astekaria 2017/11/03
arrowItzuli

iritzia

Hildakoak

Onintza Enbeita

Hildakoak Onintza Enbeita

Ezagutu ditut baserrietan hildakoen gelak. Normalean ez zituen inork erabiltzen, edo bai, baina etxekoren bat hiltzen zenean hustu egiten zuten gorpua jartzeko. Han egoten zen hildakoa lurperatu aurreko orduetan, eta han egiten zioten gaubeila. Kontatu izan digutenez, leihoak ireki egiten ziren hildakoari bere bide berrian laguntzeko. Gure etxe azpitik pasatzen den bidea anda-bidea da: handik eramaten zuten hildakoa elizaraino bere anda edo hilkutxaren barruan. Entzuna genuen hainbat kontu zahar heriotzari buruz, baina gure belaunaldiarentzat tabua da guztia. Zientzia etorri zenean, heriotza saihesteko ahalegin betean jarri ginen guztiok. Kristauek, gainera, etorri eta segituan, hildakorik dagoenean zein erritual egin behar dugun inposatu ziguten: urtean behin, santuen egunean, loreak eraman hilerrira. Nik maite ditut lurpean utzi ditudan horiek guztiak, baina santuak ez dira. Beraz, zer dela-eta gogoratu behar dut haiekin santu guztien egunean?

Eta azkenean, Halloween iritsi da. Eta erlijioari aurre egin diogula uste badugu ere, Estatu Batuetako zinema industria Erroma baino gogorrago egiten ari zaigu. Baina eman diezazkiogun eskerrak Halloweeni: hari eskerrak jakin dugu Euskal Herrian ere kalabazak jartzen omen zirela bide bazterretan eta etxe atarietan. Estatu Batuetatik iritsi zaigun zerbait arrotzari aurre egiteko ohartu gara, gurean ere mozorrotzen zirela umeak arimei ihesean zebiltzanak ikaratzeko.

Ez zaizkit bereziki interesatzen barruan kandelak ipinita argi egiten duten kalabazak. Baina heriotza eta hildakoak ia-ia tabua diren modernitate honetan, berreskuratu behar genuke haiekin batera bizitzeko modu natural bat. Azken batean guri, oraindik, bizitzea tokatu zaigu, baina hildakoak ere hor daude; nahiz eta urtean gau bakar batean ere ez diren benetan berpiztuko, hor daude. Eta heriotza ere hor dago.

BERRIAn argitaratua (2017/11/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA