kultura
Koxka bat gorago
Gorka Azkarate
Bakarren bati entzun nion, kartzelako gaia helduleku gutxi xamar iradoki zezakeen horietakoa zela, hots, logela-ohea-sexua zela helduleku (ia) bakarra. Baina ez zen hori oztopo izan bertsolari guztiek egindako kartzelako lanekin goza genezan. Lurtarren artean Aitor Sarriegi izan zen nagusi, ziur aski beste saioetako irabazleek aterako dituzten puntu kopuruarekin, 700en bueltan, esan nahi da. Ofizioetan fresko eta bakarkakoan ikaragarri, unerik zailenean kantatu behar izanda gainera: Maialen Lujanbioren ostean! Koxka bat beherago sailkatu zen Unai Agirre, bere ohiko bertsokera bizi eta zirtolariarekin publikoa behin eta berriz poltsikoan sartuz. Aimar Karrikarekin 8ko txikian osaturiko ofizioa bere soiltasunean ederra izan zen, adibidez. Alaia Martinek ez zuen bere egunik onena izan. Finaleko borrokan jotzen genuen askok, eta saio osoan zehar bere onena eman nahian aritu bazen ere, horretarako eguna baitzen beretzat, bertsoaldi askotan gaiaren muinari heldu ezinda bezala sumatu genuen. Izango dira aukera gehiago. Maddalen Artzallus kantuan entzutea gozamena da, eta saioko onenengandik koxka bat beherago aritu bazen ere, txapelketa honetan egiten ari den lanarekin pozik egoteko moduan da hendaiarra. Aimar Karrikari dagokionez, lotsagabe kantatu zuen egokitu zitzaion aukera guztietan, eta horrek irristada teknikoren bat edo beste egitera eraman bazuen ere tarteka, ez zen giroarekin kikildu, eta saioko une eder batzuetan protagonista izatera heldu zen gainera. Atzo bizitakoaren ostean, Maule-Lextarrera joateko irrikitan gaude!