astekaria 2017/10/21
arrowItzuli

mundua

Inoren lurraldean atrapatuta

Ane Irazabal Elkorobarrutia

Inoren lurraldean atrapatuta

Bangladesh eta Myanmarren arteko mugan montzoiak ez du atsedenik ematen. Euriteek lokatzez beteta utzi dituzte errefuxiatuen kanpalekuak. Putzuz inguratuta, familiak nekez atera ahal dira banbu enborrez eraikitako txaboletatik. Euria ez da okerrena, ordea. Azken egunetan, 40 gradu markatu ditu termometroak. Beroak eta hezetasunak jasangaitz egiten dute egunerokoa.

Ayoub Khan eta haren familia duela hilabete iritsi ziren Myanmartik Balukhaliko kanpalekura. «Armadak inguruko herrixka guztiei eraso zien. Gurera iritsi zirenean, alde egitea lortu genuen», azaldu du Ayoubek. Hamar kideko familiak bi astez iraun zuen basoetan ezkutatuta, eta arrantzaleen ontzi batean gurutzatu zuen Myanmar eta Bangladesh banatzen dituen ibaia, Naf izenekoa. Gazte errefuxiatuak ez du bere etxea onik aurkitzeko esperantzarik. Are gehiago, ez daki inoiz jaioterrira itzuli ahal izango den: «Rohingyen kontrako errepresioaren atalik krudelena da hau. Myanmarko budistek hilik nahi gaituzte». Ayouben amak, Laysoma Khatuk, ezin dio negarrari eutsi: «Nire anaia herrixkako eskribaua zen. Bizirik erre zuten».

Historia odoltsua

Cox's Bazarreko rohingya guztiak izan dira izugarrikerien testigu edo biktima. Iragan abuztuaren 25etik, hau da, Myanmarko armadak eta milizia armatu budistek gutxiengo musulmanaren kontrako erasoaldia hasi zutenetik, 582.000 herritarrek baino gehiagok egin dute ihes; azken bi egunotan, 10.000-15.000 artean izan dira -duela bi urteko oldarraldian beste 200.000 iritsi ziren-. Gobernuz kanpoko erakundeen arabera, rohingyen laurdenek alde egin dute dagoeneko Myanmartik. Asko mugan daude, zain, zein kanpalekutara eramango dituzten erabaki aurretik.

Rohingyek Myanmarko Junta Militarraren diskriminazioa pairatu dute 1970eko hamarkadatik. 1982an herritartasuna ukatu zitzaien, eta, orduz geroztik, kanpotartzat jotzen dituzte beren jaioterrian. Gehiengo budistak «migratzaile bangladeshtarrak» direla esan ohi du mespretxu osoz.




Myanmarko budisten eta musulmanen arteko zatiketa ulertzeko, kolonizazioaren garaira bueltatu behar da. II Mundu Gerran, Britainia Handiak antzinako komunitate musulmanak, rohingyak, armatu zituen japoniarren hedapena gerarazteko. Tokiok, berriz, gauza bera egin zuen budistekin. Bi aldeen arteko borrokak hamaika sarraski bultzatu zituen Rakhine estatuan. Gerra amaitu zenean, banaketa demografikoari ekin zitzaion: iparraldean musulmanak, eta hegoaldean budistak.

Myanmarrek independentzia aldarrikatu zuen 1948an, eta ondorengo hamarkadetan boterean izan zen erregimen militarrak nazionalismo budista elikatu zuen. Musulmanen kontrako bereizkeria areagotu egin zen, eta ARSA Arakan Rohingya Askapen Armadak estatuaren aurkako erasoak areagotu zituen. Akabo mendeetako bizikidetza.

«Garbiketa etnikoa»

Rohaman gaztearen testigantza beldurgarria da. «Tula Toli herrixkaren ondoko nekazaritza eremuan bizi ginen. Gurasoak irakasleak ziren, eta komunitatean aski ezagunak. Soldaduak gauez iritsi ziren, eta aitak ihes egiteko esan zigun. Gurasoak etxe barruan erre zituzten, anaia txikiarekin». Beste zortzi anai-arreba ditu 16 urteko gazteak, baina ez daki zer gertatu zaien: «Agian beste kanpalekuetan daude, edo agian Myanmarren geratu dira. Gutako bakoitza norabide batean atera zen korrika», gogoratu du atsekabez. Rohaman bakarrik dago Tukupalongeko eremuan: «Dena galdu dut. Eskerrak lana aurkitu dudala».

Rohanena ez da indarkeriaren adibide bakarra, ordea. Talde armatu budisten erasoetatik bizirik atera direnek izugarriak bizi izan dituzte. «Iloba txikia arrebaren besoetatik kendu, eta sutan erre zuten», dio Nurtaz Baganek. «Jaioberriak erre edo ibaira bota dituzte», erantsi du emakumeak. Iheslarien esanetan, emakumeak eta haurrak dira bortizkeria uholdearen biktimarik ahulenak.

Emakumeen kasuan, halere, indarkeria isildua da. «Askok bortxaketak jasan dituzte, eta haurdun iritsi dira Bangladeshera. Beste ehunka desagertuta daude. Hainbat lekukok esan digute Myanmarko soldaduek neskatorik ederrenak aukeratu eta berekin eramaten dituztela», azaldu du Arshad Husain ekintzaile bangladeshtarrak.




Halere, Myanmarko armadak erabili ditu teknika sofistikatuagoak. Errefuxiatuen arabera, soldaduek jan-edanik gabe utzi dituzte rohingya herrixka gehienak. Iheslari askok gosetik alde egin dute. Trukean, kolono budistak ezarri dituzte lehen rohingyenak ziren eremuetan. Human Rights Watch erakundeak 50 birpopulazio adibide zenbatu ditu Myanmarren.

Bangladeshera iritsi diren errefuxiatuen testigantzek mapa bat egiten lagundu dute. Myanmarko Gobernuak Rakhinera sartzea debekatu du, eta bizipenak nekez froga daitezke. Baina sateliteko irudiek eta Myanmar bisitatu ahal izan duten behatzaile gutxi batzuek irizten diote ehunka herrixka hutsik geratu direla. Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen goi komisario Zeid Ra'ad Al Husseinek «ageriko garbiketa etnikoa» salatu du.

Myanmarko Gobernuari ez zaio hala iruditzen, ordea. Aung San Suu Kyi Bakearen Nobel saridun eta estatu kontseilariak bortizkeria ukatu du, eta armadaren indarkeria ikertzeko sortu duen behatokiak ez du fruiturik eman.

Umeak, babesgaitz

Kanpalekuetako rohingya haur askok erregistro txartela daramate lepotik zintzilikatuta. Bertan, izen-abizenak ageri dira, jatorriko herrixkaren kokalekua, eta haien familien kanpadendak non dauden jakiteko kode bat. Balukhali eta Kutupalong eremuetako biztanleen %60 baino gehiago haurrak dira. «Umeak jolasten, umeak ur kanaletan bainua hartzen, umeak jatekoa lortzeko ilara egiten... umeak edonon daude», adierazi du Husainek.

Asko eta asko argalegi daude. Hanka meheak dituzte, eta sabela puztuta daukate. Goseak eta egarriak ez dute gupidarik. Izan ere, jatekoaz gain, edateko ura falta da. Euriaren ondorioz sortzen diren putzuak kutsatuta daude. Zabortegi bihurtu dira. Horregatik, gobernuz kanpoko erakundeek iturriak jarri dituzte. Baina ez da nahikoa. Osasunaren Mundu Erakundeak ohartarazi du kolera epidemiak eztanda egin dezakeela, eta txerto kanpaina masiboari ekingo dio.




Hori gutxi ez, eta milaka umek trauma psikologikoei aurre egin behar diete. Milton Khanek ludoteka handi bat eraiki du: «Gero eta haur gehiago iristen dira bakarrik, gurasorik gabe. Ahul daude, eta bakarrik dabiltza, noraezean». Umezurtzak dira. «Batzuetan, etxe erreak marrazten dituzte», azaldu du Khanek: «Ez dute gertatu zaiena kontatu nahi».

Bangladesh, gaindituta

Bangladeshko kanpalekuetan kaosa da nagusi. Dhakako gobernuak eskuzabalik jaso ditu bizilagun musulmanak, baina exodoak aurreikuspen guztiak gainditu ditu. Errefuxiatuek zuhaitzak botatzen dituzte txabolak eraikitzeko. Egun batetik bestera, arbolarik gabe geratu dira Balukhali eta Kutupalong kanpalekuetako basoak. Errepideetan banbu enborrez beteriko ibilgailuak ikusten dira. Familia guztiak dabiltza txabolak eraikitzeko egurraren bila.

Bangladeshen eta Myanmarren arteko muga oso turistikoa da. Cox's Bazarreko paradisuzko hondartzak Asiako turistaz beteta daude. Inguruko hoteletan zaila da logela bat aurkitzea. Halere, inguruko nekazaritza komunitateak arduratuta daude. Aste gutxian milioi erdi pertsona hartu dituzte, eta herritarrek ez dute rohingyei laguntzeko mediorik.

«Hondartzetara iristen dira. Jatekoa eta edateko ematen diegu, baina gero zer?», galdetu du Shamlapur herrixkako Abdul arrantzaleak. Izan ere, rohingya errefuxiatu gehienek itsasoz gurutzatzen dute muga. Bi herrialdeak banatzen dituen Naf ibaiko polizia kontrolak eta pertsonen kontrako minak saihestu nahi dituzte.

Arrantzaleen artean, gainera, trafikatzaile taldeak sortu dira. «Gehienek 3.000 kata [30 euro] eskatzen dituzte muga itsasoz gurutzatzeko», erantsi du Abdulek. Krisi humanitarioak eztanda egin aurretik erdia balio zuen.

Hori hala, Dhakako gobernuak laguntza eskatu dio nazioarteko komunitateari. Sheikh Hasina lehen ministroak kanpalekuak bisitatu ditu, eta ohartarazi du isunak gogortuko dizkiela errefuxiatuen dramarekin negozioa egiten saiatzen diren herritarrei.

Edonola ere, Bangladeshek elkartasun handia erakutsi du. Shamlapurreko herritarrek ahal dutenarekin laguntzen diete rohingyei. Izan ere, hizkuntza ez da arazo bat. Mugako alde bateko zein besteko bizilagunek dialekto bera hitz egiten dute. «Gure anai-arrebak dira, eta ateak irekiko dizkiegu. Baina iritsiera masiboak eragina izango du ekonomian. Dagoeneko gora egin dute oinarrizko produktuen prezioek», azaldu du Ben Nahir komunitateko liderrak.

Nahir ziur da gatazkaren hasiera baino ez dela, eta krisia kronifikatu egingo dela: «Myanmarrek ez ditu rohingyak berriz ere etxean onartuko. Bangladeshera bidali nahi ditu musulman guztiak. Mugalde hau errefuxiatuen kanpaleku erraldoi bihurtuko da, eta guk ez diegu bizkarra emango». Beste behin, pobreak pobreei laguntzen.

BERRIAn argitaratua (2017/10/17)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA