astekaria 2017/11/03
arrowItzuli

gizartea

BALBINO GARCIA ALBIZU

«Gerraren logika ere gainditzen du hemen 1936an gertatu zenak»

Ion Orzaiz

«Gerraren logika ere gainditzen du hemen 1936an gertatu zenak»

1936ko gerran, krimen latzenak ez ziren frontean gertatu. Urte luzez isilarazitako pasadizo lazgarri ugari bildu ditu Balbino Garcia Albizu peritu industrial eta historialariak (Donostia, 1943), ¿Qué hicimos aquí con el 36? liburuan.

Gertaera latzak azaltzen dituzu liburuan, baina oso era aseptikoan, baloraziorik ia egin gabe. Ohartuki hartutako erabakia izan al da?

Jakinaren gainean eginiko hautua da, bai. Kazetaritza moldera hurbildu nahi izan dut, datuei eta gertaerei estu lotuta, egia azalera atera dadin. Modu horretan, edonork ulertuko du 1936tik aurrera eskualde honetan gertatu zena. Baita triskantza hura egin zutenen bilobek ere. Zentzu batean, haientzat da lan hau.

Zure aitona fusilatu eta Arrasoko leizera bota zuten, beste zenbait lagunekin batera. Liburua idaztea prozesu zaila izanen zen zuretzat...

Aitona hil zidaten, baina inoiz ez dut gertakari horren oroitzapen sendorik eduki. 10 urte besterik ez nuen. Aitarena izan zen sufritu nuen galerarik handiena. Egiazki, kolpistek ez zuten gure aita hil, baina aita kendu zidatela esaten dut beti, aitona fusilatu zutenez geroztik ez baitzen pertsona bera izan. Bere baitan itxi zen. Gure amak, berriz, Frantziara ihes egin behar izan zuen, eta, handik pare bat urtera, Kataluniara mugitu zen. Eta, azkenik, gure amonak ere errepresioa pairatu zuen, baina beste mota batekoa: aitona hil ostean, erantzukizun politikoen espediente bat ireki zioten, eta etxea galtzeko zorian izan zen.

Eta, hala ere, liburuan diozu etxean ez zenutela gertatutakoaz hitz egiten.

Familia askoren arazoa izan zen hori. Nik 20 urterekin jakin nuen aitonari eta haren anaiei gertatu zitzaiena, gure aitonarekin ibilitako errioxar batek idatzi baina artean argitaratu gabe zegoen liburu bat irakurri nuenean. Orduantxe enteratu nintzen. Aurretik, hitz erdirik ere ez.

Horregatik erabaki zenuen liburua idaztea? Urteetan ezarritako isiltasuna apurtzeko?

Tira, nire aitonarengatik soilik izan balitz, ez nukeen inoiz liburua idatziko, ezta Arrasoko leizetik gorpuzkiak ateratzeko prozesua abiatu ere. Gure familiak aspalditik zekien aitonaren gorpua non zegoen, baina, harekin batera, beste hainbat lagun zeuden hor ehortzita, eta horiek ere merezi zuten justizia. Hortaz, liburua mendeku goxo txiki bat izan da gu guztiontzat. Egian oinarrituriko mendekua.

Nafarroan ez zen gerra fronterik egon, baina errepresioa oso bortitza izan zen. Zergatik?

Unamunoren hitzak nire eginez, Atzeragoardiako terrore bortitza izenburua eman diot liburuko ataletako bati. Hor azaltzen ditut pasarte ilunenetako batzuk: leize eta sakanetan amildegiratutako pertsonak, hilotzen profanazioak, jazarpena... Nire ustez, gerraren logika ere gainditzen du hemen 1936tik aurrera gertatu zenak. Frontean gertatzen denari larritasun zipitzik kendu gabe, atzeragoardiako errepresioa krudelagoa iruditzen zait. Larriagoa. Ez soilik sarraskien berezko krudelkeriagatik, baita ingurukoen isiltasunarengatik ere. Hilketak baimendu zituztenek eta beste alde batera begiratu zutenek ere badute arduraren puska bat.

Liburua orain argitaratu duzu, baina urteak daramatzazu informazioa eta datuak biltzen...

Bai. Bizitza eta osasuna kendu dizkit liburu honek. 1980ko hamarkadan hasi nintzen datuak biltzen. Hori besterik ez nuen egiten: informazioa bildu eta bildu. Behin, 1989an, Ataunen nengoela, Aita Barandiaranek esan zidan: «On Balbino, ez ezazu hainbeste informazio pilatu. Idatz ezazu. Eta zabaldu». Eta horixe egin dut orain, nahiz eta, berez, ez naizen historialaria lanbidez edota ikasketez. Roldan Jimenok dio karnetik gabeko historialaria naizela. Eta bat nator horrekin. Peoi bat izan naiz beti. Bilketa lan astuna egiten duen behargina.

Kasu honetan, are nekezagoa, gaur egun, oso zaila baita testigantza zuzenak aurkitzea, ezta? Protagonista gehienak hilda daude...

Tamalez, hala da. Eta horrek kalte handia egin diezaioke ikerketa historikoari. Jose Maria Jimeno Juriok testigantzak jasotzen zituenean, ez hanka ez buru ez zuten istorio absurdoak kontatzen zizkioten askok. Eta jende horrek ez zion gezurrik esan nahi; aitzitik, itsu-itsuan sinesten zituzten kontu horiek guztiak. Zein zen arazoa, orduan? Bada testigantza zuzenik ezean jendeak nahasi egiten dituela zurrumurruak eta errealitatea; edota urteen joan-etorrian itxuraldatu egiten dutela benetan gertatu zena. Nik zorte itzela izan nuen liburu hau prestatzeko tenorean.

Zergatik?

Nire eskuetara Ameskoa eta Urbasako eskualdeei buruzko polizia txosten batzuk iritsi zirelako. Balio ikaragarria du horrek. Finean, faxismoa, bere gorenean dagoenean, oso harroputz bilakatzen da, eta lotsa guztia galtzen du. Alemaniako naziekin, Italiako faxistekin eta Espainiako frankistekin antzeman dezakegu: bizilagun hau ala bestea zergatik garbitu zuten azaltzen dute txosten ofizialetan, ahoan bilorik gabe. Hori zen, hain zuzen, bilatzen nuena: faxistei hitza eman, zuzenean, tartean nire interpretazioak sartu gabe. Gera daitezela agerian.

Informazio horrez gain, ordea, testigantza asko bildu dituzu...

Bai, baina saiatu naiz ikuspegi zientifiko hori mantentzen. Gisa honetako lanetan profesionaltasuna exijitzen dut nik, eta herri honetan joera dugu politikariekin argazkia atera eta gero lana erdizka uzteko. Egia, justizia eta ordaina leloa aipatzen dutenek ahaztu egiten dute egia azaleratu ezean ezin direla beste bi eskaerak bermatu. Egia jakitea funtsezkoa da. Ameskoan eta Urbasan, esaterako, lan asko dago oraindik egiteko. Ni, orain, Otsoportillon hil zituzten bi pertsonen senideekin ari naiz lanean, baita Olatzagutiko lantalde on batekin ere.

BERRIAn argitaratua (2017/10/30)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA