astekaria 2017/11/03
arrowItzuli

bizigiro

Gazteak eduki sortzaile

Urtzi Urkizu

Gazteak eduki sortzaile

Gazteentzat, baina bereziki gazteekin. Erabiltzaile gazteek landutako edukiekin osatutako plataforma da BBC Scotlandeko The Social. 2015eko abenduan sortu zuten, eta Eskoziako gazteen artean harrera beroa izan du. Proiektuaren nondik norakoak bideo konferentzia bidez eman zituen Anthony Browne The Socialeko ekoizle eragileak asteartean, Hernanin (Gipuzkoa), Gipuzkoako Diputazioak antolatutako Ikus-entzuneko sorkuntza arrakastatsua digitalizazioaren aroan jardunaldian. «Gazteak dauden lekuetara eraman behar ditugu istorioak, eta haien interesei erantzun. Horretarako, funtsezkoa da haiekin batera lan egitea», esan zuen Brownek.

Testuinguru jakin batean abiarazi zuten The Socialen proiektua. «Duela hiru urte, Eskoziako gazte gehienek oso iritzi kritikoa zuten BBCri buruz. Eskoziako erreferendumean BBCk ezezkoaren alde oso argi egin zuela zioten. Bestalde, esaten zuten BBCn ez zirela Eskoziako hizkeraren azentuak entzuten, eta, horregatik, ez zuten loturarik sentitzen. Komunitate batzuek —LGTB, etorkinak...— katean ordezkaritzarik ez izatea ere kritikatzen zuten gazteek». Horregatik guztiagatik eta gazte sortzaileentzat tresna bat sortzeko asmotan jaio zen The Social.

Bi urte baino gutxiago pasatu da Interneteko plataforma martxan jarri zutenetik, eta dagoeneko 224 gazte ari dira edukiak euren kabuz ekoizten. Interneteko sare sozialen bitartez zabaltzen dituzte gazte horien edukiak: Tumblr, Facebook, Twitter, Youtube eta Instagram. «Sare sozialek beste hizkera bat dutela aintzat hartzen dugu». Egunero, gutxienez, bi pieza jartzen dituzte. Emaitzekin pozik daude plataformaren sortzaileak. «Beste maila batera iritsi gara, eta ikusle multzo zabalago batera». Sei milioi erabiltzaile ditu The Socialek, eta bideo ikustaldiak 160 milioi izan dira. «Kontuan hartu behar da bideo batzuk biralak bihurtu direla, Eskoziatik kanpo mundu osoan zabaldu direla».

Egileentzat, ikusle gazteentzat zein BBCren irudiarentzat izaten ari da probetxuzkoa The Socialen esperientzia. Egileei ordaintzen zaie edukiak ekoizteagatik. «Baina diru gutxi, eta inbertsioa txikia da», argitu zuen Brownek. «Bestalde, ikusi dugu The Sociali esker orain Eskoziako gazteek irudi hobea dutela BBCri buruz». Sare sozialetako zabalpenaz gain, gazteekin harremana sendotu dute jaialdi batzuen bitartez. «Orain aldatu egin da gazteekin dugun harremana, ikusten dutelako haiengan inbertitzen dugula».

Eduki gutxi batzuetan gaelikoa erabiltzen dute. «Sortzailea gaelikoz aritzen bada, ingelesezko azpidatziak jartzen ditugu». Gaelikoz ekoitzitako ohiko programazioa, berriz, BBC Alba katean ematen dute.

Aldi berean, Internet bidezko BBC Three kanalarekin elkarlanean ariko dira The Socialeko ekoizleak. Oinarrian, talentua dutenei aukera bat eman nahi die BBCk. Esperientziaren onurak ikusita, epe laburrean The Social Galesera zabalduko dute. «Agian, baita Ipar Irlandara ere».

Sortzaileen lanen artean, arrakastatsuenetako bat Kilted Yoga da. Soinean gona eskoziarra besterik ez dutela, yoga egiten agertzen dira bi gazte, musikaz lagunduta.

RTVEk Playz ataria sortu du

Mundu digitalean dabiltzan hartzaile gazteengana iristeko asmoz, bestalde, RTVEk Playz plataforma jarri du martxan —astelehenean estreinatu zuten—. RTVEk ez die zuzenean gazteei edukiak sortzeko aukera emango, The Socialen bezala, baina parte hartzeko beste aukera batzuk asmatu dituzte. Si fueras telesail transmedia izan da lehen ekoizpena, eta, hor, ikus-entzuleek aukeratzen dituzte pertsonaien erabakiak; aktoreen artean, Nerea Elizalde (Bilbo, 1998) dago. Josean Bengoetxea aktorea (Donostia, 1964), berriz, Inhibidos telesailean ikusi ahalko da astelehenetik aurrera. Lan horretan, erabiltzaileek emankizunean parte hartzeko modua izango dute, player interaktibo baten bitartez. Youtuber ezagunengana jo du RTVEk, The Challengers saioa aurrera eramateko; hilaren 12tik aurrera, youtuber eta influencer gazte batzuk lehian ariko dira, erronketan ahalik eta puntu gehiena lortzeko. Gaur, Gente viva estreinatuko dute, umoregile gazteek egindako esketxekin osatutako saioa. Haien artean da Pablo Ibarburu (Donostia, 1989).

BERRIAn argitaratua (2017/11/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA