astekaria 2017/11/03
arrowItzuli

mundua

Desegiteek koloreztatua

Igor Susaeta

Desegiteek koloreztatua

Kataluniako prozesu independentista ahotan eduki izan duenean, Madrilek ideia bati heldu izan dio: Espainia ezin dela hautsi, eta, ziurtatu ez arren, iradokitzen du hala jarraituko duela per saecula saeculorum. Baina Espainiako Gobernuko kideak harrituko lirateke duela ehun urte pasako edo, are, orain hiru hamarkadako Europako mapa bati begiratu bat emanez gero.

Mendebaldeko estatuetako agintariek eta EB Europako Batasunekoek iritzi bera dute, eta haiek ere, antza, aspaldi ez diote erreparatu maparen itxuraldatzeari. Jean Claude Junckerrek, behintzat, ez. Kataluniako auziaren harira, Europako Batzordeko presidente luxenburgoarra esan eta esan aritu da ez duela gustuko gertatzen ari dena, independentismo molde guztien «aurka» dagoela. «Ez dugu utziko Katalunia banatzen, beste batzuek gauza bera egingo luketeelako. Ez litzaidake gustatuko». Gogaituta bezala mintzo zen aukera horren inguruan: «Ez litzaidake gustatuko hamabost urteren buruan 98 estatuko EB bat edukitzea. 28 estaturekin zaila baldin bada, 98rekin ezinezkoa litzateke».

Europaren azken mendeko historiak dio, dena den, geroz eta estatu gehiago sortu direla. XX. mendearen hasieran 24 ziren, eta gaur egun, berriz, estatu kopurua bikoitza da: 50. Mapak geroz eta kolore gehiago dituela, alegia. Eta koloreen areagotze horretan bereziki eragin dute bi desegite prozesuk: Jugoslaviarenak eta SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunarenak. Horietan estatu bihurtu zirenetako batzuek ibilitako bideari erreparatu diote Kataluniatik.

SESB-EN BUKAERA

Baltikoko herrialdeak eredu



Mikhail Gorbatxov SESBeko azken presidentea izan zenak batasun erraldoiaren barruan berrikuntzak egitea hauspotu zuen 1985ean kargura heldu eta gero, eta perestroika-ren bidez irekiera bat planteatu. Norabide aldaketa horrek, baina, Baltikoko hiru errepubliketako (Estonia, Lituania eta Letonia) mugimendu independentisten berriz piztea eragin zuen, 1980ko hamarraldiaren amaieran.

Hiru herrialdeen independentzia eskatzeko, Tallin (Estonia) eta Vilnius (Lituania) artean 560 kilometroko giza katea osatu zuten 1989ko abuztuan. Giza mugimendu horrekin bat egin zuten, gainera, instituzioek, eta aurrerapausoak eman. Aurrenekoa, Estoniako Sobiet Gorenak (parlamentuak), 1988ko azaroaren 16an subiranotasun adierazpena eginez. Ia bi urte geroago, 1990eko maiatzaren 8an, independentzia aldarrikatu zuten, eta 1991ko martxoaren 3ko erreferendumak argi utzi zuen estoniarrek, 1918 eta 1940 artean bezala, independente izan nahi zutela: parte hartzea %82koa izan zen, eta %78k bozkatu zuten baietzaren alde.

Letoniak ere bide bera ibili zuen; parlamentuak independentzia aldarrikatu eta gero bozkatu zuten erreferendumean, eta baiezkoa argi nagusitu zen.

Dena den, kasurik mediatikoena Lituaniakoa izan zen. Instituzioek aldarrikatu zuten independentzia -1990eko martxoan-, eta herritarrek onartu zuten galdeketa batean -1991ko otsailean-. Ados. Baina tartean istilu larriak gertatu ziren. SESBek ez zituen onartu ez Letoniaren, ez Estoniaren, ez eta Lituaniaren independentzia aldarrikapenak, eta nahiz eta erreferendumik ez eragotzi eta errepubliken kontrol eraginkorrik ez hartu, blokeatu egin zituen, eta zenbait operazio militar egin han. Larrienak, Lituanian. Armada Gorriko soldaduek Lituaniako irrati-telebistako egoitza hartu zuten 1991ko urtarrilaren 11n, eta parlamentura sartzen ahalegindu ziren. Ezin izan zuten, ordea. Izan ere, instituzioak defendatzeko helburuarekin, giza ezkutuak eratzeko eskatu zien herritarrei Vytautas Landsbergis errepublikako presidente berriak. Borroketan hamalau pertsona hil zituzten, eta 700 lagun pasa zauritu.

Baina independentziarako ahaleginean, gertatutakoa mugarrietako bat izan zen hiru herrialdeentzat. Lituanian erreferenduma egin eta bi egunera, 1991ko otsailaren 11n, Islandiak independentzia aldarrikapena onartu zuen, baita Danimarkak ere, bi aste geroago.

Nazioarteak aldarrikapen horiek onartzera eraman zituen bigarren mugarria hilabete batzuk geroago etorri zen, abuztu erdialdean. SESB desegitear zegoela, Alderdi Komunistaren sektore batek estatu kolpea eman zuen, baina huts egin zuen. EBk segituan onartu zituen, beraz, hiru estatuak.

JUGOSLAVIAREN DESEGITEA

Esloveniari begira



Joera nazionalistak 1980ko hamarkadan indartu ziren. Batetik, Jugoslaviako Federazioaren batasunak 1974an onartutako konstituzioak deszentralizazioan sakondu zuelako; eta, bestetik, urte batzuk geroago krisi larria izan zuelako estatuak. Gehitu horri II. Mundu Gerraz geroztik Europan izandako gerrarik odoltsuena: garbiketa etnikoak, setioak, hirien bonbardaketak, exekuzio masiboak... 1991 eta 2001 artean 140.000 pertsona pasa hil zituzten.

Hura lehertu aurretik, Eslovenia zen Jugoslaviako errepublikarik aberatsena, eta hangoak kexu ziren, iruditzen zitzaielako zegoekien baino gehiago ordaintzen ziotela gobernu federalari. Independentistentzat, Jugoslavia bera zama bat zen. Independentisten koalizioa osatu zuten 1990eko apirileko errepublikako bozetan, eta abendurako galdeketara deitu. Nabarmen irabazi zuen independente izateko aukerak (%88), parte hartze handiarekin, gainera: %94.

1991ko ekainaren 25ean aldarrikatu zuen independentzia Esloveniak, eta Kroaziak ere gauza bera egin zuen. Baina aldarrikapenak ez ziren indarrean sartu udazkenera arte. Izan ere, Esloveniaren kasuan, adierazpenari Hamar Eguneko Gerrak, Jugoslaviako lehendabizikoak, jarraitu zion -60 hildako pasa guztira-. Denbora horretan, EEE Europako Ekonomia Erkidegoak -EBren aurreko erakundea- bitartekari lanak egin zituen bi errepubliken eta Jugoslaviako Gobernuaren artean.

Esloveniak eta Kroaziak harreman ona zeukaten Alemaniarekin, eta Helmut Kohl kantzilerra zenaren gobernuak hauspotu zituen negoziazio horiek. Alemaniak ireki zizkion ateak Ljubljanako gobernu burujabeari, eta 1992ko urtarrilean bertan EEEko estatu kide guztiek onartu zuten.

Kataluniarentzat eredu da Eslovenia. Batetik, independentzia adierazpena denboraldi batez eten zuelako Esloveniako Gobernuak, Kataluniakoak egin zuen moduan; bestetik, nazioarteko bitartekaritza bati esker lortu zuelako egoera desblokeatzea. Bada alderik: Europako estatu boteretsuek, izan ere, desegiten ari zen eta EEEren barruan ez zegoen erregimen baten parte gisa ikusten zuten Eslovenia; Espainia, berriz, EBko kide da.

Mazedoniako prozesuak ez zuen bitartekaritza beharrik eduki, eta 1991ko irailean aldarrikatu zuen independentzia. Kroazian eta Eslovenian ez bezala, Mazedonian ez zen gerrarik egon.

1990eko gerra haietan, Kroazikoan (1991-1995) eta Bosniakoan (1992-1995), Serbiarekin bat eginda borrokatu zen Montenegro, eta 2002 eta 2006 artean estatua partekatu zuten Serbiak eta Montenegrok. Baina bigarrenak, Milo Djukanovic egungo lehen ministroaren bidez, independentziarako bidea ireki zuen. Serbiak ez zion inolako oztoporik jarri. Egin zuten erreferenduma 2006ko maiatzaren 21ean, eta EBk baldintza bakarra jarri zion estatua onartua izan zedin: baiezkoaren aldekoak %55 baino gehiago izatea. Azkenean, %86koa izan zen parte hartzea, eta %55,5ek babestu zuten estatu bihurtzeko aukera. Egun, EBko kide izateko zerrendan dago.

Montenegroren ondoren, Kosovoren txanda heldu zen. Estatusa erabat finkatzeko du, baina Europan azkena izan da estatu bihurtzen, 2008ko otsailean. NBE Nazio Batuen Erakundeko kide gehienek onartzen dute, baina adostasunik ez dago. EBn ere ez dago kontsentsurik, bost estatuk ez dutelako onartzen; tartean Espainia. Serbia ez da EBko kide, baina hark ere du onartzen; bere probintzia historikotzat kontsideratzen du albaniar etniako herritarren gehiengo zabaleko lurralde hori. Europako lurralderik pobreena eta ustelenetakoa da Kosovo.

TXEKOSLOVAKIA

Herriari kontsultatu gabe



Herritarrak matxinatu ziren 1989ko azaroan, eta bai presio horren eraginez, bai SESBek zailtasun ekonomiko eta politikoak zituelako ere, Txekoslovakiako Alderdi Komunistak botereari uko egin zion azaroaren 28an.Beraz, lider eslovakiarrak independentziaz hitz egiten hasi ziren.

Hiru urte geroago gauzatu zituzten asmoak, baina herriari inoiz ez zioten galdetu. 1989ko abenduan, Vaclav Havel aukeratu zuten Txekoslovakiako presidente, eta hari nabarmen txistu jo zioten independentista eslovakiarrek, Bratislavako plazan emandako mitin batean.

Oraindik ez zegoen mahai gainean banaketaren ideia, baina bi errepubliketako (Txekia eta Eslovakia) politikariak hasiak ziren negoziatzen nolakoak izango ziren bien arteko harremanak estatu berean jarraituz gero. Vladimir Meciar zen Eslovakiako lehen ministroa, eta iruditzen zitzaion harreman horretan Eslovakia galtzaile ateratzen zela; batez ere, arlo ekonomikoan. Mezu hori helarazi zien herritarrei. 1992ko hauteskundeak irabazi zituen, eta Txekian, berriz, Vaclav Klaus nagusitu zen. Biek ikuspegi arras diferentea zeukaten estatua izan zitekeenari buruz. Hortaz, banaketa prozesua negoziatzen hasi ziren 1992ko udan. Bien bitartean, politikarien mezuak kontuan hartuta, herritarrek erreferendum eskaerak egin zituzten. Ez zituzten, baina, kontuan hartu. Orduko inkesten arabera, eslovakiarren %37 zeuden independentziaren alde, eta txekiarren artean, %36.

Parlamentu federalak 1992ko azaroaren 25ean onartu zuen Txekoslovakia estatu gisa bertan behera uzteko legea, eta 1993ko urtarrilaren 1ean jaio ziren Txekia eta Eslovakia.

Txekian egindako inkesta batek dio txekiarren %44rentzat erabaki egokia izan zela banaketa.

BERRIAn argitaratua (2017/10/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA