astekaria 2017/11/03
arrowItzuli

mundua

Beldurraren estrategia ekonomikoa

Jon Fernandez

Beldurraren estrategia ekonomikoa

Trenen talka birrintzailerik ez da izan, oraindik behintzat. Carles Puigdemontek hamaika aldiz ohartarazi zuen ez zela talkarik izango, tren bakoitza bide paraleloan doalako. Independentzia abian jarri du bataren lokomotorrak; Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua bestekoak, Kataluniako Parlamentua eta Gobernua deseginda eta abenduaren 21erako hauteskunde autonomikoetara deituta. Trenbide paraleloetan jarraitzen dute bi legitimitateek, atzo Puigdemontek berretsi zuenez. Alabaina, ikuskizun dago nola eta noiz arte jarrai dezaketen benetako talkarik egin gabe.

Paraleloak izan dira, halaber, Madrilek independentismoaren kontra erabilitako estrategiak: ez baita baliatu soilik politikaz eta botere judizialaz. Diruaren armategia ere astintzen ari da, «legearen inperioarekin» batera. Beldurraren estrategia findu du, tiro ekonomikoa ondo doituz gero bertigoa sor baitaiteke ziurgabetasunak jotako gizartean.

Hona beldurraren estrategiaren fronte ekonomiko nagusiak:

155.A



Ekonomiari kalte handiagoa egingo dio 155. artikuluaren aplikazioak? «Administrazio publikoaren paralisi totala eragingo du», Elisenda Paluzie Bartzelonako UB unibertsitateko Ekonomiako dekanoaren iritziz. Baina uste du praktikan aplikaezina izango dela, «erresistentzia handia izango delako, bereziki hezkuntzan eta hedabideetan».

Dena dela, 155.aren adar ekonomikoa aspalditik dago indarrean. Cristobal Montorok maneiatzen ditu Kataluniako kontu publikoak joan den irail erdialdetik: Espainiako Ogasun ministroak egiten ditu Generalitatearen ordainketa guztiak zuzenean, baita funtzionarioen soldatena ere.

Baina, areago, Kataluniak urteak daramatza arlo finantzarioan esku hartuta. Generalitateak 2012an onartu zuen Madrilen Likidezia Funts Autonomikotik (FLA) jasotzea dirua, krisiagatik zorrik jaulki ezin zuelako. Giltza garrantzitsu bat du eskuan Montorok harrezkero. 2015ean kontuen hileroko kontrolak ezarri zizkion Oriol Junqueras Ekonomia kontseilariari, ziurtatzeko ez zuela eurorik erabiliko independentziaren aldeko ekinaldietarako. Joan den uztailean hileroko kontrolak asteroko bihurtu zituen Montorok. Halaber, irail erdian gastu guztien kontrola hartu zuen. Eta orain, 155.a.

ZORRA



Montororen 2012ko erabakiak badu zehar kalte bat Madrilentzat: Espainia Generalitatearen hartzekodun nagusi bihurtu du FLAk. Kataluniaren zorra 76.727 milioi euro da (BPGaren %35,4), eta zor horren %68 (52.499 milioi euro) Espainiako Gobernuari zor dio. Negoziaziorako indargune handia, Generalitatea gai bada aldarrikatutako independentzia edukiz betetzeko eta estatu egiturak martxan jartzeko.

Montororen giltza ekonomikoak baditu arrisku gehiago Espainiarentzat. Tentazioa balu ere, ezingo luke Generalitatea zigortu diru iturria itxiz: batetik, independentziaren aitortza inplizitua litzatekeelako FLA ez ordaintzea, funtzionarioen soldatak ez pagatzea edo Gizarte Segurantzaren ordainketak -pentsioak- etetea; bestetik, Espainiak bere lurraldetzat duelako Katalunia eta bere herritartzat biztanleak, eta funtsean, haiei egingo liekete kalte.

INDEPENDENTZIA



Ekonomiari kalte handiagoa egingo dio Kataluniako Errepublikaren independentzia aldarrikatzeak? Ezetz dio Paluziek: «Azken hilabeteetan independentziak ekarriko lituzkeen kostu guztiak izan ditugu, independentziak ekarriko dituen abantailak izan gabe».

Zailtasun nagusia independentzia benetan gauzatzea izango da, 155.a indarrean izanda. Funtzionatu ahal izateko gakoa izango da ogasun propioa sortu eta zergak kobratzen hasi ahal izatea, eta banku zentrala sortzea, gizarte segurantza propioa... Bi legitimitateren arteko talka letorke, eta herritarrek eta enpresek bat edo beste babestu beharko lukete euren jarduerarekin: zergak ogasun bati edo besteari ordainduta.

INDARKERIAREN FAKTURA



Ekonomiari kolpe handiena Espainiaren jarrera gogorrak eman diola uste du Miquel Puig ekonomistak. Urriaren 1eko eraso polizialen irudiak aipatu ditu mugarritzat, Ara egunkarian idatzitako artikuluan: «Jasaten ari garena ez da independizatzearen kostu ekonomikoa, indarkeriazko gatazka baten kostua baizik».

Puigek hainbat jokaleku posible irudikatu ditu, eta, paradoxikoki, okerrenak lekarke emaitzarik onena bi aldeentzat. Berriro U-1eko antzeko indarkeria balego, «burtsek zigor izugarria eta berehalakoa ezarriko liokete atzerriko zorrari -interes tipoen gorako testuinguruan-, eta soluzio politiko bat bilatzera behartuko luke».

ZIURGABETASUNA



Independentzia aldarrikatu aurretik eta 155.a indarrean sartu aurretik, hasita zeuden datu ekonomiko batzuk okertzen: turisten erreserbak %20 txikitu dira, 2018rako hazkunde aurreikuspena bi hamarren txikitu dute Katalunian, eta hiru Espainian. Halaber, Ibex35 %1,4 erori zen independentzia deklarazioaren ostean: jaitsiera txikia, kontuan izanik brexit-aren biharamunean %12,3 hondoratu zela.

Edonola ere, ziurgabetasun politikoak ziurgabetasun ekonomikoa elikatu ohi du: alde batetik, ez da girorik onena Katalunian inbertsio handiak egiteko; eta bestetik, datozen asteetako gertakariek Espainiako arrisku saria igotzea ekar dezakete. Herenegun ia hamar puntu igo zen, 122ra. Abuztu hasieran baino 25 puntu handiagoa da, baina apirilean baino 33 apalagoa.

Ez dirudi 155.ak kapitala lasaituko duenik, eta egoitzak Kataluniara bueltatzea ekarriko duenik. Caixabankek eta Sabadellek berretsi dute ez direla itzuliko.

TIROA HANKARA



Bi ahoko ezpata da arma ekonomikoa. Kataluniako ekonomia okertzeak Espainiakoa okertuko du halabeharrez. Independentzia gauzatzen hasiz gero, BPGaren %20 galduko du Espainiak, eta, negoziatu ezean, Kataluniari dagokion 52.499 milioi euroko zorra irensteko arriskua izan dezake. Katalunia 155.aren bidez indarrez mendean hartuz gero, hango ekonomia okertzeak ere arrastatu egingo luke Espainiakoa.

ENPRESEN 'IHESA'



Gerra ekonomikoaren kalteak ez ziren herenegun hasi. U-1eko galdeketaz geroztik, ez du etenik enpresa handien ihes sinbolikoak. 1.600ek baino gehiagok atera dute egoitza Kataluniatik, Espainiako Erregistratzaileen Elkargoaren arabera. Ibex-35eko zazpitik sei joan dira; soilik Grifolsek eutsi dio.

Egoitza soziala edo fiskala lekuz aldatzeak, berez, ez dakar kalterik Kataluniako ekonomiarentzat. Administrazio kontseiluak toki berrian egingo ditu bilerak, baina jarduera ekonomikoa, egoitza produktiboak eta langileak Katalunian mantentzen badira, ez legoke kalterik: Generalitateak sozietate zerga biltzeko eskumenik ez duenez, egoitza fiskala Madrilera eroateak ez luke eraginik diru bilketan.

Egoitza Hego Euskal Herrira ekartzeak izango luke eragina, hemen lurralde bakoitzak ogasun propioa daukalako. AXA aseguruak Bilbora aldatu du egoitza, eta Bruixa d'Orrek, Iruñera, baina zerga bilketan ez da igarriko, egoitza fiskala Madrilera eraman dutelako bi-biek.

Hainbat helburu ditu lekualdatzeak. Bankuen kasuan, argudia daiteke prebentzioa: Katalunia independentea eurogunetik kanpo geratzeko arriskuagatik, egoitza Espainiara lekualdatuta ziurtatua izango luke EBZ Europako Banku Zentralaren likidezia laguntza. Beste enpresen kasuan, segurtasun juridikoa izan daiteke helburua: bi legediren arteko talka egonez gero, ziurtatzea Espainiako legearen pean daudela.

UXALDI SUSTATUA



Baina ezin da ahaztu Madrilek sustatu egin duela enpresen mugimendua, errege dekretu bat onartuta, egoitza aldaketak bide azkarrenetik egin ahal izateko: orain enpresako administrazio kontseiluak har dezake lekualdatzeko erabakia, akziodunen batzarraren onarpenik behar izan barik.

Enpresen kontrako presio zuzenak ere salatu dituzte: Martorrelleko Seateko langile batzordeko buruak aitortu du «presio politikoak eta monarkiakoak» izan dituela Volkswagen filialak, egoitza Kataluniatik ateratzeko.

'MONTREAL EFEKTUA'



Prebentzioez gain, mezu politiko handia ere badute egoitzen lekualdatzeek: Madrilen kontakizuna da independentismoa Kataluniako ekonomia «hondatzen» ari dela, estatu propio batek «suizidio ekonomikoa» ekarriko lukeela, eta horren froga dela enpresen ihes betea.

Egia da mugitu diren enpresak ez direla edozein, pisu ekonomiko handia dutela, eta ez dela txantxetan hartzeko jokaldia. Halaber, ez da ahaztu behar Montreal efektua, Quebecen gertatu zena: 1980. urteko galdeketaren harira, finantza zentroa Montrealetik Torontora aldatu zen, eta ez zen bueltatu, nahiz eta galdeketetan independentziak galdu.

Justuki, independentzia da Montreal efektua ez gertatzeko bermerik onena, Elisenda Paluzie dekanoren iritziz: «Independentziarekin, egoitza zentrala Espainian daukaten enpresak nazioarteko legeak behartuta egongo dira Katalunian filial bat sortzeko, hemen jardun ahal izateko; eta, horrela, dagokien sozietate zerga hemen pagatuko dute».

Paluziek nabarmendu du independentziarik ezak ekarriko lukeela arriskua enpresek egoitza Kataluniara ez bueltatzeko, eta, epe luzera, jardueraren zati bat ere ateratzeko.

'IHESA' NEURRIAN JARTZEA



1.600 enpresak baino gehiagok kanporatu dute egoitza, baina Kataluniako 254.906 enpresen %0,6 baino ez dira, Kataluniako Estatistika Insitutuaren arabera. Erakusten du egitura ekonomikoa sendoa dela, eta ezin dela erraz desegin.

ETE enpresa txiki eta ertainen Pimec patronaleko buru Josep Gonzalezek azaldu du ETEen %80k ez dutela asmorik egoitza soziala kanporatzeko. Gonzalezek Madril kritikatu du, egoera «aprobetxatzeagatik» Kataluniako enpresen irteera legea sustatzeko. «Elkarrizketa politikoa» oztopatu du horrek, Gonzalezen esanetan.

'BUMERAN EFEKTUA'



Enpresen ihesarekin nahikoa ez, eta produktu katalanen kontrako boikota ere hasi dute Espainian. Azken asteetan Kataluniako elikagai enpresa handien salmentek igarri dute, baina Espainiako enpresa hornitzaile askok ere jasan dute. Ekonomia globalizatuan zaila baita produktu erabat autoktonoak topatzea, eta kaltea ere globala da, ez lokala.

Boikotaren bumeran efektuaren adibide argi bat jarri du Manuel Vazquez Callejak, Extremadurako Conesa enpresako buruak: «Casa Tarradellas markako pizzetako tomatea Extremadurako Vegas del Guadiana eskualdekoa da». Eta Nestleren Solis tomatea ere Cacereskoa da; Freixeneten eta Cordorniuren botilak Zaragozan egindakoak dira, eta kortxoak, Malagakoak.

BERRIAn argitaratua (2017/10/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA