astekaria 2017/11/03
arrowItzuli

kultura

ORAINALDIA EGOSTEKO SUA

Amagoia Iban

ORAINALDIA EGOSTEKO SUA

Leon X.a dago Erromako —eta Europako erresuma askotako agintarien— buru. Amerikarekin topo egin berri dute Gaztelako Erregina-Errege Katolikoen soldatapeko itsastiriek. Saxonian, Martin Luther fraide augustindarrak 95 tesi labur eseki ditu Wittenbergeko jauregiko elizako atean. Latinez idatzita daude. Erromako hierarkek sustatutako indulgentzien aurka —bekatuen ordaina diruz pagatzearen aurka— jo du horietan, Erromako buruaren nagusitasuna auzitan jarri gabe. Eztabaida teologiko baterako abiapuntu gisa idatzi ditu fraideak tesiok; berehala itzuliko dituzte alemanera; bi asteren buruan, herrialde osora zabalduko dira kopiak; bi hilabeteren buruan, Europa osora. Erdi Arotik Errenazimenturako bidean da Germaniako Erromatar Inperio Santuko zoko hau ere, Johannes Gutenbergen inprenta lagun.

Inprenta, liburuetan jasotako jakintzaren monopolioa abadeei ostu dien asmakizuna. Eta liburuen artean liburuena: Biblia. Horregatik, Biblia da Gutenbergek inprimatutako lehendabiziko idazlana, 1449an. Latinez. Erromaren hizkuntzan. Lutherrek berak ere inprimatuaraziko du Biblia bat, 1534ean. Alemanez. Berak itzuliko du, eta aleman batua finkatu, itzulpenerako eredua ezarri. Biblia tokian tokiko hizkuntzan eman behar dela sinesten baitu fraideak. Bere itzulpenak argia ikusterako, eskumikatua du Erromako aita santuak, bere nagusitasuna auzitan jarri eta Eliza kristaua eraldatu behar dela aldarrikatzeagatik. Abian da erreforma protestantea. «Altxatu ziren Lutero eta Kalbino, eta gelditzen zen Autoritate unibertsal bakarra puskatu zuten: Eliza, funtsean batasun osoaren ardatza izan zena. Erlijio batasuna», Joxe Azurmendiren (Zegama, Gipuzkoa, 1941) Espainolak eta euskaldunak (Elkar, 1993) saiakerako hitzetan.

Laster batean helduko da Trentoko Kontzilioa (1545-1563), katolikoen kontrarreforma inauguratuko duena. Teologiaren mugak gaindituko dituen botere borroka bat da. Gaurdainoko ondorioak edukiko ditu borroka horrek politika, ekonomia, gizarte eta kultura arloetan. «Europa osoa biltzen zuen batasuna —politiko, filosofiko, erlijiozko, etc.— zeharo puskatu da. Azkenik batasun linguistikoa bera (latinezkoa). Eta batasun berriak sortzen ari dira, unitate berriak; hots, Estatu modernoak, literatura nazionalak», Azurmendiren hitzekin jarraituz. Oro har, «mundu berri baten sorrera» da. Organizazio eta organizatzeko printzipio berrien sorrera. «Nazio hizkuntzak eta nazio literaturak izango dira kontzientzia sozial eta politiko berrien oinarri tinkoenetako bat». Euskal Herrian ere bai.

Trento eta Etxepare

Trentoko Kontzilioa hasi zen urte berean, 1545ean ikusi zuen argia ezagutzen den euskarazko liburu zaharrenak, Linguae vasconum primitiae-k. Bernat Etxeparek (Sarasketa, Nafarroa Beherea, 1480 1560) idatzi zuen. Apaiza zen. Joanes Leizarraga ere (Beskoitze, Lapurdi, 1506 Bastida, Nafarroa Beherea, 1601) apaiza zen, baina protestantea, aurrekoa ez bezala. Biak ala biak ziren nafarrak, Nafarroako erresuma indarrean zen garaikoak. Eta Nafarroa protestante bihurtu zen. Kalbinista, zehatzagoak izate aldera.

Lutherrekin abiatu zen erreforma protestantea Germaniako Erromatar Inperio Santuan, izan ere, baina Suitzan eta Frantzian jarraitzaile gehiago izan zituzten Joan Kalbinen irakaspenek. Kalbinek aita santuen nagusitasuna errefusatu zuen, eta bere teologian oinarritutako gobernu sistema eratu zuen Genevan. Frantzia osora zabaldu ziren haren tesiak.

1527an Nafarroako Henrike II.arekin ezkondu zen Margarita Angulemakoak babesa eman zion Kalbini —eta beste hainbat protestante ezaguni— bere gortean. Biarnon zeukan egoitza Nafarroako koroak. Eta Margarita erreginaren letrekiko eta Kalbinen tesiekiko zaletasunak ezagunak egin ziren, katolikotasuna sekula baztertu ez bazuen ere. Henrike II.arekin izan zuen alabak, Joana III.ak, amaren sokari eutsi zion Nafarroako koroaren gidaritza hartu zuenean —1555etik 1572ra bitartean izan zen erre- gin—. Eta berak bai, berak katolikotasuna baztertu eta higanot —kalbinista— bihurtu zen. Bi erresuma katoliko indartsuren artean: Nafarroa hegoaldeko lurrak 1512an arma bidez konkistatuak zituen Gaztelako erresumaren eta iparraldekoak—Albretekoaren agindupekoak— amets zituen Frantziako erresumaren artean. Eta fede berrirako testuak euskaratzea agindu zuen.

Hala heldu zion Leizarragak euskaren batasunaren aldeko eginahalari. Euskara batua eta jasoa landu zuen Jesus Krist Gure Jaunaren Testamentu Berria itzulpenean. Ofizialki, 1563an jaso zuen horretarako agindua. Bazuen nahikoa prestakuntza horretarako: euskaraz gain, frantsesa, gaztelania, grekoa eta latina menderatzen zituen. Zuzentzaile laukote bat ere ezarri zioten: Joanes Etxeberri, Piarres Landetxeberri, Sanz Tartas eta Tardets. Bi urteren buruan bukatu zuten lana, baina 1571ko irailaren 24ra arte ez zuen argia ikusi. Arroxela gotorleku higanotean inprimatu zuten Leizarragaren itzulpena. Testamentu Berriaz gain, Kalendrera, ABC edo Kristinoen instrukzionea, Konfesionea, Katexismea eta Othoitza eklesiastikoen forma lanak eman zituen liburu hartan —zenbait, Jean Kalbinek berak idatziak—.

«Erreformaren ahalegina, Leizarraga protagonista zuela, izugarria izan zen. Kode linguistiko bat bideratu zuen, literatur kode izan zitekeena», euskal literatura klasikoan aditu Patxi Salaberriren esanetan (Aramaio, Araba, 1956). Federiko Krutwigek, Luis Villasantek, Jon Mirandek, Gabriel Arestik eredu horren alde egin zutela gogoratu du. Ez dira bakarrak. Duela bi urte, Arestiren hitz batzuk izenburu hartu eta Back to Leizarraga (Pamiela) lana eman zuen Kepa Altonagak, eredu bera aldarrikatzeko.

Leizarragaren eredua kontrarreforma katolikoarekin itoarazi zela nabarmendu du Salaberrik: «Kontrarreformak nolabaiteko hizkuntz atomizazioa ahalbidetu zuen, tokian tokikoan, bakoitzari berean eman behar zitzaiolako ildoa ezarri zuen. Hori oso interesgarria zen Eliza katolikoa babesteko, baina herri baten biziraupen linguistiko eta kulturalerako, astakeria izan zen».

Kontrarreforma lan horietan kokatzen ditu Leizarragaren osteko klasikoak, Pedro Agerre Axular (Urdazubi, Nafarroa, 1555 - Sara, Lapurdi, 1644) eta haren idazle garaikideak. «Kalbinismoak egindako lana hankaz gora jartzea zen helburua, eta, hori barneraratzeko, euskarazko liburuak erabili zituzten. Modu zoragarrian emanak, ondo landuak, baina kolonizaziorako liburuak ziren. Bakoitzak bere rola jokatu zuen. Baita Axularrek ere». Gero liburuaz ari da, zalantzarik gabe; eta Sarako Eskola esaten zaioneko Esteve Materra, Joanes Etxeberri, Joanes Haranburu, Pierre Argaiñaratz eta bestez. Haiek ezarritako irizpide atomizatzaileen ajeak oraindik ere ageri dira gaur egun, Salaberriren aburuz. Ez du ukatzen Leizarragaren ahaleginak bazuela bere herrena, baina perfekziora hurreratzen dela dio: «Hark ez zuen euskaldun guztiontzat egin kodifikazioa, baizik eta Nafarroako erreginaren menpe zirenentzat, baina bazen abiapuntua literatur kode bat eraikitzen hasteko. Aukera hura joan zitzaigun, baina».

Higanotak Euskal Herrian

«Leizarraga euskal literaturaren oinarria da, eta aurrekaririk gabeko erraldoi bakarti gisa ageri da. Olivetan frantsarentzako, Shakespeare ingelesarentzako, San Jeronimo latinarentzako, Salette biarnesarentzako, Luther alemanarentzako nola, hala da Leizarraga euskararentzako». Juan Maria Olaizolak (Irun, Gipuzkoa, 1921 - Hondarribia, 1998) idatzia da, Historia del Protestantismo en el País Vasco. El Reino de Navarra en la encrucijada de su historia (Pamiela, 1993) liburuan. Lan hori da, orain artean, erreformak Euskal Herrian izandako bilakaerari buruzko ikerketa lanik zehatzena. «1520an, Martin Lutherren izena Euskal Herri eta Europa osoan ezagutzen zuten, eta ezaguna zen haren liburuei ezarritako zigorra. [...] Liburu luthertarrak fede katoliko-erromatarraren aurkako eraso garbia ziren. Erresumaren bakearen eta ordenaren aurka ere otzen zuten, antza. Hala bihurtu zen lutheranismoa auzi politiko», Olaizolaren hitzetan.

Lutherren tesiak agertu aurretik euskal lurraldeetan izandako erlijio mugimenduetaz —herexetzat hartutakoak barne— mintzo da bere saiakeran; egungo Europaren ernamuin garaietan Euskal Herrian erlijioaren itzalpean gertatu ziren botere borrokez; gerrez; letren, ideien eta pertsonen erreketaz; erresistentziez. Erreformaren existentziaren memoria ezabatzearen aurkako ariketa bat da Olaizolaren liburua. Protestantea zen bera ere. Pertsonalki ezagutu zuen Edorta Jimenezek (Mundaka, Bizkaia, 1953). Haren liburua «iturri nagusia» izan du duela bost mende kokatu dituen fikzio lanetarako. Piztien itsasoa (Txalaparta) trilogiarako. Baleen berbaroa (1999), Sukar ustelaren urtea (2004) eta Azeria eta lehoia (2007) liburuekin osatu zuen, Sebastian Zubilleta marinela protagonista nagusi bihurtuta. Garai hartaz galdetuta, ekarri zuen ardatz aldaketa aipatu du Jimenezek: «Txina alde batera utzita, Mediterraneoan zegoen ardatza, Ekialde-Mendebalde norabidean. XVI. mendearen hasieratik, ardatza Atlantikora, Ipar-Hegoa izatera pasatu zen». Hor kokatzen ditu idazleak inperialismo handiaren sorrera, kapitalaren pilaketa. «Gure ikuspegitik, euskal estatu propio bat atxikitzeko aukera izan zen garai horretan, erresuma formarekin eta hizkuntza propioarekin, garai hartako gainerakoek bezalaxe». Horren ordez, baina, Frantziako eta Gaztelako monarken menpe geratu ziren euskal lurraldeak, «eta haien abentura kolonialetan» sartu ziren euskal herritarrak. «Gauzatu ez zen horren lekuko geratzen zaigu beti Leizarraga. Jakintzaren hizkuntza Nafarroan euskara izatea nahi zuen». Jakintza. Liburuen bitartez. Horretarako, liburuak irakurtzeko eta irakurritakoa ulertzeko gaitasuna landu beharra zegoen. Horregatik hartu zuen garrantzia hizkuntza batzeak eta jendea alfabetatzeak. «Hori funtsezkoa da kapitalismoaren bilakaeran ere: alfabetizazioak garrantzi handia dauka herrialde protestanteetan, Biblia irakurri ahal izateko. Horrek beste liburu batzuk irakurtzeko bidea ireki zuen. Trentoko Kontzilioa da horri eman zitzaion erantzuna». Jazarpena. Erlijio gudaz mozorrotuta: «Inkisizioarekin-eta garai hartan ezarri zen jazarpena ezin da azaldu begirada poliedrikorik gabe. Euskal Herrian ez zen sorginik izan, esaterako. Ez, behintzat, Eliza katolikoak esan moduan. Errepresio hura ez zen izan praktika katolikoak versus protestanteak. Ez zen erlijio auzia izan».

Beste erreforma

Luther Blissett kolektiboaren Q (1999) nobela dakar gogora Jimenezek, eta gaur egun Alemania den eremuan duela bost mende ito ziren iraultzak modu harrigarrian agertzen dituela erantsi. «Izaera kolektiboen auziak erlijio terminoekin estali ziren, eta nobela horretan oso argi erakusten da nola zapaldu ziren ernamuin libertario haiek». Gatazka Kolektiboak 2009an eman zuen euskaraz nobela hori. Aingeru Epaltzak ere gogora ekarri du lan hori duela bost mendeko botere borrokaz hitz egitean. «Beste aukera galdu bat planteatzen du lan horrek: egitura erlijiosoena bakarrik ez, egitura politiko eta, batez ere, sozialaren iraulketa bat ekarri nahi zuen erreforma batena. Liburu horretan ikusten da elkarren aurka ari ziren buru katoliko eta protestanteek nola egin zuten bat, oinarriko erreforma hori galarazteko». Max Weberren Die protestantische Ethik und der 'Geist' des Kapitalismus (Etika protestantea eta kapitalismoaren espiritua) lana ere ekarri du gogora Epaltzak: «Garbi dago iraultza industriala, kapitalismoa, banka handia herrialde protestanteetan sortu zirela, protestantismoak kapitalismora mundu ikuskera jakin bat eraman zuela».

Epaltzak ere trilogia bat dauka idatzita, garai hartan girotua. Joanes Mailu da pertsonaia nagusia Mailuaren odola (2006), Izan bainintzen Nafarroako errege (2009) eta Gure Jerusalem galdua (2013) nobelekin osatutako Erresuma eta fedea trilogian (Elkar). Axular ageri da, besteak beste, bertan; Axularren euskararen interpretazio gaurkotua egitea aukeratu zuen idazteko orduan; Axularren ekarpena gogoetagai du orain: «Axularren eta Sarako Eskolaren existentzia ezin dira ulertu erreforma gabe. Haiek izan ziren, nolabait esatearren, kontrarreformaren aitzindariak Euskal Herrian. Erreformaren ondorioa da garai hartatik heldu zaigun literatura guztia, bere akats eta bertute guztiekin».

Erreforma horren arrastoaren sakontasuna ukatu ezina da, beraz: «Gu ez ginen hain urrun ibili Europako haize berrietatik. Nolabait, ukitu gintuen. Historiatik aparte gaudela erraten da sarri. Orduan ez ginen hain aparte ibili. Eta gure historian gero berriz gertatu ez dena gertatu zen: eliteek euskararen alde egin zuten».

Epaltzarekin ados dago Juan Carlos Etxegoien Xamar (Garralda, Nafarroa, 1956). Euskararen historian aditua da, eta, besteak beste, Orhipean liburuaren egilea. «Arrasto absolutua» utzi zuen Euskal Herrian garai hark, azpimarratu duenez. Eta topiko zenbait indargabetzen dituela erantsi: «Protestantismoak hemen egindako bideak erakusten du gure herria adi zegoela Europako abangoardian gertatzen zenari. Horrek, berriz ere, baztertu egiten du gurea herri bakartua izan delako ideia topikoa, jatorriz hizkuntza bakartua izateak ergel eginen bagintu bezala».

Bai Salaberri, bai Jimenez, bai Epaltza bezala, galdutako aukeraz mintzo da Xamar. «Auskalo zenbat liburuk bukatu ote zuen sutan». Erre gabeko liburuetan, berriz, dogma berriak indartzeko letrak idazten ziren. «Axularrek idatzi zuen garaian, esaterako, sorgin ehiza bete-betean zebiltzan inkisidoreak, eta ez zuen fitxik ere aipatu. Lapurdin Lancre izanik ere. Konkistaren ondoren. Hor faktore anitz gurutzatzen dira». Faktore guztion artean egosi zen egungo Europa.

BERRIAn argitaratua (2017/10/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA