astekaria 2017/11/03
arrowItzuli

bizigiro

Mugarik gabeko jolasa

Nagore Etxeberria

Mugarik gabeko jolasa

Jolasak askea izan behar du, bat-batekoa, irudimenezkoa. Francoise Dolto pediatraren eta psikoanalistaren ustez, «askatasunez arriskatzeko plazera» da jolasa. Maiz, ordea, mugatu egiten zaizkio haurrari jolaserako aukerak eta gaitasunak, eta murriztu jolasteko askatasuna.

Txusma Azkona hezitzailearen aburuz, asko aldatu dira garaiak, jolasari dagokionez: «Lehen, edozein eremu izan zitekeen jolasteko lekua. Pixkanaka, baina, jolas eremuak jan egin ditugu helduok; hainbat plazatan futbolean aritzea debekatu da, adibidez».

Iñigo Isasti Zarauzko (Gipuzkoa) Jolas enpresako proiektu arduradunak ere gogoan ditu txikitako garaiak: «Gure garaian ez genuen parkerik. Eremu zabal bat zen gure jolas eremua, eta han ibiltzen ginen gure jolasetan: ezkutaketan, kaniketan, harrapaketan... Orain, askoz ere mugatuagoak daude eremuak». Lander Juaristi Txatxilipurdi elkarteko kideak ere iritzi bera dauka: «Gure aitona-amonak eta gurasoak kalean jolasten ziren lehen; kalea zen euren jolas eremu naturala. Guk eta gure seme-alabek, ordea, leku mugatuagoak ditugu jolasteko».

Izan ere, pixkanaka kaleko jolas esparrua murriztu egin da, eta leku jakin batzuetara mugatu da jolasa: jolas parkeetara. Itxiturak jarri zaizkio jolasteko esparruari, eta «ghetto bihurtu», Azkonaren hitzetan: «Nola diseinatuta dauden ikusita, haur parkeak baino gehiago haur ghetto bihurtu direla esan liteke: normalean, leku itxiak izaten dira, edo bankuz inguratutako guneak. Bankuak jolas eremura begira egoten dira, haurrak kontrolpean izateko». Francesco Tonucci pedagogoak ere «kontzentrazio esparru» gisa deskribatzen ditu parkeak.

Izan ere, Azkonaren ustez, «oso kontrolpean eta mugatua» daude ekintza eta jolasa guztiak jolas parkeetan: «Jolasteko aukerak oso markatuta daude. Haurrek ez dute ezkutatzeko lekurik, adibidez; une oro, helduen begiradapean daude. Horregatik, oso aukera gutxi dituzte haurrek euren jolasak eta hartu-emanak sortzeko. Dena oso estrukturatuta dagoen eremua da jolas parkea. Elementu guztiek dute helburu bat, eta oso konplexua da hortik ateratzea. Horrek sortzeko gaitasuna nabarmen murrizten du».

Isastiren aburuz ere, «dena eginda ematen diegu, eta, beraz, nekezagoa da sormena lantzea». Aldaketa hori gizartearen bilakaeraren ondorio izan dela uste du Jolas enpresako kideak: «Orain, gure garaian baino babestuagoak ikusten ditut umeak».

30 urtetik gora daramatza Zarauzko Jolas enpresak jolas parkeak sortzen, eta bezeroaren esanetara egiten dute lan. Isastik kontatu duenez, «bezeroak esaten digu zer-nolako jolas parkea nahi duen. Merkatuan zein eskari dagoen ikusirik, proposamenak egiten dizkiegu, baina bezeroek erabakitzen dute zer jarri».

Denaren gainetik, ordea, lehen helburua «segurtasuna betetzea» dela dio Isastik, eta azpimarratu du horiek diseinatu, ekoitzi eta muntatutako parkeetako jolas guztiek jolas eremuetako ekipamenduetarako Europak ezarritako segurtasun baldintza guztiak betetzen dituztela.

Bezeroaren nahiak gogobetetzeko jolas aukera «zabala» dutela Jolas enpresan dio Isastik.

Juaristiren aburuz, baina, orokorrean, jolas parkeak «nahiko antzekoak» dira denak, eta ez dituzte «jolas oso aberatsak sustatzen. Gurasoen beharrei erantzutera bideratuta daude gehiago».

Izan ere, Juaristiren ustez, «gurasoen beharrak ere asetzen dituzte parkeek. Ez dira soilik kontrolatutako gune seguru batean haurrak jolasean jartzeko lekuak; sozializatzeko eta harremanak egiteko gune ere bihurtu dira».

Horren jakitun ere badira Jolas enpresan, eta, horregatik, gurasoen lekuan jartzen saiatzen dira parkeak diseinatzeko garaian.

Gurasoen presentzia

Azkonak ere onartu du maiz parkeetan gurasoen ratioa haurrena baino askoz ere handiagoa dela: «Izugarri handitu da gurasoen presentzia». Eta horrek bere ondorioak dakartza, hezitzailearen ustez: «Euren ibilbidea egiteko eta euren izaera propioa eta sormena garatzeko izugarrizko aukerak kentzen dizkie haurrei».

Haurrak gurasoen begiradapean daude une oro, eta horrek askatasuna murrizten die. Azkonak gogoratu du: «Lehen, gure artean negoziatuz hartzen genituen erabakiak eta ezartzen genituen arauak. Orain, gurasoen esku hartzea dago, eta horrek ekartzen du haurrek ez jakitea negoziatzen eta erabakiak hartzen».

Gurasoen gainetik, «haurrak protagonistak diren lekuak izan beharko lukete parkeek», Azkonaren iritziz. Jolas askerako gune izan behar lukete. Hezitzailearen hitzetan, jolasaren bidez garatzen baitira «bizitzarako beharrezkoak diren hainbat gaitasun».

«Gizakia berez da izaki soziala, eta, beraz, haurrek ere beharrezkoa dute beste haurrekin aritzea. Aukera horiek ematen ez badizkiegu, haurtzaroaren berezko izaera murrizten ari gara. Beraz, elkarren artean harremanak egiteko, euren erabakiak hartzeko, eta euren jolasa eta sormena garatzeko aukerak eman behar dizkiegu haurrei», gaineratu du Azkonak.

«Jolasa ulertzen badugu beharrezko zerbait moduan, eskubide moduan, jolaserako aproposak diren guneak ahalbidetu beharko genituzke guraso garen aldetik», gehitu du Juaristik.

Azkona zein Juaristiren ustez, beraz, jolasa eta haurren elkartzea bermatuko duten guneak ematea da helduen egitekoa. Juaristiren hitzetan, «kaleak, herriak eta auzoak jolaserako seguruak eta jolasleku naturalak izatea litzateke egokiena. Hori lortzeko, baina, bide luzea dago egiteko. Lortu bitartean, sor ditzagun jolaserako gune aproposak eta aberatsak». Hala, jolas parkeen antolaketa birpentsatzen hastearen premia ikusten du Juaristik: «Ez dut esan nahi egungo parkeak egokiak ez direnik, baina egokiagoak izan daitezke: esperimentatzeko bestelako elementu batzuk dituztenak, naturarekin harreman handiagoa dutenak...».

Azkonaren ustez ere, egun dauden parkeak «ez daude egoki prestatuak, oro har». Baina onartu du gero eta sentsibilitate handia dagoela gaiari buruz, eta hainbat lekutan eta herritan sortu direla bestelako jolas eremuak.

Parkeen moldaketa horietan haurraren iritzia kontuan izatea da gakoa, Azkonaren eta Juaristiren ustez. «Norekin aldatuko dugu parkea? Haurrekin. Azkenean, eurak dira erabiltzaileak eta protagonistak», nabarmendu du Juaristik. Isastiren iritziz ere, «oso aberasgarria» litzateke haurrek zer pentsatzen duten jakitea parkeak sortzeko garaian.

BERRIAn argitaratua (2017/10/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA