astekaria 2015/12/04
arrowItzuli

kultura

LEHENGO BIDEEN ARRASTOAK

Ander Perez

LEHENGO BIDEEN ARRASTOAK

Ale guztiak argitaratzen dituztenerako, Jose Maria Jimeno Jurioren lan guztien bilduma gaztelaniazko autore bati sekula eskaini zaion zabalena izango da. Orotara, 62 liburuki kaleratuko ditu Pamiela argitaletxeak —dagoeneko kalean dira gehienak—, historialari, etnografo eta ikertzaile nafarrak idatzitako testu eta liburuak bilduta. Obraren markak ongi erakusten du Jimeno Jurioren lan eskergaren tamaina kolosala.

Orain, hil eta hamahiru urtera, bizitzan egindako ekarpen hura aitortu dio Nafarroako Gobernuak, eta, errekonozimendu gisa, Nafarroako Urrezko Domina eskaini dio ikerlariari. Ostegunean jasoko du sendiak aitortza, Nafarroako Egunaren harira eginen diren ekitaldi ofizialen barruan. Albistea iragarri eta gutxira hitz egin zuen BERRIAk Jose Maria Jimeno Jurioren seme Roldan Jimeno historialariarekin. Eta aitak utzitako ondareaz mintzo, aitortu zuen: «Ez nekizkien gauzak deskubritzen ari naiz oraindik aitaren lanarekin».

Izan ere, balio handikoa da, oraindik ere, ikertzaileak egindako ekarpena. Aitzindaria izan zen hainbat esparrutan; lehenengoetarikoa izaki, bideak zabaldu zituen arloz arlo, atzetik zetozenak sar zitezen. Eta gaur, bizitzaren ibilbidea agortua denean, zabalik da oraindik jakintzaren arloan urratutako bidea. Egungo ikerlarien bazka eta dokumentazio iturri dira haren lanak. Erreferentea eta ikurra da askorentzat.

1927an sortu zen, Artaxoa herri karlistako familia karlista batean. Giroak apaiz ikasketak egitera bultzatu zuen. Behin ordenatuta, herriz herri ibili zen, elizaz eliza, eta ikastetxez ikastetxe gero, maisu modura. 1970ean utzi zuen atzean erlijioa, eta sekularizatu zen. Trantsizio pertsonalarekin batera, politikoa ere izan zuen orduan, ezkerrera eta abertzaletasunera mugituz. Eta ikerketa lana lehendik bazetorren ere, ordutik aurrera egin zituen bere lanik esanguratsuenak.

Historiaren arloan eginikoak dira, akaso, ezagunenak. 1975etik aurrera, bereziki Errepublika garaiko eta 1936ko gerra garaiko gaiak landu zituen. «Garai hartan, ez zegoen gauza handirik; historia garaikideaz, ezer ez», dio Emilio Majuelo historialariak. Eta, horregatik, Josu Chueca historialariak dioenez, «aitzindaria izan zen, ordura arte nagusi zen historia ofizialaren aurrean beste ikuspegi bat azaleratu zuelako, erabat kontrakoa». Gainera, «metodologikoki ere aitzindaria» izan zela uste du Chuecak: «Orain ere zaila izaten da ikertzea, hainbat iturri dokumental erabat galarazita dauzkagulako, baina orduan askoz tamalgarriagoa zen egoera. Jimeno Juriok egoera hura gainditu zuen, tokian tokiko artxiboak, elizako eta epaitegietako liburuak eta ahozko testigantzak jasoz». Herriz herri ibili zen, gerra garaiko testigantzak jasoz. «Jendeak hitz egiten du nor joaten den ikusita», dio Majuelok. Eta Jimeno Jurio «pertsona apala eta jatorra zen». Konfiantza pizten duten horietakoa, nonbait.

Berezko metodologia horri jarraikiz, Errepublika garaiko Nafarroako desira eta proiektu autonomistak fin aztertu zituen lehenik, eta Navarra jamás dijo no al estatuto vasco lan ezagunean jaso zuen bere tesia. Ordura arte zabaldutako bertsioari erantzun zion, Nafarroak gainerako euskal probintziekin batzeari muzin egin ziola zioen horri. Honela idatzi zuen lan hartan: «Aitortu beharra dut nik neuk ere irentsi nuela dogma, eta behin baino gehiagotan adierazi nuela publikoki Nafarroak 'ez' esan ziola euskal estatutuari. Gaur, egitateen eta dokumentuen pasiorik gabeko analisi objektiboaren ostean, esan dezaket Nafarroak 'bai' esan ziola euskal estatutuari». 1977an argitaratu zuen liburua, eta baieztapenak bazuen garrantzia trantsizioaren hastapeneko garai hartan, Nafarroaren estatus eta konfigurazio autonomikoaren inguruko eztabaida pil-pilean zela. Ordutik, ordea, Jimeno Jurioren ikerketa lerroak ez du jarraipen handirik izan, Majuelok dioenez. «Eta gai horrek merezi du beste buelta handi bat. Gauza asko dago oraindik esateko».

Bestalde, Nafarroan fronterik gabeko gerran izandako errepresioa sakon ikertu zuen, eta ezkutuan gordetako izen eta gertakariak azaleratu zituen, ordura arteko modurik ozenenean. Atzeragoardia hartan hildakoen zifrak ere maneiatu zituen, 2.500 ingurukoak hasieran, eta ordura arte Jaime Del Burgo erreketeak (678 hildako) eta Salas Larrazabal jeneralak (948) emandakoekin kontrajarri zituen. «Zifra horiek argi esaten lehenengoetarikoa» izan zen Jimeno Jurio, Majuelok dioenez. Eta, «orduz geroztik», dio Chuecak, «inork ez ditu zalantzan jarri zenbaki horiek».

1976ko abuztutik, Iruñean jaiotako Punto y Hora de Euskal Herria aldizkarian argitaratu zituen Jimenok bere ikerketa lanak, eskuratutako informazioa herritarren esku jartzeko. Bazuen asmo dibulgatzaile bat, finean. Egia azaleratzeak, ordea, prezio latza zekarren. Triple A talde parapolizialak Mirentxu Purroyk zuzendutako aldizkari haren Iruñeko egoitza zartarazi zuen lehenik, eta Jimeno Juriok mehatxuzko anonimoa ere jaso zuen ondotik, gerrako errepresioaren datuak argitaratzeari utz ziezaion exijituz. Presioek ikertzailearen lana geratu zuten. Baina, gerora, Altafaylla taldearen esku utzi zuen Jimeno Juriok bazter batean utzitako dokumentazio osoa. Hura izan zen Navarra 1936, de la esperanza al terror oroimen historikoan ikur den lanaren hazia.

Jimeno Jurioren ikerketa lanak eragin berezia izan zuen 1970eko hamarkada bukaeran eta 1980koaren hasieran memoria historikoaren alde piztutako mugimenduan. Eta sortutako giroak eragina izan zuen Jurioren ikerketarako gogoan. Elkar elikatu zuten biek, Chuecak dioenez: «Batzuek lurpetik hildakoak berreskuratzen zituzten egunetan, Jimeno Jurio haien historia deshilobiratzen ari zen»

Ondarearen balioa

Jimeno Jurioz hitz egitea bada toponimiaz hitz egitea ere. Eremu horretan «iturri handi bat da» Jimenoren lana, Patxi Salaberri euskaltzain eta onomastika batzordeko presidentearen ustez. Elkarrekin egin zuten lan 80ko eta 90eko hamarkadetan. Lehenik, Euskaltzaindiarentzat eta Nafarroako Gobernuarentzat egindako Nafarroako herri izendegian —1990ean argitaratua—. «Garrantzitsua izan zen», dio Salaberrik, urte gutxi lehenago onartua baitzen Nafarroako Euskararen Legea, «eta, beraz, beharrezkoa baitzen Nafarroako herriak euskaraz ere izendatzea. Horretarako ikerketa lana behar zen». Horretan jardun zuten biek, Nafarroan barna herriz herri, galdeketak egiten. Geroago, 90eko hamarkadaren hastapenetan, Nafarroako Gobernuak herrialde osoko toponimia txiki guztia jasotzeko taldea zuzentzen jarri zuen Jimeno Jurio. Eta Euskaltzaindiaren Onomasticon Vasconiae bilduman ere «rol inportantea» izan zuela uste du Salaberrik, «lehen aleak, hain zuzen ere, harenak baitira».

Guztira, Nafarroako toponimiaren bilketan «aitzindari» izan zela uste du. Baina argi du horrekin ez dela «lana bukatzen». Dioenez, «iturritzat ongi dago Jimenoren lana, eta baliatu behar da, baina Nafarroan oraindik gauza asko dago egiteko, gauza askotan sakondu daiteke».

Etnografiara emanda ere ibili zen Jimeno Jurio. 1973. eta 1975. urteen artean Nafarroako geografia zeharkatu zuen, alderik alde, herriz herri. Tokian tokiko adinekoengana jo zuen, eta elkarrizketatu, herriko ohiturak eta ospakizunak ikertzeko. Berrehun kasetetan eta ehunka fitxatan jaso zituen datuak. Horietan biltzen da Nafarroako herri kulturaren ondarearen parte esanguratsu bat.

David Mariezkurrena etnografoak gertutik aztertu du Jimeno Jurioren lana. Bera ari da, hain zuzen, Pamiela autoreari buruz ateratzen ari den argitalpenak koordinatzen. Dioenez, Joxemiel Barandiaranek zehaztutako metodoa «Nafarroan aplikatzen lehenetarikoa» izan zen Jimeno. Maisuaren inkesta eredua erabili zuen, «baina Barandiaranenak 30 galdera zituen, eta Jimenok ehun bat gai bildu zituen galdetegian, daturik zehatzena lortzeko asmoz». Mariezkurrenak dioenez, «Nafarroaren eraldatze sakonaz kontziente» zen Jimeno Jurio, eta kontzientzia horrek bultzatu zuen desagertzen ari zen landa mundu hura betiko jasotzera. Horregatik da baliagarria lan hori, haren ustez: «Gaur egun, oraindik ere, landa munduaren ezagutzan sakontzeko arrasto asko eskaintzen dizkigu Jimenoren lanak».

Hala uste du Juan Antonio Urbeltz folklorista ezagunak ere. Tolosako bordondantzen edota Nafarroako inauterien inguruan egindako lanak ditu berak gogoan, batez ere. «Oso gauza politak utzi zizkigun», dio. «Nafarroako ondarea Euskal Herrikoaren erdigunean jartzean» datza, haren ustez, Artaxoako ikerlariaren ekarpen nagusia. «Erreferente bat da», dio.

Chuecak eta Majuelok aitortu dute baliagarri eta garrantzizkoa izan zaiela Jimenoren lana beren ikerketetan. Salaberrik ere esaten du iturri dela Jimeno, toponimiaz hitz egitean. Eta Mariezkurrenak garai galduen lekuko eta gordailu izatea egozten dio maisuari. Urbeltzek ere argi du Jimeno Jurioren lana ez zela alferrikakoa izan. Erreferente izan zela bere garaikideentzat, alegia, ondorengoentzat ikerketa iturri den bezala. Horregatik jartzen du mahai gainean utzitako ondarearen balioa: «Haren lana bukatua dago, baina bide berriak irekitzen ditu. Lan baten amaierak beste baten irekiera dakar beti. Lan hori ordainezina da. Gero gazteak etorriko dira, eta ikertzerakoan lauzpabost harribitxi izango dituzte. Horietako bat da Jimeno Jurio».

BERRIAn argitaratua (2015/11/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA