astekaria 2017/11/03
arrowItzuli

gizartea

Abisu deia, erantzunaren zain

Jon Rejado

Abisu deia, erantzunaren zain

Rentalia, Airbnb, Homeaway... Erabilera turistikorako etxebizitzen alokairua ugaritu egin da, urte gutxitan, hamaika enpresaren bitartez. Horren atzean hiru arrazoi daudela hausnartu du Armando Cuenca Iruñeko Aranzadiko zinegotziak: gune batekiko interes turistikoa, ostatu eskaria betetzen ez duen eskaintza, eta hutsik dauden etxebizitzak. «Hiru gertaera horiek bat egitean negozio turistikoa erakartzen dute, eta, horrekin batera, balizko arazoak: alokairuak garestitzea, adibidez. Abisu dei baten modukoa da». Hego Euskal Herriko administrazioek berriki jarri dute arreta errealitate horren gainean. Egun, lau hiriburuetako bakar batean ere ez dago egoera hori espresuki aintzat hartzen duen araudirik. Udal gobernu batzuk ordenantzak lantzen ari dira orain, eta, horrekin batera, abisu deiari eman beharreko erantzunari buruzko eztabaida piztu da.

Aipatu errealitatearen dimentsioa ez dago argi. Administrazioak gaia ikertzen hasi berri dira. Iragan astean, EH Bilduk ezagutarazi zituen Eusko Jaurlaritzak bildutako azken datuak: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 3.648 etxebizitza turistiko daude. Horietatik 2.049 «klandestinoak» dira; hots, ez dute haien jardueraren berri eman administrazioan. Legez kanpoko eskaintza horien %64 Gipuzkoan daude, %28,1 Bizkaian, eta %7,9 Araban. Nafarroan ez dago datu ofizialik, baina Iruñeko Udalak ohartarazi du Alde Zaharrean biltzen hasi dela eskaintza gehiena.

Datu horiek agerian utzi dute, besteak beste, Hego Euskal Herrian askotariko errealitateak daudela. Tokian tokiko egoerak, hein handian, araudia onartzeko erritmo ezberdinetan islatu dira: Donostiako Udala ordenantza bat prestatzen ari da; Bilbokoak aurreko araudia 2016ko EAEko Turismo Legera egokitu nahi du, muina aldatu gabe; Gasteizen eta Iruñean hausnarketa eta datu bilketa prozesua hasi dute, gerora ordenantzak egiteko.

Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren araudiek baino ez diete egiten aipamen zehatza etxe turistikoei, gaur egun. Nafarroan 2011. urtean egin zieten erreferentzia lehenengoz, dekretu baten bitartez. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2016an jarri zioten izena errealitateari. EAEko Turismo legeak egin zuen hori, baita bestelako ostatu motak definitu ere, ohiko etxebizitzen logelen alokairua kasurako —jabeak etxe horretan bertan bizi behar du—. Horrez gain, EAEko legeak udalak behartu ditu tokiko araudiak lege berrira egokitzera. Ostatu mota bakoitza definitzeaz gain, galdera bat utzi du mahai gainean: nola arautu behar da turismo mota hori?

Nafarroako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako araudien aurretik araudi espezifikoa ez bazegoen ere, jarduera horiek araututa zeuden, modu orokorrean. Hala azaldu dute Bilboko eta Donostiako udaletako ordezkariek: HAPO Hiri Antolamenduko Plan Orokorrek bete izan dute hutsune hori, modu orokorrean.

Lehen solairuaren araua

Bilboko eta Donostiako hiri antolamendurako planek (HAPO) modu bertsuan arautzen dute, lehen solairuaren arauaren bidez: etxebizitza eraikin batean, jarduera ekonomikoak lehen solairuetan baino ezin dira kokatu, baldin eta azalera osoa horretarako izango bada. Hortaz, erabilera turistikoko etxebizitzak, jarduera ekonomikoak direnez, solairu horietan egon behar dira, dentista baten kontsulta edota abokatu baten bulegoa bezala. Asier Abaunza Bilboko Hiri Antolakuntzako zinegotziak horren arrazoiak xehatu ditu: «Komunitate barruan ahalik eta arazo gutxien eragiteko erabakia da; jenderik ez egoteko portalean, gora eta behera, iskanbila sortzen».

Lehen solairuaren araua, ordea, ezberdin garatu dute leku bakoitzean. Bilboko Udalak bi salbuespen orokor ditu: 1995. urtetik aurrera emandako baimenak gorago egon daitezke; baita kalean atari propioa duten etxeak ere. «Etxebizitza batzuetan, lehen bi solairuak bulegoentzat dituzte, adibidez, baina atari independentea dute». Donostiako HAPOak ere salbuespenak jasotzen ditu egun: lehen pisuan jarduera ekonomiko bat badago, bigarrenean beste bat egon daiteke, baldin eta bien azalera batuta ez bada 250 metro koadro baino handiagoa.

Donostia, hiru eremutan

Aurreko irizpide horiek lege berrietara egokitzeko prozesuan daude bi udalak. Donostian egin nahi dute aldaketarik handiena. Udalak hiria hiru eremutan banatzeko asmoa du, eta bakoitzean irizpide ezberdinak ezarri. Parte Zaharra eta portua «eremu aseak» izango dira: ordenantza onartu eta gero, ezin izango dira pisu turistiko berriak jarri. Bestetik, Gros, Amara, Frantzia pasealekua, Egia eta Antigua «eskaera handiko eremu» izendatu nahi dituzte, eta egungo araudia mantenduko da aldaketa batzuekin: behealdeetan baldintzak betetzen dituzten etxebizitzak baimenduko dituzte, eta, horrez gain, sei solairu baino gutxiagoko eraikinetan pisu turistiko bakarra egon ahalko da. Azkenik, hiriaren beste lekuetan etxebizitza turistikoak jartzea erraztu nahi dute: edozein solairutan kokatu ahalko dira, eta atari bakoitzeko bat baino gehiago, baldin eta guztien artean ez badute gainditzen 350 metro koadroko azalera.

Aurreko astean onartu zuen Donostiako Udalak ordenantza, behin-behinean. Orain 30 eguneko epea egongo da zuzenketak aurkezteko. Behinik-behin, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak zenbait zuzenketa iradoki ditu. Besteak beste, alokatutako pisuek irisgarritasun baldintzak betetzen dituztela bermatu beharko litzaketela hausnartu dute. Horrez gain, eremu asearen mugak beste kale batzuetara zabaltzeko eta araudia onartu arte eskaerarik ez onartzeko eskatuko diote udalari. Alkatetzak adierazi du ezin dutela hori egin Parte Zaharrean; emandako azalpenen arabera, duela urte gutxi hirigintzarekin lotutako etenaldi bat egin zuten jada, eta araudiak ez du uzten beste bat abiaraztea urte batzuk igaro arte.

Bilbon, aldiz, ez dute aldaketa handirik egingo. Hala hausnartu du Asier Abaunzak. Hots, onartze bidean dagoen araudiak ez du egun indarrean dagoenaren muina aldatuko; EAEko Turismo Legeak xehatutako negozio berriak zehaztera mugatuko dira, nagusiki: erabilera turistikoko etxebizitzak, eta logelen alokairu turistikoak. Horrez gain, «etorkizunean arazoak eragin ditzaketen jarduerak» mugatzen «saiatu» direla gaineratu du; horrek, ordea, ez du eragingo erabilera turistikoa duten etxebizitzetan.

Aitziber Ibaibarriaga Bilboko EH Bilduko zinegotziak oroitarazi du indarrean dagoen araudia orokorra dela. Hots, ez diola heltzen erabilera turistikoa duten etxebizitzen arazoari. Bilboko egoera Donostiakoaren mailara heltzen ez bada ere, Ibaibarriagak zehaztu du arazoa antzematen ari dela, batez ere Zazpikaleetan eta Atxurin, alokairuen garestitzearekin. EH Bilduk zenbait proposamen egin ditu horri aurre egiteko. Batetik, pisu turistikoen erroldan dauden baina baldintzak betetzen ez dituzten pisuak Alokabidera bideratzea, alokairu publiko gisa eskaini ditzaten. Bestetik, «fenomeno berrien» aurrean tresnak abiaraztea. «Inbertsio fondo batzuk etxeak erosi dituzte Alde Zaharrean, eta hori izan daiteke gentrifikaziorako lehen pausoa».

Iruñeko egoera Bilbokoaren ildotik doa. Erabilera turistikorako etxebizitzen presentzia areagotu egin da Alde Zaharrean. Airbnb enpresaren datuetara mugatuta, 100 etxebizitzatik 3,7 erabilera turistikorako baliatzen dira. Maria Bezunartea Iruñeko Turismo Zerbitzuko buruak hirigune historikoko egoeraren gainean arreta jarri du, eta horrek tokiko bizilagunengan eragina izan dezakeela gaineratu du: «Turismoaren garapena orekatu nahi dugu, leku bakarrean horren kontzentratuta egon ez dadin, eta bizilagunen bizi kalitatea bermatzeko». Horretarako, egungo egoera aztertuko dute, eta gero araudia diseinatzen hasiko dira.

Armando Cuenca Aranzadiko zinegotziak informazioa biltzearen alde egin du, baina, erabakirik hartu bitartean, eskatu du ez baimentzeko hotelik edota erabilera turistikoko etxebizitzarik. «Iruñea Espainiako turismo zirkuituen barruan dago, gustuko izan ala ez: Espainian eskaintza hori igotzen bada, Iruñean ere hala gertatuko da. Ezin da egun zehatzetako arazoaz hitz egin».

Betearazpena jomugan

Jarduera hori erregulatzeaz gain, araudia betearazteak garrantzi handia du sektore honetan. Behinik behin, Nafarroako Gobernuak zein Jaurlaritzak erabilera turistikoko etxebizitzen errolda sortu dute. Jarduera ekonomiko hori egin nahi duen orok bertan eman behar du izena. Ordea, gaur egun pisu horietako jabeen gutxiengoak egin du hori. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, turismora bideratutako 3.648 etxebizitza daudela zenbatetsi du Eusko Jaurlaritzak, baina abuztuan 1.710 baino ez zituen erroldatuak. Nafarroan, ez dago datu gaurkoturik; ordea, 2016ko udaren aurretik gobernuak egindako ikerketa batean antzeman zuten erdia baino ez zegoela erroldatuta.

Erroldan izena ematea derrigorrezkoa bada ere, ez da betekizun bakarra. Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren erroldaz gain, udalek tokian zehaztutako araudia bete behar dute etxebizitzek. Horrek, lehenik eta behin, koordinazio arazoak eragin ditu administrazioen artean: Jaurlaritzak eta udalek kontrolpean zituzten pisuen inguruko datuak ez datoz bat, eta horrek zaildu egiten du araudien betearazpena zaintzea. Horretarako, lankidetza akordio bat sinatu dute, gai horretan koordinatzeko.

Erroldan izena eman duten pisuen erdiak baino gehiagok ez dituzte udalen baldintzak betetzen. Hala ezagutarazi zuen Alfredo Retortillo Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburuak irailean. Araudia betetzen ez zuten 253 etxebizitza atzeman dituzte udalek: 200 Bilbon, eta 53 Donostian. Datu horiek behin-behinekoak dira. Gipuzkoako hiriburuan, esaterako, 110 etxe turistiko ikuskatu zituzten uztailetik irailera arte, eta Jaurlaritzaren erroldan 1.245 zeuden orduan. Donostiako Alkatetzatik argiak izan dira hartuko dituzten neurrien gainean: pisu horiek jarduera eten beharko dute. Aparturek, Donostiako 700 pisuren baino gehiagoren jabeak ordezkatzen dituen elkarteak, zuzenketak aurkeztuko dituela iragarri du.

Zenbait eragileen ustez, datu horiek guztiek agerian uzten dute ikuskaritza indartu behar dela. Parte Zaharrean Bizi elkarteak nabarmendu du hori noiznahi egin daitekeela. Hots, borondate politikoa baino ez dela behar. Elkarteak gogoratu du Donostiako Udalak lotu duela araudia onartzea ikuskaritzarako giza baliabide gehiago izatearekin. «Araudian ez dago giza baliabideekin lotutako ezer; ikuskari gehiago jartzea udal gobernuaren erabakia da, eta lehen unetik hartu behar zuen». Iritzi berekoa da Cuenca: Nafarroako Gobernuaren ardura izan beharko litzatekeela gaineratu du. «Nahiko erraza litzateke etxe horiek kontrolatzea, borondate politikoa eta baliabideak izanez gero».

BERRIAn argitaratua (2017/11/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA