astekaria 2017/11/10
arrowItzuli

kultura

Doinu eta neurri propioan

Miren Garate

Doinu eta neurri propioan

Hain modan egondako Habanera ez da batere entzuten aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusian. Doinu zaharragoak ere faltan sumatuko dituzte zenbait bertsozalek. Gustu kontuak dira. Ezin esan, ordea, txapelketa errepikakorra doanik doinu aldetik. Bertsoa.eus-ek egindako zenbaketaren arabera, 90 doinu erabili ziren final-laurdenetako saioetan. Agurretan izan dira ekarpen gehienak, kapritxoak ase baitituzte bertsolariek, izan Agure zahar batek zion edo Doraemonenean kantatuz. Beti du arriskua zerbait berria egin nahi izateak, besteek ezagutzen ez duten doinu batean kantatzeak. Hala ere, puntuatzen diren ariketetan ere norbere aztarna uzteko eginahala egin dute dozena bat bertsolarik dagoeneko.

Julio Soto da txapelketara doinu berri bat ekarri duen horietako bat. Nerea Urbizu Lekunberriko musikari eta lagunak egin dio, enkarguz. «Lehen aldia da neuk eskatutako doinu batean kantatu dudana, eta lehen aldia da doinu berri batean kantatzeko gogoa sentitu dudana». Bere burua gehiago estutzeko nahia izan da motiboetako bat. «Errazegi menderatzen duzun doinu batean kantatzen duzunean, batzuetan, bertsotan ere errazegi bezala egiten duzu, eta arriskua dago testuari behar baino garrantzi gutxiago emateko edo kontzentrazioa galtzeko». Berritasunari lotutako bertigo hori sormenarentzat lagungarri izan daitekeelakoan dago. «Doinua ongi menderatuta ateratzen zara plazara, baina jende aurrean gutxitan kantatu duzunez, oso kontzentratuta egon behar duzu, eta batzuetan lortzen duzu zeure burua sorgintzea ere».

Aurten, Nafarroako Bertsolari Txapelketan ere kantatu du gorritiarrak, eta guztira hiru bakarkako lan egin behar izan zituen. Euskal Herrikorako prestatzeko, bertso eskolan ere aritu da ariketa lantzen. «Pentsatu nuen doinu berrian kantatzeak errepikakortasun horretatik libratzen lagunduko zidala».

Zenbait bertsolarik sortzailearen esku uzten dute erabat doinuaren diseinua. Ez zen Sotoren kasua izan, aurrena zenbait irizpide eman baitzizkion Urbizuri: «Zortzi errimako eta zortzi-zortzi neurriko doinu bat nahi nuela esan nion». Intuizioz hautatu zuen neurri hori, azkenaldian zortzi-zortzikoarekin testua errazago ateratzen zaion sentsazioak bultzatuta, nahiz eta ez zen baldintza itxi bat izan. «Berari ere esan nion: melodiak hamar-zortzi agintzen bazion, segitzeko horrekin». Zortzi-zortzikoa egin zion azkenean, eta sei puntura mozteko aukera ere ematen du, moldaketa txikiren bat eginda.

Bigarren urratsa zer-nolako doinu mota nahi zuen jakinaraztea izan zen. «Erritmo eta melodia aldetik nolako doinuak gustatzen zaizkidan erakutsi nion». Besteak beste, azken txapelketetan Sotok erabilitakoei erreparatu zieten, bertsolariaren gustuei buruzko pista batzuk ateratzeko. «Doinu ezberdinak aztertu genituen, eta bakoitzetik zer gustatzen zitzaidan esan nion; errimatu behar den azkeneko silaban azentuak izanda nola egoten naizen eroso eta abar».

Metrikari eta doinu motari zegozkion irizpideak emanda, musikariaren esku utzi zuen gainerakoa. «Aspaldiko lagunak gara, eta oso ondo ezagutzen nau. Badaki nolako bertsokera dudan, bakarkakoetan zer gai erabiltzen ditudan, nola abesten dudan eta abar». Ene Kantak proiektuan melodia asko egindakoa da Urbizu, baita Katamalon ere. «Bi irizpide horiek emanda, libre samar utzi nion hirugarren hanka. Niri bere doinuak asko gustatzen zaizkit, eta pentsatzen nuen doinu goxo bat egingo zidala».

Lehen bertsioa jaso ostean, probak egitea izan zen hurrengo urratsa. «Ikusi behar izaten da ondo egokitzen zaizun; zer testu mota ateratzen dizun doinuak, ze askotan ez gara ohartzen, baina doinu batzuek gauzak modu batera esatera eramaten gaituzte eta beste batzuek beste modu batera». Norbere kantaerak ere eragiten du, ozen edo baxu kantatzen duen bakoitzak, bizkor edo mantso. Plazara atera aurretik, adiskide eta bertsokideren bati ere kantatu zion. «Mesedez zintzoak izateko eskatzen diezu». Jasotako emaitzarekin, hasieratik zegoen oso pozik Soto, eta gertukoen aurrean egindako lehen proba horien ostean ere apenas aldatu duen hasierako bertsioa.

Txapelketan egokitutako lehen saioan bertan plazaratu zuen, Leitzako kanporaketan. «Baneukan bakarkako on bat egiteko gogoa, ederra delako ariketa hori, norberarengandik gauza asko ateratzen dira. Baina, gainera, Nereak halako lana eginda, plazaratutako egunean nahi nuen bereziki ondo jardun». Eta lortu zuen, final-laurdenetako fasean Sotorena izan baitzen puntu gehien jaso zuen bakarkakoa: 155,5 puntu. Lehen bertsoko lehen esaldiaren izena eman ohi zaie doinu berriei, eta «Ze ederra ta ze polita» esanez hasi zuen ariketa gorritiarrak. «Nereak ez zuen saiora joaterik izan, baina gero entzun zuen, eta hari ere ilusioa egin zion. Uste dut pozik geratu dela».

Puntu motzekoa

Aurtengoan ez du doinurik atera Etxahun Lekuek, baina bai 2014ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketan. Ez zion inork propio egin, berak moldatu zuen. Finalaurrekoan plazaratu zuen lehen aldiz, eta Hogei bat urte baino gehiago izena hartu zuen. Aurtengo txapelketan, final-laurdenetan, Tolosan kantatzea egokitu zitzaion, eta sarri erabiltzen duen zazpi puntuko beste doinu bat hautatu zuen kartzelakorako. Alabaina, gaur, ziurrenik, orain hiru urte estreinatutako hura erabiliko du. «Bi aldaera ditut eginda: ea gaia zein den eta zer tonu eman nahi diodan diskurtsoari, horren arabera azken momentuan erabakiko dut zein erabili. Maiorrekoa apur bat baikorragoa da».

Lekueren esanetan, bakoitzaren abileziek eta gustu pertsonalek eragiten dute doinuaren hautuan. «Ni ez naiz deskribapen zehatzetan sartu zalea; ez dut neure burua horretan oso eroso ikusten; orduan, hamar-zortzi eta zortzi-zortziko doinuak ez zaizkit gehiegi gustatzen». Puntu laburrak dituzten doinuek erakartzen dute larrabetzuarra, eta halakoak erabiltzen ditu ia beti. Urteren batean bakarrik egin du salbuespena. Dezenteko zailtasun teknikoa izaten dute halako doinuek. «Baina deskribapenetan edo irudiak sortzeko orduan abilezia berezirik ez dugunontzat ederrak dira, errima egokiak aukeratuz gero, bi edo hiru puntu ondo katigatutakoan, efektu polita egiten dutelako».

Etorriari lotutako mugak ez ezik, belarriari eta ahotsari lotutakoak ere hor egoten dira. Erritmoa ondo eraman ezinik, tonu ezberdinetan edo ezin iritsita zenbat aldiz bertsolariak. Ez da Lekueren kasua, kantatu ere ondo egiten baitu. «Etxean oso kantuzaleak gara, gurean beti kantatu izan da, eta horrek ere doinuetarako gustu bat emango zigun».

Norbere gustuak eta publikoarenak uztartzeak ematen dio arrakasta doinuari. Entzuleak ez badu harrapatzen edo belarrira ez bazaio ondo sartzen, zaila gerta daitekeelako bertsoari behar bezala jarraitzea. «Apustu bat izaten da. Orduan, doinu berri bat atera behar denean, askotan zera egiten da: agurrean erabili doinua, publikoari ere ezaguna egiteko gero».

Xenpelar dokumentazio zentroak bertsolaritzaren datu basean sailkatzen ditu bertsotan erabilitako doinuak. 3.000tik gora daude, nahiz eta gero plazaz plaza erabiltzen direnak askoz gutxiagora mugatu. «Seguruena orain ere hori gertatuko da: hemendik datorren urtera, pare bat geratuko dira plazetan, eta gainerakoak oso gutxi erabiliko dira».

Maule-Lextarreko finalaurrekoan kantatuko dute, gaur, Sotok eta Lekuek. Hauek izango dira gainerako lau bertsolariak: Nerea Ibarzabal, Nerea Elustondo, Beñat Iguaran eta Beñat Gaztelumendi. Azken horrentzat gaurkoa izango da aurtengo txapelketako lehen saioa, 2013koan finalean kantatu zuenez, zuzenean sailkatu baitzen finalaurrekoetarako. Gai-jartzailea Saroi Jauregi izango da, eta, gainerako saio guztiak bezala, 17:00etan hasiko da, Ororena Jai Alain. Txapelketaren harira, Sohütako Eperra ikastolak bazkaria antolatu du. Saioaren ostean, berriz, taloak jateko aukera egongo da.

Gaurkoaren ostean, bakarra faltako da finalaurrekoen lehen fasea amaitzeko, Durangokoa. Datorren igandean izango da, eta Aitor Mendiluzek, Jon Maiak, Miren Artetxek, Miren Amurizak, Oihana Iguaranek eta Iñaki Apalategik kantatuko dute.

BERRIAn argitaratua (2017/11/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA