean, gerra zibil bat baino gehiago, nazioarteko gerra bat izan zen». Irakasleak azaldu duenez, boltxebikeek herritar gehienen babesa zutelako lortu zuten gerra irabaztea, eta SESB nazioartean «ekonomikoki eta geopolitikoki» bakartuta erreakzionatu zuten Mendebaldeko potentziek. «1920ko hamarkadan SESBen atzerri politika drama bat izan zen, ez zuelako nazioarteko onarpena lortzen, eta egoera ez zen 1930eko hamarkadara arte aldatuko, faxismoaren hazkundearekin testuingurua aldatu zelako». 1945etik aitzinera, berriz, II. Mundu Gerran nazismoa azpiratuta, «zabalkunde aroa» hasi zuen SESBek, eta historiako lehia geopolitiko handienetako bat piztu zen: Gerra Hotza.

Gaur egungo Errusiak geopolitikan duen rola Vladimir Putinen agintepean egokitzen ari da. «Belaunaldi berriekin izan ditudan harremanetan, erran izan didate Krimeako kasuarekin, Ukrainako egoerarekin edo Siriako gerran parte hartzearekin nolabaiteko prestigio bat berreskuratzen hasi direla, haien ikuspuntutik erasokorra den mundu baten aitzinean. Izan ere, ez dezagun ahantzi SESBen parte ziren lurraldeak eta aliatuak zirenak Europako Batasunean eta NATOn daudela orain, eta errusiarrek badaukate buruan 1917-1941 artean sortu zen irudi hura, nazioarteak zigor gisa ezarritako bakartzearena».

BERRIAn argitaratua (2017/11/04)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA