astekaria 2017/11/03
arrowItzuli

mundua

Carles Puigdemont Astronautaren oinatzak politikan

Jakes Goikoetxea

Carles Puigdemont Astronautaren oinatzak politikan

Argazki bat, 2016ko urtarrilaren 9koa. Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidentea bosteko indartsu bat ematen ari zaio ezezagun bati, jendeak eta komunikabideek inguratuta, txalo artean. Txaloak bai, irribarre gutxi. Artur Mas behartutako irribarre etsi bat da. Mas, CDC Kataluniako Konbergentzia Demokratikoko erreferentzia politikoa, alderdiaren tradizioaren bermea, animalia politikoa, estratega, erreleboa ematen ezezagun bati. Katalan askok —eta munduak— orduan deskubritu zuen Carles Puigdemont Casamajo. Hura izango zen Artur Masen ordezkoa. Kataluniako prozesua gidatuko zuen politikaria. Ile bihurria, despistatu aurpegia eta itxura informala zituen politikari bat. Politikara sartutako kazetari bat.

Puigdemont ezezaguna zen orduan, Gironako alkatea, AMI Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkarteko presidentea eta Kataluniako diputatu bat ezezaguna izan zitekeen neurrian. Jada hari buruzko lau biografia daude liburu dendetan.

Karanbola, kasualitate, ustekabe bat gehiago Puigdemonten ibilbide politikoan. Bi karanbolak ahalbidetu baitute kazetari bat —kazetaria bai, baina CDCkoa— Kataluniako Gobernuko presidentetzara iristea: ustekabea izan zen Gironako alkate kargua lortzea, eta are ustekabe handiagoa Mas ordezkatzea.

Ez zen Puigdemont Convergencia i Unioren (CiU) hautagaia 2007ko udal hauteskundeetarako, Carles Mascort abokatua baizik. Mascortek, ordea, 2006an uko egin zion hautagaitzari, berak eta bere senideek hiltzeko mehatxuak jaso zituztelako. Hutsunea betetzeko izenen dantzan azaldu zen Puigdemont. Kazetari bat. Independentista —publikoki eta aspalditik—, CiUn independentista izatea salbuespena zenean. Masek ez zuen ezagutzen.

Baina salbuespena aukeratu zuten Gironan, berritasun itxura eskaintzeko. PSCk 1979tik zeraman Gironan agintzen —bakarrik eta hiruko gobernuen bidez—, eta CiUk zerbait berria eskaini nahi zien aurreko gobernuekin gogaituei. CiUren irudi kontserbadoretik aldenduagoa, sozialdemokrata itxurakoa. Puigdemont eroso sentitzen da «zentro-ezkerrean», ez die uko egiten «transbersaltasunei», eta ez du sinesten «dogma ideologikoetan».

Arrautza eta gaztaina

Mascortetik Puigdemontera mutur batetik bestera joan zen CDC. «Mascortek eta Puigdemontek, Katalunian esaten dugun moduan, arrautza batek eta gaztaina batek bezainbesteko antza dute». Lluc Salellasen hitzak dira. CUP-Crida per Gironako zinegotzia da Gironako Udalean. Gehienetan aurkari politiko izan du, gutxi batzuetan bazkide.

Puigdemont hautagai izan zen Kataluniako Parlamenturako 2006ko hauteskundeetan ere. Diputatu aukeratu zuten. Eskarmentua hartzea eta Gironan ezagunagoa izatea zen helburua.

Udal hauteskundeak galdu egin zituen 2007an. Irabazi 2011n. Gironako alkate zen. Ez zuen gehiengo osorik; akordioak behar zituen. PPrekin eta PSCrekin gehienetan; CUPekin batzuetan. Udalak «modu presidentzialistan» funtzionatu zuela uste du Salellasek. «Gehiago gustatzen zitzaion lan politikoa, kudeaketa baino».

«Oso abila zen elkarrizketetan eta oso jende ezberdinarekin topaguneak aurkitzen». Batzuekin eta besteekin, PPrekin, zergak jaistea, eta CUPekin, berriz, zerbitzuren bat udaleko bihurtzea.

2015eko udal hauteskundeak ere irabazi zituen, gehiengo osorik gabe. 25 zinegotzitik hamar lortu zituen, 2011n bezala.

2015ean hasitako agintaldiak urtebete baino gutxiago iraun zuen berarentzat, ordea. Artur Masek irabazi zituen Kataluniako Parlamenturako hauteskundeak, baina CUPen babesa behar zuen, eta CUPek esan zion ezetz, ez zuela Mas babestuko inbestiduran. Bien arteko soka haustear, epea amaitzear, Masek baztertzea erabaki zuen. Junts Pel Sik beste presidentegai bat behar zuen.

2016ko urtarrilaren 9a, larunbata. Iganderako akordiorik ezean, berriro hauteskundeak. Puigdemontek hirurak aldera jaso zuen Artur Masen deia, Generalitatearen jauregira joateko esanez. Ordurako pentsatzen zuen zertarako zen, Puigdemont, el president @KRLS liburuan (Puigdemont, @KRLS presidentea) kontatzen dutenez. Girona eta Bartzelona arteko bidean, autoan, aukera aztertzen hasi zen. Marcela Topor emazteari deitu zion. Masekin bildu zen, eta baietz erantzun zion, izango zela presidente. Mas, baina, ondo-ondoan izan du, gehienetan ezkutuan, baina egun seinalatuetan agerian, bigarren planoan bada ere. Bartzelonatik Gironara bueltan, bizkartzainen autoaren konpainia izan zuen jada.

Zergatik Puigdemont? «Kataluniako burujabetza prozesu politikoak aurrera jarraitzeko bermea zelako», Masen esanetan. Horrez gain, kudeatzeko gaitasuna zeukalako eta zer esana eta nola esana zeukalako. Hala ere, Victor Terradellas i Mare CDCko zuzendaritzako kideak iazko martxoan BERRIAri argi eta garbi adierazi zion zertarako aukeratu zuten: «Puigdemont ez da etorri errepideak egitera: data jarri dio independentziari».

Puigdemontek bazekien nora eta zertara zihoan. Inbestidura saioan esan zuen: «Ez da koldarren garaia, ezta beldurtiena ere». Bazekien baita nola zihoan ere: «Azken momentuan, ustekabean eta atzeko atetik».

Puigdemontek abantaila bat zuen: independentziaren aldekotasuna etxetik zeraman. Eta gerora lagungarri izan zaizkion gaitasunak ere bazituen: hitzak neurtzen jakitea, komunikatzaile ona izatea eta hizkuntzak jakitea (katalana, gaztelania, frantsesa, ingelesa eta errumaniera). Orain arteko ibilbidea ikusita, «presidente hobea da alkatea baino», Lluc Salellasen iritziz.

Kazetaritza eta politika

Xabier Puigdemonten eta Nuria Casamajoren semea, beraz, Kataluniako 130. presidentea zen. Ez Bartzelonako eliteen ordezkari bat, baizik eta probintzietako bat, Amerko (Girona) gozogileen semea.

Carles Puigdemont 1962ko abenduaren 29an jaio zen. Zortzi anai-arrebetatik bigarrena da. Umetan astronauta izango zela amesten zuen, Neil Armstrongen ilargiko irudiek liluratuta, eta azken hilabeteetan zapaldu gabeko ilargietan ibiltzea tokatu zaio, oinatzak uzten, politikan. Seminarioan ikasi zuen aurrena, herriko institutuan gero. Asteburuetan etxeko dendan laguntzen zuen. Ordurako bazituen kezka politikoak eta egunkariak irakurtzen zituen. Musika gustatzen zitzaion, eta talde bat sortu zuen lagunekin. Gitarra jotzen zuen, baina taldean bazegoen gitarrista. Orduan, baxua hartu zuen.

Familian bizi zuen giro politikoa. Josep osaba izan zen demokrazia garaiko lehen alkatea Amerren. Osaba eta haren pentsamendua akuilu eta eredu izan zituen. Gaztetatik militatu zuen: CDCren gazteen adarraren —JNC Kataluniako Gazteria Abertzalea— Gironako taldearen sortzaileetako bat izan zen.

Politika eta kazetaritza uztartu zituen. Gazte-gaztetatik. Los Sitios egunkarirako futbol partiden kronikak bidaltzen zituen. Idazmakinan idatziak, autobusean bidaliak. Punt Diari egunkarian kolaboratzen hasi zen aurrena. Zuzentzaile lanean geroago. Filologia Katalana ikasten hasi berritan, katalanezko komunikabide bateko zuzentzaile. Puigdemont Puidgi bihurtu zen. Lankideek gogoan dute haren zorroztasuna, buruargitasuna, politikari buruz eztabaidatzeko grina, independentziaren aldeko jarrera eta ez zuela ezkutatzen CDCkoa zenik. Baita bere herabetasuna eta burugogorkeria ere, eta barnekoia zela.

Punt Diari-n lan egiten zuela, 1983an, lanetik etxera bueltan, goizaldean, auto istripu larria izan zuen. Puigdemonten Seat Pandak behe laino artean bidean gurutzatuta zegoen kamioi bat jo zuen. Kamioi gidariak ihes egin zuen. Lau hilabete behar izan zituen sendatzeko. Ia galdu zuen beso bat. «Konturatu nintzen bizitzak oso gutxi iraun dezakeela, eta erabaki nuen gauzak dagokion momentuan egitea».

Filologia ikasketak utzi zituen, kazetaritzan buru-belarri aritzeko. Hainbat sailetako arduradun izan zen El Punt-en. Erredaktore buru ere bai. 1992an, aldaketa gosez, El Punt utzi zuen, eta Europan zehar bidaiatzeari ekin zion. Bidaia hartan sortu zen bere liburua: Cata... què? Catalunya vista per la premsa internacional (Kata... zer? Katalunia nazioarteko prentsaren begietatik).

El Punt utzita, hainbat komunikazio proiektu sortu zituen: prentsa zerbitzuak udalentzat, Albisteen Agentzia Katalana, Catalonia Today (Kataluniari buruzko albisteak ingelesez, ikuspegi propioarekin)... Aldaketa teknologikoen jarraitzailea zen, eta proiektuetan txertatzen zituen, gainerakoek baino lehen. Ekintzailea zen, eta burua beti zuen borborka. Batzuetan sutu ere egiten zen, ingurukoek bere proiektuei buruzko zalantzak zituztelako.

Puigdemontek esana da independentzia ziurtatutakoan gobernua utziko duela. Agian baita politika ere. Kataluniako Parlamentuak deklaratu du independentzia, Kataluniako Errepublika. Puigdemontek ez du zehaztu etorkizunean zertan arituko den. Ez daki non eta nola egongo den.

Badaki kartzelan sartzeko arriskua duela. Kezka eragiten dio, baina prest dago, prest egon daitekeen neurrian: «Ez zait gustatzen eta ez dut nahi. Ezin azalduzko astakeria demokratikoa litzateke, baina ez diot uko egingo herritarrekin daukadan konpromisoari».

BERRIAn argitaratua (2017/10/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA