astekaria 2017/11/03
arrowItzuli

bizigiro

IZASKUN ZUBIALDE

«Emozioak txikitatik lantzea positiboa da»

Ane Eslava

«Emozioak txikitatik lantzea positiboa da»

Seme-alabei ipuinak kontatzen zizkietenean, haiek etxean jasotako istorioen falta sumatzen zuten Izaskun Zubialdek (Irun, 1975) eta Bakarne Atxukarrok (Irun, 1974). Horregatik, haurrentzako liburuak idaztea erabaki zuten. Sei liburu argitaratu dituzte dagoeneko, azkenekoa nerabeentzat egina: Sarerik gabe. Historian garrantzitsuak izan diren emakumeak goraipatu dituzte liburu horretan.

Historian, emakumeek ez dute izan merezi zuten aitorpena?

Liburu honetan agertzen direnetatik asko ez dira eskolan aipatzen. Izan daiteke zenbait esparru ez direlako curriculumean lantzen. Adibidez, Hondarribiko lehenengo transexuala agertzen da, eta haren historia ez dute eskolan irakasten. Beste batzuena, aldiz, bai; Bixenta Mogelena, kasurako. Baina, horrez gain, historia gizonezkoek idatzi dute, euren historia kontatu dute. Gauza garrantzitsuak egin dituzten emakume asko atzean geratu dira.

Hamabi emakume agertzen dira liburuan; nola aukeratu dituzue?

Aukeratu ditugun emakumeak errealak eta bertakoak dira: Kattalin Agirre, Maialen Lujanbio, Anjela Kerejeta... Esparru ezberdinetakoak dira, eta zerbait esanguratsua egin dutenak. Oso zaila izan da aukeratzea, eta asko kanpoan geratu zaizkigu.

Nola erakusten ditu liburuak emakume horiek?

Haien biografiak kontatzen ditu. Horrela, nerabeei erakutsi nahi diegu Wikipedian agertzen ez diren emakumeen rola; emakumea ez zelako etxean geratzen, beste zeregin batzuk zituen. Irakurleengan jakin-mina piztu nahi dugu, gero euren kabuz gehiago ikasten jarrai dezaten. Lan asko dago egiteko, baina, poliki-poliki, emakumea historian bere tokia hartzen ari da.

Zein berezitasun dituzte liburuko pertsonaia gazteek?

Liburuaren helburuetako bat da estereotipo estetikoak haustea. Horregatik, protagonistetako batek, Mirenek, betaurrekoak eta ortodontzia ditu, ez zaio gustatzen arropa erostera joatea, liburutegiko liburuen artean egotea nahiago du... Hala, emakume bakoitzak bere burua balioestea nahi dugu.

Neska eta mutil gazteen arteko harreman ereduek kezkatzen zaituztete. Zergatik?

Gazteek oso barneratua dute indarkeriaren gaitzespena, kontzientziatuta daude, lanketa itzelak egin direlako. Baina beste jarrera batzuk normalizatuta daude. Adibidez, bikotekide batek besteari sakelako telefonoa begiratzen badio, maitasun keinua dela esaten dute zenbait gaztek. Eta hori askatasuna haustea da: indarkeria.

Haurrentzako zenbait liburu ere idatzi dituzue; hutsunea sumatu al duzue merkatuan?

Gu amak gara, eta beti ipuin berdinak aurkitzen genituen gure seme-alabentzat: txanogorritxu, hiru txerritxoak... Guk txikiak ginenean, etxeko sutondoan entzuten genituen istorioen falta sumatzen genuen. Hala bururatu zitzaigun ipuin horiek biltzea eta haurren hizkuntzara egokitzea.

Ipuinek arrakasta itzela izan zuten; jendeak behar hori al zuen?

2015eko urrian, lehenengo liburua prest geneukan, eta sarera igotzea erabaki genuen. Hiru egunean 12.000 deskarga izan zituen. Gainera, atzerriko jende askok ere deskargatu zuen. Eskaria ikusita, gaztelaniara ez ezik, ingelesera eta frantsesera ere itzuli genuen. Mitologia helduendako hizkuntzan kontatu izan da, eta gure ondare kultural hori haurrentzat idaztea falta zen. Euskal kultura transmititzeko tresna bat egin nahi izan genuen.

Zein balio transmititzen dituzte mitologia ipuinek?

Auzolana, naturarekiko maitasuna, elkarren errespetua... Ipuin bakoitzak bere irakaspena dauka.

Zergatik da garrantzitsua haurrekin emozioak lantzea?

Errealitate bat dago gizartean: umeek enpatia gutxi dute; ez dute ohiturarik elkar besarkatzeko; haserretzen direnean ez dute hitzaren bitartez konpontzen... Guk emozio hezkuntzako tailerrak egiten ditugu, eta bururatu zitzaigun ipuinak tresna egokiak izan zitezkeela zenbait balio lantzeko. Bi liburu argitaratu ditugu: Sumendia baratzean eta Lekin. Komunikazioa lantzeko eta emozioak adierazteko baliabidea izan daitezke.

Nola erantzuten dute haurrek emozioak lantzean?

Oso ongi erantzuten dute. Duela gutxi, adibidez, hiru urteko umeekin gauza zirraragarri bat egin genuen: ipuina irakurri ondoren, binaka jarri ziren, eta elkarri masajeak egin zizkioten. Batak besteari esaten zion zer gustatzen zitzaion, zer ez... Amaitzean, eskerrak emateko, besarkada eman zuten. Haurrek joko moduan hartzen dituzte halako gauzak, eta eroso sentitzen dira. Komunikazioa eta emozioak txikitatik lantzea positiboa da. Hazi horiek txikitatik landatzen baditugu, haziz joango dira; baina, horretarako, landatu egin behar ditugu.

BERRIAn argitaratua (2017/10/30)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA