astekaria 2017/11/03
arrowItzuli

politika

Nondik nola tira

Jokin Sagarzazu

Nondik nola tira

Bultzatzeko deia Kataluniatik, kantuz eta ozen: «Hik bultza gogor hortikan, eta bultza nik hemendikan, ikusiko dek nola-nola laister eroriko dan». Eta erantzuna Euskal Herritik, ahapeka. «Baina denbora badoa, nekea zaigu hasi, eskuak zartatu zaizkit, eta indarrak utzi. Usteltzen badago ere, karga badu oraindik».

Frankismoaren aurkako borroken testuinguruan idatzita daude Lluis Llachen bertso horiek, L' Estaca kantuan. Azken legealdian Katalauniako parlamentari izandakoak aurrez aurre jarri zituen gazteen grina eta adinekoen zuhurtzia, orainean batu nahi izango balitu bezala iragana eta geroa. Sarrerako jolasarekin jarraituz, prozesu subiranistaren aldekoek ordezkatu lukete gazte jendea Katalunian, eta adinekoak Euskal Herrian, David Beorlegi historialaren arabera.

Hark dio «Kataluniakoa bezalako une gakoetan» iragana oso presente egoten dela norbanakoen zein taldeen memorian, eta horrek bi funtzio bete ditzakeela: «Iraganak balio dezake orainari aurre egiteko, baina baita desmobilizatzeko edota aldaketarako grina gelditzeko ere». Haren ustez, Katalunian, egun, 1970eko hamarkadako eta atzeragoko «borrokei» begiratzen diete «nostalgiaz», baina «bultzagarri moduan». «Era berean, azken urteetako huts egite eta umiliazioak aitortzen dituzte, eta horietatik ikasi dute, abiapuntutzat jarri dituzte». «Boterea galtzaileekin, zapalduekin, horren kontzientzia dutenekin ikaratzen da gehien», azpimarratu du Beorlegik.

Aldiz, historialariarentzat, Euskal Herrian, oraintxe, «zama baten moduan» ikusten da iragana; azken 40 urteak, bereziki. «Egindako huts egiteak eta jasandako porrotak onartzea funtsezkoa da, indarrak askatzeko». Hortik dator, haren ustez, eta Kataluniarekin konparatuz, Euskal Herriko gizarteko «sektore batzuek» duten «blokeo egoera»; «norberak ezarritako zein kanpotik bultzatutako blokeoa».

Beorlegiren arabera, Euskal Herrian joera dago indarkeriarekin loturiko elementuetan arreta jartzeko, edo elkarri hori leporatzeko, «iragan guztia beltza izango balitz bezala». «Ikuskera horrek paralizatu egiten du. Horri aurre egiteko, iraganetik orainera ekarri behar dira gogo-pizgarri diren elementuak; beste garai batzuetako borroken beste kontakizunak errekuperatu behar dira. Baina ez autokonplazentzian erortzeko edo kontsumo produktu gisa, Espainian hainbat sektorek —ezkerreko batzuk barne— trantsizioa deiturikoarekin egiten duten bezala, horrek ere paralizatu egiten baitu», ohartarazi du. «Iragana erabil daiteke etorkizuna irabazteko ere».

Eta Katalunian, «orain arte behintzat», hori lortu dutela dio. Aurrera begira, berriz, uste du gakoa izango dela sor daitezkeen frustrazioak «kudeatzen asmatzea». Gauza bera desobedientziaren bidetik jotzea erabakitzen dutenen aurka Espainiako Estatuak erabili duen eta aurrerantzean ere erabil dezakeen errepresioarekin eta beste neurri batzuekin. «Frustrazioa den bezala, errepresioa ere bada elementu desmobilizatzaile garrantzitsu bat, hori kudeatzeak kostu material eta moral handiak ekartzen baititu». «Hori oso ezaguna da Euskal Herrian», azpimarratu du.

Zauriak eta denbora

Llachek sortu eta Gorka Knorrek euskarara ekarritako hitzak bihurtu dituzte ereserki moduko bat Kataluniako prozesu subiranistaren aldekoek. Euskal Herrian ere asko entzun da kantua azken asteotako elkartasun ekitaldietan, baina beste «tonu» batekin. Beorlegik azpimarratu duenez, hemendik «miresmen puntu batekin» begiratzen zaio hango mobilizazio gaitasunari, baina baita «etsita» ere, «batzuek euren buruei 'hemen zergatik ez?' galdetuko baliete bezala».

Zer gertatu da, bada, Kataluniaren independentziaren aldekoentzat Euskal Herria erreferente bat izatetik egun, askoren begietara, hain hotz edo indarge egoteko mobilizazio gaitasuna hemen?

«Kataluniakoak Euskal Herria harrapatu du mobilizazio ziklo baten amaieran. Ez da egon sinkroniarik, ez da egon sintoniarik», dio Mario Zubiaga politologoak. «Mobilizazioek zikloak eta azpizikloak izaten dituzte; gizarte bat ezin da mantendu une oro kalean. Euskal Herria mobilizazio ziklo oso gogor batetik dator, eta gizarteak lasaitze moduko bat behar du». Zubiagaren arabera, azken 40 urteetako Euskal Herriko historia —eta Espainiakoa, oro har— markatu dute «estrategia politiko armatu-errepresiboek», eta horrek eragindako «zauriek», Euskal Herrian behintzat, beharko dute denbora bat ixteko.

Dena den, EHUko irakasleak dio ETAren jardunaren amaiera mugarria izango dela, izaten ari denez, eta Kataluniako prozesu subiranista jarri du adibide moduan. «Nekez uler daiteke han gertatzen ari dena hori gabe». Aurrera begira, eta Euskal Herrira itzuliz, Zubiagaren ustez «Kataluniakoak lagundu edo behartuko du hemen atseden fasea laburragoa izatera». «Mobilizazio fase berri baten atarian egon gaitezke; Kataluniakoak balio dezake gizartea berraktibatzeko eta eragile politikoak kokatzeko, EAJ bereziki».

Galdutako aukerak

Unai Apaolaza filosofia irakasleak ere atera ditu hainbat lezio Kataluniatik. Eta gizartearen mobilizazio gaitasunari dagokionez, bat bereziki: «Jendartea aktibatzeko beharrezkoa dela konfrontazioa: konfrontaziorik gabe ez dago polarizaziorik, eta polarizaziorik gabe ez dago aktibaziorik». Apaolazak uste du Euskal Herrian «beldur» zaiola konfrontazioari. «Egia da konfrontazio mota gogor batetik gatozela, eta badagoela nolabaiteko beldurra horri; hitzak, gainera, badu konnotazio negatibo bat». Baina hori da «politikaren motorra», azpimarratu du. «Hori gabe ez dago aurrera egiterik».

Azken 40 urteetan Euskal Herrian izandako indarkeria egoerak eragin nabaria izan duenik ere ez du ukatzen Apaolazak, baina ez du horretara mugatzen euskal gizartearen parte batek egun duen «blokeoa»; ezta azken 40 urteetan «galdutako aukerek» sorturiko «frustrazioetara» ere. «Frustrazioak ez du sortu desmobilizazioa, desmobilizazioak sortu du frustrazioa; biderik ez dagoela ikusteak, alegia». Eta horren ardura, bereziki, alderdi politikoena dela dio.

Apaolaza oso kritikoa da Euskal Herrian alderdi abertzaleek bereziki politika egiteko duten moduarekin. Haren ustez, galdutako aukerek zerbait erakusten badute, hori da huts egin duela orain arte erabili den «aldebikotasunaren estrategia orokorrak» —Espainiarekin akordio bat lortzeko eskemak—. Hori hala izanik ere, «orain arte bezala jarraitzen da», Apaolazaren arabera: «estrategien diseinua» alderdien egituren edo elite politikoen esku uzten da, eta hori da oker nagusia, haren ustez.

«Aurreiritziekin funtzionatzen da, pentsatzen da alderdi abertzaleen batasunik gabe ez dagoela ezer egiterik; baina, era berean, ikusten da batasun hori ez dela posible eta Lizarra-Garazi ez dela itzuliko, hilda dagoela —bide batez, Lizarra-Garazi ere ez zen nahikoa izan—. Horrek guztiak sortzen du blokeoa, frustrazioa», azaldu du filosofia irakasleak.

Apaolazaren arabera, «artikulazio eskema klasikoekin» funtzionatzen delako gertatzen da hori; Euskal Herrian, bereziki: «Hemen oso zabalduta dagoen ustea da eliteek elkartu behar dutela eta haiek adostu behar dutela bide orri bat. Eta horren arabera diseinatzen dira mobilizazioak, aktibatu nahi izaten da gizartea». Haren ustez, baina, «gaur egungo gizartean» horrek ez du balio. «Bitartekaritza egiturak —alderdiak, sindikatuak...— krisian daude —baita nazioartean ere—; jada ez dira gai polarizazioak sortzeko. Normala da alderdi politikoek horri eustea, bizirik irauteko estrategia gisa-edo, baina horrek etsipena sortzen du jendartean».

Azkeneko hausnarketa horrekin ados egonda ere, Zubiagarentzat funtsezkoa da alderdi eta instituzioen bitartekaritza eta, kasu honetan, baita batzuen arteko unean uneko batasuna ere. Gogoratu du Katalunian hala izan dela, eta gizartearen mobilizazioari esker lortu dutela hori: alegia, «bateragarriak» direla biak, eta «elkarren beharra» dutela.

Zubiagaren arabera, Euskal Herrian prozesu subiranista indartsu bat abiatzeko orain arte eginiko saioek huts egin badute, «elkarren arteko lehiagatik» huts egin dute. «Familia politiko bakoitzak bere aldetik konpondu nahi izan du auzia, negoziatu nahi izan du Espainiako Estatuarekin». Ezker abertzaleak, estrategia politiko-militarraren bidez, eta EAJk, egungo legedia baliatuta —estatutua garatuz—. «Biek huts egin dute», azpimarratu du Zubiagak. Horrek «halako frustrazio sentsazio bat» sortu badu ere, «aurrera egitea» ahalbidetu duela dio. «Bestela ez ginateke egungo egoeran egongo».

Horiek hala, uste du «oraingo abaguneak» —ETAren indarkeriarik ezak sorturikoak, bereziki, baina ez soilik— aukera ematen duela Euskal Herrian «minimo batzuk konpartitzeko». Eta gutxiengo hori erabakitzeko eskubidearen defentsa dela dio. «Hori da gehiengo handi bat biltzen duen ardatz transbertsala». «Gero estatuarekin ezin dela adostu? Hori prozedura arazo bat izango da, baina edukietan bat egite eta gehiengo handi bat baldin badago, hobeto aurre egingo zaio horri», azpimarratu du.

Krisian aukera

Apaolaza ez dator bat ikuskera horrekin. Batetik, uste du erabakitzeko eskubidearen aldeko gizarte mugimendua «eskema zaharrekin» funtzionatzen ari dela: «Ulertu da elite abertzaleak batzeko tresna gisa, akordioa behartzeko, eta horrek erre egin du mugimendua». Eta, bestetik, uste du bateraezina dela erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea eta, era berean, aldebikotasuna amaituta dagoela esatea. «Euskal politika beti dago faseetan trabatuta. Pazientzia estrategikoa behar dela esaten da orain, ez dela independentismoaren garaia, erabakitzeko eskubidearena dela, nahiz eta aldebikotasuna amaituta egon: ez da ulergarria».

Horrek mugimendu independentista indartsu bat egituratzea oztopatu duela dio, eta nabarmendu du hori dela gakoetako bat egungo desmobilizazioa ulertzeko; Apaolazaren arabera, inor mobilizatzekotan, independentistek dutelako interes handiena. «Bere buruari mugak jarri dizkio independentismoak, eta, gainera, erabakitzeko eskubideak ez ditu independentista gehiago sortu», kritikatu du.

Zubiagarentzat, aldiz, erabakitzeko eskubidearen gainean adostasuna egoteak «handitu eta zabaldu» egiten du mugimendu subiranista, eta horrek «posizio onean» jartzen du; bereziki, «1978ko erregimenaren krisiak ireki dezakeen aukeraren aurrean». «Katalunian gertatzen ari denak amaitutzat eman du harreman mota bat estatuarekiko, estatua ulertzeko modu bat. Zerbait berria behar da. Harremanak birplanteatu behar dira. Une gakoa da, eta kontziente izan behar dugu aldi historiko batean gaudela. Ez badugu horrela planteatzen, autogobernua bera egon daiteke kolokan».

«Agure zahar batek zioen bere etxe aurrean goizean goiz lantokira irteten nintzanean: Ez al dek, gazte, ikusten gure etxola zein dan? desegiten ez badugu, bertan galduko gera...». Amaitzen ari zen zerbaiti abestu zion Lluis Llachek. Desadostasunak desadostasun eta datozen egun eta asteetan Katalunian zer gerta ere, sentsazio hori daukate Beorlegik, Zubiagak eta Apaolazak ere.

BERRIAn argitaratua (2017/10/30)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA