astekaria 2017/10/21
arrowItzuli

bizigiro

Gelarik gabeko ikasgela

Lander Muñagorri Garmendia

Gelarik gabeko ikasgela

Taula periodikoko elementu bakoitza buruz jakitea, fisika eta matematikako formulak goitik behera ikastea, ala Frantziako Iraultza zein urtetan gertatu zen errepikatzea. Orain arteko ikasketa prozesua horretan oinarritu izan da askotan, edukiak buruz ikastera. Baina egoera aldatu da. «Ikasleak gaur egun badaki informazio hori guztia Interneten dagoela; beraz, elementu batzuk aldatu behar direla garbi ikusten ari gara». Hala azaldu du Joxe Amiama EHUko Pedagogia fakultateko didaktika eta eskola antolaketa saileko irakasleak. Egoera berri horretarako hezkuntza mota berriak garatzen ari direla dio: «Mundua aldatzen ari den heinean konpetentziei buruz hitz egiten da, eta ez edukiez». Hau da, data jakin bat gogoratu beharrean, arazo jakin bati eman beharreko irtenbidea bilatu eta hausnartzeaz ari da. Horregatik hitz egiten da gero eta gehiago ikasketa kooperatiboari buruz, eta horregatik ari dira eskola asko ikasleen autonomia lortze aldera lan egiten. Horretarako, eredu pedagogikoak aldatzen ari dira, eta baita eskoletako eraikinak berak ere. Arkitektura ere hezkuntza prozesu horretan ezinbesteko elementua izan daitekeelako, betiere hezkuntza proiektua baldin badauka atzetik.

Gaur egungo hezkuntza proposamena norabide bakarreko irakaskuntzan oinarrituta dagoela dio Abel Ariznabarreta Ikastolen Elkarteko hezkuntza arduradunak. «Gaur egungo ikasgelak ez daude pentsatuta ikasteko, ikasleak kontrolatzeko baizik»,. Haren arabera, irakaslearen beharretara bideratutako guneak dira gaur egungo gelak, ikasle bakoitza zertan ari den kontrolatzen duelako irakasleak bere lekutik. Baina hark argi du gaur egun ikasleek izan behar dutela ikasketa prozesuaren erdigunea. Egoera horri buelta emateko proiektuetan oinarritutako ikasketa prozesua garatzen ari dira ikastoletan, Haur Hezkuntzako mailetan batez ere. Ikasleek elkarri laguntzea da horren helburua, era horretan norberaren autonomia ere garatzeko. Duela zortzi urte inguru ikastola batzuk euren kasa hasi ziren hezkuntza mota hori garatzen, eta, geroztik, ikastola guztietara zabaltzeko lanean ari dira elkartean.

Baina metodologiaz gain, eraikinak ere aldatzen hasi dira. «Arkitekturak ikasketa prozesua hobetzeko aukera eskain dezakeen arren, berak bakarrik ez du hezkuntza hobekuntzarik eragingo ez bada apustu integral bat egiten». Hau da, gelak hezkuntza hobetzeko bideratuko badira, atzetik eredua bera egokitu behar dela lehenengo. Apustua bideratu dute hogei ikastola inguruk, eta euren eraikinetako arkitektura hezkuntza eredu horretara bideratu dute. Eta nola egiten da hori? Ikasgela moldagarriago eta malguagoak sortuz. Hau da, horma gutxiago dituzten espazioak sortu dituzte, horma horietako batzuk beirazkoak dira, eta espazioak aldatzeko aukera ematen dute. Momentu bakoitzeko beharraren araberako guneak sortzen dituzte horrela, eta unearen araberako tamaina ematen diote baita gelari ere. Eredu horizontalagoa eskaintzen dute horrela.

Eredu horizontala

Azken finean, egungo hezkuntzaren traba handietako bat hori baita, testuinguru ezberdin batean iraganeko tresnak erabiltzen direla. «Eskola batzuetan ikasleen mahaiak lurrera lotuta daude, eta horrek aukera gutxi ematen du logika hori apurtzeko»,esan du Agustin Agirrek. Eusko Jaurlaritzak Lanbide Heziketako zentroetako metodo pedagogikoen berrikuntza sustatzeko duen Tknika zentroko ikaskuntza metodo eta prozesuen ikerketa arloko zuzendaria da, eta gelarik gabeko ikasgela horien inguruko ikerketak egin dituzte Errenterian (Gipuzkoa) duten egoitzan. «Gela hauetan ez dago irakaslearen eta ikasleen mahairik, denak maila berean daude». Une bakoitzeko beharraren arabera moldatzen diren gelak direla nabarmendu du, lurrera lotu gabeko mahaiekin. Horizontaltasuna sustatzen duten gelak, hitz bitan esanda.

Hezkuntza molde horrek ikasleen autonomia garatzea du helburu, eta emaitzak «positiboak» direla azaldu du Agirrek. «Eurek landu behar dituzte erronkak, eurek landu prozesu guztia; lehen, irakasleak zuen irakasteko ardura, eta orain ere horrela da, baina, proposamen berri honekin, ardura hori ikaslearengana ere igarotzen da, eta hori interesgarria da». Eta hain justu enpresetatik gabezia horiek ikusten zizkioten Lanbide Heziketatik irteten ziren ikasleei: edukien aldetik ondo moldatzen zirela, baina gabeziak zituztela arazo batzuei erantzunak emateko garaian. Hezkuntza kooperatiboaren bidetik, ikasleak berak ematen die irtenbidea arazoei, eta Agirrek dio horrek etorkizunean izango dituzten baliabideetan eragina duela.

Hezkuntza kooperatiboak bete beharko lituzkeen funtzioez ari dela, areago doa Amiama: «Azterketa batean ikasleak galdera guztien erantzuna jakin dezake, baina lehen galderan gehiegi luzatu eta azterketa aurreikusitako denboran amaitzen ez badu, hor badago antolaketaren aldetik arazo bat». Hau da, edukiez gain konpetentziak eta egoera bakoitzera egokitzen ikastea izan behar du eredu berriaren helburuak, haren ustez. Horregatik, erantzun guztiei erantzutea lehenetsi behar dela dio.

Asmo horrekin, duela bederatzi urte hasi ziren ikasleen soslaiak aldatzeko hezkuntza sistema berriak ikertzen sare publikoko Lanbide Heziketan, eta bi urte igaro dira Errenteriako zentroan gisa horretako gela bat martxan jarri zutenetik. Orain arteko erantzuna positiboa izan denez, hainbat ikastetxetara ere zabaldu da eredu pedagogiko eta ikasgela horizontal horien eredua. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hogei ikastetxe inguru hasi dira modu batera edo bestera eredu horretako ikasketa prozesua garatzen, Agirrek azaldu duenez. Batzuk espazioak aldatzen hasi dira; besteak, oraindik ez. «Egia da eraikinaren baldintzak aldatzen direnean lagungarriagoa dela, baina oraingoz ez da derrigorrezkoa urrats hori egitea». Hezkuntza eredu berri bat iristen ari da Euskal Herriko ikastetxeetara, eraikinak aldatu zein ez. Eraikin horien egokitzapenak, hala ere, etorkizunean dauden baliabideen arabera egingo dira.

Behetik gorako bidea

Ikasgelak eta ikasketa ereduaren inguruko berrirakurketa bat dakar ikasketa kooperatiboak. Baina horrekin batera ikasgaien bereizketaren inguruko aldaketa ere ekar dezakeela uste du Amiamak. «Gure egungo hezkuntza proposamena entziklopedikoa da; historia, fisika, kimika edo matematika bereizita eskaintzen dira, elkarrekin harremanik ez balute bezala». Antolatzeko modu bat dela dio, eta orain arte ikasteko baliagarri izan bada ere, eredu osagarri baten alde azaldu da. Hau da, historia ingelesez ematea, esaterako. «Horrela ingelesa barneratzeko urrats gehiago egiten dira».

Horretaz aparte, proiektuen eredua ere aipatu du: «Ikasgai batzuk bildu, eta ikasleei proposatzen zaie denen artean proiektu bat egitea, eta, hori lantzeko garaian, ikasgai ezberdinak lantzen dituzte ikasleek». Eta horrek gelaren zentzua aldatzen duela dio, ikasgelatik kanpo irteten direlako proiektu horiek. «Ikastetxe bateko energia kontsumoa jaisteko proposamen bat egitea izan daiteke, esaterako, halako proiektu bat lantzeko aukera; lan horrekin energia eta ekonomiari buruz ikasten dute ikasleek». Prozesu horretan, irakasleak laguntzaileak bihurtzen dira, eta ikasgelak ikerketa gune. Hori izan daiteke lan egiteko modu berri bat, eta horretarako orain arteko logikak aldatu behar direla uste du.

Lan horretan ari dira, besteak beste, Ikastolen Elkartea eta sare publikoa. Baina oraingoz maila batzuetan bakarrik txertatu dute eredu berria. Ikastoletan, esaterako, Haur Hezkuntzako ikasgeletan ikus daiteke eredu hori, eta, beraz, baita ikasgelen antolaketa hori ere. «Apurka hortik gora joan beharra daukagu, etapa guztietan ikasketa kooperatiboa maila ezberdinetan txertatuz; akaso etapa guztietan ez da berdin aplikatu behar, baina koherente izan behar dugu zentzu horretan». Gaur-gaurkoz DBH eta Batxilergoan ere hasi dira ikasgaiak era horretan eskaintzen, eta, hori hedatuz doan heinean, ikasgelak ere aldatzen joango dela adierazi du Ariznabarretak. Hezkuntza egungo moldeetara gero eta gehiago gerturatzeko.

BERRIAn argitaratua (2017/10/17)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA