astekaria 2017/10/21
arrowItzuli

gizartea

Isuna eragozteagatik, bi urtez espetxera

Samara Velte

Isuna eragozteagatik, bi urtez espetxera

Pasai Donibaneko (Gipuzkoa) kultur etxean, dozenaka udal langilek ekitaldi xumea egin zuten atzo. Teknikari, kale garbitzaile, udaltzain, delineante eta abokatuek, nork bere jantzi eta uniformearekin, ahal izan zuten moduan babestu eta, neurri batean, agurtu zituzten Amaia Agirregabiria alkate ohia (EH Bildu) eta haren idazkari izandako Iker Rokandio. Espetxera sartzeko aginduaren zain daude biak: Justizia oztopatzea eta prebarikazioa egozten dizkiete.

Ezintasunak bultzatutako agerraldia izan zen. «Amaia eta Iker ez dituzte kondenatu euro bakar bat lapurtzeagatik edo kontratistaren bati mesede egiteagatik», adierazi zuten langileek. «Okertu egin zirelako» kondenatu dituzte: «Ezagutzen ez zuten emakume baten eta bi udaltzainen artean gertaturiko liskar batean bitartekari lana» egiteagatik. «Inork ez zuen espero une honetara iritsiko ginenik», aitortu dio egunkari honi Agirregabiriak berak.

Auziak 2013ko otsaileko gertakari batean du jatorria. Trintxerpe auzoan, emakume batek gaizki aparkatu zuen autoa. «Euria ari zuen», ekarri du gogora Agirregabiriak: «Emakumeak musika eskolara zeramatzan haurrak, eta autoa debekatutako gune batean utzi zuen. Kasualitatez, bi udaltzain agertu ziren, eta isuna eta besarkadera jarri zizkioten». Emakumea itzuli zenean, eztabaida lehertu zen: «Bizilagunak, leihoetan, garrasika; andrea urduri jarri zen... Edozein lekutan ikusi litekeen egoera bat da. Udaltzainen jarrera ez zen egokiena izan; emakumearena ere ez». Hark, dena den, biharamunerako ordaindua zuen isuna, eta salaketa ipini zuen udalean polizien aurka. Auzia puztu eta andreari epaiketan desmena egotz ziezaioketela ikusita, alkateak esku hartzea erabaki zuen: «Zerbitzu juridikoei agindu nien arazoa modu arrazional batean konpontzeko». Epaiketara ez agertzea zen irtenbide sinpleena. Udaltzainak eta idazkariak horretarako akordio bat egin zuten, baina poliziek idatzizko agindu bat eskatu zioten alkateari. Hark dekretu bat sinatu zuen, eta, sei hilabete geroago, udaltzainek fiskaltzara eraman zuten testua: alkatea prebarikazioagatik eta Justizia oztopatzeagatik salatu zuten. «Haiek Ikerrekin hitzartutako testua zen», azaldu du Agirregabiriak: «Egia da hor delitu bat zetorrela idatzita, baina adostua izan zen. Nik ez nuen pentsatuko letraduak delitu bat ekarriko zidanik sinatzeko; hala izan balitz, ez nuen sinatuko. Azkenean, gauzak txukun eta epaitegietatik kanpo egin nahi izan genituen, eta justu kontrakoa gertatu zaigu».

Auzitegiak, lehenbiziko sententzian, urtebeteko espetxe zigorra jarri zien Agirregabiriari eta Rokandiori; ez zuten bete beharko. Bi aldeek, ordea, helegitea ipini zuten, eta bigarren epaia are gogorragoa izan zen: bi urte eta erdiko espetxe zigorra, eta zazpi urteko inhabilitazioa. Agirregabiria Martutenera joango da, beraz; eta Rokandio, Zaballara. Fede txarra ikusten du alkate ohiak udaltzainaren jokabidean: «Oraindik ere ez dugu ulertzen. Fiskala ere ados zegoen urtebeteko kartzela zigorrarekin. Euren helburua baldin bazen gure ibilbidean orbain hori ipintzea, lortuko zuten; baina haiek amaierara arte jo zuten».

Elkartasun zabala herrian

Pasaian eskandalua eragin du auziak, eta herritarrak saldoan atera dira udaleko kargudun ohien albora. «Kolore guztietako» babesa jaso dutela nabarmendu du Agirregabiriak, baita egun gobernatzen duen PSE-EEko alkatearena ere: «Epaiketan gure alde deklaratu zuen. Inor gutxi egongo litzateke prest esan zituen gauzak esateko».

Hala ere, dagoeneko ez dago inoren esku bien patu hurbila aldatzea. Agirregabiriak eta Rokandiok espetxean dute jada gogoa: «Nahiko barneratuta daukagu oraindik kalean gaudela baina preso gaudela. Eta, preso guztien kasuan bezala, espetxetik lehenbailehen ateratzea da gure helburua». Sendo ageri dira biak lankide ohien artean. Elkartasunak, tarteka, umorerako zirrikituak ere zabaltzen ditu etsipenean: «Lotsa emango dit, Martutenera sartzerakoan, galdetzen badidate zergatik nagoen han. 'Alkate ohia, seguru lapurreta egin duzula', esango didate. Bada, ez; honengatik nago hemen. Beharbada gezurra esan beharko diet, eta beste delituren bat asmatu».

Eta autoa aparkatu zuen emakumea? Agirregabiriak ez du haren berririk izan harrezkero. «Sarritan oroitu naiz harekin, eta pentsatu dut zer sentituko ote duen kontu honekin. Nork daki: akaso bera ere prest legoke gauza bera egiteko nigatik».

BERRIAn argitaratua (2017/10/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA