astekaria 2017/10/21
arrowItzuli

bizigiro

Aurpegia, arimaren ispilu

Edu Lartzanguren

Aurpegia, arimaren ispilu

Pandoraren kutxa zabaldu zuten duela aste batzuk Stanfordeko Unibertsitateko (AEB) bi ikertzaile gaztek. Iragarri zuteneez, pertsona baten argazkiari begiratuta, hura homosexuala ote den asmatzeko gauza den adimen artifizialeko sistema eratzea lortu dute. LGTB taldeek berehala salatu zituzten ikertzaileak, «zabor zientzia» egiteagatik, eta herritarren «segurtasuna eta pribatutasuna arriskuan» jartzeagatik.

Denera, 35.000 aurpegi erabili zituzten Michal Kosinski eta Yilun Wang ikertzaileek. Tinder eta halako harremanetarako guneetatik atera zituzten irudiak, eta, ondorioz, bazekiten horietako nortzuk bilatzen zituzten sexu bereko harremanak, eta nortzuk ez. Adimen artifizialeko sistema baten bidez prozesatu zituzten irudiok, makinak ikas zezan aurpegiek patroi bat partekatzen ote duten. Ondoren, argazki gehiago eman, eta sistema jarri zuten iragartzen nor den homosexual eta nor heterosexual. Esan dutenez, sistemak asmatu egiten du kasuen %81ean gizonezkoetan, eta %74 emakumezkoetan.

Askori hotzikara eragin die Stanfordeko ikerketak, berehala ekartzen duelako gogora zientziaren historia beltzeko bi teoria: frenologia eta fisionomia. Aurpegiaren eta kaskezurraren formaren bidez, gizakien izaera, nortasuna, adimena, moraltasuna eta krimenerako joera asmatzeko bidea zegoela uste zuten frenologoek eta fisionomistek. XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran, kolonialismoa justifikatzeko erabili zuten, arraza batzuen nagusitasuna berezkoa eta aurpegikeran ikusteko modukoa zela argudiatzeko. Belgikako agintari kolonialek, esaterako, frenologia erabili zuten 1930. urtean, Ruandan tutsi etniakoak hutuen gainetik jartzeko, eta denak europarren azpian. Teoria horiek izan zuten arrakastaren lekukoa da hizkera arrunta: «Fisionomista ona naiz» esaten du, gaur ere, jendearen aurpegia gogoan gordetzeko eta hura horien arabera epaitzeko ahalmen aparta duela uste duenak.

Judu eta terrorista aurpegia

Esther Rebato katedradunak genetika eta antropologia fisikoa irakasten ditu EHUn. Horrez gain, antropometria ikertzen du, hau da, giza gorputzaren neurriak aztertzen dituen zientzia. «Frenologia sasi-zientzia da, fisionomia bezala, eta erabat baztertuta dago gaur». Arrazakeriari mozorro zientifikoa emateaz gain, generoaren araberako diskriminaziorako tresna ere izan ziren frenologia eta fisionomia. Izan ere, kaskezurraren tamainari erreparatuta, ondorioztatu zuten txikia zutenak adimen gutxiago zutela. «Hor sartzen zituzten emakumeak, nahiz eta kaskezurraren tamaina gorputzaren tamainarekin lotuta dagoen espezie guztietan, eta emakumezkoek txikiagoa dute -batez bestean- azkarrago garatzen direlako». Buruaren eta aurpegiaren itxurak adimenaren eta ahalmen moralarekin lotzeak ez du inongo zentzurik, adituaren arabera. «Sistema totalitarioek erabili zituzten sasi-zientziok gizateriaren kontrako krimenak egiteko».

Naziek ilearen, begien eta azalaren kolorea sailkatzeko patroiak erabiltzen zituzten, gizabanakoak arraza batean edo beste batean sailkatzeko. «Judu bat sudurrarengatik bereiz dezakezu», idatzi zuen Julius Streicher propagandalari naziak haurrentzako argitaraturiko liburu batean. «Aurpegiko ezaugarriek ez dute inongo garrantzi biologikorik. Hori guztia erabili izan da jendea sailkatzeko, baina zientzia aldetik ez du inolako garrantzirik», esan du Rebatok.

Biometria, berriz, beste kontu bat da, benetako zientzia: izaki bizidunen ezaugarri fisikoak neurtzean datza, bizitza deskribatzeko. Metodo matematikoak eta estadistikoak erabiltzen ditu. Biometriaren aplikazioaren adibide bat mamografiak dira. Zelula multzo bat tumore bat ote den jakiten ikasi dute sistema informatikoek, irudiak bereizteko adimen artifizialeko teknologia hauen bidez. Gizakien gorputzaren neurriak aztertzen ditu antropometriak, eta oso erabilgarria da gaixotasunak aurreikusteko orduan. Auzi medikuntzan ere, ezinbestekoa da: aurkituriko hezurdura bat emakumezko batena edo gizonezko batena ote den jakiteko, haren adina... «Baina kontuz ibili behar izan da beti honekin, batzuk biometria psikologiarekin lotzeko joera izan dutelako historian zehar», esan du Rebatok, «eta horretan gaude gaur berriz».

Iazko maiatzean, esaterako, Israelgo Faception konpainiak izen bereko sistema bat merkaturatu zuen, «terroristak» aurpegiaren argazkietatik antzemateko. Sistemak «%80ko zorroztasuna» duela esan zuten saltzaileek.

Txinan Mendebaldean baino askoz zabalduago daude aurpegiak ezagutzeko teknologietan oinarrituriko tresnak. Han dirurik gabeko ordainketak kudeatzen dituen Alipay konpainiak Irribarre egin ordaintzeko izeneko sistema ezarria du hainbat jatetxetan. Ez dirurik, ez kreditu txartelik, ez telefonorik: kamera bati begiratu, sistemak erabiltzailearen aurpegia ezagutu, eta ordainketa egiten da.

Irailean, Iphone X telefonoa aurkeztu zuen Applek, eta aurpegia ezagutzeko sistema bat izango duela iragarri dute. Erabiltzaileek aurpegia erakutsiko dute telefonoa desblokeatzeko eta ordainketak egiteko, Applek iragarri duenez.

Euskal Herrian badira halako teknologiak garatzen dituzten enpresak. Manuel Frailek mundu osoan saltzen du azterketetan iruzurra egitea galarazteko sistema bat, aurpegia ezagutzeko teknologian oinarrituta. Ingeniari informatikoa da Fraile, eta Donostiako Smowl Tech enpresa sortu zuen, 2012an. Sarean egiten diren ikastaroetan ikaslea jagoteko eta azterketetan haren nortasuna ziurtatzeko Smowl aplikazioa eratu zuen. Ikaslearen ordenagailuko kamerarekin, haren irudiak hartzen dituzte tarteka. irudiez gain, audioaren bidezko kontrola eta ikaslea tekleatzeko moduaren bidez identifikatzeko ahalmena gehitu nahi diote sistemari, gizaki bakoitzak tekleatzeko modu berezia daukalako. «Gauzak gehitu nahi ditugu, gure sistema gero eta zorrotzagoa egiteko». Fraileren bezero gehienak unibertsitateak dira. «Ikasleak badaki zaintzapean dagoela, baina ez daki gure sistemak noiz aterako dion argazkia», azaldu du Frailek.

«Badugu asmoa aurpegia ezagutzeko sistema Internet bidezko bankuetara eta jokora zabaltzeko». Frailek azaldu duenez, sareko jokoan aukera emango luke sistemak ludopatia diagnostikatua dutenei jokatzea galarazteko.

Aurpegia ezagutzeko teknologia asko zabalduko dela uste du Frailek. «Denok ditugu hamaika kontu Interneten. Oso zaila da pasahitz guztiak kudeatzea. Zure aurpegia, azken batean, zurea bakarrik da, eta seguruagoa da zerbitzu horietara sartzeko erabiltzea».

Fraileren arabera, erabiltzaileek ez dute uste sistema euren intimitatean sartzen denik, inkestetan adierazi dutenez, automatikoa delako, eta ez dagoelako pertsona bat atzean zelatatzen. «Lasaiago daude horrela».

Athletic eta realzaleak

Ignacio Arganda Carreras adimen artifiziala ikertzen dabil, Ikerbasqueren eskutik. Azaldu duenez, sare neuronal horiek oso ondo funtzionatzen dute irudiekin, eta halakoak erabili zituzten, iaz, ordenagailuak Go jokoaren munduko txapeldunari irabazteko. «Irudi asko ematen dizkiozu sareari, eta etiketa batzuk, esaterako, argazkiko pertsonaren adina». Horren bidez, sistema gauza da, beste norbaiten argazkia aztertuta, haren adina asmatzeko. Arganda-Carrerasek eginiko sistema gauza da pertsona baten argazkitik haren adina bi urte gora behera asmatzeko.

Zein da arazoa, beraz, sexualitatea asmatzen omen duen sistemarekin? «Ez dakigula zer aztertu duen makinak, argazkietan aurpegia baino askoz gauza gehiago daudelako: estetika, orrazkera...».

Arganda Carrerasek sistema erabili zuen argazkietatik asmatzeko ea senide ote diren bi pertsona. «Kontua da, senideak zirenean, askotan bi aurpegiak familia argazki beretik aterata zeudela». Beraz, makinak ez zuen ikasi senidetasuna identifikatzen, baizik eta bi irudi argazki beretik zetozela. «Sistema hauen arazoa horixe da: ez dakizula zer ikasten ari diren benetan». Ikertzaileak esan duenez, berdin jar zezakeen makina norbait Realaren edo Athleticen zalea ote den asmatzen: «Neronek egingo nizuke asmagailu horietako bat, eta ratio handiak lortuko nituzke, gainera», adierazi du. «Aurpegietatik adimena, sexualitatea edo halakoak ondorioztatzen saiatzea astakeria da, eta nazien teorietara eramaten gaitu».

Stanfordeko zientzialarien ikerketarekin «oso haserre» dago Rebato katedraduna. «Sekulako pitokeria iruditzen zait, eta izugarrikeria hutsa. Gizakiok askoz konplexuagoak gara». Frenologoek jende gizena pederastekin identifikatu nahi izan zituzten, esaterako, eta pertsona argal eta azal berdetsukoak hiltzaileekin. «Hiltzaile bat pertsonarik politena izan daiteke».

Modurik ba al dago, ordea, biometriaren eta adimen artifizialaren arteko aliantza diskriminaziorako tresna bihurtzea galarazteko? «Ez», esan du Rebatok. «Biometria ona da, berez, baina moralarekin eta izaera psikologikoarekin nahastu eta gaizki erabiltzen badugu, jendea estigmatizatzeko, frenologiaren itzulera izan daiteke hau».

Urte gutxi barru lanpostu baterako hautagaien argazkiak halako sistemetatik pasatuko al dituzte, haien sexualitatea, iritzi politikoa, erlijiosoa, soziala, sindikala aztertzeko? «Zoritxarrez, ez dut zalantzarik: litekeena da», esan du Arganda-Carreras ikertzaileak. Lan elkarrizketetan aurpegiaren espresioak aztertuko dituztela ziurtzat eman du: elkarrizketatua beldur ote den, zalantza duen, urduri ote dagoen, ziurtasunik gabe erantzuten duen...

Blade Runner filmean robotak gizakiengandik bereizteko erabiltzen duten Voight-Kampff fikzioko testa ekartzen du gogora afera honek, eta filmean aztertuetako pertsonaia baten galdera: «Test hau zer da, robot bat ote naizen jakiteko, edo lesbiana naizen?». Film distopiko hartako istorioa 2019. urtean gertatzen zen.

BERRIAn argitaratua (2017/10/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA