astekaria 2017/10/21
arrowItzuli

kirola

Euskal Herrian erabakiko da

Imanol Magro Eizmendi

Euskal Herrian erabakiko da

2018ko Frantziako Tourrak Euskal Herrian ezagutuko du bere irabazlea. Tira, agian ordurako irabazlea zehaztuta egongo da, baina ziurra da sailkapeneko azken zalantzak Senpere eta Ezpeleta arteko bideko bihurguneetan argituko direla. Uztailaren 28an izango da hori, azken-aurreko etapan, Lapurdin barrena jokatuko den 31 kilometroko erlojupekoan. Etapa sigi-sagatsua Tourreko ibilbide erakargarriaren azken ginga izango da. Antolatzaileek ibilbide berritzailea diseinatu dute, ondo bidean entretenigarria beharko lukeena.

105. Tourra Euskal Herrian erabakiko da, baina hori da jokatuko den etapa bakarra. Antolatzaileek atzo aurkeztu zuten ibilbidea, eta beste etaparen bat Euskal Herrian hasi edo buka zitekeela zabaldu zen arren —Sara (Lapurdi) aipatu zen hedabideetan—, azkenean erlojupekoa bakarrik jokatuko da. Eta nolakoa da erlojupekoa? Deserosoa, «oso Euskal Herrikoa» antolatzaileen izenean, gorabeheraz betea eta espezialistei gustatzen ez zaien horietakoa.

Erlojupekoa Baionako besten beroan jokatuko da, eta Senpereko lakutik irten ondoren herri bereko basoa gurutzatuko du Arbonarantz. Gero Arrangoitzerako bidea hartuko du eta Uztaritzera igoko da. Handik jaitsi eta Landagoien eta Zuraide arteko bidea hartuko du. Tarte horretan errepidea oso estua da, eta ia ez dago ordekarik. Zuraide pasata, eta etapako 25. kilometroan, Pinudietako gaina dago. Bi kilometroko igoera da, horietatik kilometro eta erdi batez besteko %6,8ko pendizarekin, eta %21eko tarteak dituena. Behin gaina igarota, hiru kilometroko jaitsiera pikoa du Ezpeletako erdi alderaino.

Ezohiko ibilbidea

Tourrak ibilbide berritzailea izango du. Erlojupeko kilometro gutxi ditu: 35 taldeka hirugarren etapan, eta 31 Lapurdin barrena azken-aurrekoan. Espezialista handiek min egiteko tarte gutxi dute. Oro har igotzaileentzako ibilbidea da, sei etapa menditsurekin. Mendiak bi bloke handi ditu, Alpeak eta Pirinioak. Hiruna etapa jokatuko dira mendilerro bakoitzean, baina Pirinioetan erabakiko da dena. Alpeak atseden egun baten ondoren hasiko dira, eta hiru etapetatik azken biak goian bukatuko dira: bigarrena, Rosiere inoiz igo gabeko mendatean (17,6 km eta %5,8); eta azkenekoa Alpe d'Huezeko 21 bihurgune mitikoetan. Etapa hori, 12.a, uztailaren 19an jokatuko da, eta Alpe d'Huezera iritsi aurretik txirrindulariek Madeleine eta Croix de Fer igoko dituzte, guztira 5.000 metrotik gorako desnibela pilatuz. Alpeetako lehen etapan, La Gran Bornarden bukatuko dena, Gileres igoko du tropelak, asfaltorik gabeko bi kilometroko tartea duen 1.390 metroko mendatea.

Pirinioak, aldiz, azken bost etapetan gurutzatuko dituzte. Hiru etapetatik bakarra bukatuko da goian. Aurrenekoa Portillongo mendatetik (8,3 km eta%7,1 ) hamar kilometrora bukatuko da. Bigarrena izango da etapa nagusia, eta, 65 kilometro izango ditu bakarrik; hori bai, beldurgarriak. Peyragudes, Val Louron eta Portet ezezaguna bata bestearen atzetik igoko dituzte. Christian Prudhomme Tourreko zuzendariaren hitzetan, Portet «Tourmalet berria» da. 2.215 metroko mendia da, 16 kilometroko igoera eta %8,7ko batez besteko pendiza dituena. Pirinioetako azken etapan, uztailaren 27an, Aspin, Tourmalet eta Aubisque igoko dituzte. Aubisqueko gaina Laruntzeko helmugatik 20 kilometrora dago.

Alpeen aurretik lehen astea egongo da, tranpaz josita. 6. etapan, Bretainian barrena, bi aldiz igoko dira Murera, eta 9.enean Tourrak omenaldia egingo dio Paris-Roubaix klasikoari. Etapa hori Roubaixen bukatuko da, eta 21 kilometro harbide ditu hamabost zatitan banatuta. Zati horietatik hamar kilometro batetik gorakoak dira, eta luzeenak 2.700 metro ditu.

BERRIAn argitaratua (2017/10/17)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA